Opinión
09Mayo
2012
09 |
Opinión

Erosteko aukera ematen duen alokairua

Opinión
Mayo 09 | 2012 |
Opinión

Gorka Urtaran Agirre

Opinión

Diario de Noticias de Álava


Etxebizitza politika lehentasunezkoa da EAJ-PNV udal taldearentzat. Legealdiaren hasiera-hasieratik esaten ari gara Vitoria-Gasteizko etxebizitzaren arazoa aldatu egin dela azken urte hauetan. Egun, etxeen garestitasunaren eta eskaintza faltaren ordez, beste oinarrizko bi zailtasun dauzkate, bai etxebizitza bat eskuratu nahi duten pertsonek, bai dagoeneko babes ofizialeko pisua eskuratu berri dutenek.

Batetik, badaude akaberen eta etxebizitza berrien materialen kalitateari buruzko arazoak, bidegabeko atzerapenak pairatzea, kooperatibistek pairatutako gehigikeriak,… Arazo horiek ekiditeko asmoz, proposatu genuen etxebizitza udal bulego bat sortzea, lau betebehar izango dituena: a) honen inguruan sortzen diren arazo guztien erregistroa egitea; b) peritutza zerbitzua eskaintzea; c) aholkularitza zerbitzua ematea; eta azkenik, d) bulego honek laugarren helburu bat dauka, hau da, hirian hutsik dauden bigarren eskuko 10.000 etxebizitzak merkatura ateratzeko plana planteatzea, egoeraren diagnostiko zehaztu batetik abiatuz. Hau dena kontuan hartuta, ezinbestekotzat jotzen dugu etxebizitza hauek erabiltzea etorkizuneko eskaria asetzeko. Etxebizitza udal bulegoa Ensanche 21 udal elkarteak martxan jarri zuen martxoan, eta oraindik bere emaitzak aztertzeko goiz den arren, oso harrera ona izan du.

Bestetik, bigarren oztopo nagusi bat aurkitzen dugu etxebizitza politikaren inguruan aritzen garenean: hipoteka lortzeko zailtasuna, krisialdi ekonomikoaren ondorioz estutasun egoeran egoteagatikoa. Horrek oztopatzen du etxebizitzarako sarrera edota etxebizitzaren kreditoari edo alokairuari aurre egitea. Arazo honen  eragina ezagutze aldera, proposatu genuen ikerketa bat jorratzea  jakiteko azken lau urteetan zehar zenbat pertsonak uko egin dioten babes ofizialeko etxebizitza bati, zein den  persona horien profila eta zeintzuk diren uko egitearen arrazoiak.

Ikerketa hori Ensanche 21 udal elkarteak egin zuen eta horren arabera, azken 4 urteotan 3.193 gasteiztarrek Babes Ofizialeko Etxebizitza bati uko egin diote. Horietatik, %60k arrazoi ekonomikoak argudiatzen zituen. Hots, ia 2.000 gasteiztarrek Babes Ofizialeko Etxebizitza bat lortu nahi dute, baina ezin dute finantzazio arazoak direla medio. Beraz, krisialdi ekonomikoaren ondorioz sortu diren estutasun egoerak eta kreditua lortzeko zailtasunak Vitoria-Gasteizko etxebizitzaren eskari erreala estaltzen ari dira.

Hori gertatzen den bitartean, Gasteizko babes ofizialeko bostehun etxebizitzak baino gehiagok ez dute jaberik aurkitzen, behin eta berriro zozketatu arren.  Beraz, gure ikuspuntutik, arazoa ez datza eskaera gutxiegi egotean edo eskaintza gehiegi egotean, eskaera eta eskaintza bakar bat ez etortzean baizik. Datuak ikusita, arazoa da etxebizitzaren eskaintza ez datorrela bat eskariaren ezaugarriekin. Eta horixe zuzendu behar dugu, Gasteizko udalerriari dagokionez, behintzat. Eskaria eta eskaintzaren arteko oreka puntua lortu nahian, zuzenketa kualitatiboa egin behar da, ez kuantitatiboa. Izan ere, gaur egun badugu Gasteizen babes ofizialeko etxea nahi baina erosi ezinik dabilen jende asko.  Eta gainera, pertsona hauek sartzeko aukera izango lukete, beste formula batzuk garatuz gero. Eta beste formula horien artean hauxe dago: erosteko aukera ematen duen alokairua.

Formula honekin pertsonek alokairu eskuragarri bat ordainduko lukete hasiera batean eta, geroxeago, aukera izango lukete etxea erosteko, alokairuan ordaindutako zati handi bat deskontaturik.

Erosteko aukera ematen duen alokairu formula hori EAEko eraikinak birgaitu eta hiria  berroneratzeko 2010- 2013 plan estrategikoan ere agertzen da. Horrela, plan horrek parte-hartzearen bidez jasotzen duen akzioetako bat da, baliabideak ahal den neurrian alokairura orientatzeko asmoz.

Guk planteatzen dugu programa hori garatzea Gasteizen esleitzeke geratzen diren babes ofizialeko etxebizitzekin. Horretarako aldaketa txikia egin beharko litzateke 39/2008 Dekretuan, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza neurriei buruzkoa, hain zuzen ere.

EAJ-PNV udal taldeak neurri horri oso egokia deritzogu, etxebizitza-politika hankaz gora jarri gabe, tokiko eskatzaile tipologia guztiei erantzuna ematen dielako, nahiz babes ofizialeko etxebizitza bat erosi nahi eta ahal dutenei, nahiz erosi nahi baina ezin dutenei, zein alokairuan baino eskuratu nahi ez dutenei. Horretaz gain, erantzun eraginkorra emango genieke egun saltzeke geratzen diren babes ofizialeko pisuei.

COMPARTE