Hitzaldia
05Maiatza
2009
05 |
Hitzaldia

JUAN JOSE IBARRETXEREN HITZALDIA

Hitzaldia
Maiatza 05 | 2009 |
Hitzaldia

Legebiltzarburu andrea, Legebiltzarreko kideak,

Egunon danori

Nire hautagaitza aurkezten dut, martxoaren 1eko emaitzaren berme demokratikoa duena

Martxoaren 1eko hauteskundeetan argi geratu da zein diren euskal gizartearen borondatea eta nahiak. Nabarmen, alderdien estrategietara hobekien egoki daitezkeen irakurketa politiko interesatuak alde batera utzita, errealitatea ukaezina da: Euzko Alderdi Jeltzaleak irabazi ditu hauteskundeak; boto eta aulki gehien lortu ditu, guztira 400.000 boto eta 30 aulki; hau da, bigarren indarra izan den Alderdi Sozialistak baino 80.000 boto eta bost aulki gehiago izan ditugu eta hirugarren indarra izan den Alderdi Popularrak baino 254.000 boto eta 17 aulki gehiago.

Badakit Alderdi Sozialistaren hautagaiak, berez lortutako boto eta aulkiez gainera, Alderdi Popularraren babesa izango duela Inbestidura Saio honetan. Hori iragarri dute bi alderdiek, Lehendakaritza eta Legebiltzarreko Presidentzia elkarbanatzeko ituna sinatu ostean.

Horrela azkenean bete egingo da 2001. urtean Mayor Oreja jaunak aditzera eman zuen estrategia, publikoki aldarrikatu baitu bera dela horren sortzailea.

Ez dut nik zalantzan jarriko López jaunak legez jokatu duela Alderdi Popularraren botoei esker Jaurlaritzako Lehendakaritzara heltzeko. Baina egia da hautestontzietako emaitzaren bidez gizarteak zilegitasuna eman didala nire hautagaitza aurkezteko, emaitza horiek nire hautagaitza aurkeztea bermatzen dutela. Hain zuzen, martxoaren 1ean gure alde egin zuten herritarren gehiengo demokratikoari begirunea zor zaiolako aurkezten dut nire hautagaitza, baita Legebiltzar honetan Herrialde proiektu bi, eredu bi, argi ikus daitezen ere.

Eztabaida honen bidez, Euskadin boterea lortzeko berariaz diseinatu eta eratu diren legezko bitartekoen erabilera maltzurra geratuko da agerian: Alderdien Legea, adibidez. Horrez gain, zeharkakotasunaren printzipio sakrosantua nabarmen utziko da, orain arte sutsuki erabili izan baita azken bi legegintzaldietan eratutako eta, hain zuzen, hiru alderdik osatutako Eusko Jaurlaritzari bidezkotasun demokratikoa ukatzeko.

 

I.-     "Alternatiba hobetzea", Alderdi Popularraren eta Alderdi Sozialistaren helburu estrategikoa izan da 2001. urteaz gero

2001eko maiatzean egin ziren hauteskundeetan, hurrenez hurren Mayor Oreja jauna eta Nicolás Redondo jauna ordezkari gisa zituzten Alderdi Popularraren eta Alderdi Sozialistaren helburu argia izan zen nazionalismoa Lehendakaritzatik ateratzea.

Behintzat aldi hartan, orain ez bezala, herritarrei kartak argi erakutsi zizkieten eta botoa, jakinaren gainean emateko aukera eman; hori eskertzekoa da. Alderdi biek erabili zuten "aldaketa"ren lelo ospetsuak, biek ala biek oraingoan ere erabili dutenak, ez zuen arrakastarik izan. Jokaldia gaizki atera zen, baina gutxigatik. EAJ-EA koalizioak baino aulki bat gutxiago lortu zuten eta ez ziren onartzeko gai izan gizarte honek eurena ez zen erdiko bidea aukeratu zuela. Aznar jaunak haserretuta esan zuen "Euskal gizartea ez da aldaketa onartzeko bezain heldua". Baina Oreja jaunak esan zuen denek lortu nahi zuten helburua lortzeko garatu beharreko estrategia berria islatzen zuen esaldi hotz eta motza: "alternatiba hobetu behar dugu".

Azalpen honek argi uzten ditu, geroago, bai Alderdi Popularrak bai Alderdi Sozialistak Espainiako Gobernuan egon direnean hartu dituzten erabaki asko.

 

Alderdien Legearen tranpa

Handik urtebetera eman zen estrategiaren lehen urratsa, 2002ko ekainaren 27an; urte horretan onartu zuelako Alderdi Popularraren Gobernuko presidente zen Aznar jaunak, Alderdi Sozialistaren laguntza sutsuari esker, 6/2002 Lege Organikoa, hau da, Alderdien Legea izenez ezagutzen dena.

Legebiltzar honek ez zuen onartu lege hori eta Europako Justizia Auzitegian helegitea aurkeztu zion. Baina "Estatuaren arrazoiak" euskal gizarte gehienaren borondatearen gainetik daude, eta Europako epai-organoek hartutako erabakiak saihes ditzakete behar den denboran. Helegitearen gaineko epaia ematen denerako, ondorioak atzeraezinak izango dira.

Bitarteko hori guraize legal baten modura erabili dute, Euskadiko egoera politikoa nahierara mugatzeko eta, horrela, "alternatiba hobetzeko".

Bigarren urratsa edo aukera, 2005eko apirilaren 17ko hauteskundeetan izan zuten. Orduan ere ez zuten lortu. EAJ/EA koalizioa izan zen lehenengo indarra, 29 aulkirekin, eta askoz urrunago geratu ziren Alderdi Sozialista, 18 aulkirekin, eta Alderdi Popularra, 15 aulkirekin.

Eusko Legebiltzarrean alderdi politiko guztiak zeuden, baita EHAK ere 9 aulkirekin; eta horregatik ezin izan zen bideratu sozialistek eta popularrek nahi zuten aldaketa hori. Alternatiba ez zen behar beste hobetu.

Zergatik ez zen garai hartan erabili Alderdien Legea, Eusko Legebiltzarrean alderdi politiko guztiak ez egoteko eta horrela fronte espainolistak gehiengo osoa lortzeko?

Batez ere bi arrazoigatik:

Lehenengo arrazoia, hauteskundeetako emaitzen kalkuluarekin dago zuzenean lotuta. Legebiltzarrean, garai hartan, EHAK alderdia beharrezkoa zen, hiruko gobernuak eta Aralar alderdiak gehiengo osoa lortzeko arriskua zegoelako.

Eta bigarren arrazoia orain badakigu zein den, baina lehen ez: Alderdi Sozialistak ETArekin zeraman eta ordurako oso aurreratua zegoen elkarrizketa-prozesua.

Hauteskundeak egin eta bi hilabetera ikusi zen zein aurreratua zegoen prozesu hori, 2005eko ekainean, ETAk lehenengo pauso publikoa egin zuenean: hautetsien aurkako atentaturik egingo ez zuela adierazi zuen, 2005eko maiatzean, eta Alderdi Popularrak kontrako botoa eman arren, Diputatuen Kongresuan ETArekin negoziatzeko aukera ematen zuen ebazpena onartu izanari erantzunez.

 

Alderdi Popularraren etsipena eta kritikak berehala etorri ziren. Alderdi Sozialista popularren ezkutuan ari zen ETArekin su-etena negoziatzen, haiek alde batera utzita; eta, gainera, haien esanetan "terroristen adar politikoa" zen EHAK Eusko Legebiltzarrean egotea onartu zuen. "Alternatiba hobetzeko" asmoz diseinatu zen estrategian traizioa egin zen.

Ordutik aurrera, Alderdi Popularrak Alderdi Sozialistaren aurkako borroka politikoa eta mediatikoa egin zuen Alderdien Legearen ahalik eta interpretazio zabalena erabiliz, ETArekin egindako elkarrizketak oztopatzeko eta Eusko Legebiltzarra mugatzeko.

Hala ere, urtebete geroago, 2006ko maiatzaren 22an, ETAk su-etena adierazi zuen. Bakea lortzeko ahalegin serioa zen hori. Ziur nago Loiolan egindako elkarrizketak eta akordioak, seguruenik, Bakerako bidean egindako aurrerapausorik handiena izan direla. Horrela eman zion aditzera euskal gizarteak eta Kataluniako gizarteak Alderdi Sozialistari azken hauteskunde orokorretan. Izan ere, Zapatero jauna bi nazio hauetan lortutako aulki kopuruari esker dago berriz Espainiako Gobernuan.

2006ko abenduan T-4aren aurkako atentatua egin zuen talde armatuak eta, 2007ko maiatzean, udal eta foru hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago, Espainiako Gobernuak eta ETAk azken ahalegina egin zuten, baina azkenean ETAk su-etena hautsi zuen.

Alderdi Popularrak lehengo ekimenarekin jarraitu zuen eta ideia zahar bat mahaigaineratu zuen: Alderdien Legea erabiltzea alternatiba behin betiko hobetzeko eta nazionalismoa Ajuria-Eneatik kanpo uzteko.

Eta alternatiba hobetu egin zen. Oraingoan ez zuten 2005. urteko okerra egin. Dagoeneko erabakita zegoen Eusko Jaurlaritzako 2009ko hauteskundeetan euskal gizartearen zati bat Legebiltzarretik kanpo utziko zela alderdi espainiarren gehiengo osoari bidea emateko. Dena zuten euren alde. Inkestak, eskuineko eta ezker espainiarreko komunikabideak eta, batez ere, hautesleei egindako engainua. Basagoiti jaunaren "patxibarretxe" hitzak eta López jaunaren "zeharkako gobernua" delakoak helburu jakin batzuk zituzten: hautesleak logaletzea eta ordurako Madrilen itxi zen Alderdi Popularraren eta Alderdi Sozialistaren arteko ituna ezkutatzea.

Oraingoan ere, hirugarren aldiz eman die euskal gizarteak bizkarra, Euzko Alderdi Jeltzalearengan jarri duelako konfiantza osoa gizarte gehienak, eta alde handiarekin gainera. Baina, emaitzak gorabehera, ezarritako helburua betetzeko zorian daude. Badakite ezin dutela gehiago itxaron. Orain edo inoiz ez. Araban boto bakarrak eta Gipuzkoan ehunka boto gutxi batzuek emango diete azkenean haien estrategia betetzeko aukera, euskal gehiengo soziologiko eta politikoaren aurka joz, hauek oraindik abertzaleak baitira.

Mayor Orejak berak esan zuen pozez beteta martxoaren 29an "2001. urtean ezin lortu izan zena 2009. urtean lortu dugu".

Hori bai, PPeko beste buruzagi batek, gaur Galiziako Presidente den Núñez Feijoo jaunak estrategia honen ifrentzua adierazi du, argi eta garbi esanaz: "hautestontzien aurka eratutako gobernuak, hautestontzietan desegiten dira".

 

 

Ageriko ondorioak

Estrategiak ondorio nabarmen batzuk utzi ditu:

-        Legebiltzarra kopuru aldetik eskasagoa da, ez daudelako bertan ordezkatuta alderdi politiko guztiak.

-        Alderdi Popularraren eta Alderdi Sozialistaren aulkiez osaturiko gehiengo absolutu faltsua duen Legebiltzarra, Herri honen gehiengo soziologiko eta politikoa inola ere islatzen ez duena, orain ere abertzalea den gehiengoa, alegia..

-        Azkenik, Alderdien Legea aplikatzean eta Botere Judizialaren erabilera alderdikoia egitean, oso begi-bistakoa den eta ahaztu ezin den ondorioa eman da. Historian lehenengo aldiz aurkeztu behar izan da Lehendakari bat epaitegien aurrean, Bakearen aldeko bidean erakunde ordezkaritza baliatuz elkarrizketa erabili izana leporatuta.

 

"Ondorio ikusezinak"

Alderdien Legeak ondorio ikusezinak ere ekarri ditu, eta hauek besteak bezain kezkagarriak dira.

-        Alde batetik, krimen bihurtu da elkarrizketa erabiltzea gatazka politikoak konpontzeko funtsezko bitarteko bezala. Espainian zigorra ezartzen zaio elkarrizketari, nahiz eta munduan zehar gurearen antzeko gatazkak, edo are gatazka zailagoak, Irlanda edo Hegoafrikakoak adibidez, konpontzeko elkarrizketa erabili izan den. Hau da, Alderdien Legeak konponbide hori behin betiko eragozten du.

-        Alderdien Legearen bigarren ondorio "ikusezina" da euskal erakundeak eta batez ere Legebiltzarra kualitatiboki murrizturik geratu  direla. Euskal gizartean dauden sentsibilitate politiko guztiak ez daude han ordezkatuak eta horrek konponbide politiko hartzaile eta integratzaileak lortzeko aukera oso gutxi ematen ditu. Izan ere, euskal erakundeak kudeaketarako bitartekoak baino ez dira; edo beste era batera esanda, normalizazio politikoaren arazoa eta indarkeriaren arazoa konpontzeko benetako negoziazioa ez da Eusko Legebiltzarraren esku egongo; arazo horiek, eta horien irtenbidea aurkitzea, Legebiltzarretik kanpo geratzen dira.

Zeharkakotasunaren tranpa

EAJ eta EA alderdi nazionalistak eta nazionalista ez den Ezker Batua alderdiak osatu zuten hiruko gobernuaren lanari etengabe legezkotasuna kentzeko erabakigarria izan den beste elementu bat etengabe zeharkakotasunik eza salatu izana da.

Aditzera eman nahi izan da Herriaren aniztasuna ez duela behar bezala ordezkatzen Espainiako alderdi garrantzitsuenetako, edo konstituzionalista izenez ezagutzen diren horietako, bitik bat ez duen gobernuak;  eta, ondorioz, gobernu horren legitimotasun demokratikoa ukatzen zen.

Hori esan da, nahiz eta Eusko Jaurlaritza Ganberan dauden alderdi politiko guztiekin negoziatzeko eta akordioak egiteko gai izan den lege eta aurrekontu proiektuak gauzatzeko. Aurreko hauteskunde kanpainan ere esan da hori, batez ere Alderdi Sozialistak, behin eta berriro esan zuelako gobernu sendo eta zeharkakoa, euskal gizartea behar bezala ordezkatuko zuena, behar zela.

Bistan dago nola interpretatu den zeharkakotasuna. Zeharkakotasunaren adibiderik hoberena Alderdi Popularrak -Espainiako eskuina- eta Alderdi Sozialistak -Espainiako ezkerraren izena hartzen duena- eman digute: Euskadin biak batera daude, fronte bakarra osatuta boterea elkarbanatzeko asmoz. Horixe da haiek zeharkakotasunaren gainean egindako benetako interpretazioa: orain arte Espainiako alderdi biek nahierara diseinatu eta interpretatu duten esparru konstituzionalean sartu ez den Erkidego bakarretik nazionalismoa aterarazteko ituna.

Zeharkakotasunaren tranpa agerian geratu da. Alderdi Popularrarekin eta Alderdi Sozialistarekin goren puntura heldu da alde ezberdinen arteko aniztasun eta bat etortzearen interpretazioa. Bi alderdi horiek kontrakoak dira; Espainian elkarren aurka egiten dute, eta eraginkortasunik eza eta ustelkeria egotzi diote elkarri; Espainiako Gobernuan boterea lortzeko borroka amorratuan ari dira. Baina, agian kasualitatez, noizbait "Iparraldeko frontea" deitu izan duten Euskadin bat eginda daude zeharkako helburu estrategiko batekin: boterea elkarbanatzea.

Praktikan, emaitza nabarmena da: gizarte honen gehiengoa ordezkatzen ez duen Gobernua. Eta horri deitzen diote zeharkakoa... Gizon edo emakume bakoitzak hurrengo hausnarketa egitea gustatuko litzaidake: zein izen emango genioke Herrialde honen gehiengo sozialari bizkar emanda eratzen den Gobernuari?

 

II.-    Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren arteko itunaren emaitza: frontea egiten duen eta ahula eta ezegonkorra den Gobernu alternatiba

"Euskalduntasunetik espainolismora"

Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak duela gutxi akordioa sinatu dutela ikusi dugu. Akordio horren bidez, López jaunaren hautagaitzak Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzara heltzeko behar duen aulki kopurua bermatu da.

Argi utzi dute zer desegin nahi duten. "Atzerako aldaketaren" eraketa eraman nahi dute Herrialde hau berezko gizarte eta kultura nortasuna osatzen joan den esparruetara: hizkuntz normalizazioa, komunikabideak, hezkuntza, etab.

Ez da zerbait eratzeko akordioa, desegiteko gurutzada baizik. "Gure erakundeak sendotu", "Euskal gizarte anitza onartu", "elkarrizketa eta alde ezberdinen arteko akordioa", "fronteen politika amaitu..." eta sarreran jasotzen diren antzeko beste esakune polit batzuei egindako erreferentziez gainera esandako hitz hutsak alde batera utzita, akordio horretan argi ikusten da Alderdi Popularra buru duten norabide espainolistaren tesi atzerakoienak nagusituko direla.

Erraza da desegiteko xedez botoak gehitzea, baina zailagoa da zerbait eratzeko politika bateratua garatzea, batez ere euskal politika eta etorkizuneko erabakiak Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak Madrilen izango duten estrategiari begira eta haren mendean daudenean. Espainiako politikak erabakiko du euskal politikak etorkizun hurbilean izango duen bilakaera.

Horregatik, nire ustez, PPSOEk ekarriko duen Gobernu alternatibak frontea egingo du eta ahula eta ezegonkorra izango da.

Ezegonkorra izango da ez duelako oinarri moduan baterako akordio programatikoa, ezta Gobernu koaliziorik ere; inbestidura saio hau eta ezer gutxi gehiago salbatzeko gutxienekoak jasotzen dituen trikimaina da.

Ahula izango da Euskadin hartzen dituzten erabakiak PPk eta PSOEk Madrilen dituzten interes eta beharrizanen mende egongo direlako.

Eta frontea egingo du Herrialde honen gehiengo soziologiko eta politikoaren nahiari bizkar emanez osatzen delako.

Eta koherentziaren gainean ere bada zeresana. Nola da posible ekonomia, gizarte eta kultura arloetan hain ikuskera ezberdinak dituzten bi alderdiak -eta Diputatuen Kongresuan egunero ikusten da hori- Euskadin industria-politika bateratua garatzeko gai izatea, elkartasun eta gizarte aurrerapenari dagokienez planteamendu komuna egiteko gai izatea eta hezkuntza eta osasun esparruetan helburu bateratuak lortzeko gai izatea? Hemen posible al da Espainian ezinezkoa eta pentsaezina den hori?

Batzuek oso zaila ikusten dute bi alderdi horiek ordezkatzen dituzten sentsibilitate politiko eta sozialak, bai Espainian baita Euskadin ere, proiektu sendo eta egonkorra garatzeko gai izatea. Batzuen ustez, -eta nirea ez den esaera arrunta erabilita- eztei gaua igaro ostean, hurrengo egunean bertan ikusi ahal izango dira desakordio politiko handiak eta elkarrengandik urrun dauden interesak dituen bikoteak bizikidetzan zehar egunero dituen arazoak.

Nire ustez, nabarmen gure gizarteari bizkarra emanda egin den PP eta PSOEren arteko akordio hau "Estatu arazo" bat konpontzeko "Estatu Akordioa" da. Gobernu baten eraketa baino haratago doa. Babes mediatiko handia duen akordio politikoa da; beraz, bidean zalantzarik gabe sortuko diren "desakordio txikiei" dagokienez blindatuta egongo da. Zaindu beharreko helburu garrantzitsuago bat dago hor: Rodriguez Zapatero jaunaren hitzak baliatuaz, "Espainiaren interes orokorra" eta, beraz, geure nazio-nortasuna deuseztea. Espainiak Euskadi erabat xurgatzea, berez duen nazio nortasuna ezeztatuz.

Baina, hala eta guztiz ere, ez nau kezkatzen ezkontza horrek duen arriskuak, arrisku hori beti izango delako "kontrolatua"; alabaina, gehiago arduratzen nau haien arteko liskarrak beste guztiok eta batez ere euskal gizarte osoak ordaindu behar izatea.

  

III.-  Gure proiektua eratzeko eta aurrera egiten jarraitzeko proiektua da

III.1.-   Gure Herriak ongizatearen, nortasunaren eta Bakearen bilaketaren bidea egin du, eta orain ez dio horri uko egin nahi

Ekonomia eta gizarte ongizatearen bidea elkarrekin egin dugu

Krisi ekonomiko larria bizi dugu, guztioi eragiten diguna, baita euskal gizarteari ere. Baina egoera berezi hau gora-behera ezin dugu ahaztu Euskadik historian zehar inoiz izan dituen errenta eta gizarte elkartasun mailarik gorenak lortu dituela. Ez da nire iritzi soil, datu objektiboek eta estatistika ofizialek berretsi dutena baino.

 

Martxoaren amaieran, Espainiako Gobernuko Estatistikako Institutu Nazionalak eskualde mailako kontabilitatearen datuak eman zituen. Datu horien bidez egiaztatu zen 2008. urtean Euskadi izan zela Estatu osoan hazkunde handiena izan duen erkidegoa; % 2,1 hazi da, hots, Espainiako batezbestekoa baino ia puntu bat gehiago eta Europar Batasuneko batez besteko hazkundearen bikoitza, Batasuneko hazkundea ez baitzen % 0,9ra heldu.

Euskadik du Estatuko biztanleko Barne Produktu Gordin altuena: 32.133 eurokoa, hau da, Espainiako batez besteko biztanleko BPG baino 8.000 euro gehiago eta Europako herritar baten batez beteko errenta baino 7.000 euro gehiago.

Krisiaren ondorioz langabezia tasa igo egin da, baina, hala ere, Estatuko baxuena d,. INEren Biztanleria Aktiboaren azken Inkestaren arabera. Datuek erakusten dute gainerakoak baino hobeto gaudela; hori begi-bistakoa da; ez da, ordea, kontsolagarri lanik gabe daudenentzat, haietako bakoitzarentzat.

Gizarte-gaiei dagokienez,  2009. urte honetarako osasun gastua 1.630 eurokoa da biztanle bakoitzeko; kopuru hori Estatuko autonomia-erkidego guztietakoa baino altuagoa da. % 20an gainditzen du Espainiako batezbestekoa.

Batez besteko pentsioa ere Estatuko altuena da hemen. Eta iaztik, Euskadin soilik aintzatetsi zaie alargun eta pentsiodunei lege bidez Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren % 100 kobratzeko eskubidea: gutxi gorabehera 700 € hilean.

Aurrerapen izugarriak egin dira hurrengo esparruetan: gizarte etxebizitza, familientzako laguntzak, laguntza gehien behar duten pertsonentzako gutxieneko sarreren bermatzea, eskola-porrotaren tasak gutxitzea, etab. Asko egin da, baina asko dago oraindik eginkizun.

Jakina, egoera hori ez da soilik Euskal Erakundeen lanaren bidez lortu, guztion ahaleginari esker lortu da. Baina era berean egia da Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa onari ere zerbait egotzi behar zaiola. Horrela aitortu dute hautesle gehienek duela gutxi hautestontzietan, Euzko Alderdi Jeltzalearengan konfiantza osoa jarrita, alderdi hau egon delako Gobernuan Estatu osoko errenta eta gizarte aurrerapenaren aldean abangoardian egoteko aukera eman diguten politikak bultzatzen.

 

Herri bezala dugun nortasuna gehiago defendatu dugu

Goraxeago emandako kopuruek berresten dute, Herri gisa dugun nortasuna, bateragarria dela ekonomia-hazkundearekin eta gizarte-ongizatearekin.

Herri honetako gehiengo politiko eta sozialak Estatuarekin gure nortasuna errespetatuko duen harreman-esparru berria defendatu eta aitortzeko bidea egin du; horrez gain, euskal herritarrek erabakitzeko eskubide demokratikoa dutela mahaigaineratu dugu.

Baina gogoratu nahi dut bi kasuotan PP eta PSOE alderdi politikoak izan direla blokeoaren estrategiaren alde egin dutenak, Espainiarekin bizikidetza eta harreman egoera berria edukitzeari erakunde mailako konponbide demokratikoa emateko edozein aurrerapen baztertu dutenak.

Baina egindako bidea hor dago. Legebiltzar honetan aurkeztu, eztabaidatu eta onartu da. Ganbera honek 2004ko abenduaren 30ean, alderdi politiko guztiak zeudela, gehiengo osoz onartu zuen Espainiako Estatuarekin harremanetan egoteko Estatutu Politiko Berriaren Proposamena; alabaina, 2005eko otsailaren 1ean, Kongresuan, eta baloratu ere egin gabe, danbatekoa eman zitzaion proposamenari. Horixe da Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren nahiari errespeturik ez diotelako adibiderik garbiena.

Halaber, iazko ekainaren 27an, euskal herritarrei bakea lortzeko eta normalizazio politikoa izateko bidean hartu behar den norabidearen gaineko iritzia eskatuko zien legea onartu zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengoak.

Eskari demokratiko horri erantzun bakarra eman zitzaion: PP eta PSOE alderdiek izendatutako kideez osatuta zegoen Konstituzio Auzitegiak, Espainiako Gobernuak hala eskatuta, ez-konstituzionaltzat jo zuen Eusko Legebiltzarraren erabakia. Berriz EZEZKOAren frontea.

Hori izan da haien betiko apustua, Herrialde honetako gehiengo soziologikoaren nahien kontra egitea eta Legebiltzar honetan hartzen diren erabaki guztiak blokeatzea haien gogokoak ez direnean. Baina, bestalde, ez dute inolako arazorik izan gai horiexek ETArekin eztabaidatzeko.

"Mugarri demokratikoak" hor daude. Bihar edo etzi, gauzak konpondu nahi baditugu, gai horiei berriz heldu behar izango diegu; gaiak berberak edo oso antzekoak izango dira, ziur nago horretaz.

 

Bakearen bidea elkarrekin ibili dugu

Herrialde honek Bakearen bidean ere egin du tarte luzea. ETAren indarkeriaren aurkako jarrera erakutsi du argi eta garbi. Eta bide horretan ezin da atzera egin. Elkarrekin ibili dugu bidea eta elkarrekin aurkituko dugu ETA betirako gure bizitzetatik kanpo uzteko konponbidea. Bakearen bidean aurrera egiteko funtsezko bost oinarriak ezarri ditugu.

Lehenengoa: terrorismoari erabateko gaitzespena adieraztea eta bizitzeko eskubideak lehentasun osoa duela defendatzea.

Bigarrena: argi bereiztea indarkeriaren arazoa eta normalizazio politikoaren arazoa.

Hirugarrena: terrorismoaren biktimak defendatzea, aitortzea, haiei laguntzea eta elkartasuna adieraztea, Espainiako Estatuan eta Europan aitzindaria den legea onartuz.

Laugarrena: pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea, bizikidetzaren funtsezko oinarri moduan.

Eta bosgarrena: elkarrizketa politiko eta instituzionala ditugun arazo politikoak konpontzeko bitarteko moduan erabiltzea, indarkeria alde batera utzita.

Euskal gizarteak zimendu sendo horiek ezarri ditu etorkizunean bakean bizitzeko asmoz. Ezin da atzera egin.

_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

 

Eta bide hori euskal gizarteak bermatu du

Gizarte moduan elkarrekin ibili dugun bidea da. Ongizatearen bidea, Herri bezala zor zaion errespetuaren bidea eta Bakearen eta elkarrizketaren bidea.

Martxoaren 1eko hauteskundeetan euskal herritar gehienek bermatu duten bide demokratikoa da.

Euskal herritar gehienek berriz dute konfiantza EAJk Herrialde honek aurrera egiten jarrai dezan eta aitzindari izan dadin aurkeztutako proiektuan.

399.600 arrazoi, bigarren indar politikoak baino 80.000 gehiago, daude proiektu honen atzean. Eraiki eta aurrera egiteko proiektua.

Kierkegaard-ek esandakoa gogora ekarriko dut: "... bizitza atzera begiratuta soilik uler daiteke, baina aurrera begira baizik ezin da bizi".

Horregatik aurkeztu nahi dut aurrera begiratzeko proiektua. Aurrera egiten jarraitzeko proiektua.

 

III. 2.   Eraiki eta aurrera egiteko proiektua

Mundu osoan bezala, Euskadin ere krisi ekonomiko handia bizi da, eta horren ondorioak enpleguan eta gure industria-sareko enpresa eta sektore estrategiko ugariren bideragarritasunean ikusten ari dira. Euskal gizarteak orain behar du inoiz baino gehiago Gobernu gogor, sendo eta egonkorra. Esperientzia duen Gobernua, herritarrei konfiantza emango diena krisia ahalik eta arinen gainditzeko eta nazioarteko suspertze ekonomikoa aprobetxatzeko.

Euskadik eraikitzeko proiektua behar du, eta ez suntsitzeko proiektua. Beste alderdi politiko batzuekin elkarlanean gauza daitekeen proiektua behar du; euskal herritarren ongizatearen alde egingo duen proiektua. Proiektu hori arduraz bultzatuko dugu, Gobernuan egon zein oposizioan egon; baina betiere Herrialde honetan aitzindaritza politikoa edukita.

Ia 115 urte igaro dira alderdi hau sortu zenetik, eta urte horietan guztietan Euskadiren interesek beti izan dute gure interes pertsonalek edo Alderdiaren interesak baino lehentasun handiagoa. Eta horrela egingo dugu aurrerantzean ere, euskal gizartearen nahia zein den dakigulako eta errespetatzen dugulako. Gizarteak arazoak konpon ditzagun eskatzen digu, aurrera egin ahal izateko. Gizarte horri aurkeztu nahi diot aurrera egiteko proiektua.

 

Aurrera egiteko proiektua, funtsezko bost oinarri kontuan hartuta:

1.-     Enplegua defendatu eta krisitik irteten lehenak izatea.

2.-     Pertsonentzat gobernatzea: gizarte politikak bultzatzea.

3.-     Mundura irekita dagoen kultur eta hezkuntza nortasuna garatzea.

4.-     Autogobernuan sakondu eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatzea, hobeto bizi gaitezen.

5.-     Bakerako bidea egitea

 

Horretarako, euskal gizarte gehienak babesten duen etorkizunerako proiektua defendatzen dugu. Proiektuak 700 ekimen eta proposamen zehatz baino gehiago jasotzen ditu, aipatutako bost konpromiso nagusiei erantzuteko. Jakina, orain ez ditut horiek guztiak aipatuko baina bai azalduko ditut parte hartzen dugun erakundeetan Alderdi moduan jarduteko programaren ardatz izango diren proiektuaren funtsezko alderdiak.

 

•1)             Enplegua defendatu eta krisitik irteten lehenak izatea.

Martxoaren 1eko hauteskundeetan bermatutako proiektuak helburu nagusi eta premiazko bat du: krisi ekonomikoa gainditzea eta enplegu gehiago izatea. Legegintzaldia amaitzean langabezia tasa berriz ere % 5etik behera egon dadin lortu nahi dugu.

Bederatzi jarduera-ardatz dituen estrategia orokor bat proposatzen dugu, aurreko helburua betetzeko konpromiso eta ekimen zehatzak dituena. Estrategia horren ardatz nagusia berrikuntzaren alde egitea da, Euskadiren bigarren eraldaketa ekonomikoaren benetako motorra delako.

-        Berrikuntza funtsezkoa da egun bizi dugun krisi ekonomikoa gainditu ahal izateko, giza garapen iraunkorrean aurrera egiteko eta gaurko eta biharko enplegua bermatzeko.

         Horretarako, besteak beste, proposatuko dugu 7.000 milioi euro baino gehiago inbertitzea, ikerketa esparruan aurreratuen dauden Europako 20 eskualdeen artean sartzeko aukera emango digun Zientzia eta Teknologia Plan berri batean. Berrikuntza bultzatzeko programa berezi bat proposatuko dugu, Euskadiko enpresen % 50ak berrikuntzari lotutako jarduerak gauza ditzan eta milioi bat biztanleko 100 patente izan daitezen.

-        Bigarren ardatza enpleguari zuzenean laguntzea da. Enplegua erregulatzeko espedientea duten pertsonak lan-merkatuan berriz sartuko dituen eta ekonomia eta gizarte esparruetako eragileen parte hartzearekin enplegurako erakundeen arteko plana abiaraziko duen aurrez aurreko programa proposatuko da.

-        Hirugarren ardatzaren bidez enpresen garapena bultzatuko da, honako programak proposatuaz: Enpresa Txiki eta Ertainei finantza laguntza emateko programak bideratzea, Kutxek bat egitea sustatzekoa, kluster eta sektore estrategikoen politika garatzekoa, ekintzaile berriei laguntzeko programa integrala abiaraztekoa eta gizarte ekonomiari lotutako enpresak bultzatzekoa.

-        Laugarren ardatzaren bidez nazioartekotasuna bultzatuko da. Euskal enpresak merkatu berri gehiagotan egongo dira eta esportazioetan 25.000 milioi euroko marka lortzeko konpromisoa hartuko da.

-        Krisi ekonomikoa gainditzeko estrategia orokor honen bosgarren ardatza Ekonomia Indarberritzeko Plan Nagusiaren garapena sustatzea da. Planak 13.000 milioi euro izango ditu azpiegitura estrategikoen exekuzioa bizkortzeko, inbertsioa dinamizatzeko eta enplegua sortzeko.

-        Seigarren ardatza da ingurumenaren arloko politika publikoetan Europako erreferente bihurtzea. Horretarako, euskal etxebizitzetan kontsumitzen den energia elektrikoaren % 100 energia berriztagarrien bidez sortzeko plana proposatuko dugu.

-        Zazpigarren ardatza Euskadiko lehenengo sektorea garatzea da. Kalitatearen aldeko apustua egingo da, elikagaien industriak bultzatuko dira, teknologia berriak aplikatuko dira eta kontsumitzaile eta ekoizleen arteko zuzeneko harremana sustatuko da.

-        Zortzigarren ardatza turismo eta merkataritza sektorea indartzea da. Euskadi bisitatzera datorren turista kopurua % 20 gehitu nahi da eta 10.000 merkataritza enpresa modernizatuko dira.

-        Eta bederatzigarren ardatza herri administrazioa modernizatzea da, baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatzen direla bermatzeko, eta baliabideok ekonomiaren suspertzearen eta enpleguaren zerbitzura jartzeko.

  

2)      Pertsonentzat gobernatzea: gizarte politikak bultzatzea.

Gure helburua ez da soilik garapen ekonomikoa, Giza Garapen Iraunkorra ere lortu nahi dugu. Horretarako, pertsona bera giza duintasunaren funtsezko erreferente moduan jartzen duen politika humanista bat hartuko da oinarritzat. Ildo horretatik, giza politiken estrategia integrala proposatuko dugu, jarduteko sei esparrutan egituratuta:
  • - Osasuna. Gure gizarte proiektuak euskal osasuna hobetzeko prozesuarekin aurrera egiteari ematen dio lehentasuna, Europa osoko osasun publikoan erreferente bihurtu arte.


Xede horrekin, osasun gastua pertsona bakoitzeko 2.000 euroraino gehitzeko konpromiso politikoa hartzen dugu. Osasun Azpiegituren Plan Estrategikoa garatzea proposatuko dugu, 1.000 milioi baino gehiagoko inbertsioaren bidez, lehen mailako arreta emateko 30 zentro berri ireki eta ospitale berriak eraikitzea aurreikusten duena, hala nola: Txagorritxu II, Gasteizen; Debagoienekoa; Gernikakoa; Urdulizkoa, eskuinaldean; eta Enkarterriko ospitalea.

Propondremos el desarrollo del Plan Estratégico de Infraestructuras Sanitarias que, con una inversión de más de 1.000 millones de euros, contempla la apertura de 30 nuevos centros

Era berean, osasun arloko gure programaren bidez giza baliabideak ere gehituko dira: 5.500 lanpostu finko ezarriko dira eta osasuneko 1.300 profesional berri sartuko dira.
  • - Etxebizitza: Etxebiden izena eman duten eta zama eta erantzukizun familiarrak dituzten pertsona guztien beharrizanei erantzungo dion etxebizitza publikoak eraikitzeko politika bermatuko da.


Alokairuaren aldeko apustua egingo da, udalekin batera programa berezia gauzatuz. Horrez gain, 50.000 etxebizitza birgaitzeko laguntzak emango dira, hiriak berritu eta enplegua sor dadin bultzatzeko.
  • - Familiarentzako laguntza: sozializatzeko funtsezko bide bezala, elkartasuna adierazteko eta, beraz, pertsonek euren bizitza garatzeko esparru naturala izateko. Familiari Laguntzeko Plan berria onartu dadin proposatuko dugu, eta plan horrek ondokoak jasoko ditu: 10 urtera arteko seme-alabentzako laguntzak, zero eta bi urte arteko umeen %100aren eskolatzea eta lana eta familia bateratzeko neurrien sakontzea.
  • - Elkartasuna: oinarrizko errenta eta laguntza gehien behar duten pertsonak gizarteratzea defendatuko dugu. Horretarako, ohiko lan-merkatuan sartzeko lan-esperientzia erabilgarria lortzen lagunduko duten enplegu sozialeko programak bultzatuko dira.
  • - Berdintasuna: gure konpromisoa da Nazio Batuetako genero berdintasunaren indizeari dagokionez munduko lehenengo 5 herrialdeetako bat Euskadi izatea. Asmo horrekin, itun sozial garrantzitsua proposatuko dugu, ordainsarietan berdintasuna lortzeko, lan-bereizkeriari aurre egiteko eta emakumeak politikan eta enpresetan erantzukizuna duten lanpostuetan egoteko balio izango duena. Gainera, Indarkeriaren Biktima diren Emakumeen Legea lehenbailehen onartzea proposatuko dugu.
  • - Adinekoak: adineko guztientzat zahartze aktiboa eta prebentziozko laguntza zerbitzuak ahalbidetzen dituzten politikak gara daitezen defendatzen dugu gure programan, baita Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino txikiagoa ez den errenta duina izan dezaten ere.


Hauxe da gure proposamena: Foru aldundiekin batera, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa garatzea, egoitzetan 5.000 plaza gehiago sor daitezen sustatuaz eta etxeko telelaguntza zerbitzua 80 urtetik gorako adineko guzti-guztiek izatea bideratuaz.

 

•3)            Mundura irekita dagoen kultur eta hezkuntza nortasuna garatzea.

Euskal nortasuna eratzeko prozesua irekita dago, eta denboran ez du etenik. Mundura irekita dagoen euskal nortasunak bizirik irautea eta garatzea bermatuko duen politikaren aldeko konpromisoa hartu dugu. Politika horrek gure gizartearen garapen pertsonala eta kolektiboa bilatuko du eta hiru oinarri izango ditu: euskara, hezkuntza eta kultura.

-        Euskara: Euskadiko hizkuntza da, berezkoa eta berezia. Munduko kulturan, euskal nortasunaren elementu bereizgarri eta bikainena da. Euskara da gizarte eleanitz batean bizikidetza ahalbidetzeko oinarria. Eztabaida ez da euskara eta gaztelania bata bestearen aurka jartzea, batzuek nahi duten bezala. Globalizazioari eta modernotasunari lotuta dagoen hizkuntz askoko testuinguruan gaude sartuta. Ondorioz, euskararen inguruko eztabaida faltsuak (ezer ez dakartenak) eta demagogia partidistak gainditu behar ditugu. Euskal gizarteak hizkuntz gaitasun hobea izatearen aldeko apustua egiten du Alderdi honen proiektuak, gure gazteek, geroko gizon eta emakumeak izango direnek, normaltasun osoz erabil ditzaten euskara eta gaztelania, baita ingelesa ere. Gaikuntza horretan lehentasuna eman behar zaio berezkoa dugun eta oraindik gutxiengo batek dakien hizkuntza, euskara, normalizatzeko politika aktiboak garatzeari hezkuntzan.

 

Horri dagokionez, gure proiektuak ez du zerikusirik Alderdi Popularraren eta Alderdi Sozialistaren arteko itunak duen errebantxa izaerako eta euskararen aurkako ereduarekin. Ikastetxeetan euskara komunikatzeko hizkuntza moduan bultzatzen duen hezkuntza ereduaren aldeko apustua egin dugu, soilik horrela berma daitekeelako gure gazteak bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai izango direla.

Eskolak euskaldundu du, euskalduntzen du eta euskalduntzen jarraitu behar du, gurasoek seme-alaben irakaskuntzarako hizkuntza aukeratzeko eskubidea eta ikasleek derrigorrezko irakaskuntzaren buruan EAEko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa lortzeko betebeharra harmonizatuz. Hirugarren hizkuntza baten neurri apalagoko irakaskuntzari ere tokia egin behar zaio bertako bi hizkuntza ofizialen irakaskuntzaren ondoan.

Baina ez dezagun ahaztu euskararen erronka nagusia, jakitetik erabiltzerako pausoa dela; burutik ezpainetarako bidea egitea. Eta hori nola lortu, hortxe dugu XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak. Itun Berritu Baterantz dokumentua. Pentsamolde oso desberdineko pertsona askoren artean landu eta adostutako dokumentua; gogoeta zabal, ireki eta askatasun osoz egindakoaren ondotik adostutako dokumentua; gizartearen gehiengoaren adostasuna, atxikimendua eta konpromisoa izango duen hizkuntza politikaren ildo estrategikoak biltzen dituen dokumentua.

 

-        Hezkuntza.

Gure hezkuntza sistemak eskola-porrotaren Europako tasarik baxuena du, baina aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Euskal gizartearen erronka handienetako bat hezkuntzako bikaintasun eredua lortzea da, nazioartean gure berezitasuna aitortua izateko faktoreetako bat izan dadin. Globalizazioaren garaian ezagutza sortu eta erakartzea funtsezkoa da; era berean, hurrengo urteetan gure hezkuntza sistema etengabe egokitzea izango da erronka garrantzitsuenetako bat.

Xede horrekin, XXI. mendeko hezkuntza erronka nagusienei helduko dien Euskal Hezkuntza Sistemaren Legea onartzea proposatuko dugu. Hezkuntza sektorea eta Legebiltzarreko gehiengoa horren alde dago.

-        Kultura: gure ustez euskal kultura funtsezkoa da berezko nortasunaren garapen kolektiborako eta, gainera, nazioarteko proiekzioa duen elementua ere bada. Ildo horretatik, Kultura Sustatzeko Euskal Plan Integral berria onartzea proposatuko dugu; hain zuzen, planak kultura, musika eta arte eszenikoen industriak sustatuko ditu, ikus-entzunezkoak sustatuko ditu, komunikabide publikoak lagunduko ditu, irakurketa bultzatuko du eta euskal historia eta kultur ondarea defendatuko ditu. Halaber, kultur azpiegitura estrategiko berriak garatzea proposatuko dugu kulturaren erakargarri moduan, eta Etxepare Institutua, euskal hizkuntza eta kultura munduan zehar zabaltzeko baliabide gisa.




4)      Autogobernua eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, hobeto bizi gaitezen

Euskal Herriak, bere etorkizuna askatasunean eta demokratikoki, inolako ezarpenik gabe, erabakitzeko duen eskubidea defendatzen dugu. Espainiako Estatuarekin alde biko izaera berezi eta eraginkorretik abiatuta.

Horrexegatik ezin dugu onartu duela 30 urte bete behar zen autogobernua garatzean aurrera egitea eragotzi diezaguten. Hain zuzen ere, Ganbera honetan Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak ordezkatzen dituzten Espainiako alderdi politikoak dira ez-betetze horren arduradunak. Orain arte, aitzakia modura, ez-betetzearen erantzule bakarra Eusko Jaurlaritza dela esan dute; euren esanetan, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak onartu ezin zituen eskakizunak egin zituelako. Dirudienez, bi alderdi horientzat gehiegizkoa da Lege Organiko bat bete dadin eskatzea eta, horretarako, Estatutuetan jasotzen diren eta Legebiltzar honek 1995ean onartu zituen irizpideak betetzea.

Heldu da unea. Ezin da aitzakia gehiago eman. Egungo autogobernuko esparrua bidegurutzean dago. Baina, are larriagoa dena, une bakoitzean zegoen Espainiako Gobernuak jarraitutako estrategiak gure autogobernuaren benetako edukia eta ahalmenak murriztu ditu; horrek arrisku larrian utzi du gure ekonomia-sarearen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea.

Hori guztia kontuan hartuta, irmotasunez eta euskal gizarte gehienaren babesarekin proposatzen dugu oso-osorik bete dadin 1979. urtean sinatu zen Gernikako Estatutua.

Hau da, falta diren 36 eskumenak eskualdatu daitezela eta moldaketarik egin ez dezatela, Espainiako Gobernuak Estatutuaren letra eta espirituaren aurkako irizpideak erabili eta 30 urte igaro ostean PSOEk eta PPk salgai hondatua ekarrita. Enplegu politikak laster eskualdatuko direlako iragarpena horren adibide garbia da, nahiz eta Legebiltzarrean hartutako irizpideen aurka doan.

Estatutua oso-osorik betetzeko eskumen guztiak eskualdatu behar dira, eta batez ere euskal gizartearen oraingo eta geroko ongizateari lotuta daudenak. Honako eskumenez ari naiz: Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa, lan eta trebakuntza, azpiegiturak, garraioa eta ingurumena, nekazaritza eta arrantza, eta kultura eta turismoa.

Nire susmoa da Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak "Estatutua osorik eta modu fidagarrian garatu behar da baina Konstituzioa betez" delakoari buruz egindako aipamen batzuk benetan beste helburu bat ezkutatu nahi dutela: gaizki negoziatutako eskualdatze gutxi batzuen bidez ziurtatzea Estatutua behin betiko itxiko dela, ez-konstituzionaltzat jota 1979. urtean sinatu zen Estatutuan gustatzen ez zaien atala, Konstituzioaren esparrutik kanpo geratu dela ulertzen dutelako. Haien helburu bakarra da euskal autogobernuaren berezitasuna deuseztea eta Euskadi Espainia barruan araubide komuna duen beste erkidego bat izatea.

Bigarrenik, Legebiltzar honen erabaki demokratikoak, Estatutu Politiko berria onartzean hartu zuenak, argi asko erakusten du Herri honen gehiengo sozialak autogobernu gehiago eskatzen duela eta baita gure etorkizuna askatasunean eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea ere, hobeto bizi ahal izateko.

Normalizazio politikoari dagokionez, euskal gatazka konpondu nahi badugu indarkeria baztertuta, berriz heldu behar diogu bete gabe dagoen gai berri bati: euskaldun gehienek Estatuarekin zein harreman-eredu berri izan nahi dute? Ezin gaitezkeelako engaina, normalizazio politikoaren benetako arazoa ez datza soilik transferentzia multzo batean. Arazoa, politikoki eta demokratikoki dugun arazoa, Euskal Herria, nortasun propioa duen subjektu politiko gisa ez onartzean datza; Konstituzioaren aurrekoak diren eskubide historikoak dituela ez onartzean, eta, azken batean, etorkizuna askatasunean eta demokratikoki  erabakitzeko ahalmena duen Herria dela ez onartzean.

Normalizazio politikoaren arazoari irtenbidea aurkitzeko, elkarrizketa-bidea eta alderdi politiko guztiekin, inor baztertu gabe, negoziatzea sustatzea proposatzen dugu, Estatuarekin itun demokratikoa lortzeko, bost oinarri izango dituena:

1.-     Euskal nortasun nazionala eta erabakitzeko eskubidea onartzea.

2.-     Euskal Herria osatzen duten komunitateen artean lurraldetasun harremanak ezartzeko gaitasuna edukitzea, bakoitzeko herritarrek erabakiak askatasunez hartzeko aukera izanik.

3.-     Euskal herritarren ongizate ekonomikoa, soziala, kulturala eta instituzionala osatzen duten arlo guztietan autogobernu osoa edukitzea.

4.-     Euskadi Europan eta munduan ezagutaraztea.

5.-     Bi aldeko bermeen sistema ezartzea, egindako ituna alde bakarrera mugatzea eragotziz.

Proposamen hori egiten dugu gure autogobernua areagotzeko eta normalizazio politikoa lortzeko, bai gure arteko bizikidetasunean eta bai Espainiako Estatuarekin daukagun harremanean ere.

Ez dugu autogobernua aldarrikatzen Espainiako Gobernuarekin eztabaidatzen aritzeko. Behar dugun autogobernua aldarrikatzen dugu eta Herrialde gisa dugun erabakitzeko eskubidea ere bai, baina soilik hobeto bizitzeko.

Ez da egia hobeto bizi ahal izateko Herrialde gisa daukagun nortasunari uko egin behar diogula eta Madrilen hartutako erabakien mendekotasuna otzantasunez onartu behar dugula.

Mendekotasunak eta otzantasunak pobretze ekonomikoa eta besteen kultura geureganatzea dakarte. Askatasuna eta geure erabakiak hartzeko gaitasuna funtsezkoak dira pertsonen eta herrien ongizatea bermatzeko.

eta 5)    Aurrera egin, Bakea lortzeko

Euskal gizarteak denbora luzea darama ETAren indarkeriari erabateko gaitzespena adierazten. Euskal gizarteak, indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera ematearen aldeko apustua egin du, baldin eta ETAk, aldez aurretik, indarkeria behin betiko uzteko borondatea argi eta garbi erakusten badu.

Bakea eta Elkarrizketa dira Herrialde honetako herritar gehienek egin dituzten aldarrikapenak, eta horiei lehentasuna eman behar diegu. Indarkeria desagertu egin behar da gure bizitzatik, eta ordezkari politikoak garenok elkarrekin hitz egin behar dugu akordio berriak egiteko.

Erraza eta ezin eztabaidatuzkoa da, beraz.

Politika, giza eskubideen eta bakearen zerbitzura jarri behar dugu, gure betebeharra da.

Huts egin dezakegu, baina ezin dugu etsi. Euskal gizarteak ulertu egingo du ahalegindu arren lortu ez izana, baina ez du barkatuko etsi izana.

Ertzaintzak eta justizia auzitegiek Herrialde honetako emakume eta gizon guztien segurtasuna eta eskubideak bermatu behar dituzte. Izan ere, segurtasuna eta justizia funtsezkoak dira, baina ez bakarrak, terrorismoaren aurka egiteko. Ordezkari politikoak garenok bakea lortu eta giza eskubideak defendatu behar ditugu, baina ez hori bakarrik. Horregatik proposatuko dugu Giza Eskubideak Sustatu eta Defendatzeko Plan Integrala,  ETAren indarkeria betiko desagerraraziko duen erakunde baliabide moduan.

Planak ekimen zehatzak ditu, baita jarduteko lau esparru ere:

Lehenengoa, indarkeriari zilegitasuna kentzea gizartean. Indarkeriak politikan edo gizartean zilegitasunik ez izateko konpromiso etikoa hartzen lehenak izan behar dugu.

Bigarrena, terrorismoaren biktimei elkartasuna adierazi behar diegu, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasuneko Lege berrian jasotzen diren neurri guztiak garatuz.

Hirugarrena, eskubide zibilak eta politikoak defendatu behar ditugu, giza eskubideak ezin direlako zatitu edo nahierara interpretatu.

Laugarrena, Bakera zuzendutako Hezkuntza Programa bat garatu behar dugu. Bertan, balio demokratikoak, giza eskubideen defentsa eta indarkeriari zilegitasuna kentzea jasoko dira.

Bosgarrena, adiskidetzeko Memoria egin behar da. Egiaren Batzordea eratu dadin eskatu behar da, honek frankismo eta trantsizio garaietan urratu ziren giza eskubideak argitu ditzan.

IV.-      Konfiantza, konpromisoa, lana... eta itxaropena

Krisi ekonomikoa gainditzea eta enplegu kopurua leheneratzea. Gizarte politiketan sakontzea. Gure kultura eta hezkuntza nortasunak defendatzea. Autogobernua eta erabakiak hartzeko eskubidea aldarrikatzea, hobeto bizi gaitezen. Eta bakea lortzea.

Hauek dira Pleno honetan aurkezten ditudan bost lehentasunak , joan den martxoaren 1ean euskal gizartearen gehiengoak babestu zuen hautagaitzaren izenean.

Saio honetan, jaun-andreok, ez delako soilik erabakiko Lehendakariaren inbestidura; saio honetan hurrengo lau urteetarako Gobernu proiektua ere erabakiko da.

Dagoeneko publikoki esan digute zenbat boto izango dituen López jaunak inbestidurarako, baina, halaber, bere taldeak bakarrik babestu duen hautagaitza aurkeztean, Alderdi Sozialistak berretsi digu  11 orriko adierazpenaz gainera -ziur aski beste erakunde batzuei, Arabako Foru Diputazioari?, dagozkien ezkutuko klausulak ere egongo dira hor-  ez dagoela inolako programarik baterako Gobernua egiteko, eta, ondorioz, López hautagaiak aurkezten duen Gobernu programak sozialisten 25 aulkien babesa besterik ez duela ulertu behar dugu.

Hau da, 38 aulki dituzte apurtzeko, baina 25 besterik ez eraikitzeko... Alderdi Sozialistak aurkezten duena ez da konfiantza, ziurtasunik eza baizik. Jaun-andre sozialistak, López jauna: "ez zarete fidatzekoak". Ezin du konfiantzarik eman hauteskunde kanpainan zehar hautesleak engainatu dituenak, hau da, Alderdi Popularrarekin batera gobernatuko ez zuela, gobernu pluralaren alde egiten zuela eta hauteskundeak irabaziz gero soilik izango zela Lehendakari adierazi zuen horrek. Bada, ez du agindutako ezer bete. Ez ditu hauteskundeak irabazi, ez du gobernu sendo eta plurala eratuko eta PPrekin ituna ez egitearen gaineko agindua ere ez da egia.

Aurkezpen-txartel hori kezkatzeko modukoa da, ez da oso lasaigarria. Euskal gizartea zuhurra da eta badaki bakoitza bere lekuan jartzen. Horregatik ezin diogu sinetsi idatzi dizkioten leloak esaten dituenean; bere mezuak hutsak dira: "denen Lehendakaria izango naiz", "gobernu irekia eta plurala izango da hau" baina, hori bai, "guztion ardura eskatzen dugu"... batez ere EAJrena... Argi hitz egin behar dugu. Bakoitza bere egintzen erantzule da. Eta gizarteaz gainera bere hautesleak engainatu dituenak, benetako asmoak ezkutatuz; zeharkakotasunaz eta desberdinen arteko akordioaz hitz egin ostean, Alderdi Popularrarekin itun frontista sinatu duenak Herrialde honetako gehiengo soziologiko eta politikoari bizkarra emanez, ezin du gizartearen aurrean besteen gain utzi  bere egintzen erantzukizuna.

Herrialde honentzat etorkizunerako proiektu sendoa duenak bakarrik eman dezake konfiantza.

Euskadik inoiz baino gehiago behar du konfiantza, konpromisoa eta lana eskaintzen dituen aitzindaritza ekonomiko eta sozialeko proiektu bat.

Konfiantza behar du, epe laburrera gainditzeko krisi ekonomikoaren ondorio larrienak, lanpostuak mantenduz eta Enpresa Txiki eta Ertainei laguntza irmoa emanez.

Konpromisoa behar du, berezkoak ditugun nortasun-ezaugarriak defendatzeko: euskara, kultura, hezkuntza. Eta horiek España, una, grande y libre delakoaren magman azukre-koskor baten moduan ez urtzeko.

Lana behar du, gure lehiakortasunaren oinarriak finkatzeko eta, horrela, giza garapen iraunkorraren abangoardian egoteko.

Konfiantza, konpromisoa, lana... eta batez ere itxaropena.

Itxaropenik ez duen Herria, etengabe krisian dagoen herria da. Inork ez digu itxaropena kenduko. Euskal Herriaren itxaropenaren buru izango gara, Aldundietatik, udaletatik eta Legebiltzarretik bertatik ere bai; berdin dio Gobernuan edo oposizioan gauden.

Demokratikoki onartuko dugu inbestidura saio honen emaitza, Legebiltzarreko gehiengoa Herrialde honen gehiengo soziologikoarekin bat etorri ez arren, gehiengo hori oraindik abertzalea delako. Hezibide onez eta errespetuz onartuko dugu emaitza. Ni neu izango naiz Lehendakari berria zoriontzen lehena. Desakordio politikoak ez du zertan ekarri behar jokamolde txarrik. Bizitzan garrantzitsua da besteekiko hezibide ona eta errespetua erakustea.

Nik, López jauna, errespetua eta begirunea izango dizut; nahiz eta martxoaren 1eko hauteskundeez gero zuek nirekin horrelakorik ez erakutsi. Horretan ere ez gatoz bat.

Amaitzera noa, Herri honek aurrera egin dezan ahalegin osoa egiteko prest gaude, hori ez dezala inork zalantzan jarri. Helburu hori bete nahi duenak bidean aurkituko gaitu. Baina irmotasun berarekin esan behar dut ibilitako bidea suntsitu nahi duenak, Herri moduan ditugun nortasun-ezaugarriak ezeztatu nahi dituenak eta Euskadiren interesak Espainiaren interesen mendean jarri nahi dituenak aurrez aurre izango gaituela.

Konfiantza, konpromisoa, lana eta itxaropena. Horiexek dira EAJ alderdiaren, hau da, martxoaren 1eko hauteskundeak irabazi dituen alderdiaren ordezkari gisa aurkezten dudan hautagaitzaren proiektuak oinarri bezala hartzen dituen aktiboak, printzipioak eta balioak. Alderdi hau euskal gizartearen bide nagusia da eta buru politikoa da Herrialde honetan eta Legebiltzarrean.

Eskerrik asko!

PARTEKATU