Egun on denoi. Gaur, erantzunen eguna da. Eta hauxe da gurea: Euskadiren alde egiteko gaude hemen. Ez gara bakarrak, ez gaude bakarrik. Baina hauxe da gure helburu bakarra: Euskadi, gure aberria, da helburua.
Hori da, beraz, gure norabidea. Gure alderdiaren iparra.
Eta zertarako balio dute alderdiek?
Gizartea norabide jakin batean aurrera eramateko. Iparrerantz elkarrekin aurrera egiteko. Eta hori gure historiaren parte da. Hemeretzigarren mendean, euskal herritarren eskubideak zapaldu zituztenean, Euzko Alderdi Jeltzalea martxan jarri zen.
Gerra garaian, demokraziaren alde borrokatu zen. Diktaduran, berdin; katea ez zen eten. Eta duela hogeita hamar urtetik, gure aberria egunez egun eraikitzen ari gara.
Norabidea galdu gabe. Aberria indartzen, berritzen, eraikitzen. Gure gizarte hau aurrera eramaten.
Gaur, erantzunen eguna da. Oinarrizko galdera bati erantzuteko eguna: zertarako balio du alderdi politiko batek honetarako ez bada?
Elkarrekin gogoeta egiteko. Etorkizuna definitzeko. Gizarte honi ideiak eta proiektu berriak eskaintzeko. Eta egia bihurtzeko. Euskadik aurrera egin dezan eta gara dadin.
Euskadi eraikitzeko. Egin daitekeen modu bakarrean eraiki ere: elkarrekin lan eginez, egunero-egunero.
Nazioa gara eta nazio honek gu guztion lana, ahalegina eta ekarpena behar ditu.
Guztiok gara Euskadi honen parte, gaur egun mundu garatuaren buruan dagoen Euskadi honen parte. Eta zuek denok izan behar duzue gaur eraikitzen hasten ari garen 2020ko Euskadi horren protagonista.
Euskadi horretan ETA soberan dago, oztopo bat besterik ez da.
Zertarako balio du alderdi batek gizartea eraldatzeko ez bada?
Horixe da gure konpromisoa, horretan trebeak gara: Euskadi eraldatzen. Pausoak ematen, aurrera egiten, hobetzen.
Eta zer da Think Gaur?
Euskadi eraldatzeko gizarte hitzarmen bat da. Aurrerapena eta garapena lortzeko. Gizarte hau batzeko, aurrera egiteko.
Denok dakigu etorkizuna globala izango dela. Denok ezagutzen ditugu kanpoan dauden enpresak, langileak, profesionalak eta ikasleak. Gure enpresak urrutira joan behar dira, bertakoari eusteko.
Eta guk, Euzko Alderdi Jeltzaleko kideok, gauza bera egin dugu.
Mundua aztertu dugu eta lankidetza izugarria izan dugu horretarako. Gure etorkizuna den mundua bertatik bertara ikusi dugu.
Zertarako?
Munduko egintza hoberenak gure artera ekartzeko.
Egia da, munduko hoberena nahi dugu Euskadirentzat.
Hori da Think Gaur. Euskadi munduan kokatzea eta mundua Euskadin.
Hauxe da Think Gaur-en lehenengo egiaztapena: gure organizazioa eraginkorra da. Lana eginez eta ilusioa izanez, munduari bira eman dio eta ideia zein proiektu berriak aurkeztu ditu.
Helburu deitu diegu horiei eta 2020an nolako Euskadi izan nahi dugun adierazten dute laburrean.
Emakumearen integrazioan aurrerapausoak emango ditugu: haurtzaindegiak ugalduko ditugu eta amatasun-baimena urtebetera zabaldu.
Gazteei aukera berriak emango dizkiegu. Ez dira etorkizunaren parte. Euskadiren orainaren parte dira. Lizentziatuak kontratatzea eta enpresetan trebatzea bultzatuko dugu. Alokairuzko etxebizitza gehiago edukiko ditugu.
Euskal Hiria hezurmamituko dugu. Hiri merkataritzaren, abiadura handiko trenaren eta Euskadi osorako txartel bakarra sortzearen aldeko apustua eginez.
Hezkuntza hirueleduna bultzatuko dugu. “Euskararen lurraldea” ideia bultzatuko dugu, euskararen herria baita Euskadi.
Energia propio gehiago sortuko dugu eta dena birziklatuko dugu, gaurko ekitaldiari hasiera eman dion musika taldeak erakutsi digun bezala.
Langabetuentzako laguntza handituko dugu eta denon integrazioaren alde egin, gizarte kohesioa lehenetsiko dugu.
Euskadi eraldatu egingo dugu. Think Gaur da Euskadi berri horren motorra.
Guztira, ehun helburu ditugu 2020. urterako. Guztira, ehun konpromiso berri gure herriarekin.
Eta hori betetzeko, proposamen politiko bat daukagu: euskal gizarteak erantzukizuna hartzea. Euskal gizarteak bere borondate demokratikoa gauzatzea, euskal gizarteak erabakitzea.
Horixe proposatzen diogu euskal gizarteari. Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamena da. Gure proposamen politikoa.
Proposamen horrek hiru zutabe dauzka: berezitasuna, aldebikotasuna eta ekimen propioa.
Berezitasuna, nazio anitzeko estatu baten barruan.
Aldebikotasuna, hitzarmen politikoak bultzatuko duen formula.
Eta, ekimen propioa, hau da, gizartearen beharrei erantzuteko ahalmena emango diguten tresnak gure egitea.
Zutabe horiek dira euskal erabaki esparruaren oinarria, hau da, etorkizuna denon artean erabakitzeko daukagun erantzukizunaren oinarria. Horida da Think Gaur: Euskadik erabaki behar du.
Ez naiz Bilbokoa, baina onar iezadazue ahoberokeria bat: ikusi duzuenez, Obamak berak Think Gaur kopiatu du.
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, kargu-hartze hitzaldian, erantzukizunez jokatzeko eskatu du, guk gure dokumentuaren bidez egin genuen bezala.
Izan ere, erronkak berriak dira, baina egia eta balore zaharrak dauzkagu. Obamaren aroan, zorionez, baloreak modan daude berriz ere. Egia horiek berreskuratu behar ditugu: gogor lan egitea, zintzotasuna, ausardia, garbi jokatzea, tolerantzia, jakin-mina, leialtasuna eta abertzaletasuna.
Bai, abertzaletasuna, Juan Ajuriaguerrak, Elbira Zipitriak eta gure Uzturre ahaztezinak oinordetzan utzi zigutena.
Eta, gainera, ekimena, konpromisoa, elkartasuna, auzotar onak izatea...
Erantzukizun garai berri bat behar dugu, betebeharrak dauzkagu, pertsona eta alderdi politiko gisa, geure buruarekin, baita euskal nazioarekin eta munduarekin ere. Lan egiteko betebeharra. Zerbitzatzeko bokazioa. Horixe dira prezioa eta euskal herritarrei gaur formulatzen ari garen promesa.
Think Gaur Euskaditik kanpo kontrasteak bilatzeko prozesu bat izan da, baina baita Euskadin jende askoren parte-hartzea izan duen gogoeta bat ere.
Talde, aditu, gazte, afiliatu eta jarraitzaile askori entzun diegu. Bai gertuko pertsonei, bai gure planteamendu politikoetatik urrun daudenei ere.
Izan ere, entzutea funtsezkoa da politika egiteko modu berri bat sortzeko.
Zeregin komun horren sinbolo gisa, Bizkaia Arenan afiliatuei entzuteko aukera izan genuen. Gaur ere entzun nahi zaituztegu, euskal gizartearen antenarik hoberena baitzarete. Beraz, Ibanen eta Amaiaren laguntzarekin, zuek izango duzue orain hitza.
--------------------------------------------
Proiektu berri bat aurkezteko gai den organizazio bat daukagula esan dugu.
Eta, batez ere, pertsonak dauzkagu.
Eta, batez ere, pertsona bat daukagu.
Pertsona horrek ideiak eta proiektuak proposatzen ditu. Mundua ezagutzen du. Gizarte honetan sinesten du. Eta egunez egun "think" horren gainean ekintzak planteatzen ditu.
Badugu "jakin eta egin" kontzeptua egia bihurtzen duen norbait. Badugu lehendakari bat.
Hoberena.
Eta lehendakari izaten jarraituko du. Badugu lagun bat, lankide bat, langile bat.
Badugu Juanjo Ibarretxe. Euskadiko lehendakaria.
Badugu etorkizuna.
Imajinatzen duzue Euskadik, Espainiak bezala, % 20ko langabezia-tasa aurreikustea?
Lehendakariak ezagutu du egoera hori.
Eta zer egin zuen? Kexatzen, deitoratzen, amore ematen entzun zenuten?
Ez, alderantziz. Kontzertu Ekonomikoaren alde borrokatu zen. Enpresei lagundu zien. Ekonomi planak bultzatu zituen. Trebakuntzaren, teknologi-parkeen eta enpresen nazioartekotzearen alde egin zuen. Berrikuntzaren alde.
Gaur egun, % 4,8ko langabezia-tasa daukagu. Europakoaren erdia da. Espainiakoaren herena.
Deitoratzen entzun diozue? Ez.
Harrokeriaz jokatzen ikusi duzue? Are gutxiago.
Zer egiten du? Think Gaur.
Munduan dabil, Euskadirentzat aukera berriak bilatzen ditu. Gazteak trebatzea eta kontratatzea bultzatzen du. Enpresa txiki eta ertainentzako finantzabide berriak bilatzen ditu. Euskadiren historiako azpiegitura inbertsio handiena egin du, foru aldundiekin batera. Eta Udalekin beste plan bat hitzartu du. Eta ikerketarako eta garapenerako dirua lortzeko borrokan ari da. Eta enplegu politika aktiboen alde borrokatzen da. Eta Euskadi modernizatzearen alde egin du lan...
Eta horren guztiaren aurrean, bitartean, badirudi beste batzuei krisi ekonomikoa ez zaiela ezertxo ere axola. Beste batzuk, berriz, poztu egiten dira Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak oraindik ere ez edukitzeaz.
Madrilen zentralismoaren aurrean, isilik geratzen dira.
Edo lotsarik gabe esaten dute transferentziak ez zaizkigula komeni; aurrezki kutxek bat ez egiteaz pozten dira; Guggenheim bezalako ekimen estrategikoen izen ona zikintzen dute, boto gehiago lortu nahian; alderdien legea beren mesedetarako erabiltzen dute; Estatuko ezohiko langabezia-tasaren aurrean isildu egiten dira... eta azpikerian aritzen dira, besteak joko-eremutik atera eta akusatuen aulkian eserarazteko.
Ez dute lortuko. Ez. Ez dute lortuko. Ez 2001ean, ez orain, ez dute lortuko.
Lehendakari jarraitu zure bidea, zure lana.
Eragin gure gizartearen benetako aldaketa.
Euskadik merezi du, Euskadik behar zaitu.
Datozen asteak zailak izango dira.
2001eko lezioa ikasi zuten eta oraingoan ezkutuan ibiliko dira.
Gure alderdian liskarrean jarraitzen dugula eta zatituta gaudela sinestarazten saiatuko dira. Azpijoko bidegabeak egingo dituzte, manipulazioa, egia erdiak edo gezur hutsak esango dituzte, esamesak zabalduko dituzte, gu liskartzen saiatzeko.
Ezin digute denbora eztabaida antzuetan galarazi.
Ez egin jaramonik.
Orain, denok batera, helburu bakarra daukagu: martxoaren 1eko hauteskundeak irabaztea.
Lehendakari, zure lana egiten dakizula erakutsi diguzu. Gaitasuna daukazula.
Ideiak dauzkazu. Proiektuak dauzkazu. Gizarteaz kezkatzen zara: familiei lagundu diezu eta alargunentzako diru-laguntzak handitu dituzu.
Trebakuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin duzu. Kudeatzaile lanean trebatuta zaudela eta esperientzia daukazula kontuan hartuta, ez dago zu bezalakorik Euskadik krisi ekonomikoari aurre egiteko bidean lider izateko.
Euskadi modernizatzen ari zara, azpiegiturak eta etxebizitzak eraikitzen.
Hirueleduna zara. Gaztea zara eta mundua ezagutzen duzu... Lehendakari, zu zara Think Gaur. Lehendakari, zugan gorpuztuta daude “egiten jakin” eta “jakin eta egin” ideiak.
Lehendakari, orain, ekin!!!
Lehendakari, orain zure txanda da.
Lehendakari, zurea da hitza.