Iñigo Urkullu
14Abendua
2008
14 |
Hitzaldia

EGIren V. Bilera Nagusia

Iñigo Urkullu
Abendua 14 | 2008 |
Hitzaldia

Ohituak zarete etorkizuna zaretela esaten dizuegunean ez zer zareten diozutenean bakarrik baizik eta aitortu beharra dugunean benetan zaretela oraina ere. Baina etorkizunera ikusmirarik eta luzeena duzuena ez ezik etorkizunak kezkatzen zaituzte eta etorkizunari buruz hitz egin nahi dizuet.
Jakin dakit sarritan aspertu ere egiten zaituztegula gure ipuin eta historiekin baina, mesedez, utzidazue urrats bat atzera ematen geure buruak kokatzeko. Jauzi hori emanda aurtengo martxora joan nahi nuke. Hauteskunde Orokorren ostean erabaki argia hartu genuen: Euskadi 2020 Plana abian jartzea. Mundura ateratzea “politika publikoetan” egon dauden erreferentziarik onenak bilatzeko gero horiek Euskadi-koekin kontutan hartu eta ezbaian jartzeko. Gure eta herritarren arteko gizarte kontratu berria nahi genuen, bereziki gure eta gazteen artekoa.

Inork baino hobeto ezagutzen ditugu gure akatsak, gure alde ahulak. Ez da beharrezkoa behin eta berriz “atzamarra zaurian sartzea” nahiko eta maiz egin dugulako horretaz agerian inork politikan egiteko ezta esateko ohiturarik ere ez duenean. Jendeak erantzunak eskatzen dizkigu, irtenbideak. Arestian eman egin ditugu baina beharrezkoa dugu asmatzen jarraitzea, eztabaidatzen eta gaurkotasunezko eta etorkizunezko borondateaz abian jartzea.

Eta hona hemen gure erantzuna, hona hemen gure erantzunaren hazia. Prozesu honi Think Gaur deritzo, Euskadiren etorkizuna globala delako. "Txipa aldatu" nahi dugu. Hileak daramatzagu lanean eta, sinetsidazue, gaurkoa benetan da egun oso garrantzitsua guretzat. Oso garrantzitsua zuen ahotsa ere entzun nahi dugulako. Gaur amaitzera doan hil hauetako zuen eztabaida demokratikoaren ondoren zuen proposamenak ezagutu eta aztertu nahi ditugu, burujabetza, hezkuntza, etxebizitza, enplegu duina, partaidetza politikoa, konpromiso demokratiko eta abarri buruzkoak.

Zuek, gazteek, esan behar diguzuena entzun nahi dugu, "mundu globalean" bizi zaretelako, erraz bidaiatzen duzuelako, hizkuntzekin trebeak zaretelako. Euskadin eta Euskaditik kanpo ikasi eta lan egingo duzuelako. Behar bada hemendik kanpo ere biziko zaretelako, zuentzat oso hurbilekoa den “atzerrian”. Baina, aldi berean, euskal kultura ezagutzen duzuelako eta euskaldunak zaretelako eta identitate propio hori beti zaindu eta eguneratuko duzuelako.

Baina gaur ez zaituztet proposamen eta proiektuekin nekatuko. Horrelakoak ere izango ditugu horien berri ezagutzeko mundua zeharkatu dugulako. Prestakuntza, enplegua, etxebizitza eta aisialdia eta kulturaren arloetako politika berriak garatzeko konpromisoa daukagu. Hori guztia egingo dugu derrigorrez behar dugulako. Garrasika eskatu diguzue eta idatziz jasoko duzue. Hori da gure konpromisoa, gure "gizarte kontratu" berria. Badakit ez zaretela hona etorri “zer daukazue niretzat” pentsatzen eta, zuen lana egin egin duzuena, eta, horregatik, ez dut hurrengo laister publikoan egingo dugunaz luzatuko nireaz.

Nik abagune hau, bilera hau, aprobetxatu nahi dut, hitz egiteko eta iritziak trukatzeko balioko diguten lau ideia zuei azaltzeko:

Lehenengo eta behin: Konpromiso inkonformista eskatzen dizuet.

Beraz, konpromisoa eskatzen dizuet. Eremua zeuen esku uzten dut: kultura, gizartea, politika, elkartegintza... Baina aprobetxa ezazue gaztaroa konpromisoaren balorea ezagutzeko, ahalegina egiteko, sarritan eginezinak ematen duten helmugetara iristeko lan egiteko. Eta, aldi berean, konpromiso inkonformista, kritikoa, eskatzen dizuet. Ez geratu ados, ez gelditu, egin lan eta borrokatu zuen ideal horiek lortzeko. Ondo burutu den lanaren emaitzak, lan konprometituaren emaitzak, imajinatzen dituzuenak baino askoz handiagoak dira. Gizarte hau beti dago adi bere gazteriak zer pentsatzen, zer esaten eta zer egiten duen. Eta hori zeuok erabakitzen duzue zeuon konpromiso horrekin.

Bigarrena: Think Positive ezartzeko eskatzen dizuet.

Gauza izan behar duzue ezaren indarrari aurre egiteko, bide hori hautatzen baduzue azkenean ez duzuelako ezer egingo eta lortuko. Jakina, "ezetz" esan behar da, baina “ez” hori sinesgarria izan dadin alternatibak planteatu behar dira, lan egin behar da. Inguruan makina bat “ezetz” jasotzen dugu, batzuk Madriletik eta beste batzuk ustezko abertzaletasun batetik, eta horien lorpen bakarra gure aberria geldiaraztea da. Gai izan behar duzue ez makurtzeko eta "ez" esaten duten bakoitzean beste alternatiba eskatzeko, ideia berri bat, lanari ekiteko bide berri bat. Hor aurkituko duzue jende positiboa, benetan hazteko eta garatzeko aukerak emango dizkizuenak. Izan positiboak, ezetz iraunkorra geldiarazlea delako.

Hirugarrena: Think Global eskatzen dizuet.

Hori da guztiok konpartitzen dugun asmoa: etorkizuna nahi dugu munduan. Euskadik bere kokapena eduki nahi du munduan. Eta horixe da gure erantzukizuna. Eta inork mundua ondo ezagutzen badu, “mundu globalizatuan” jaio zaretelako, zuek zarete. Ideia eta proposamen globalak behar ditugu. Herri txikia gara eta inork baino ideia gehiago behar ditugu, jarduera gehiago, geure burua gehiago “ikustaraztea”, 2020an eta hurrengoetan Euskadik bizirik iraun dezan. Gaur hemen ez da ezer bukatzen, Ezta Bilera Nagusia honen bukaerarekin, gaur hemen erlazio bat hasten da, denboran irautea nahi dugun konpromiso bat.

Eta, laugarrena, eta amaitzera noa: Solidaritatea-Elkartasuna eskatzen dizuet.

Benetako solidaritatea-elkartasuna. Hori da Euskal Herriaren eta euskal gazteriaren balore nagusia, Horrela izan da historian zehar, geroago duela hirurogei urte Giza-Eskubideen Nazioarteko Adierazpena izatera etorri zenaren baitan izandako konpromisua, baina ez dugu nahi gaurko mintzagaia iragana izatea. Etorkizunean ere horrela izatea nahi dugu. Euskal solidaritate hori eguneratzen laguntzeko eskatzen dizuegu, ...munduan geure lekua eskuratu nahi badugu gauza izan behar dugulako, trukean, mundu horren alde zerbait egiteko. Beti jardun dugu horrela eta aurrera antzean ere berdin jarraitu nahi dugu. Arlo honetan ere aukerak asko dira eta, kasu honetan ere, nahitaezkoa da konpromisoa. Baina..., benetan, merezi du. Izan zaitezte nazionalistak eta gizatiarrak, norbere eta norbanakoaren eta zuen herriaren subiranotasunaz egunero Giza-Eskubideetan oinarriturik lan egiten duzuen abertzaleak.

Honegatik guztiagatik nago gaur ni hemen. Orain zuen txanda da, zuen eztabaida eta hausnarketak jarraituko du bosgarren edizioa betetzen duen Bilera Nagusi honetan. Benetan gurako nuke zuek iritziak era askean ematen eta eztabaidatzen jarraitzea eta, aldi berean, gustatuko litzaidake lan honi guztion artean ekiten jarraitzea, besteak beste bakoitzak bere buruari eta denok batera ondoko galdera eginda: zergatik nago gaur ni hemen?

Gaur ez dut besteei buruz hitz egin nahi. Gizarte hau heldua eta jakintsua da oso. Guztiok dakigu zer eskaintzen duten beste alderdi politikoek eta autonomi hauteskundeetara aurkezten diren bestelako hautagaiek. Eta, badakigu baita, zer eskaintzen duen Euzko Alderdi Jeltzaleak eta bere hautagaiak:

- Herrialde honen modernizazioaren bide berdinetik joan den esperientzi kontrajarria.

- Herrialde egitasmoa. Gaurkotasun eta etorkizun egitasmoa. Gure burujabetasuna eta gure erabakitzeko eskubidea eguneroko gauzetan handiagotzea helburu duen euskal aberri egitasmoa. Euskal garapenaren eta ongizatearen zerbitzuan lan egiten duen egitasmoa.

- Eta guzti honen gidari azken 30 urteetan herrialde honek bizi izan duen unerik gogorrenei aurreri egiteko hobetuen prestaturik dagoen hautagai dugu guk. Beraz, EAJk eta bere hautagaiak, konfiantza eskaintzen dute.

Amaitzeko, zuon dekalogoaren zati bat irakurri nahi dut: Bortxakeria etikoki, moralki eta politikoki lekutik kanpo dagoela eta sufrimendua eta mina sortarazten duen aberrazio huts soila dela uste dutenetarikoa baldin bazara. Gure herriak bakea behar duela, lanaren eta guztion arteko esfortzuan oinarritutako bakea behar duela uste baldin baduzu. Norberak bere ideiak, beldurrik gabe, defendatzeko eskubidea duela uste baldin baduzu... orduan, zu EGI-koa zara.

Nire ustez, Euskadiko askok eta askok EGI kideak gara. Bortxakeriarekin gogaiturik gaude. Bortxaketaren erabilerarekin espekulatzen dutenekin gogaiturik gaude, batez ere. Baita gehiegizko isiltasunarekin apurtzen ez dutenekin eta gure Aberria Euskadi-rentzako elektoralismoarekin espekulatzen dutenekin gogaiturik gaude.

PARTEKATU