Politikarentzat eta politikoentzat sareak duen garrantzia azpimarratu du Garbiñek.
Baina, web orrialdearen aurkezpenarekin jarraitu aurretik eta mintzagaia komunikazioa bada, derrigorrez azpimarratu behar ditugu bi gai.
Lehenengo eta behin, gaur eta hemen, EITBren egoitzan, berriz ere gure solidaritatea adieraztea eta, ondoren, Bakearekiko gure konpromisoa. EITBren aurka burutu arren beste erakunde eta enpresa batzuetan ere, hala nola, El Mundo, Onda Cero, Antena3 edo Deian, eraginak izan zituen atentatuaren ondoren guk askatasuna, aniztasuna eta gure herriak nahi duen bake-grina defendatzen ditugu.
Bai, bake nahia eta elkarrizketarekin konpromisoa. Gure Lehendakari den Juan Jose Ibarretxek badaki jada zenbateko balio politikoa duen horrek.
Hori da gure bigarren gaia: bakearekiko konpromisoa eta elkarrizketarekiko konpromisoa. Atzo hasi zen inoiz gertatu behar ez zuen epaiketa. Epaiketan, beste politiko batzuekin batera, Juan Jose Ibarretxek eseri behar izan du aulkian. Zer egin du Lehendakariak? Bere betebeharra baino ez du bete. Lehendakaria koherentea izan da. Beti defendatu ditu elkarrizketa eta desberdinen arteko akordioa. Eta beti defendatu ditu bere berba eta ekintzetan. Ideia guztien partaidetza askea eta, ondorioz, horiekin bat jarduten du.
Ibarretxe euskaldun guztion Lehendakaria da. Guztiok hautatua izan zen herritar guztiak eskuordetzeko, guztioi entzuteko, jaramon egiteko eta erantzuteko. Eta horixe izan da egin duena, euskal herriaren parte handi batek eman zion agindua betetzea, ez besterik.
Hori dela eta, EAJ-PNVk lehendakariari, euskal herriaren goreneko erakundeari egin zaion aurre-epaiketa salatu nahi du. Jakin dakigu gobernu guztiek hitz egin dutela ETArekin. Jakin dakigu alderdiek HBrekin, Euskal Herritarrok-ekin, zein Batasunarekin hitz egin dutela. Frogatuta daukagu sarritan horiek ezkutuan zein era diskretuan egin direla. Eta orain Lehendakaria epaitzen dute. Asmoa, berriz ere, "euskal exekutiboaren boterea” zalantzan jartzea da. Baina jakin dezatela botere hori zuzenean etorri zaiola herriarengandik eta hori herriak Lehendakariari eman dion boterea dela. Eta Lehendakariak, bere betebeharra delako, erabili egiten du.
EAJ-PNVk alderdien legearen “jatorrizko bekatua” salatu nahi du. Lege interesatua, eragingarritasunik gabekoa eta "bidegabekoa". Euskaldunen beharrizan, interes eta asmoekin bat ez datorren legea. Guk behar ditugun legeak bestelakoak dira, partaidetza saritzen dutenak, jarduera politikoa saritzen dutenak, ideia guztiak askatasunez parte hartzeko aukera emango dutenak. Eta horien ordez parte hartze politikoaren askatasuna baldintzatzen duten jarrerak ditugu. Gure aukera argia da: demokraziaren bidetik, lege bat guztiek askatasunez parte har dezaten. Eta beste lege bat, desberdina, politika mespretxatuz indarkeria erabiltzen duenari jazarriko diona.
Eta gertaera horien guztien aurrean gure konpromisoa erantzuna da. Ez gaituzte geldiaraziko, ez baitutelako herrialde hau geldiaraziko.
Eraso, hilketa, giza eskubideen urraketa, adierazpen askatasunaren kontrako ekintzen.... eta zentzu gabeko epaiketen aurrean..., gure erantzuna hitza eta bakea, elkar bizikidetza eta gure herrialdearen garapena bultzatuko duten bideak bilatzean datza.
Gaur ekimen batek bildu gaitu hemen, EAJren web orrialde berria aurkeztea, partaidetzarako leiho berri bat. Gure helburua, gaur, proiektu honen aurkezpenarekin, ez da ezer eskatzea, eskaintzea baizik. Badakigu "partaidetza" hitza sarritan gehiegi erabiltzen dela. Aldi berean, badakigu gauza nahiko erraza izaten dela pertsonen partaidetza eskatzea. Gaur aurkezten dugun webak funtsezko berrikuntza bat du, teknologiarekin baino gehiago jarrerarekin zerikusia duen berrikuntza. Gure jarrerarekin. "Entzun eta erantzun" jarrera da.
Gure konpromisoa partaidetzari erantzutea da. Jasoko ditugun proposamen eta ideia guztiak biltzea. Aztertzea eta baloratzea. Eta horietariko bakoitzari erantzun indibidualizatua eskaintzea.
Sareari esker herritarrak protagonista nagusi moduan egituratu eta finkatu dira. Teknologia berriak ate-joka ditugu eta aprobetxatu egin behar dugu. Zer aldatu da sarearekiko gure estrategia berriz asmatzea erabakitzeko? Gaur egungo pertsonek jakin egin nahi dute, gehiago jakin nahi dute, ekarpenak egin nahi dituzte, euren eskuetan dute erabakitzeko ahalmena, parte hartzeko boterea. Internetek herriaren proiektua eraikitzeko ideiak eskaintzen dizkigu alderdi politikooi. Garai berriak bizitzen ari gara, komunikazio, harreman, mobilizazio eta partaidetza politikoko garaiak, e-herritarren garaian gaude. Gero eta aktiboagoa den jendea daukagu, gure proiektu politikoetan parte hartu nahi duena.
Hori da gure ekarpenik behinena. Eta, nola ez, ibilbide berria, etapa berria hastearen frogarik onena. Esan beharrik ez dago gure webaren diseinua, edukiak eta funtzionaltasuna aurrekoarenak baino askoz hobeak direla. Herritarrekin komunikatzeko bide honetan sinesten dugu. Horrexegatik hobetu dugu. Baina, batez ere, uste dugu parte hartzea landu eta zaindu egin behar dela; uste dugu komunikazio bideak pertsonalak eta bi norabidekoak izan behar duela. Beraz, hauek dira gure web berriaren, sarean dugun konpromisoaren, gakoak.
Gaur ate bat irekitzen dugu, jaramona eta arreta bermatuta dituen ate bat. Gure konpromisoa "gizartearen beharrizan berriak irakurtzea" da, jendeari entzutea da, batzen gaituena konpartitzea eta bereizten gaituenari aurre egiteko indarra ematea. Eta erantzutea da. Pertsonei pertsonalki erantzutea.
Gure konpromisoa gazteen ardurekin konektatzea eta gure erantzunetan zehatzak izatea da. Garai berriak hasi ditugu Think Gaur-ekin eta web hau horren adibide ona da.
Gure mundua aldatzen ari da; gure gazteek gero eta bidaia gehiago egiten dituzte, gero eta kultura gehiago ezagutzen dituzte, Euskaditik kanpo ikasten eta lan egiten dute, hara-hona dabiltza. Gure enpresek hemen eta kanpoan egiten dute lan, Euskadin eta atzerrian erosten eta saltzen dute, munduko herri guztietan. Hori da gure errealitate berria. Eta hori da ezagutu nahi dugun errealitatea. Eta Think Gaur egitaraua erantzutea da, hazteko eta aurrera egiteko aukera berriak ezagutzea da. Aldaketari eta eboluzioari irekita egotea esan nahi du. EAJ momentu oro aldatzen jardun du. Hau da gure konpromisoa.
Gazteak gure lehentasuna dira. Think Gaur prozesuak oso argi ezarri du lehentasuna gazteak direla. Eta gazteak, etorkizuna eta internet sinonimoak dira. Nik ataza hau ezarri diot neure buruari "prestakuntza iraunkorraren" atal moduan, baina oso ondo dakit internet gazteen foroa dela. Halaber, jakin dakit gazteak politikaren mundura erakartzeko ahaleginak indartu behar ditugula. Beraz, silogismoa argi dago: gazte konprometituak nahi baditugu eta gazte horiek interneten nabigatzen ari badira... nabiga dezagun!