Intervención
16Diciembre
2015
16 |
Intervención

16-12-2015 Almudena Otaola Vitoria-Gasteiz - Tren

Intervención
Diciembre 16 | 2015 |
Intervención

Azpiegitura sendo eta zabalak ezinbestekoak dira herri batentzat. Ezinbestekoak: garapenerako, gizarte eta lurralde integraziorako, herritarren bizi kalitaterako. Ingurumenaren ikuspegitik modu jasangarrian programatutako azpiegiturak.

Euzko Alderdi Jeltzaleak beti gauzatu du modu horretan bere ekimen politikoa. Euskal eskumenen arloan eta beste erakunde batzuen esku dauden arloetan ere.

 PPri Araba ahaztu zaio.Gure azpiegiturak ahaztu zaizkio. Araba modernizatzea ahaztu zaio.

Garraio azpiegiturak ezin dira truke politikoan aritzeko txanpon gisa erabili.  Horregatik, Madrilera joango gara estatuak bere konpromisoak bete ditzan. Azpiegituren planifikazioa exijituko dugu. Premiei erantzuten diena eta egun dauden baliabideak optimizatzen dituena. Gertuko kudeaketa eskatuko dugu. Sistemaren kudeaketa integral jasangarria eta kudeaketa autonomia uztartzeko aukera ematen duena.

Besteak beste, honako hauek eskatuko ditugu Madrilen:

-          Sare transeuroparretan txertatzea: Korridore atlantikoa garatzea.

-          Merkantzien garraioari arreta berezia: Merkantzien tren sistema.

-          Euskal trenbide sistema. Haren esku egon behar dute: batetik, Euskal tren azpiegituren kudeaketak; bestetik, azpiegitura horiek zeharkatuko dituzten  gertuko trenen antolakuntzak.

Euzko Alderdi Jeltzaleak abiadura handiko trena 2019an Euskadira heltzeko konpromisoa lortu du aurten Estatuko Gobernuarengandik. Orain derrigorrezkoa da Gasteizen duintasunez sartzea. Aukera daukagu abiadura handia, Intercitys eta Gasteizko garraio urbanoa lotzeko. Estrategikoa da Arabaren garapen ekonomikoarentzat. Ezin dugu gehiago itxaron. Ezin dugu galdu aukera hau. Ulertezina bada ere, orain arte, Araba eta Euskadi abiadura handiari dagokionez atzean utzi dute. Ez dute kontuan izan Europarekin lotura egiteko gakoa garela. Euskadi eta Europaren arteko komunikazio egokia exijituko dugu.

EAJri ekarri ditu egun dauzkagun azpiegiturak. Estatuari tiraka ibili behar izan dugu gutaz ahaztu ez dadin.

Duela urte batzuk estatuari proposamen bat egin genion: Estatuak eraiki nahi ez bazuen edo eraiki ezin bazuen guk aurreratuko genituela lanak eta finantziazioa eta gero estatuak ordainketa egingo zigula. Horrela egin genuen. EAJren ekimenez eta Ekonomi Itunari esker.

Abiadura handiko trena 2019an Vitoria-Gasteizera heltzea oso garrantzitsua izango da. Turismoak eta kongresu jarduerek nabarmen egingo dute gora. Hori gertatu da abiadura handiko trena heldu den hiriburu guztietan. Hori gertatuko da Gasteizen ere, guztion lanari eta ahaleginari esker.

Gogotik defendatu eta sustatuko dugu Arasur-Jundiz ardatza. Forondako aireportuarekin batera, aukera paregabea izango da merkantzia eta bidaiaren garraioarentzat. Horregatik, proposamen zehatzak diseinatu ditugu. Jundizen merkantzien geltoki intermodal bat eraikitzea.  Frantziarekin ditugun esportazio harremanetarako oso baliagarri izango den trenbide autopista batean bihurtzea. Arasur-erako, trenbide konexioa eta autopista sarearekin konexioa. Horretarako, A-1 eta A-68 autopisten transferentzia eskatzen jarraituko dugu. Foronda  egunean 24 orduz irekita egotea proposatzen dugu. Aduana postua berreskuratzea. Merkantzien garraioa sustatzea. Bidaiarien garraioa berreskuratzea. Parke industrial aeronautiko bat eraikitzea.

Proposamen horiek guztiak bi irizpideren arabera kudeatu nahi ditugu: gertutasunean eta jasangarritasunean oinarrituta. Gure helburua argia da: Gasteiz eta Arabaren garapen ekonomikoa eta ongizatea.

Almudena Otaola Vitoria-Gasteiz. 2015-12-16

(El único discurso válido será el pronunciado por el orador en el acto. Balioa izango duen diskurtso bakarra hizlariak ekitaldian bertan eskaini duena da)

COMPARTE