Arratsalde on. Hitz hauen bitartez zenbait hausnarketaren berri eman nahi dizuet. Hausnarketa horietan gizarte eragileekin izandako harremanetatik eratorritako jakintzak eta beste eredu batzuk Think Gaur Euskadi 2020ren esperientziarekin eta errealitatearekin uztartuta lortutako jakintzak gurutzatzen dira.
Hausnarketak honako premisa hau du abiapuntutzat: Kulturaren aldeko apustua norberaren garapenaren eta garapen kolektiboaren aldeko apustua da. Kultura estrategikoa da herrialde osoaren garapenerako.
1.- Lehenengo ideia: «kultura» erdi-erdian egon dadin lortzeko, lehenengo gauza balioak dira. Hori da gure kultur garapenaren oinarria, bai pertsona gisa baita gizarte gisa ere.
Garapen horrek gure ondarea errespetatzera eta babestera garamatza. Eta gainera, ausartago eta abangoardistago izatera gure kultur ekintzetan. Think Gaur ekimenak erakutsi digu bi ardatz horiek osagarriak izan daitezkeela eta ongi artikulatuta kultur garapena bultzatzen dutela. Azken buruan, berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, berrikuntza kulturaren arloan eta kulturaren arlotik, baina berrikuntza eta sormenari buruz geroago hitz egingo dut.
Balioei dagokienez, haiek XXI. mendeko euskal nortasunaren eraikuntzarekin duten harremana nabarmendu nahiko nuke. Euskal nortasunak prozesu «irekia» izan behar duela azpimarratu nahi dut, jatorri eta tradizio desberdinak dituzten pertsonak identifikatuta senti daitezen lortzeko moduko nortasun bat, eroso sentiarazten dituena, oinarritzat guztiek partekatzen dituzten balio eta emozioak hartuta. Pertsonaren duintasunarekin, giza eskubideekin, askatasunarekin, norberaren erantzukizunarekin eta erantzukizun kolektiboarekin, elkartasunarekin, tolerantziarekin, ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin loturiko balioak.
Dena den, ikastetxeetatik, prestakuntza eta hezkuntza prozesu guztietatik egin beharreko inbertsioa beharrezkoa duen erronka da. Pertsonen prestakuntzaren eta hezkuntzaren oinarrian dagoena.
2. - Bigarren hausnarketa bat: Guri dagokigu elkargune izango diren azpiegiturak eta eremuak eraikitzea (fisikoak zein birtualak), kultura batera eraikitzea eta disfrutatzea ahalbidetuko digutenak. Eragile eta ekimenen arteko atomizazio handiegia dago, espazioen banaketa handiegia. Hausnarketarako eta kultur eta arte proiektuak trukatu eta artikulatzeko bidea emango diguten eremu komunak sortu behar ditugu, barneko eta nazioarteko trakzio gaitasun handiagoa izango dutenak.
3.- Hirugarren nahi bat: Nazioartekotzearen erronka. Euskal kultuaren erronka mundura irekitzea da, nazioarteko sareak, trukerako sareak biderkatzea.
Gure unibertsitateek eta gure kultur zentroek nazioartekotzearen erronka beren helburu eta ekintzei erantsi behar diete. Horizonte zabalagoa izango duen ekintza kulturala garatu behar dugu, «topaketa» horretan baitaude gure kultura garatzeko aukerak ere.
4.- Laugarren argumentu hari bat: Euskara gure hizkuntza da eta gure erantzukizuna da kultur errealitate horren onarpena lortzea.
Ekintza ildoa euskararen inguruko adostasuna zabaltzea da. Eta gure erronkak «barne komunikazioarekin» du zerikusia, «euskararekin, ingelesarekin lortu dugun adostasun zabala eta egonkorra lortzea da, bai hezkuntzaren arloan baita kulturaren arloan ere». Etorkizunera begira Euskadi hirueleduna behar baitugu.
Baina ez da hori ustezko euskal kutsuko keinuekin mozorrotutako liberalismo linguistikoa defendatzen dutenak mugiarazten dituen jarrera. Izan ere, hizkuntzen arloan laissez faire, edo egiten uzteak, orain daukagun status quo hau eta ezegonkortasun egoera indartzea dakar, handienaren aldeko apustua egitea da, indartsuenaren alde, eta beraz, aukera berdintasuna haustea. Azken batean, Euskadi elebakarrari onespena ematea litzateke hori, eta hizkuntzen benetako bizikidetzan ez sinestea eta horren aldeko apusturik ez egitea.
5.- Etorkizunerako bosgarren apustua: Berrikuntza kulturaren arloan eta kulturaren arlotik, berrikuntzaren aldeko herrialde gisa egiten ari garen apustuaren barnean bildutako proposamena. Apustuak EAJ du buru maila politikoan, eta erakunde mailan, Eusko Jaurlaritzak.
XXI. mendeko gizarte ireki eta globalaren etorkizunari aurre egiteko gakoa sormena eta berrikuntza dira, hau da, balioa emango digun zerbait eskaini eta sortzeko ahalmena, zerbait desberdina, noski.
Herrialde gisa dugun etorkizunaren oinarriak bi dira: Nortasuna eta sormena. Biak uztartuta gizarte berritzailearen barruan dugun lekua indartuko dugu, besteengandik bereizteko eta zerbait desberdina eskaintzeko gaitasun handiagoa izango baitugu.
Munduari irekita dagoen nortasunaz eta sormenaz ari gara. Izan ere, nortasuna ez da zurruna edo aldaezina. Guztiz kontrakoa, eguneratu egiten da eta berriz sortzen da gure kulturaren eta beste kultura batzuen ekarpenekin. Era berean, sormena eremu nazionalean eta nazioaz gaindiko eremuan mugitzen diren ideien arteko harremanen eta eraldaketen ondorio da.
Sormena, hau da, irudimenaren bitartez ideia eta konponbide berriak sortzeko gaitasuna, edo jakintza berriak sortzekoa ez da kulturaren arloko ezaugarria bakarrik. Sortzaileak izateko nahia eta beharra dugu, maila zientifikoan eta teknikoan, ekonomikoan, gizarte mailan, politikan, ingurumenaren arloan edo hezkuntzan. Hau da, herrialde sortzailea eta berritzailea izan nahi dugu maila guztietan.
Nahiz eta sormena diziplina arteko gaitasuna izan, kultura da eremurik emankorrena zentzu horretan, pertsonen arteko irudimena lantzeko. Kulturaren bitartez lantzen da batez ere irudimena eta horren bitartez aberasten dira beste eremu batzuetako sortzaileak. Edo bestela esanda, kultur sormenak berrikuntza lantzen den beste arloetako sormen gaitasunak pizten ditu.
Horrek azaltzen du profesional sortzaileek, edozein arlotan lan egiten dutela ere, kultur aberastasun eta dinamika handia duten lekuetan bizi nahi izatea.
Hortaz, proposamena kultura, eta bereziki kultur sormena berrikuntza agendan sartzea litzateke, batak bestea indartzen baitu. Berrikuntza indartzen da, irudimen eta sormen handiagoa duten pertsonek osaturiko herrialde izango genuelako. Eta kultura indartzen da, gizarte berritzailearen eta jakintzaren gizartearen helburu estrategiko bilakatuz.
6.- Seigarren baieztapena: Denek dakigu egunotan aldaketa historikoa bizi dugula mundu osoan. Aldaketa eta ziurgabetasunak, indartzeko aukerak. Eusko Alderdi Jeltzaleak, historian zehar egin izan duen moduan, oraingoan ere jakin du irakurtzen eta interpretatzen zerbait aldatzen ari dela; hara hor Think Gaur prozesu zirraragarriaren sorrera. Eragile eta korronte berriak identifikatzeko beharrera heldu gara. Gidoiak eskatzen duenetik harago, gertuen dituen koiunturetara moldatzen da prozesu hori, eta parametro estrukturaletan eta sendoetan kokatzen da.
Prozesu honek diagnostiko egokiak egiteko ahalegin berezia ipintzen du, eta, inolako zalantzarik gabe, toki komunetatik alde egiten saiatzen da. Eta parte hartzeko prozesu horretan zuen ekarpenak eta kolaborazioa behar ditugu. Haiek gabe, alferrik litzateke Europa iparraldeko herrietara, Estatu Batuetara edota indarra hartzen ari diren Asiako herrialdeetara joatea zer ikasiko; baldin eta gure herriko eragile sozialei eta kulturalei entzuteko gauza ez bagara.
7.- Ezin dugu kulturaz hitz egin geldirik dagoen konpartimentu gisa, kultura gehiengoen beharrizanei lotuta dago, eta ez eliteei. Ardatz horren gainean ipini behar da gure herriaren etorkizuna. Kultura ezin da bereizi gure herriaren etorkizunetik. Industria ehundura, berrikuntza, azpiegiturak edota politika sozialak engranaje berean dauden piezak dira. Oraintsu, Finlandiara joanda ohartu ginen kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua egitea dela sortu nahi dugun herrirako inbertsiorik onena.
Finlandian edota Estatu Batuetan ikusi genuen, halaber, kultur azpiegitura eredugarriak ditugula alderdi askotatik, eta hori euskal erakundeek azken hogeita hamar urteetan egindako lanaren emaitza da. Ondo legoke hori osatzea. Asko dago egiteko.
Kultur arloan inbertitzeak arlo ekonomikoan ekar ditzakeen ondorioak ere aitortu beharra dago. Baina apustu horrek indar biziz sortzen ari diren errealitate berriei erantzun behar die.
Belaunaldi berria sortu da, kultur adierazpen eta manifestazio berriak sortu dira.
Jose Antonio Etxenikek, Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendariak, askotan ohartarazi du gure kultur adierazpen askok bizi duten arriskua, baldin eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzen ez badugu. Eta Etxenikek ez dio Euskadiri bakarrik egiten erreferentzia. Tesi beraren gainean ipintzen dugu arreta. Musika Hamabostaldiak edota ABAO Denboraldiak bizirik iraungo lukete, baina seguruenik formulazio desberdinekin.
Izan ere, euskal gizartea gero eta gizarte eklektikoagoa da, gero eta independenteagoa, gero eta interkonektatuagoa eta konektatuagoa inguruan gertatzen diren aldaketekin; gure gizartean gero eta kultura gehiago daude, eta ezin ditu alde batera utzi helburu osagarri-aberasgarriak.
Gure herria herrialde modernoa da, Europa iparraldeko herriekin homologagarria. Erremintak ditugu, belaunaldi berriak oso prestatuta daude; gazteek naturaltasunez onartzen dute beren nortasuna eta atzerriarekin dituzten harremanak gero eta modu irekiagoan ikusten dituzte. Gazte sortzaileak, beren bizi eta lan esperientziak gure lurraldeetatik kanpo garatzen dituztenak. Talentu horiek identifikatzea eta berreskuratzea (kultur eremuaz ari naiz) beharrezko zeregina da.
Azken batean, berriro ere nabarmendu nahiko nuke honako ideia hau: erreminta eta politika publikoetatik harago, alderdi politikoentzat, kultur kudeatzaileentzat eta kultur sortzaileentzat, erronka nagusia denbora historiko honetan gertatzen ari diren aldaketa sakonak behar bezala interpretatzeko gaitasuna da. Hori da ilusioz osatu nahian ari garen Think Gaur Euskadi 2020ren erronka. Eskerrik asko!