Euzko Alderdi Jeltzalearen ustetan, hasiera txarra litzateke Rodriguez Zapaterok helburu estrategikoak sendotzeko baino, europar presidentetza PSOE barruan eta PPren kontra duen borroka horri begira, bere egoera pertsonal eta politikoa indartzeko tentaldian eroriko balitz.
Espero dezagun beraz, izendapen honekin ez dezala arreta desbideratu Espainiar estatu barruan, horma baten kontra mantentzen duten gaien ingurura eraman. Hau, da, azken finean, sei hilabete hau, krisi ekonomikoaren erdian eta espainiar estatua delarik ilunpetik irten ez den G20ko ekonomia bakarra, ezin da izan hurrengo hauteskunde orokorrei begirako hauteskunde marketin eragiketa soila. Hala egiten badu, alferrik botatako sei hilabeteak izango dira Europarako eta batez ere Espainiar Estaturako.
Presidentetza hau, testuinguru delikatu eta benetan garrantzizkoan garatuko da, Hauek dira arrazoiak:
- Lisboako hitzarmena indarrean sartu osteko lehen presidentetza izango da; eta agi denez, abenduaren batean izango du hasiera. Aldi berean , Lisboako Hitzarmenak berak martxan jarritako Instituzioen hasiera izango da (Kontseiluko Presidentearen eta Goi Ordezkariaren izendapenak); horrekin batera, duela bost hilabete aukeratutako Europar Legebiltzarraren legegintzaldi berriaren hasiera eta Europar Batzorde berria.
- Ekonomia eta finantza arloan dauden oraingo inguruabarrak, hamarkada batean ezagutu den aberastasun eta hazkundetik urrun daude eta saihestezineko lehentasuna da krisitik ateratzeko irtenbidea bilatzea.
Hortaz, Lisboako Hitzarmena indarrean sartzeak, Batasuneko instituzio eta politika berriak martxan jartzeak eta krisi ekonomikoa gainditzeko ahaleginek markatuko dute Europar Batasunaren eszenatokia, hurrengo hamarkadan izango diren erronka globalei ekiteko orduan.
Hortaz, aurrez aurre ditugun erronkak dira eguraldi aldaketaren kontrako lana, arazo demografiko globalak, hornikuntza energetikoa eta hazkunde jasangarri eta iraunkorra. Erronka horiei eman beharreko erantzuna Europar Batasunaren barrutik eta kanpotik egin beharreko lankidetza ahaleginetik etorri beharko da. Zentzu honetan , Obamak planeta mailan hasi duen alde anitzeko harreman aldiak marko egokia eman dezake norabide horretan lan egiteko.
Amaitzeko, Europar Batasunak bere legezkotasun demokratikoan sakontzeko ataza bete behar du. Datozen urteoi begira, lehentasuna izan beharko da nazioak, erregioak eta bestelako estatu azpiko izateak, hiritarrekin batera hartzea europar eraikuntzari begira.
Testuinguru honetan, Europar Batasunaren espainiar presidentetzak garrantzi biziko aldia hasiko du Batasunaren garapenean; 2010-2020 aldirako, Europar Batasunak ezarri dituelako bere lidergoa mundu globalizatuan egikaritzeko helburuak.
Horregatik guztiagatik, sei hilabeteko epe hau guztiz garrantzizkoa da. Eta, oso kezkagarria da,
gaurko egunean, Rodriguez Zapateroren agintaldia hasteko hilabete eta erdi falta dela, oraindik ez jakitea sei hilabete hauetarako prestatu duen egitasmoa. Marko Estrategikorako lerro nagusiak eta espainiar, belgikar eta hungariar presidentetza hirukiaren egitasmo eragilea baino ez ditugu ezagutzen, eta orain arte ez da zabaldu Espainiar Presidentetzaren Egitasmoa.
Hor duzue gure Alderdiaren gidalerroak bateratzen dituen egitasmoa. Aldi berrirako nagusitu beharko liratekeen jarduera ardatzen inguruan dugun ikuspuntua azaltzeko agiria da, eta EAJk presidentetza horretarako planteatzen dituen 30 proposamenen laburpena.
Proposamen hauek lehenengo eta behin aipatzen dute
finantza eta ekonomia arloko krisialdia, eta horretan funtsezkoa litzateke Berreskuratze Ekonomikorako Europar Egitasmoa aplikatzen jarraitzea. Dena dela, etorkizunari begira, defizit publikoak ehuneko hirura inguruan jartzeko bideratu behar ditugu, Egonkortasun eta Hazkunderako Hitzarmenak ezartzen duena betetze aldera. Besteak beste, proposatzen ditugun ekimenen artean dago finantza esparruaren gainbegiratzea, Europar Herrialde guztiak konpromisoa hartzera eramango dituena, eta Batasunetik kanpoko Europar Estatu batzuek ezkutatzen dituzten paradisu fiskalen kontra egiteko borrokan aurrera egitea ahalbidetuko duena.
Lisboa osteko Estrategia berriaren agendako gaietan ere eragingo dugu ("jakintzaren hirukia" izenekoa bultzatzea, "ekonomia berdea" eta abar)
Lurralde kohesiorako eta garraio azpiegiturak ezartzeko politikaren barruan, Ardatz Atlantikoaren indartzea bultzatuko dugu, Europa zeharkatzeko Garraio Sarearen politika berraztertzearen barruan.
Immigrazioa, kanpo politika eta defentsa moduko gaien inguruko erronka globalen aurrean, politika bateratuak bultzatzeko neurriak ezarriko ditugu. Energia eta eguraldi aldaketaren inguruko agenda funtsezko ardatza da politika , ekonomia eta gizarteaz eztabaidatzeko orduan, eta horren inguru horretan, EAJ-PNV adi mantenduko da.
Erregio dimentsioa, subsidioariotasun printzipioa eta hizkuntza aniztasuna dira guretzat funtsezko gaiak. Subsidiariotasun eta proportziotasun printzipioaren osoko aplikazioaren alde gaude europar ekimen legegileari ekiteko orduan, batez ere Lisboako Hitzarmenak berak ezartzen duelako subsidiariotasun printzipioaren dimentsio erregionala eta tokian tokikoa.
Halaber, Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, garrantzizko gaiak izango dira
Nekazal politika, arrantza politika edo Europarako hezkuntza. Eta, etorkizuneko hitzarmenei begira, abiadura anitzeko Europaren alde dugun jarreraren barruan, hitzarmenak indarrean jartzea oztopatzen duten Herrialdeak zigortzeko arbitraje formulak jartzearen aldeko apustua egingo dugu.
Ez dugu ahaztu behar
2010 Pobreziaren eta bazterketaren kontrako Urtea izango dela, Gure ahalegin guztia jarriko dugu garapenerako lankidetzari lotuta dagoen erronka horretan. Eta zentzu honetan, Europar Batasunak egiteko nagusia izango du Nazio Batuko Milurteko Garapen Helburuak betetzeko orduan.
Amaitzeko, Presidentetzaren eta Euskadin izango duen islaren gaineko hausnarketa egingo dugu. Orain arte, Europar Batasunerako Estatu Idazkariaren bisitaren ostean, Lehendakariak eginiko adierazpenaz gain, ez du ematen Eusko Jaurlaritzak espainiar presidentetzaz dakienik. Hori erakusteko, gogoan izan dezagun urriaren 14an Eusko legebiltzarraren aurrean izan zuen lehen agerraldian, kanpo Ekintzarako Idazkari orokorrak ez zuela espainiar presidentetzaren gaineko eta eusko jaurlaritzak horren inguruan izan beharreko arretaren inguruko aipamenik egin.
Idazkari Orokorrak esaten zuenez, kanpo ekintzaren lehen helburua Euskadiren proiekzioa bada,
ez dugu ulertzen Euskadi Europan egoteko aukera paregabe honetaz ez baliatzea. Esate baterako, Euskadin garatu ahal litzateke ECOFIN erakundearen bilera Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Sailburuaren parte hartzearekin. Halaber, Euskadin egin ahal dira hainbat Ministro Kontseilu edo hiru hilabetean aurreikusita dauden nazioarteko Gailurrak, hau da, Andaluzia, Catalunya eta Madrilen egingo diren moduan.
Eta laburbilduz, ez genuke nahi Euskadi hitzordu handi horretan ez izatea. Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu presidentetza honetarako egitasmo propioa egin dezan. Horrekin batera, gure proposamenak eta gure lankidetza ere eskaintzen diogu. Euskadik Europan Egon behar duelako, ahotsa izan behar duelako.