Opinión
24Febrero
2015
24 |
Opinión

Poletika (Amaia Espinosa)

Opinión
Febrero 24 | 2015 |
Opinión

Etika eta politika, biak ala biak,  gizakiok egin ditzakegun ekintzei eta  gure askatasuna eta borondateari eman nahi diegun zuzenbideari dagozkie .Badago aldiz,  ezberdinatasuna, zeren etika norberaren praxiari  dagokion bitartean, politikaren ekintzetarako besteen borondatea ere derrigorrez izan behar dugu kontutan. Baina etika eta politika ez dira soilik teoria bat, ez dira filosofo eta politologoek euren tesiak aztertzeko dituzten tresna hutsak, ez dira demostraziorik behar dituzten ekimenak. Egunero  eta esparru asko eta askotan hartzen ditugu erabaki etiko edo politikoak, batez ere ez garelako isolaturik bizi, gizarte baten parte garelako eta gure sena erabat soziala delako. Beti pentsatu izan dut politikoa ondo oinarritutako ideiak izanda gizartean lidergoa erabiltzen duena eta ekintzak eta esaten duena bat datozen jarrerako eredua dela. Nire ustez politiko baten helbururik garrantzitsuena, gizartean agertzen diren arazoentzat irtenbideak bilatzeaz batera, danon onerako diren erabakiak hartu, herritarron partehartzea bultzatu eta elkarbizitzaren alde lan egitea behar luke izan; eta hortik desbideratuz gero, lekua uztea da etikoena.

Winston Churchillek zioen: Politikoa  estatu gizon bihurtzeko,  hurrengo belaunaldietan pentsatu behar du eta ez hurrengo hauteskundeetan. Gure unibertso politikoan, argi dago zein den helbururik nagusiena. Normaltzat badugu politikoen begirada euren alderdiei mesedea egin diezazkiekeen ekintzei baino ez zuzentzea, goi mailako politikoek , aparteko trebetasunak ere badituzte: sistema nola erabili gizarteak behar dituen  emaitzak lortze aldera. Eta lan horretan, gizartearen ongizatearen aldeko lanean, asko izan dira azken berrogei urteotan ibili direnak, nor eta nongoak diren ahaztu barik, zuzentasuna gidari. Elkartasunari dei eginez eta pakea eta askatasunaren aldarrian, garai onak eta txarrei aurre eginez, eten gabe, batzuk eta beste batzuen aurrean gaurko egoerara heldu arte. Zelan ez,  bide horretan hutsuneak ere izan dira eta kaltetuak eta aparte utzitakoak: eta arduradunak, ez danak hein berean baina.

Horregatik, egunokaz  norberaren neurria zein den ohartu barik “zuk gehiago” esatea entzuten dudanean, pentsatzen dut denak ez duela balio,  pentsatzen dut  ez dela  zilegia politiko batzuen jarrera; politikoek, zeinek euren ekintza politikoa judizializazio eta txutxumutxuei  lotutako atxikimendu itsuari eskeitzen dioten; ez da zilegia  euren hutsegiteak garaipenatzat dituztenen sermoilarien lekzioak, batez ere konturatzen ez direnean  biluzik zegoen erregearekin gertatu bezala, euren biluztasuna denon bistan dagoela . Ez, danak ez du balio eta kosta egiten zait ulertzea,  urte luzeetan borrokatu, aldarrikatu eta gizarte honi exijitu digutenak “dena dela ETA”ren kontra agertzea, pertsonak zein erakundeen arteko sailkapena desberdintzea, orain, dena da PNVren bozeramailetzat jarri izana; uler dezakedan arren euren usteak, desioak, boto mordoak eta lituzketen barruku istiluak eta nahaste borraste itzelak izatea bultzatu dituztenak, tristea da. Eta harritzekoa lasterketa horretan topatutako bidelagunak ikustean ; bidea eta bidea egiteko oinetakoak galtzeko zorian daudenak, momentua aprobetxatzear agertzen diren horietakoak, urruneko ahaide izatera ere heltzen ez direnak, bidelagun bihurturik. Enfin! holakoetan bada, tenplau! eta  Antonio Matxadok esan zuena gogoan izan: Politikan, bela aireak jotzen duen tokian jartzen duenak izango du arrakasta ; inoiz ez bela jartzen duen tokian aireak jotzea nahi duenak.  

COMPARTE