Egun on. Gaur, Euzko Alderdi Jeltzalearen biltzar nazionalaren esparruan, Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan gure hautagai izango direnak aukeratzen ari gara, hain zuzen ere 90 gizon eta emakume.
Ez dut ezer berririk esaten gainerako indar politikoetatik bereizten gaituen hainbat gauza dagoela adierazten badut. Lehenik eta behin, eta konbentzituta nago honakoa funtsezko aldea dela, egiten ari garena benetan sinesten dugula esan beharra dago. Harro gaude herrialde honetaz eta, horregatik, Euskadi eta bere herritarren ongizatea gure lehenengo lehentasuna dela sinesten dugu, defendatzen dugu eta praktikan jartzen dugu egunero. Uste dugu eta defendatu egiten dugu ezinezkoa dela indarkeria eta politika bateratzea. Eta gure lehentasun nagusietako bat bezala hartzen dugu indarkeriari gizartean legitimazioa kentzearen lana. Gure hautagai zerrendako kide guztiek onartutako balio eta printzipioak dira.
Eta, zalantzarik gabe, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak herrialde honetako pertsonak hobekien deskribatzen dituzten balioak irudikatzen ditu: zintzotasuna, eraginkortasuna, konpromisoa eta konfiantza etorkizunarekiko. Horiek dira lehendakariaren balioak eta horiek dira Euskadin bizi garen pertsonon balioak.
EAJ-PNVk bere aktibo nagusiena jarri nahi du gizartearen zerbitzura: Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren lidergoa; Euskadi krisialditik ateratzeko kamiseta izerdiz beteko duen gizona; euskal erakundeak sendotuko dituen pertsona, euskal erakundeetan soilik oinarrituz, guztiontzako etorkizun hobea lortzeko; eta pertsonen arazoetatik gertu dagoen pertsona.
Datozen lau urteetan, gure herrialdeak lau erronka handi ditu. Erronka horiei aurre egingo die gure alderdiak, erantzukizunetik baina aurre egiteko adorearekin ere bai:
1. Krisialditik ateratzea, pertsonen lanbideak mantentzea eta euskal ekonomiaren etorkizuna bermatzea.
2. Egunero bakearen alde lan egitea eta gizarte olatu etikoa bultzatzea ETAren indarkeria jasangaitzaren aurka.
3. Euskal gizarteak erabakitzeko duen eskubidearekiko errespetutik, euskal erakundeen gaitasuna zabaltzea, Euskadi mundu globalizatuan kokatzeko. Soinez soin egingo dugu lan munduko herrialde garatuenekin. Posible bada, hitzarmen politikoaren eta aldebikotasunaren bidetik; akordioaren, koordinazioaren eta singulartasuna onartzearen bidetik; eta posible ez bada, berriz, gizarte eta herrialde honek behar dituen baliabide, erantzukizun eta autogobernu guztiak gain hartuz. Gure ekimen eta errespetutik, Estatu ... euskaldun gehiago.
4. Politika egiteko eta politika jendearengana hurbiltzeko modu berri bat bultzatzea. Politika gizatiartzea. Politika gizakiaren mailara eramatea.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria erreferentzia sendoa da egoera ekonomikoa kudeatzeko. Bere Gobernu esperientzian, Euskadi hazi egin da eta ongizate eta garapen maila garrantzitsuak lortu ditu, gizarte honek aurretik inoiz ikusi ez zituenak. Errealitate ekonomikoa ezagutzen du, bizi egiten du, eta etorkizun sena du.
Lehendakariak atsedenik gabe egin du lan bakearen alde, gehien sufritzen duten horien ondoan egon da beti, eta lidergo etiko sakona ezarri du bakearen alde eta ETAren indarkeriaren aurka.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren agintaldian zehar, euskal erakundeak hazi egin dira eta gure herrialdea sendotu eta garatu egin da. Hori guztia berezko erakunde sistema dugulako da. Gurea. Euskaldun guztiona. Euskal gizartearen borondatearekiko errespetutik, gure erakundeak erreferentzia argia bihurtu dira gure herrialdearen oraina eta etorkizuna garatzeko. Etorkizuna irabazteko baldintza egokietan gaude.
Horregatik guztiagatik, gure hautagaia da, herrialde hau eratzen dugun pertsonon itxaropenak sinbolizatzen dituen hautagaia da. Eta harekin Euzko Alderdi Jeltzalearen talde osoa.
Hilabeteak daramatzagu gure proiektuaren oinarriak Think Gaur Euskadi 2020 delakoaren bitartez ezartzen, eta, gainera, egiten dugun horretan sinesten dugu eta herrialde honetako lider izateko funtsezkoak diren gainditzeko izpiritua, ilusioa, energia eta berritzeko gaitasuna ditugu.