Orri Nagusia        Alderdia Berriak        Bestelako Agiriak        Irudi eta Inprimakiak

 

 

1998ko Apirilak 6                                                                         72. alea

    

SUMARIO

-Juan Jose Ibarretxek EAJko Aberri Batzarrean, 1998ko martxoaren 28an, egindako hitzaldia.

-Nota del Euzkadi Buru Batzar del PNV sobre la Manifestación del día 5 de abril.

 

 

JUAN JOSE IBARRETXEK EAJKO ABERRI BATZARREAN, 1998KO MARTXOAREN 28AN, EGINDAKO HITZALDIA  

  Gaur egungo edozein gizarte modernok etorkizuna izaten du erronka, eta geroaren oinarriak ezarri behar ditu. Oraingo gizartea, bestalde, modernoa da, urduria, konplexua, teknifikatua, informatizatua eta askotarikoa; eta, jakina, Euskadi ez dago gizartearen arazo eta desafioetatik aparte.

  Horregatik, euskal abertzaleok XXI menderako herria prestatu behar dugu; horixe da gure helburua. Eta prestatzelan hori, zer esanik ez, bizi garen gizartearen ezaugarrietatik abiatuta egin behar dugu, kontuan hartuta, beti ere, gure gizartea, beste edozein bezalaxe, etengabe aldatzen ari dela.

  Pentsa genezakeenaz bestera, arriskua eta zalantza ez dira oraingo garaietako ezaugarriak. Benetako ezaugarriak, ordea, beste batzuk dira: arintasuna eta sakontasuna, eta egoera horretan gertatzen ari dira aldaketak.

  Informazioaren etengabeko eta apurkaapurkako iraultzaren eraginpean dago gizartea. Baina gure artean dagoen iraultza ez da ideologikoa, teknologikoa baizik: mugarik gabeko posibilitateak izateaz gain, distantziak laburtzen ditu, eta gizarteen ezagutzaren nahiz prestakuntzaren garrantzia goren gradura igotzen du.

  Iraultza hori, gainera, Europako integrazio geldiezinarekin batera gertatzen ari da. Europara biltzeko prozesua, azken urteotan, eztabaida politikoaren mugak hausten ari da; izan ere, oraintsu arte, naziomuga fisikoen arazoa baino ez baitzen eztabaidagai.

  Gizartearen, ekonomiaren eta politikaren ingurumari honek autogobernuari buruzko hausnarketa eragin behar du euskal abertzaletasunean, alegia, zeinnolako tresnak behar dituen gure herriak etorkizuna lantzeko, beti ere, pentsatu eta sinesten duguna aintzat hartuta.

  Eta hori lortu ahal izateko, ez ahaztu, kontuan hartu behar da ideia politikoen legitimazioa gero eta lotuago dagoela emaitzekin, baina baita gure gizartea osatzen duten herritarrei ongizatea eskuratzeko gaitasunarekin ere, hau da, ekintza publikoan dugun gaitasunarekin.

  Horretarako, ezinbestez, bai politikan, bai administrazio publikoetan, ganorazko kudeaketa, eztabaida eta argudioak erabili behar ditugu eguneroko eginkizunetan. Ildo horretan, jokabide politiko eta ekonomiko serioek ekarriko dituzte balore horiek.

  Azken finean, aldatzen ari den gizarte batez ari gara. Gure gizarteak ontzat jo behar du aldaketa, baina ez gaitz saihestezin baten modura, baizik eta eraldatu eta garatzeko elementu aktibo eta eraginkor modura. Horrela egiten duten gizarteek onura lortuko dute besteen aldean.

  Aldaketa funtsezko elementua izango da, eta horren inguruan diseinatu beharko ditugu gure jokabide guztiguztiak.

  Egokitu beharra dugu, ezinbestez. Eta hori oso garrantzitsua da gure gizartean, zeren geurean, sarriegi, zilboresteari begiratzen baitiogu, eta, bestalde, uste dugu munduan gertatzen den guztia gure erabakipean dagoela; eta, hain zuzen ere, horren kontrakoa jazotzen da. Gu geu, unibertsaltasuna onartuz eta umiltasunez, geure duguna eskaini eta eman behar dugunok.

  Zein dira, bada, gure herriaren etorkizuneko oinarriak?

  Lehenengo eta behin, gure lurraldeak protagonismo nabaria izan behar du. Eta lurraldea esatean, hauxe adierazi nahi dugu: gizarte osoa, eta bere jarduteko modua, alegia, bere lan egiteko eta bizitzeko, harremanak izateko, negozioak egiteko, ezagutza berriak hartzeko, eta, nola ez, mundura irekitzeko moduak. Ezaugarri horiek guztiak, horrenbestez, berebizikoak dira herri bat zer den azaltzeko, baina baita zer izan nahi duen adierazteko ere.

   Bigarrenik, akordioak erabiliz eraiki behar dugu geroa. Euskal gizarteari dagokionez, gure barrubarrutik erdietsitako adostasunak abiapuntu izan behar du kanpokoekiko harreman politiko, ekonomiko nahiz gizartezkoetan.

  Hirugarrenik, ondo baino hobeto onartu behar dugu errealitate berri bat datorrela, eta hor garatuko dugula gure jarduna eta gure autogobernua. Errealitate berri hori Europa da, noski.

  Eta laugarren oinarriak planteamendu sakon bat dakar: esandako guztiak zentzua izango du baldin eta, soilik baldin, gizartearentzako justizia eraikitzeko gauza bagara. Eraikitzebideak aurpegia eta begiak izan behar ditu; izan ere, arazo guztien atzean pertsonak dira beti.

 

Berezko erkidegoa

  Mundu osoan, bada galdera handi bat. Eremu ekonomiko eta politiko beraren barruan, eta denok antzeko baldintza sozioekonomikoetan murgildurik, erkidego batzuek zergatik dute aurrerabide handiagoa beste batzuek baino? Zergatik jokatzen dute hobeago edo txarrago enpleguarekiko? Zergatik dituzte jarduera gehiago, eta zergatik dute malgutasun handiagoa edo txikiagoa?

  Galderen erantzuna hauxe litzateke: erkidego horiek argi daukate zer izan nahi duten geroan, eta parte hartze aktiboa dute beren etorkizun hurbilena zehaztean.

  Zientzia ekonomikoak, oraintsu arte, ez du behar bezala baloratu zein den lurraldearen eginkizun aktiboa aldaketaeragile moduan. Jarrera aktibo horrek azalduko digu zergatik dauden ongizatemaila ezberdinak erkidego batzuen artean.

  Lurraldea eragile inaktibotzat jo izan da, oker jo ere, eta ustea zen pasiboki bereganatzen zituela aldaketaprozesuak. Erkidego naturalek, alegia, edozein erkidego zehaztu eta bereizten dituen baloreen multzoek, azaltzen digute zergatik herri batzuk dauden aurrerago beste batzuk baino gizarte eta ekonomiaren ikuspegitik.

  Ikuspegi horretatik, une berezian gaude euskaldunok, eta geure buruari galdetu behar diogu zein den Euskadiko erkidego naturalaren eginkizuna Europako integrazioan, eta zein etengabe aldatzen ari den gizartearen aurrean.

   Denok zehaztu beharko dugu zein den gure eginkizuna XXI. mendean, beti ere, kontuan hartuta ez dagoela mirarizko errezetarik oraingo gizarte konplexu eta anitzaren arazoak konpontzeko.

   Erkidego naturalek jartzen duten dinamismoa, bizitasuna, ilusioa eta prestakuntza dira erantzunetako batzuk. Ezaugarriok, hain zuzen ere, arrakastaren adierazgarriak dira.

  Bizi eta garatzeko jarreren artetik, baztertu beharrekoak dira inmobilismoa eta etsipena. Egiteko dauden erronkei aurre egiteko gaitasuna funtsezkoa da gure etorkizuna zehazteko.

 

Adostasuna

  Adostasuna berebizikoa da etorkizuna eraikitzeko. Eta berebizikoa ere bada izaera abegitsua eta tolerantea izango duen proiektu irekia garatzea. Horixe da, eta ez besterik, etorkizuneko abertzaletasunaren proiektua.

  Elkarguneak sortu behar ditugu. Izan ere, gizarteek eta merkatuek, gaur egun, oso zigortzen dituzte etengabeko banatzea eta elkar jotzea.

  Akordioak lortu behar ditugu, ados jarri behar dugu, baina adostasuna, batez ere, geure herritik bertatik bultzatu behar dugu. Geure artean akordioak lortzeko dugun gaitasunaren arabera, modu bateko edo besteko emaitza izango da: nolako irtenbidea eman gure arazoei, zer izan nahi dugun, nolakoak izango garen... gaitasun horren esanetara dago. Ezin, gainera, bestela izan. Horixe da, beraz, euskal abertzaletasunak etorkizunean ekin behar duen eginkizuna.

  Sentitu behar dugu, bizi behar dugu, “herria izan” behar dugu, eta horrela agertu besteekiko harremanetan.

  Euskadik akordioa barruan eta barrutik eraikitzeko gaitasuna izatea guztiz funtsezkoa izango da betetzeke ditugun helburuetako batean aurrera egiteko. Zertarako balio du ekonomia hazteak eta ongizatea sortzeak baldin eta ez bagara gauza gure ondorengoei gizarte tolerantea uzteko?

  Bakea ezin da atzeratu, lortu egin behar dugu. Etsipena eta inmobilismoa ez dira gai horretako bidelagunik onenak. Bizitzako arlo guztietan gertatzen den bezala, bakea ere konkistatu behar da. Bakera eramaten duten prozesuak, ahalegin pertsonal, intelektual eta kolektiboaren ikuspegitik, gogorragoak dira liskarrak eta aurka jartzeak baino. Eta, gainera, denok maite dugu bakea. Baina bakea landu behar da.

  Akordioa euskal abertzaletasunaren ardatz nagusia izan da, da eta izango da, eta, hortaz, Eusko Alderdi Jeltzalearen pentsamenduarena ere bai. Horregatik, harro senti gaitezen proiektu abertzale ireki, abegitsu eta tolerante honetako kide izateagatik. Eta eraiki dezagun euskal gizartearen barruan, akordiotik abiatuta, izan nahi duguna.

 

Gure aukera: Europa

  Europa erronka eta aukera da aldi berean. Zoritxarrez, Europa gehiago hazi da beharrak eraginda, borondateagatik baino. Benetako europazaletasunak baino ekonomiaren inperatiboek eraginda eraikitzen ari da. Baina, hala ere, ekonomiaren eta monetaren batasuna abian da eta moneta bakarra errealitate bihurtuko da lau urte barru.

  Kontuan har dezagun, bestalde, proiektu honek iaia seguru ekarriko dituen irabazi ekonomikoak ez direla orekaz banatuko. Batzuek ez dute etekin proportzionalik jasoko. Herri bakoitzaren prestakuntzamaila nolako, halako irabazibanaketa gertatuko da. Nolako malgutasunmaila eta egokitzapengaitasuna, halako banaketa.

  Euskadik kudeaketa serio eta lehiakorra bilatu behar du, eta, horixe egin behar du bere unitate ekonomiko bakoitzetik. Gaur egun, herriak ez dira lehiakortasunaren gune. Bai, ordea, beren bizilagunak, beren familiak, beren enpresak, hain zuzen ere, abantaila konparatiboak ekartzen dituztenak. Badira, izan, herri batzuk bat ere lehiakorrak ez direnak nazioarteko merkatuetako enpresa liderrekin; eta, alderantziz, badira beste herri batzuk oso enpresa lehiakorrak dituztenak.

  Etorkizun argia izateko, enpresek eraginkortasunez eskaini behar dituzte zerbitzuak. Arin erantzun beharko dute, eta irtenbide egokiak eman beharko dizkiete gizartearen eskariei. Beti kalitatea eskainiz. Eta ez du inolako garrantzirik izango proiektu publiko zein pribatu izateak, edo proiektu politiko zein gizartezkoa izateak.

  Sektore publikoak, beraz, ikasi beharko du kultura berri batean mugitzen. Garai batean, zorpetze publikoa eta defizita ziren arazoei irtenbideak biltzeko tresnak; jokabide hori atzean geratu da. Garai batean, sektore publikoak zerbitzuak eskaintzen zituen kudeaketa eraginkor eta modernorik gabe; jokabide hori atzean geratu da. Kultura berri baterako jauzi hori beharrezkoa da, baldin eta zehaztu nahi badugu zeini egin behar dizkiogun zerbitzuak, zein baliabiderekin egin behar dugun eta, batez ere, nola egin behar dugun.

 

Giltzetako bat: prestakuntza

  Sektore publikoak, bai eta gizarte osoak ere, ahalegin handia egin beharko du aurrerantzean, alegia, jabetu beharko du etengabeko ikaskuntzaren eta prestakuntzaren garrantziaz, biak ezinbestekoak baitira bizi garen gizartean.

  Mende honetan zehar, hainbat gai guztiz garrantzitsuak izan dira garapena sendotzeko, baina, gaur egun, ordea, galdu egin dute protagonismoa.

  Kapitalak, lehengaiak eta teknologia oraindik ere garrantzitsuak dira, baina errazerraz mugi daitezke herrialde batzuetatik besteetara. Gaur egun, prestakuntzak, alegia, gizarte jakin bateko emakumeen eta gizonen gaitasunak, zedarritu eta karakterizatzen ditu herrialde lehiakorrak, bai eta ongizate eta barneko hesioko proiektuak garatzen dituzten erkidegoak ere.

  Gure gazteria kontraesan zitalean bizi da: gure historiako gazteriarik prestatuena dugu, baina gazte horietako asko eta asko langabezian ditugu.

  Inork ez du arazo hau konpontzeko irtenbide magikorik edo batbatekorik. Gai honetan, berriro ere, etsipena eta inmobilismoa dira arazoari aurre egiteko errezetarik txarrenak. Mundu soziolaboralean ere, kultura berri bat sartzen ari da, eta kultura horretan errezeta zaharrek aspaldian galdu zuten arazoak konpontzeko baliagarritasuna. Beraz, elkarrizketaren eta gizarteharremanen kultura berria dugu. Ekonomiak hazi behar du, aberastasuna sortu behar dugu, bai eta lana sortu ere gizarteko kide guztientzat. Horren kontrakoa etsitzea litzateke, eta gizarteak ezin du etsi. Bestalde, enpresak dira lanpostuak sortu eta ongizatea ekartzen dutenak. Eta, horregatik, bai enpresariek, bai langileek, lankidetzan aritzeko formula berriak aurkitu beharko dituzte enpresen barruan; horrela enpresa hazi egingo da, eta lanpostuak sortu. Eta, noski, eginkizun horietan erakunde publikoen laguntza izango dute beti.

  Baina ez dezagun gure burua engaina. Legeek bakarrik ez dute gizartea malguago bihurtzen, ez eta postulatu berriak onartarazten. Hain zuzen ere, kontrakoa gertatzen da. Gizarteak, herritarrak, familiak eta enpresak dira malguak edo zurrunak direnak, eta horiexek ere dira arlo soziolaboraleko formulazio berriak akordio bidez onartu edo ezesten dituztenak.

 

Gure autogobernua

  Euskadiko autogobernua ere etengabeko aldaketaprozesuetan murgilduta dago. Egokitu egin beharko dugu gure autogobernua. Eta, gainera, ondo erabili beharko dugu. Izan ere, kontuan hartzen ez badugu bere sorreratik hona gertatutako guztia, litekeena da orain dela 20 urte pentsatu eta zedarritutako tresna zaharkituta geratzea. Ez ahaztu, bada, hamarkada bi hauetan, batetik, Europako eraikuntza bera dagoela abian eta, bestetik, gizarte berri bat sortzen ari dela informazioaren eskutik.

  Orain arteko eztabaida klasikoaren gaia zen zenbat transferentzia zeuden jaso gabe eta zein ziren beren eduki puntualak. Planteamendu berriak, berriz, berarekin dakar orain arteko eztabaida klasikoa gainditzea. Eta eztabaida zital horrek estatutuaren oraingo geldialdira ekarri gaitu.

  Europa berriaren eremuan badugu, oraindik ere, hausnarketa bat egiteko: zehaztea zein den Euskadik bere proiektu politikoa garatzeko behar duen autogobernumaila. Autogobernua, nolanahi ere, inteligentziaz eta abarrotsik gabe erabili behar dugu. Herri txiki batek jakin behar du bere gaitasunak garatzen, baina besteak molestatu gabe; saiatu behar du, halaber, epe ertain eta luzean gauzatuko den proiektu bat sortzen, denok nahi ditugun onurak ekarriko dizkiguna.

  Errealitate berria, beraz, erronka eta aukera da aldi berean. Errealitate horretara prestatu eta egokitu behar dugu gure autogobernua, horixe izango baita, seguraski, helburu preziatua lortzeko modu bakarra. Eta helburua diogunean, honakoa adierazi nahi dugu, alegia, errealitate berrian integratu behar dugula, baina, gainera, Euskadik herri moduan duen nortasuna sakonduz.

 

Eraikitzeko integratu egin behar da

  EAJk gizarteproiektu bat du Euskadirentzat. Proiektuak herria eraiki nahi du, baina baita gizartea integratu eta kohesionatu ere. Herriek, beren burua gorengo mailakotzat izateko, ezin dute proiektu politiko bat garatu, baldin eta aberastasuna berdintasunez banatzearekin batera, ez badituzte gizartebidegabekeriak desagertarazten. Hau da, eraiki ahal izateko integratu behar da. Gure garai hauetako hausnarketa politikoaren ardatzetako bat, horrenbestez, horixe da.

  Europak arazo larria du gaur egun. Bere ekonomia hazten ari da, baina ez du nahikoa lanposturik sortzen. Hemen gertatzen dena eta Estatu Batuetako egoera guztiz bestelakoa da: han, ekonomiaren hazkundea gauza da enplegua sortzeko. Europako ekonomiak doiketak egin ditu lanpostuak desagertaraziz eta arriskuan jarri ditu mendebaldeko demokrazien gizartealderdia. Estatu Batuetako ekonomiak, langileen soldatak kaltetuz, gauza bera egin du, eta gizartebidegabekeria handiko ereduaren oinarriak jarri ditu. Esan liteke, bada, eredu biek gaur egun porrot egin dutela.  

  Europak eta bera osatzen duten gizarteek erronka handi bat dute: nola ekin aurrerantzean ere gizarteestatua defendatzen, izan ere, estatumota hori bere kulturaren ezaugarrietako bat da. Baina ezin ahaztu, inola ere, aberastasuna sortzeko gaitasuna, ez eta munduan lehiatzekoa ere.

  Egin beharreko galdera oso sinplea da: zergen bidez jasotzen dugun aberastasunetik, zein zati erabil dezakegu aberastasuna berriro banatzeko, zerbitzuak emateko (osasungintza, hezkuntza, lanik gabeko pertsonentzako laguntzak, pentsioak...), beti ere gure enpresen lehiakortasuna kaltetu gabe?

  Gizarteestatuak, datozen aldietako enpresa libreko merkatuaren alderdi solidarioa den neurrian, galdera hori du mahairatuta.

  EAJk alternatibak eskaini nahi ditu eztabaida honetan; izan ere, bere idearioaren barrubarruan euskaldunon ongizatea dago, ongizatea beharrezkoa eta ezinbestekoa baita gure aberriproiektuak iraun dezan.

  Badira, izan, halaber, gai horiei buruzko aldarrikapen oportunistak; ez ditzagun kontuan har. Gaiok oinarrizkoak eta funtsezkoak dira herri batentzat. Ondasunak eta aberastasuna banatu aurretik, jarduera, aberastasuna eta enplegua sortu behar dira. Dena denontzat leloa izan zuten sistema politikoek izugarrizko porrota izan dute, eta, ondorioz, gizarte horiek benetako desegitebidean daude.

  Gure gizartearen moduko kolektibitateek dinamismoa, bizitasuna, ilusioa eta prestakuntza behar dute aurrera egiteko. Zehaztu nahi badugu zer izan nahi dugun, nola ekin aldi berriei, nola konpondu nahi ditugun gure arazoak..., funtsezkoa izango da gure arteko eta Euskadiko barruko akordioa, hitz batean adostasuna. Barrutik eraikitzen jakin behar dugu, eta guk geuk hartu erabakiak. Horixe da sekretua. Eta, azkenik, denok gustora eta gurea sentituko dugun proiektu bat diseinatu beharra dugu.

  Eta eginkizun hori burutzeko, ezinbestekoa da abertzaletasun irekia, abegitsua eta tolerantea. Baina, halaber, intelektualen tentsioa gehitu beharko dugu aldaketa onar dezagun eta egoki gaitezen; azken finean, inteligentzia erabili beharko dugu gure nortasuna sakontzeko.

  Laburbilduz: Denbora berriak, erantzun berriak.

   

 

 

EAJren EUSKADI BURU BATZARRAREN OHARRA  

  “Euskal Presoak Euskal Herrira” lemapean Ibaetako taldeak deitu duen manifestaldiaren aurrean, EAJ bertan parte hartzera gonbidatua izan delarik, EAJ-PNVaren EBBak honako hau esan nahi dio iritzi publikoari eta, batik bat, deialdia egin dutenei:

  1.- EAJk, bere Eusko Legebiltzarreko ordezkarien eskutik, behin eta berriro aldarrikatu duela ondoko oinarrizko printzipio hau, alegia,  askatasunaz gabetutako pertsona orok zigorra bere sorlekutik ahalik eta gertuen dagoen presondegian bete behar duela, pertsonen erauzketa soziala ekidin ahal izateko oinarrizko baldintza modura. Baliozkoak eta guztiz indarrean jotzen ditu, beraz, hartutako erabakiak, giza eta lege arrazoiengatik, gehiengo parlamentari demokratikoetan oinarriturikoak direla kontutan izanik gainera.

  2.- EAJk salatu egin du, hainbeste aldiz demokraten batasuna aldarrikatzen duen Barne Ministrariak, kasu honetan euskal alderdi demokratikoen gehiengoaren aldarrikapena kontutan izan beharrean, erabaki horiek mesprezatzea.

  3.- Ala ere, EAJk uste du, manifestaldiaren deialdia egiten duten zenbait talderekin batera joatea ez litzatekeela ulertua izango ez geure alderdikideen partetik, ez eta euskal hiritargoaren zati handienaren partetik, ezbaita ahaztu behar talde hauek behin eta berriro egiten diotela uko, oinarrizko eskubide diren bizitzaren eta askatasun fisikoaren eskubideen bortxaketak salatzeari.

  4.-

 

 

NOTA DEL EUSKADI BURU BATZAR DEL PNV

  Ante el anuncio de manifestación bajo el slogan "Euskal Presoak Euskal Herrira", convocada por el grupo Ibaeta, habiendo sido el PNV invitado y requerido a participar en la misma, el EBB del EAJ-PNV desea manifestar a la opinión pública en general y a los convocantes en particular, que:

  1.- El PNV a través de sus representantes en el Parlamento Vasco, se ha pronunciado y ratificado en distintas ocasiones en torno al principio elemental de que toda persona privada de libertad debe cumplir la pena en el centro penitenciario más cercano a su lugar de origen, como condición básica para evitar el desarraigo social de las personas.  Considera por tanto, válidas y plenamente vigentes las resoluciones referidas, por razones humanitarias y legales, soportadas además en mayorías parlamentarias democráticas.

  2º.- El PNV ha denunciado que el Ministro de Interior, que tantas veces apela a la unidad de los demócratas, lejos de tener presente en este caso el pronunciamiento de la mayoría de los partidos democráticos vascos, ha despreciado dichas resoluciones.

  3º.- Sin embargo, considera el PNV que compartir manifestación con algunos de los colectivos convocantes que se niegan reiteradamente a condenar graves violaciones de derechos elementales, como el derecho a la vida y a la libertad física, no sería entendido ni por nuestros militantes ni por la mayoría de los ciudadanos vascos.

  4º.- Nos guía una convicción clara de tener que construir escenarios de paz buscando caminos de reconciliación y perdón social.  Deben saber los convocantes, que el PNV participará en cuantas iniciativas sean necesarias, siempre que cumplan los mínimos éticos necesarios en la defensa de los derechos humanos.

 

 1 de Abril de 1.998