Iñigo Urkullu
07Maiatza
2009
07 |
Hitzaldia

“BILBOKO ELKARRIZKETAK: ERALDATZE BIDEAN DAGOEN MUNDUA” “ Estatua, Merkatua eta Erkidegoa, trilog

Iñigo Urkullu
Maiatza 07 | 2009 |
Hitzaldia

Politika gizatiarren jarrera hartzearen inguruan, eta pertsona bera politika publiko ororen ardatz gisa hartzearen gaineko planteamenduak  eta Amerikarako eta Europarako konbergentzia ereduak aztertu genituen "Bilboko Elkarrizketak" izenburuko jardunaldiaren lehen edizioa ospatu ostean, iaz pentsaezin gertatzen zitzaigun neurriko erronka aurrean gaude une honetan: "munduko krisialdi ekonomikoa eta hau konpontzeko izan daitezkeen aukerak" alegia.

Egoera horren aurrean, Nola iritsi ote gara  egoera honetara? Nola aurre egin denok partekatzen ditugun erronka hauei? Nola eutsi gizarte politikak? Nola ekidin dezakegu egoera are larriagoa bilakatzea gizartearen beheko mailetan? Eta, nola indartu politika publikoak pertsonen eskubideen ikuspuntutik abiatuta?

 

Azken hogei urteotan ikusi ahal izan dugu ezagutu izan ditugun bi eredu ekonomikoek porrot egin dutela hau da, huts egin dute bai guztiz planifikatua den ekonomia eredua eta merkatu askekoak ere.

 

EAJren aldetik, gobernua izan dugun instituzio guztietan egin dugu Garapen Gizatiar Jasangarriaren aldeko apustua, hau elementu estrategikotzat hartuta "aurpegia eta begiak  dituen hazkundea"ren alde egin dugu, bihotza duen ekonomiaren alde hain zuzen.

 

Hazkundea bai (eta kontuan hartu behar dugu EBko hirugarren herria garela Per Capita Errentari dagokionez, hau da 140,6 puntu  Europako bataz bestearen gainetik) baina inor atzean utzi gabe.  

 

Hori dela eta, Euskadi Europako lehen tokian dago Txirotasun Arrisku Tasa baxua duelako.

 

Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik etorkizuneko gure politikak alderatu ditugu iaz lehen fase batean garatu genuen hausnarketa prozesu baten bidez.

 

Euskal Gizartearekin dugun konpromisoa "Think Gaur Euskadi 2020" izena duena hain zuen (Pensar Hoy la Euskadi del 2020).

 

Gizarte hitzarmen berria, etorkizunari begira dugun giza-ibilbide orria delarik.

 

Hausnarketa marko honetan ere pentsatu genuen, krisialdi ekonomikoaren ostean, Euskal estatu sendoagoa izatea etorkizunerako tresna erabilgarria izango zela.

 

Think Gaur izena eman genion prozesuaren bidez ikusi genuen, bizi dugun krisialdi ekonomikoa "merkatuaren idealizazioaren" ondorioz sortu dela; hau da, faltsua dela  merkatuak berak errealitate bilakatuko diren aukerak zehaztuko dituelako ustea.  Ematen zuen munduak amaigabeko potentziala zuela eta gure patuaren jabe ginela. Axioma faltsu hau izan da, momentuz behitzat, Tony Judt britaniar historiatzaileak "XX. Mende Ahaztuaz" izenburuko liburuan adierazten duen "azken ilusio modernoa".

 

Alderantziz gertatzen da; Estatua, beti gaixo dagoela ematen duena, krisialdia baretzeko, merkatuaren desoreka bideratzeko eta hiritar eta gizarteei bizitza ona emango dien edo behintzat unerik latzenei aurre egiteko elementuak, zerbitzuak eta aurrekontuak emateko elementu gisa irteten da.

 

Globalizazio geldiezinaren ondorioz, patu ekonomikoaren elementurik esanguratsuenen kontrolaren zati handi bat galdu duten hiritar eta gobernariek hurbileko instituzioei lotzek beharrizana dute, hauek egiten baitute posible bizitza zibila. Tarteko instituzioek pertsonaren bat-batekotasunaren eta urruneko ekonomiaren arteko tartea egiten dute; hau da, babesa behar duena eta mugarik gabe zabaltzeko joera duenaren arteko jauzia.

 

Arautu gabeko merkatuak -hori da une honetan gertatzen ari dena- azkenean deslegitimatuta geratzen dira eta egonkortasun sozial eta politikoa beharrezkoago, funtsezkoago egiten da, merkatuaren beraren funtzionamendu hoberako ere. Tarteko instituzio politikoak ere, hau da, Estatu bera, garrantzi eta funtzionalitate handiagoa hartzen dute, haiek baitira demokrazia ordezkatzailearen bidez desarautzeari mugak jartzen dizkiena.

 

Eta Think Gaur hausnarketa prozesu honen barruan, ondorio modura ikusi dugu hiritarrek parte hartze publikoa ulertzen, itxaroten eta sustatzen dutela gai hauetan. Eta argi eta garbi berresten dute: ez dira zergengatik kexu, ezta hauek igotzen direnean ere: kexatzen dira  egoera zehatzetan, zergekin egiten dena desegoki jotzen dutenean.

 

2009 urte honetan, demokrazia osasuntsua, Estatuak mehatxatuta egon beharrean, Estatuaren beraren menpekoa da. Gure munduan, hiritarren eta indar ekonomikoen artean birpolarizatuta dagoela, biztanleriak segurtasun ekonomiko eta fisikoa, ikur politiko eta kulturalak eta babes orokorra eskatzen ditu, eta estatua da hauek guztiak erarik ziurrenean emango dizkiona.

 

Euskaldunok ez dugu Nazio-Estaturik baina, hainbat tresna ekonomiko, politiko eta instituzional ditugu "Estatua egiteko bidean" jartzen gaituztenak. Biztanleriari, tresna hauen bidez emango zaizkien zerbitzuek zilegi egingo dute "Estatu egiteko modu hori".

Demokrazia sozial, ezaguna eta parte hartzailea, hori da Espainiar Estatuarekin partekatu ahal dugun helburua, edo bata bestearen aurrean jarriko gaituena hark "estatuaren" aldetik soilik erantzun ahal diren gizarte eskariei ihardesterik ez duenean edo nahi ez duen momentuan .

 

"Kontzertu Ekonomikoa"  da  "Euskal Estatua"  delako horren boterea garatzeko bidea. 

 

Eta Euskal Estatuaz hitz egiten dugunean, ez gara formula juridiko apolitikoaz ari, krisi ekonomiko baten bidez globalizazioak planteatu dituen galderei erantzuteko gai den izate politikoaz ari gara. Aipatutako krisialdi honek eragin latza izan du lan arloan eta berriz ere eragin ditu gero eta langabezi poltsa handiagoak.

 

Honakoa zen gure hausnarketa duela hilabete batzuk. Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, oraindik ere balioa eta etorkizuna izan dezakeen lan ildoa da, egunotan Euskadin PP eta PSOEren artean eman den fronteko hitzarmen horren bidez gertatzen ari den kanporatze instituzionala alde batera utzirik.

 

Minutu batzuetan azalduko dizuet gure herrian gertatzen ari dena. Kontua da, hiritargoaren interesen kontra, topaketa hauen bidez erkidegoari emango diogun eskaintzaren kontra, PP-PSOE alderdien arteko fronteko aliantza alderdikeria eta norberekeria lehenesten ari da, Euzko Alderdi Jeltzalea onartuko ez duen arduragabekerian erori direlarik. Ikaragarria horrenbestek arinkeria, bizi dugun krisialdi honetan.

 

Eta aurrez aurre duguna da  Patxi Lopezen diskurtso hutsala, inolako edukirik gabea: Eduki baikorrik gabea. Hautagai batek ezin du egingo ez duenaren gaineko diskurtso luzea egin eta alde batera utzi gauden egoera ekonomiko latzari aurre egiteko lau urteotarako konpromiso sendo eta argiak.

 

Herri honen zoritzarrerako, Patxi Lopezek ezin ditu ez egitasmorik ez konpromisorik aurkeztu, 25  legebiltzarkide baino ez dituelako eta Alderdi Popularraren babesa behar duelako gobernatzeko: Eta gaur egun, EAJ Gobernutik kanporatzeko helburuaz aparte, ez dago espainiar alderdi bion arteko bestelako adostasunik.

 

Beraz, ez dago gobernu egitasmorik, alderdikerian oinarritutako sasiko interesa baino ez dago.

 

Eta, bai dagoela Estatuaren interesa. Jose Maria Aznarrek berak esan zuen orain borobildu dela 2001 urtean Nicolas Redondok eta Mayor Orejak hasi zutena.

 

Barkatuko dizkidazue aitormen hauek, baina eraldaketa prozesuan dagoen mundu honetan politikak ez luke etikatik hain urrun egon behar. Gizartearen errealitatearen kontra jarduteak gaurko ogia ekartzen du baina biharko gosea ere.

 

Berretsi egin nahi dut: gure gizartea, gizarte heldua da. Patxi Lopezi eta Alfonso Basagoitiri demokraziarik ezaz hitz egiten entzutea guztiz barregarria da.

 

Ezagun egingo zaizue Madrilen PP eta PSOE artean dagoen borroka zaratatsua; beraz, ez duzue ondo ulertuko zertaz ari naizen; benetan harrituta egongo zarete Euskadin duten ulermen ona ikusirik.

 

Guk ez dugu egin dutena babestuko, baina bai izango garela arduratsuak herri honekin. Inork pentsatuko luke EAJ ez dela arduratsua izango Euskadiren interesen alde egiterako orduan? Euskal hiritargo osoaren alde egiterako unean?

 

Euskal gizarteak lasai egon behar du. Gure 30 legebiltzarkideek eta herri honetako instituzioetan ditugun ordezkariek ez dute herri honetan inolako arduragabekeriarik onartuko. Gure indarra erabiliko dugu herri honi onurak ekarrik dizkion egitasmo eta ekimenak gauzatzeko.

 

Gobernatzen jarraituko dugu udaletxe eta aldundietan, eta kontrolatu egingo dugu Jaurlaritza berria, Eusko Legebiltzarreko indarrik nagusien agaren aldetik. Era berean egingo dugu kontrol hori Kongresuan, Senatuan eta Europar Legebiltzarrean ere.

 

Eta hau ez da mehatxua, alderdi gisa hartu dugun konpromisoa betetzea da. Gure herrialdeari eskaintzen diogun garantia da.

 

Baina, nahi dugun Europa honetatik herrigintzan jardun ahal izateko, hemen gaude orain Europar Alderdi Demokratak eta Sabino Arana Kultur Elkargoak elkarrekin antolatu dituzten elkarrizketa hauen bigarren edizioan .

 

Baina aurrera egiten jarraitu beharra dugu,eta "Bilboko Elkarrizketak" honen lehen edizioan ere esaten genuenez, gure politika publikoak giza eskubideen ikuspuntutik abiarazi behar dira, pertsonak kokatuz politika publikoen diseinuaren erdian eta politika hauen arabera, pertsonak dira eskubideak dituztenak.  

 

Benetan sinesten dut Mintegi honek lagunduko duela Latinamerika eta Europa arteko harremana indartzen, gure artean harremanak izateko eta partekatzen ditugun hainbat alderditan oinarritutako lankidetzarako esparru berriak bilatzeko beharrak lortzen gaitu eta.

 

Denei esker mila Euzko Alderdi Jeltzalearekin elkarrizketa hauek partekatu dituzuelako, eskerrik asko denoi euskal gizartearentzako etorkizun hobea eraikitzen lagundu diguzuelako, esker mila berriz gure herriaren bizi baldintzak hobetzen lagundu duzuelako, mundu hoberako bidean eta Europa parte-hartzaile baten markoan..

 

Barkatuko didazue gehiegi luzatzen banaiz, baina azken ideia adierazi nahiko nizueke. Eta, ideia baino gehiago, nire sentipenak agertu nahi ditut. Bere bizitzan aro berria zabaltzeko hartu duen erabaki pertsonalari diodan begirunetik, orain eta hemen esan nahi dizuet ez dela gauza erraza izango Euskadik Juan Jose Ibarretxeren neurriko liderra eta Lehendakaria izateko zoriona  izatea.

 

Egunotan aztertuko dugun araurik gabe eta balore etikoak maldan behera dauzkan mundu honetan, Ibarretxek lana, indarra , sakrifizioa, eta herria bistaratzeko ahalmena transmititzen jakin izan du;...... gu, neu, Euzko Alderdi Jeltzale osoa oso harro gaude Ibarretxe lehendakariaren ondoan jardun dugulako Euskadi berdinago, aberatsago eta hobea egiteko borrokan. Berak eskaintzen digu eredua hiritarren eskariei erantzuteko erronkan pentsamendu politiko gizatiarretik abiatuta, erantzun berritzaileak gauzatzeko orduan.. Horregatik, gaur delarik berak politikagintza utzi osteko lehen ekintza politikoa, Euzko Alderdi Jeltzale osoaren esker ona, maitasuna eta begirunea adierazi nahi diot, seguru nagoelarik, hauxe bera dela euskal gizartearen gehiengoak une honetan duen sentimendua.

PARTEKATU