ARTOAK ETA GARIAK GORDE
16Junio
2015
16 |
Artículo de opinión

ARTOAK ETA GARIAK GORDE

ARTOAK ETA GARIAK GORDE
Junio 16 | 2015 |
Artículo de opinión

Esaten dute udako solstizioan eguzkiak  posiziorik gorenena izan ohi duela, urteko egunik luzeena ekartzen duelarik; hortik behar bada,   argitasunari diodan atsegina, beharrezkoa dut, piztu egiten nau . Nik beti bizi izan ditut gogoz eta ilusioz hastear dauzkagun aste honetako egunak. Nire sasoia da, jaiotako sasoia, eta uda hasi eta udabarria atzean uzten dituzten egun hauek niretzat ospakizun egunak dira. Lehen, irakaskuntzan pasatutako hainbat urtetan egutegiari so, agur esateko malenkoliarekin batera, merezitako atsedenaren bidea noiz hasiko  zain egoten nintzen. Orain ere, beste lan klase batzuetan nabilelarik, egun hauek irrikaz hartzen ditut . Eta  intentsitate handienarekin bizi izaten dudana,  solstizio-eguna izaten da, ama nitaz erditu zen eguna, neure eguna . Solstizio- garaian, diotenez, apenas aldatzen du Eguzkiak horizontearekiko posizioa eta hortik geldituta dagoela ematearena ( Sol Sistere – Eguzki gelditua) Unea magiko bihurtzen duen  argitasun iraunkor horretan, sua, ura eta landareekin batera , neuk ere ezohiko ahalmenak hartzen ditudala ematen du. Eta egun luzea luzeago izan dadin, gauari  argitasuna ematea gustazen zait; eta horretako sugarrak nagusi.

 

San Juan bagilean/ sugeak eta sapoak erre/ artoak eta gariak gorde kantuarekin ospatzeko ohitura dugu San Juan bezperakoa  Arratian; atsegindut ospakizuna. Umearoan, garia jo ondoren gelditzen zen galtzu-eskutuarekin piloa egin eta sua piztuta joaten ginen, soloz solo, ume eta nagusiak, ia etxe guztietan egiten zen txondorraren inguruan kantatuz eta salto eginez. Askotan auzoen arteko txondorra  ere egiten zen ; bide gurutzetan, babes modura, generalean huraxe ei baitzen sorginak agertzeko lekua. Oraindik ere  egiten dira txondorrak, ez da galtzurik erabiltzen sua pizteko eta sasi , arropa zahar eta belar txarren ordez, bestelako erregaiak erabiltzen dira ; ez dira kantuak falta eta su beharrak aprobetxatuz, afari-meriendak eta mokau goxoak ere izaten dira  lagunartekoetan. Gau aproposa izaten da etorkizunari kiñua egin eta datozen garaiei itxaropentsu begiratzeko. Eta ohiturari ekinez, horixe bera  gure udal eta aldundi berriei opatzen diedana, garai eta lagun berrienganako itxaropena, baina San Juan suetan bezala, ez ditzatela  lan zaharrak ahaztu. Emozionanteak izan dira pasatutako azken egunak; nork norekin gure edo gure ez eta urlia edota sandia kendu eta jartzearen artean joan zaizkigu zapatu aurrekoak, arnasari eutsiz, urduri; zeren inoiz baino nahasiak izan diren alderdi eta taldeen arteko abar pilotzeak , garrak inoiz baino altuagoak atara dituzte, gaua akatu nahian , eguna eta egunsentia batzeko moduko argitasuna sortuz. Danok dakigu baina, garrak bukatu egiten direla eta hurrengo eguneko errautsetatik atarako duguna, egunekoari ekitea baino ez dela izango. Aldaketa nagusi! Diote zenbait komunikabidek, baina benetako aldaketa emateko, aurpegiak eta koloreak aldatzeaz gain, gauzak dira aldatu behar direnak eta hori… denborak erakutsiko digu. Herritarrok zeintzuk diren kezka nagusiak agertuta, entzun ditugu aurre egiteko zenbait promes eta proposamen, baina eskatu eta esandakoa gauzatzeko, erakunde sendoak behar ditugu, ideia eta ekintza zehatzak eta berauek bideratzeko amankomuneko pausuak emateko borondate argia. Esperantzari lotuko natzaio.

Eta nahasmen gezi gozo honetan, poztasunerako gertaera; azkenean gure anai zaharrak, Nafarroak, ez du guri lepo ematen bizi beharko, aurrez aurre jartzeko aukera izango dugu; eta nahiz eta bakoitzak bere bidea zein den jorratzeko askeak izan, parada ezin hobea  da besoak zabalik elkar hartzeko eta San Juan gauaren biharamonean egin bezala egunsentiari ongietorri itxaropentsua emateko. Halere, eta  sinesmenak sinesmen, hobe etxeko atarietan San Juan aretxa jartzen jarraitzea ere , etxea eta etxekoak zaindu nahi izatea inoiz ez baita demasa.

COMPARTE