Iñigo Urkullu
01Abendua
2008
01 |
Hitzaldia

Zergatik irabazi zuen Obamak?

Iñigo Urkullu
Abendua 01 | 2008 |
Hitzaldia

Egun on guztioi! Eskerrik asko gaur gurekin izateagatik. Hedabideekin bildu garen honetan, Sabino Arana Fundazioak gaur arratsalderako antolatu duen mahainguruaren edukiak aurreratu nahi ditugu. Think Gaur Euskadi 2020 ekimenaren esparruan, komunikazio politikoaren modu berrietara hurbiltzen eta honako galdera honi erantzuten saiatuko gara: Zergatik irabazi zuen Obamak?

Erantzuna aurkitzeko, Fundazioak blogariekin topaketa bat antolatu du gaur arratsalderako, eta ondoren, konferentzia ireki bat izango da hementxe bertan, Sheraton Hotelean. Gaur honako hauek izango ditugu gurekin:

Luis Raúl Matos. Matos irakasleak prestakuntza akademiko zabala du. Simón Bolivar Unibertsitatean eta Georgiako Unibertsitatean aritua da. Luis Raús George Washington Unibertsitateko Kudeatzailetza Politikoko Graduondoko Eskolako Latinoamerikako Gobernagarritasun eta Kudeatzailetza Politikoko Programaren zuzendaria da gaur egun. Venezuelako Finantza eta Plangintza ministro ohia da. Senatari eta diputatu ohia, eta Planifikazio Estrategikoko irakaslea. Venezuelako Zientzia eta Teknologia Kontseilu Nazionaleko zuzendari ohia. Banco Interamericano de Desarrollo-ko aholkularia. Matos jauna udaberrian ere egon zen gurekin, aldaketa politiko eta sozialaren kudeatzailetzari buruzko ikastaro bat antolatzen. Ondoren, gure arteko harremana estutzeko aukera izan genuen, joan den abuztuan Ameriketako Estatu Batuetara egin genuen bidaian. Guretzat ohorea da Matos jaunaren lankidetza eta gidaritza jasotzea.

Gurekin egongo da Heather Smith andrea ere, Duke University-n ikasitakoa. Heather Young Voters Strategy izeneko proiektuaren zuzendaria da. Proiektu horrek garrantzi handia du The Graduate Shcool of Political Management eskolako politikan. New Voters konpainiarentzat egin zuen lan 2001eko hauteskunde kanpainan, eta Bostongo Green Corps’ Field School for Environmental Organizing eskolako zuzendaria izan zen. Heather Smith irakaslea AEBtako bozkatzaile berrien jarrerak aztertzen dituzten aditu ezagunenetakoa da.

Gaur arratsaldean, Christopher Arterton (Ph.D., Massachussets Institute of Technology) dekanoak ere parte hartuko du debatean. George Washington Unibertsitateko Kudeatzailetza Politikoko Graduondoko Eskolako dekanoa da. Hamar urtez, Yale unibertsitateko Zientzia Politikoen Departamentuko irakaslea izan zen. Bestalde, Newsweek aldizkariko aholkulari izana da, eta Aholkulari Politikoen Ameriketako Elkarteko presidente. Lau liburu idatzi ditu.

Zergatik irabazi zuen Obamak?

Hori da gaur erantzuten saiatuko diren galdera. Nik ere, zuen baimenarekin, eta urrunetik, nire ikuspegia emango dut.

Honako tesi hau planteatu nahiko nuke: «Obamak Bushen sasigobernua aldatzeko ilusioagatik irabazi du».

AEBtako hauteskundeen emaitzaren azalpen nagusia herritarrek Bush presidentearen agintaldiaren inguruan duten iritsi eskasa da. Gobernu horrek bi arazo nagusi izan ditu: Irak eta krisi ekonomikoa.

Lehenengo arazoa larria da, Bushek «gerra dinamika» zabaldu baitu munduan, eta gainera gezur batean oinarrituta (masa suntsipenerako armak). Dinamika hori guztiz eragingaitza dela egiaztatu ahal izan da bestalde (gerrak areagotu egin ditu arazoak, konpondu beharrean). Bushek arazo horri eman dion erantzunak (terrorismo islamiar erradikala) beste arazo bat sortu du, aurrekoa konpondu gabe, eta gainera arazoari izaera globala emanez.

Are gehiago: Bushi «gainera erori zaio» krisi ekonomikoa, ez baitu prebentziozko inongo neurririk hartu. Eta ez du egoera aurreikusten jakin. Krisia finantza sektorean sortu da, baina kontsumoari eta ekoizpen industrialari eragin die azkenean. Agerian gelditu da Gobernuaren eraginkortasun eza. Biztanleek ahoa zabalik begietsi dute beren Gobernuaren aurreikuspen falta.

Hortaz, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren gaitasuna eta eraginkortasuna zalantzan jartzen dituzten bi faktore ditugu aurrean. Munduko lehenengo potentziari ezin zaio halako aurreikuspen faltarik onartu. Bi arazo horiek zalantzan jartzen dute Ameriketako Estatu Batuek benetako potentzia globala izateko duten gaitasuna. Arazo horiek, batera hartuta, gutxietsi egiten dute Gobernuaren gaitasuna, baita «eredu amerikarra» munduan ezartzearen bideragarritasuna. Eta Bushek ez du haien aurrean garaiz erreakzionatzen jakin.

Egoera horren aurrean, McCain egoerari buelta ematen saiatu da, eta Obamak etorkizunerako diskurtso berria sortzeko gaitasuna izan du. Eta diskurtso batek, sinesgarria eta zentzuduna izango bada, bi baldintza bete behar ditu: biztanleen premiekin lotura izatea eta ilusio berria sortzeko gaitasuna izatea.

Obamak asmatu egin du, bai edukian eta bai forman. Bete-betean asmatu du proposamen zehatzekin eta etorkizuneko ikuspegia sustatzearekin.

Erantzun sendoa eman dio Bushen ezintasunari. Horixe izan da Obamaren sekretua.

Nire ustez, badaude irakaspen batzuk, berezitasunak eta berezko errealitateak alde batera utzita, gure hausnarketetarako pizgarriak izan daitezkeenak, bai hausnarketa politikoetarako, bai kulturaren alorreko gaietarako. Gaur egungo ziurgabetasun egoera honetan, liderrik gabe, mesfidantza jaun eta jabe den honetan, Obamaren mezua ustekabean iritsi da, behar zen garaian, alderdiaren premiei eta ezarritako egiturei jaramonik egin gabe. Sendoa da, koherentea, eta gainditu egiten ditu gizarte modernoaren behar eta eskaerei erantzuteko zaharkituta gelditu diren eskema politikoak. Gizarte berriak eduki beharko lukeen politikari eman dakiokeen erantzunetako bat da. Berezitasunak alde batera utzita, XXI. mendeko politika osatzeko balio lezakeen formulazio unibertsala da.

Obamak ez dio ezeri uko egin behar izan. Ez du aukera ezeztatzailerik planteatu behar izan. Lider izateko gaitasunean eta AEBtako demokraziaren printzipioekiko konfiantza osoan oinarrituta, herritarrenganako konfiantza osoarekin, politikaren aurka dauden gazteak hurbilarazteko premia aintzat hartuta, formulazio berritzaileen beharra zegoela ikusi du.

Baina gauza bat aitortu behar dizuet. Obama Obama da. Ameriketako Estatu Batuak Ameriketako Estatu Batuak dira. Euskadi Euskadi da. Eta Euskadiko erakundeek, lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, krisiari aurrea hartzen eta berau eraginkortasunez kudeatzen jakin dute, sozialistek hasieran guztia ezkutuan gordetzeko saiakera egin bazuten ere.

Beste batean esan nuen bezala, zenbaitek amaigabeko hauteskunde kanpaina bilakatu nahi izan dituzte Euskadiko 2009ko hauteskundeen aurreko hilabete hauek, eta Obamaren imitatzaile askorekin egin dugu topo. Bere melodiak erabiltzen zituzten, Ameriketako kanpainen bideoak kopiatzen, Interneteko sare sozialetan egon nahi izaten. Baina gauza bat falta zaie, funtsezkoena: sinesgarritasuna. Ez dira batere sinesgarriak.

Patxi Lópezek eta Alfonso Basagoitik egin dituzten Obamaren imitazio faltsuen aurrean, Ibarretxe lehendakariak nahikoa du bera izatearekin. Gainera datorkigun egoera ekonomiko latzari aurre egiteko, eduki daitekeen kudeatzaileetan onena daukagu gurekin. Horrez gain, edozein gizartek horrelako une nahasian behar duen lidertza gaitasuna ere badu. Esperientzia, kudeatzeko gaitasuna, lidertza, merezitako errespetua eta, gainera, proiektuak, ideiak eta etorkizunerako ekimen berriak. Oraintxe bertan gauzatzeko proiektuak, eta herrialdea garatzeko proiektua. Euskadik, gure herriak, epe ertainean eta luzean aurrera egiteko, munduko gizarte garatuenetako bat izaten jarrai dezagun.

Gure herrialdea modernoa da. Beharrezko tresnak ditugu, prestakuntza sendoa duten belaunaldi berriak, beren nortasuna naturaltasunez onartzen dutenak eta mundu globalizatu honekiko harremanei buruzko gero eta ikuspegi zabalagoa dutenak. Gure erronka nagusia garai historiko honetan gertatzen ari diren aldaketa sakonak behar bezala interpretatzeko gai izatea da. Euskadik ez dio horri bizkarra ematen.

Aldaketa eta ziurgabetasuna, indartzeko aukerak dira azken batean.

Alderdia, ohi bezala orain ere, zerbait aldatzen ari dela ikusteko gai izan da, eta hortik sortu da Think Gaur prozesu zirraragarria. Eragile berriak identifikatzeko premia dagoela ikusi dugu, korronte berriak identifikatzekoa. Prozesu ezin hobea, gidoiaren eskakizunak alde batera utzita, bat-bateko egoeraren gainetik egiturari eta sendotasunari erreparatzen diena. Diagnostiko oso egokiak egiten ari den prozesua, ikuspuntu guztiz berritzailea eskaintzen duena.

Gizartea izaten ari den aldaketen prozesu horretan aurrera egiten jarraitzeko, George Washington Unibertsitateko adituak izango ditugu gaur gurekin, Ameriketako Estatu Batuak beti aitzindari izan baitira aldaketa horietan. Adituek zenbait funtsezko alderdiri buruz hitz egingo digute gaur arratsaldeko hitzaldi publikoan.

Hasteko, Heather Smith andreak izango du hitza.

PARTEKATU