2002-02-19

 

Politika;2002-02-19; UPNko gobernuaren alternatiba eratzeko, 'demokrata abertzaleen' batasuna aldarrikatu du Jose Antonio Urbiola jeltzaleak. Aurkaria 'oso gaizki' ari dela baliatuz, 2003ko hauteskundeetarako estrategia bateratua prestatzeko lanean 'berehala' hasi behar dela dio.. 'UPNren alternatiba eratzeko kontuak atera daitezke Batasuna gabe'

jose antonio urbiola

EAJ-ko napar buru batzarreko presidentea

«UPNren alternatiba eratzeko kontuak atera daitezke Batasuna gabe»

UPNko gobernuaren alternatiba eratzeko, «demokrata abertzaleen» batasuna aldarrikatu du Jose Antonio Urbiola jeltzaleak. Aurkaria «oso gaizki» ari dela baliatuz, 2003ko hauteskundeetarako estrategia bateratua prestatzeko lanean «berehala» hasi behar dela dio.

Irene Arrizurieta/iruńea

EAJk Iruńeko Alde Zaharrean duen egoitzan hartu du Jose Antonio Urbiola Napar Buru Batzarreko lehendakariak Egunkaria. Nafarroako egoera politikoa aldatzeko gogo nabaria du.

Nafarroan UPNko gobernuaren alternatiba eratzeko, euskal nazionalistek PSNri gehiengoa lortzen laguntzeko elkar hartu behar dutela esan berri duzu.

Egun Nafarroan erabateko lehentasuna du UPN boteretik kentzeak. UPN ezin okerrago ari da lanean. 2003ko hauteskundeetan ez du lortuko gehiengo osoa, ez egungo gehiengoa ere. Oposizioan PSNk izan behar du lidergoa. Pentsatzekoa da boto igoera izanen duela, baina uste dut ez dela izanen 14 legebiltzarkide baino gehiagokoa, eta gehiengoa 26 parlamentaritan dago. Hamabi falta dira. Gu horiek ematera behartuta gaude, edo ahal ditugunak, behintzat. Lana ongi egiten badugu, kopuru interesgarria eskaini dezakegu.

Zer da lana ongi egitea ?

Gure betebeharra botoen %20 edo %30 ere izan daitekeen boto abertzalea azaleratzea da, PSNri gure laguntzarekin Parlamentuan agindu dezakeela esateko. Gero etorriko dira akordioak eta politika nola egin zehazteko eztabaidak.

Zer egiten ari zarete elkar hartze hori bilatzeko?

Euskal nazionalismoaz ari naizenean, demokratikoaz ari naiz. Lehenik, giroa sortu behar da. Une honetan horrek du lehentasuna. Hori egiten ez badugu, traizionatzen ari gara defendatzen ditugun printzipioak. Gizartearen ongizatea lehentasun badugu, beste trabak desagertu beharko lirateke.

Alderdikeriak baztertu?

Erabat. Pertsonalismoen jokoak baztertu behar dira. Egoera oso larrian gaude eta arinkeria litzateke batasunari lehentasuna ez ematea. Batasuna lortu behar dugu, ahal duguna emateko eta patriotismo konstituzionalaren alternatiba eratzeko.

Kontakturik izan duzue?

Ofizialki bai eta ez. Alternatiba gauzatzeko denbora gehiegi dugula pentsatzeko tentazioa dago. Ez dut esanen nahiko denbora ez dugunik, baina oraintxe bertan hasi behar dugu lanean. EArekin errazago dugu, hurbilago gaudelako. Aralar eratzen ari da eta errespetatu behar da hori, baina egoeraz jabetu behar dute. Jokaleku teorikoa lantzen hasi behar dugu.

Batasunarik gabe kontuak ez dira ateratzen.

Edo bai.

Nola?

Batasunak oso barne arazo larria du, eta irtenbidea aurkitu behar dio. Legebiltzarkideen erdiak galdu zituen EAEn, maiatzaren 13an. Heldu diren hauteskundeetan hemen erdiak edo gehiago gal ditzake, sendatzen ez diren gaitzak okertu egiten direlako. Baliteke han duela urtebete %50 izan zena hemen hemendik urte batera %80 izatea. Batasuna gabe kontuak atera daitezke. Hemen inor ez da betiko.

Boto hori ez litzateke abstentziora joanen?

Maiatzaren 13ko hauteskundeen erreferentzia hartzen badugu, abstentzioa inoiz baino txikiagoa izan zen.

Baina hau ez da EAE.

Gauzak ongi egiten asmatzen badugu, hori eraginen dugu. Etsaia argudio guztiak ematen ari zaigu eta eskura jartzen ari zaigu maiatzaren 13 bat sortzeko gai izan gaitezen. Mugitu dadila gure jendea. Abstentzioa badago, besteena izan dadila eta ez gurea, eta orduan botoa nora joaten den ez zait inporta. Abertzale guztiek botoa ematen badute, eta nazionalismo demokratikoaren alde egiten badute, ez dit axola Aralar, EA, EAJ edo Batzarreren alde bozkatzen duten. EAEn maiatzaren 13n bezala erreakzio abertzale demokratiko bat eraikitzeko gai bagara, horrela bai, ateratzen dira kontuak. Nafarroan, EAEn baino askoz ere gehiago, deus ez dago egonkortua. Ez dago heldutasunik. Dena dago finkatzeke, batez ere nazionalismoan.

CDNk UPNrekin hitzartu duen aurrekontu akordioa beste arlo batzuetara zabalduko dela uste duzu?

Tamalez, CDNk bere une historikoa galdu du. Zalantzan nago 2003ko hauteskundeetara aurkezteko gai izanen ote den ere. Ez zen sortu garai egokian, eta ez du jakin bere indarra modu egokian erabiltzen. Handinahikeriaz jokatu du, eta Nafarroan gero eta ordezkaritza txikiagoa izanen duela uste dut.

UPNk esan berri du ezinezkoa dela Nafarroako nortasunaren alde egitea euskal nazionalismoarekin proiektuak bultzatuz.

UPNk nafar nortasuna Nafarroaz berak duen nortasun baztertzailearekin nahasten du. UPNk sekulan ez du egin Nafarroaren alde; Nafarroaz duen ikuspegi baztertzailearen alde egin du baizik. Bere interesen alde jokatzen du bakarrik.

Zer irizten diozu EArekin Nafarroako Legebiltzarrean daramazuen elkarlanari?

Oso lan emankorra eta ona izan da, eta da. Ez dugu arazorik izan.

EAk hurrengo hauteskundeetan bakarrik aurkezteko aukera aipatu du.

Nafarroan ez dugu horretaz hitz egin, baina eskubidea du horretarako.

EAJren afiliatu kopuruak gora egin du Nafarroan?

Bai. Harrituko zinateke nola. Hilero afiliatzen zaigu jendea, eta ez alderdiak beti ordezkaritza izan duen eskualdeetan. Adibidez, Tuteran herri batzordea eratuko dugu aurki.

UPN-ri alternatiba

«Gure lana agian botoen %20 edo %30 den boto abertzalea azaleratzea da, PSNri esateko gure laguntzaz agindu dezakeela»

Gobernuaren jarduera

«UPN ezin okerrago ari da lanean. 2003ko hauteskundeetan ez du lortuko gehiengo osoa, ez egungo gehiengoa ere»