I.- HITZAURREA
Martxoaren 1ean Euskadi hauteskunde autonomikoak ospatu zirenetik eta beste alderdi politiko batzuek egindako mugimendu eta ezarritako aliantzez gain, Euzko Alderdi Jeltzaleak herri honekin duen konpromiso ildoa mantendu du eta gutxienez hiru ekimen aurkeztu ditu egonkortasunetik abiatuta, krisialdi ekonomikoari eta langabeziak eragiten dituen ondorioei aurre egingo dion akordio instituzional zabala ezartze aldera.
Hauetako lehena, ehun instituzional osoari egonkortasuna emango zion legebiltzar oinarri zabaleko Gobernua egiteko eskaintza izan zen. Proposamen hura ez zen kontuan hartua izan, orain arte egindako azterketa soziologikoetako emaitzen arabera, gizartearen gehiengoak onartuko lukeen gobernu koalizioa egiteko bazen ere.
Euzko Alderdi Jeltzaleak akordiorako eskua luzatu zuen bigarren aldian bere lehendakariaren bidez egin zuen. Honek Lopez Lehendakariari hamar egiturazko proposamen eta Euskadirentzako etorkizunerako ildo aurkeztu zizkion. Orain arte, eskaintzak ez du erantzunik jaso ez Lopez lehendakariaren aldetik ezta bere gobernuaren aldetik ere.
Igaro den astelehenean bertan, uztailak 6, eta Euzkadi Buru Batzarrak bere ohiko bilera egin ostean, esparru ekonomikoan eta gizartean bizi dugun egoera latza kontuan harturik, deialdi berria egin zuen albait arinen berreskuratze ekonomikorako ahaleginari ekiteko. Erronka honetan beharrezkoak dira instituzio indartsuak eta gizarteak aurrez aurre dituen beharrizan eta lehentasunei egokitutako aurrekontuak.
Ekimen hau bultzatzen duten oinarrizko elementuak, esparru sozialean, ekonomikoan eta politikoan eragiten dutela, krisialdi ekonomikoaren sakontasunaren ingurukoak dira; krisi hau Euskadira gainerako herrialdeetara baino beranduago iritsi den arren, larritasun osoz agertzen da eta oraindik ez da antzematen egoera konpontzeko zantzu ikusgarririk. Ondorio nagusienak dira jarduera ekonomikoaren gelditzea, langabezi tasaren igoera, kontsumorik eza eta ekimen instituzionala eusteko baliabide publikoen jaitsiera.
Atzera egite, langabezi, deflazio eta zorren bilketaren jaitsiera nagusi diren zerumuga honen aurrean, Euskadik, hitz jario hutsaletik harago, politikarien arteko ezadostasunetik harago, herri mailako konpromisoa behar du krisialditik irten ahal izateko, krisia baita herri honetako hiritarren kezka nagusia.
Ezadostasunezko itxurakeria politikoetatik harago, diskurtso antzuetatik eta alderdikerietan oinarritutako estrategietatik harago, herri honek AKORDIO zabala behar du instituzioei egonkortasuna emango diena, eragile ekonomiko eta sozialei lasaitasuna emango diena eta orain arteko bizitza kalitatea eta ongizatea galtzeko beldur diren milaka pertsonen kezkak baretuko dituena.
II.- AKORDIOA
Zentzu horretan, EAJ-PNVk Alderdi politikoei eta bereziki Eusko Jaurlaritzaren ardurak bere eskuetan dituen Euskadiko Alderdi Sozialistari proposatu nahi die EGONKORTASUN INSTITUZIONALERAKO, KRISIALDI EKONOMIKOARI AURRE EGITEKO ETA EUSKADIN ONGIZATEARI EUSTEKO AKORDIOA
AKORDIO honen oinarrizko helburuak izango dira aurrekontu publikoak indartzea eta edonolako gatazka politikoak indargabetzea, honako hauek erdieste aldera:
- Gizarte zerbitzuak mantentzea.
- Krisi egoeran dauden sektoreak laguntzea, etorkizunari begira indartu daitezen enpleguari eta enpresa jarduerari dagokionez, inbertsio publikoa maila egokian mantentzea, ekonomiaren elementu eragilea den aldetik.
- Beharrezko balitz, baliabide publikoetako fondoak ezartzea,
- Herri Dirubideen Euskal Kontseilu barruan daudenak bideratuaz edo figura berriak sortaraziaz, partekatutako arriskuaren printzipioa eta banaketarako oraingo eskema errespetatuz, gerta daitezkeen ohiz kanpoko edo egoerak ekarri ditzakeen egoerei aurre egiteko.
- Adostasun zabala fiskalitatearen inguruan, diagnosia elkarrekin eginaz eta denon organo instituzionaletan zerga eta fiskalitatearen inguruan egingo diren jarduerak adostuta, Euskal instituzio guztiei eragiten dien legeen aldaketa instituzio ehun osoaren babesa jarriko duelarik.
- Instituzio arteko zintzotasuna, bakoitzaren eskumen esparruak errespetatuta eta subsidiariotasun eta eraginkortasun printzipioak lehenetsiz.
- Enplegurako Politika Aktiboetarako eskumenaren transferentziaren esparrua, edukiak eta kuantifikazio ekonomikoa zehaztea.
Euzko Alderdi Jeltzaleak proposatzen duen AKORDIO honen jarduera eremua Euskal instituzio guztiak bateratzen dituen esparrua, hau da, denen instituzioak - Eusko Jaurlaritza- herrialdeetako instituzioak- Foru Aldundiak eta toki erakundeak- udalak-.
Gai honen inguruko oinarrizko adostasunarekin etorriko litzateke alderdi bakoitzak aldeko botoa ematea Euskadiko instituzio guztietako kontu publikoak bozkatzeko orduan, hau da, Eusko Legebiltzarra, Herrialde Historikoetako Batzar Nagusiak eta Udalak.
Era berean, akordio hau sinatuko duten alderdiek hitza emango dute ez dutela eragotziko ekitaldi naturalean onartutako aurrekontuen egikaritze praktikoa.
Halaber, Euzko Alderdi Jeltzaleak une honetan ekidin ezinezko jotzen du esparru publiko guztietan ematen diren arazoen inguruko zalantzak argituko dituzten bi hausnarketa estrategikoei ekitea, eta kontuan hartu gabe kasu bakoitzean gobernu ardurak dituena zein den.
Hauetako lehena da gizarte zerbitzuen katalogo bat zehaztea, hauek gauzatzeko finantzaketa jasangarria eta kasu bakoitzean eragiten duten instituzioak zeintzuk diren esanez.
Bigarrena da eskumen ardurak argitzea eta mugatzea, hauen mantenu ekonomikoa eta kasuak hala eskatzen badu Euskadiko hiru maila instituzionalen arteko kudeatze partekatua. Hau da, denon instituzioak (Eusko Jaurlaritza), Herrialdeetako instituzioak (Foru Aldundiak) eta Udalak.
Gai bi hauek aurrekontu ildoak onartzearekin batera aztertu beharko dira, sistemari koherentzia emate aldera eta instituzioen eraginkortasuna zailagotzen duten bikoiztasun eta kostu handiegiak ekiditeko.
EGONKORTASUN INSTITUZIONALERAKO, KRISIALDI EKONOMIKOARI AURRE EGITEKO ETA EUSKADIN ONGIZATEARI EUSTEKO AKORDIOA sinatzeak berarekin ekarriko du Zerga-Kideketarako Sailean eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan emango diren adostasun guztien onarpena eta errespetua.
III.-AZKEN ADIERAZPENAK
Euzko Alderdi Jeltzaleak Alderdi politiko guztiei eta bereziki Euskadiko Alderdi Sozialistari eskatu nahi die denbora gehiago galtzerik gerta ez dadin, eta honako honetan Euzko Alderdi Jeltzaleak aurkeztu duena moduko oinarri zabaleko ulermenerako beharrizanari arreta jarri diezaion. Ulermen egiazkoa, arduratsua, inolako tolesturarik gabe egina eta Euskal gizarteak une latz honetan eskatzen dizkigu beharrizanei erantzuteko helburu bakarrarekin.
Euzko Alderdi Jeltzaleak alderdi politiko guztiei dei egiten die, albait arinen proposamen honi erantzun diezaioten, proposamen hau onartua bada hurbiltze lanei eta bestelakoei ekin diezaiegun, hala nola, helburuak zehaztea, ekimenen planifikazioa, ganbera legegile eta ganbera arau egileen ohiko jarduera aldia hasterako orduan agiriak zehaztea eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egingo diren bileren ostean egoki jotzen diren akordioak zehaztea.
Euzko Alderdi Jeltzaleak beretzat gordetzen du EGONKORTASUN INSTITUZIONALERAKO ETA KRISIALDI EKONOMIKOARI AURRE EGITEKO AKORDIO hau Euskadirako azaldu diren arrazoiengatik beste esparru instituzionaletan zabaltzeko aukera.
Horretarako espero du, gainerako Alderdi politikoek distentsio politikorako eta zintzotasun instituzionalerako konpromisoa mantenduko dutela.
Edonolako alderdikeriak eragindako gatazkak egoera txarrean jarriko du konfiantza eta egonkortasun instituzionalezko eszenatoki hau eta hiritargoak behin eta berriz eskatu duen elkar ulermena eragotziko du. Arduratsuak bagara, ezin dugu huts egin.
Euskadin 2009ko uztailaren 10an.
Euzko Alderdi Jeltzalea