Opinión
21Abril
2015
21 |
Opinión

Kentzen, hartuten, batuketan

Opinión
Abril 21 | 2015 |
Opinión

“Ondradu izatea dohainik aspertzea da” zioen Jardiel Poncelak, eta bere antzezlan  bat  balitz legez, zergak ordaintzen ez dituzten
insolidaritatearen kontrako borrokatzailea, iruzur fiskala egiten zutenaren kontrako kapainen errege eta ia ia Gobernuko presidentea izan zitekeena, “lotsagabe”tzat tratatzen duten telebista eta irratiko mikrofonoetatik. Gai judizial zein politikoen adituek diotenez, Gobernuak antolatutako komedia izan da Ratoren inguruko guztia. Antza denez, epaile, fiskal eta antzerkiaren beste aktoreak, zuhurtziaz aukeratuak izan dira, Ratoren pelikula grabatzeko bertaratutako mila kamera eta argazkigilena bezala; den dena, PPoncelaren lan fina omen.

Gauza da, oposizioaren  kontrako harrizko berbak botatzen ohituta gauzkan  Montoro  ministroak, indarrak eta kemena galduta ikusi ahal izan dugula; berari otu zitzaion Estatuak diru gehiago euki zezan, Estatuari iruzur egin zutenei  izkutatutako zati baten ordez, beste guztia zuritzea, buelta barik, lasai asko, baina bere harrotasunean ez zuen  aurreikusi gainera zetorkiona; eta oraindik, harri txokorrak baino ez, zeren itxura guztia baitu etxea goitik behera etorriko zaiela.

Bitartean, Euskadin Ratoren alderdi berekoek,  SBEren kontra sutsu: dirua publikoa dela, eta ez dagoela eskubiderik, nahiz  eta dirua,  Ratok oporretan gastatutakora heldu ez.  Atzo bertan, egunkari batek  SBEren onuradunak nongoak (nazionalitatez) eta non bizi diren (herrialde edo eskualdea) diren azaltzen digu, eta datuen artean ; hirutik bi espainar nazionalitatekoak direla dio,  eta erdia baino gehiago emakumeak. Talde handi batek 65 urtetik gorakoak eta horretan, minimora heltzen ez diren emakume alargunak nagusi. Iruzurra ohiukatzen dute, sinadurak biltzen ari dira, beharrizanak dituztenak behartsuen kontra jarriz. Bitartean,  euren eredu izan denak 2013an, ezin izan zuen 2.884 euro baino deklaratu, Berlinen %44ko jabetza duen hoteletik,  17 milioiko kanona kobratzen zuen bitartean. PPren hondamendia dela diote batzuk, edo Estatuarena? Edo hiritarrena?  Abrahan Lincolnek  esaten zuen: “ Herri zati bat tarte baten engainatu ahal bada ere, ezin da Herri guztia denbora oro engainatu”  Egia biribila.

PP berberak, egunokaz zabaltzen dabilena,  Euskara gaiztoari adarrak irten zaizkiola da. SBEren antzera herriatar batzuk beste batzuri euren bizimodua kentzeko tresna bilakatu dela dio. Berriz ere “herrialde saltzaileek” mendekua hartu nahian Euskadiko buru den Herrialde menderatu nahi dute, eta arma sofistikatu bat erabiliz lanik onenak kendu . Euskerarekiko eskumena aldarrian dabiltza, onartezina delako orain arte euskararen sustapenerako emandako diru kupurua, euskera inposatzeko, arabarrak mespreziatzeko. Arabarrak?! Ene ama!  Seguraski hauek ez dute jakingo, euskaraz egin zen lehenengo dotriña, lehenengo almanaka, lehenengo antzezlana edo euskeraz egindako lehen komikia arabarren eskutik izan direla eta Araban eman zirela 1832an, Euskararen akademia sortzeko lehen pausuak, gaurko Euskaltzaindiaren oinarri. Joan den astean Bizkaian, Labayru fundazioa eratu da bizkaieraren onurarako, ondo baitakigu  euskalkien Osasuna dela  euskararentzako oinarrizko  bermea .Bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, nafarrera, eta Araban? Pujana arabarrak egindako ikerketa batean arabarrez egon daitezkeen aztarnak bilatzen saiatu da. Bertan eta hainbat idazki eta datoak bilduz, ematen du badagoela euskalkiaren adierazgarria izan daitekeen  KETAN aditz  atzizkia, zeren oraindik ere Leintz aranaren inguruan , esate baterako, gipuzkeraz garbitzen eta bizkaieraz garbituten esaten den bitartean, garbiketan esan ohi da. Zalantzak ote?  Ni badaezpada ere, zatiketan gure gaituenetatik arineketan alde egin eta batuketan gaituena indartze aldera Araban ere bagarelakoan nago.

COMPARTE