Arratsalde on guztioi .
Gaurko honetan, “errealitatearekiko harreman taldea” aurkeztu nahi dugu.
EAJk Zornotzan martxan jarriko du gaur, datozen hilabeteotan Bizkaiko eskualde guztietan izango den “harreman taldea”.
Oraingo honetan, nire ondoan daude Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusi jauna eta kargurako hautagaia, Ana Madariaga Batzar Nagusietako lehendakari anderea eta kargu horretarako hautagaia, eta David Latxaga, Zornotzako alkate jauna eta aldi berean kargu horretarako hautagaia dena
“Harreman talde” honen helburua da, gizartearen ordezkari ezberdinekin lan topaketa zuzena ezartzea, hurrengo bost urterako ditugun ikuspuntuak alderatzeko.
Gure ekimenak aurkeztuko ditugu eta dauden eskari eta beharrizanak entzuteko aukera izango dugu. Batez ere, Zornotza eta Bizkaia osorako ditugun ideia eta egitasmoak alderatu nahi ditugu.
Gaurkoan, Zornotzan bilduko gara eta Foru Ahaldun Nagusiarekin egongo gara. Hortaz, AICren inguruan egingo dugu berba.
AIC zentroak bere sorreraren oinarrian biltzen ditu gure helburuen ardatz nagusiak: “Industria, Merkataritza eta Lana Babestea”. Hori da alderdi politiko gisa dugun lehentasuna, eta lehentasun horri emango diegu guk gure ahalegin osoa. Bizkaia bizirik dago, martxan dauden hainbat egitasmo ditu eta beste hainbat ditu aurrera egiteko bidean. Suspertze ekonomikoari laguntzeko gaitasuna izango da egitasmoei emango diegun ikusmoldea. Horixe da, gaurko topaketa honetan egin nahi dugun “alderatze soziala”.
Eta hirugarrenik, gaurkotasun politikoari ere ekingo diogu. Atzokoan, Lehendakariak elkarrizketa batean antzeztu zuen “buruzagitzari uko egiten diola”, Euskadin aurkeztu zaigun aukeraren aurrean. Astelehenean, Eguiguren PSEren presidenteak aurrerako pausua eman zuen; baina asteartean, Lopez Basagoitirekin bildu zen eta atzerako pausu bi eman ditu. Dena utzi du beste batzuen eskuetan, ez du uneak eskatzen duen buruzagitza bereganatzen. Uko egiten dio alderdi politikoekin elkarrizketa eraikitzailea egiteari; Brian Currinen lana gutxietsi du eta ez du berarekin bildu ere egin nahi;ez dio entzun nahi ETAren terrorismoa argi eta garbi gaitzetsi duen talde politiko berriari; Madrilgo itun antiterroristara makurtzen da eta ez du gainditzeko ezer egiten.
Lehendakariak atzokoan esan zuen ez duela ezer egingo.
Guk egonkortasun aldia ez dugu honetarako eskaini. Lortu egin dugu, Euskadirako aldi berria izan dezagun, terrorismorik gabe eta indar politiko guztien akordioarekin. Honakoa da gure helburua, eta horrekin hartu dugun konpromisoa mantentzen jarraituko dugu.