Iñigo Urkullu
21Urria
2008
21 |
Hitzaldia

Gizarte politikak

Iñigo Urkullu
Urria 21 | 2008 |
Hitzaldia

Lehenik eta behin, eskerrik asko Sabino Arana Fundazioak mintegi honetan parte hartzeko egin dizueten gonbita onartu izanagatik. Ekitaldi hau Euzko Alderdi Jeltzalearen lanaren jarraipena da, eta orain hilabete batzuetatik hona aurrera eramaten ari garen Think Gaur Euskadi 2020 hausnarketa-prozesuaren barruan dago.

Zein gaude hemen?

Aurreko ekitaldietako moduan, aurpegi ezagun asko ikusten ditut, Euskadiko gizarte zerbitzuen alorreko pertsona garrantzitsu ugari. Gure helburua, Euskadiko errealitate soziala ezagutzen duten pertsonak biltzea izan da; izan ere, duten ezagutzagatik, Euskadiko 2020 herritarrek izango dituzten beharrak zein izango diren esaten lagunduko baitigute. Eta are garrantzitsuagoa dena, behar horiei nola erantzun. Neurri honetako foro batean ezin ditzakegu batu nahiko genituzkeen pertsona guztiak batu. Ez zaudete zareten guztiak, baina zaudeten guztiak bazarete.

Zergatik gaude hemen?

Lehen ere esan dut; Euskadiko herritarren eskaerak, beharrak eta aspirazioak zein diren jakin nahi dugulako. Eta behar horiei ikuspegi gizatiarra aintzat hartuta erantzun nahi diegulako, ekintza politikoaren ardatzean pertsona, ongizatea eta duintasuna ipinita. Guztia ere solidaritate eta justizia soziala aintzat hartuta. Gizartearen mesedetan ez diharduen alderdi batek ez du ezertarako balio, ez baldin badie ordezkatutako pertsonei zerbitzatzen.

Gure gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketak nabariak izan direlako gaude hemen: bizi-itxaropena luzatu eta herritarrak zahartu egin dira, familiaren egituran eta erakunde solidario eta babesle gisa duen ahalmenean aldaketak gertatu dira, gizarte zerbitzuak orain herritar guztien eskubide gisa hautematen hasi gara —eta ez talde batzuen eskubide bakarrik—, eta abar.
Emaitza gisa, aldaketa horiek direla-eta sortutako beharrak estaltzera bideratutako baliabideak eta aurrekontuak izugarri ugaritu dira.

Zertarako gaude hemen?

Emaitzak bilatzeko. Aitatu ditugun aldaketa horien norainokoaren berri ez daukagu, baina tankera hartzen saiatzen ari gara. Zuetako batzuk Etorkizuneko Ikerketen Kopenhageko Institutuak egin zigun azterlanaren lehen zirriborroa ikusi zenuten. Aldaketa horiek izango dituzten lehen ondorioak badakizkigu, ordea: gizarte zerbitzuei eusteko erakunde publikoek gero eta inbertsio handiagoak egin behar dituztela.

Herritar guztientzako gizarte zerbitzuen sistema diseinatzen hasteko gaude hemen, Europa mailan lehen muturrean egoteko itxaropenarekin: berme publikoa ematen duten gizarte zerbitzuak, malguak, guztientzakoak, proaktiboak, familia eta komunitate sareekin uztartzeko modukoak.

Herritarrak eurak, azken asteetan deitu ditugun lan-mahaien bidez, beren lehentasunak eta kezkak jakinarazten ari zaizkigu: etxebizitza —maiztertzan edota jabetzan—, gazteentzako lan-baldintza hobeak proiektu berriei ekiteko, familia babestea, gizarte politiketan zehaztasun handiagoa eta, behar izanez gero, dependentziari arreta emateko zerbitzuei eusteko presio fiskal handiagoa.

Oraingo honetan, eztabaidagai zahartzaro aktiboa izango da, bizitza autonomoaren sustapena eta dependentziari arreta. Azken atala da gehien kezkatzen gaituena; sortzen dituen gastuak oso handiak direlako.

Gure ustean, pertsona adinekoei gizartean erabat parte hartzen utziko dieten neurriak artikulatu behar dira. Gizarte batean pertsona helduak, gaitasuna dutenak eta esperientziadunak, ezin daitezke ezer egin gabe egon; berengatik ez bada, gizarte osoarengatik zerbait egin behar dute. Beren ongizateak eta guztien ongiak gomendatzen dute gizarte eremu guztietan parte hartze aktiboa izan dezatela.

Gure iritziz, pertsonen arretari autonomia pertsonaletik heldu behar zaio, pertsona bakoitzari parte-hartze hori errazteko erremintak eman behar zaizkio, bai helduei, bai ezgaitasuna dutenei.

Era berean, dependentzia artatzeko finantzaketa sistemak sendotu beharra dagoela uste dugu, kotizazio sistema baten bidez. Gizarte Segurantza transferitzeko eskariari sendo eusten badiogu, baditugu arrazoiak: uste dugu hemen kudeatu behar dugula, deskribatzen ari garen irizpideekin, euskal herritarrentzako erabilgarriagoa izango litzatekeelako. Bien bitartean, geure esku dauden neurriak aplikatzen jarraituko dugu, eta ez diegu uko egingo; hau da, Eusko Jaurlaritzak behar besteko pentsioak ez dituztenei emandako laguntzez ari gara. Era berean, gizarte zerbitzuei behar besteko aurrekontuak ematen jarraituko dugu, krisialdiak krisialdi eta diru gutxiago bildu arren. Are garrantzitsuagoa da orain atal honetan inbertsio handiagoa egitea; krisiak eragin latza ekartzen ari baitzaie azken horiei, ahulenak beraiek baitira.

Gizarte politikei eustea eta haietan inbertitzen jarraitzea erraza da. Zaila ondorioei aurre egitea da, herritarren aurrean ipintzea eta apustuaren kostua zein izango den adieraztea: zer egiteari utzi diogun esatea, bakoitzari zenbat kostatuko zaion.

Diskurtso soziala, jakinarazteaz gain, zilegi bihurtu behar da, eta hori guztion lana da. Gizarte baliabideen inguruko diskurtsoa ez da, ordea, egun erabat betetzen. Modu grafikoan esanda: zerbitzu batzuk eskatu egiten dira, beste batzuetarako baimena ematen da eta beste asko baztertu egiten dira.

EAJ tradizio solidario handia duen alderdia da. Hauek dira gure helburu sozialak, hasieran jakinarazi dizuedan moduan: giza eskubideak defendatzea, baldintza guztietako pertsonen duintasuna defendatzea eta solidaritatea zein justizia soziala sustatzea.

Badakigu lan hauen zer zailtasun dituzten. Hori dela eta, Think Gaur Euskadi 2020 planak bi helburu nagusi ditu: batetik, baliabide eta zerbitzu gehiago eskaintzea babes iraunkor eredu batean; eta, bestetik, solidaritatea, justizia soziala, politika publikoen legitimizazioa, diru-sarreren eta gastu publikoaren arteko beharrezko oreka sustatuko dituen diskurtsoa. Guztia ere politika publikoak behin eta berriz zalantzan ez ipintzeko, eta ziklo ekonomiko baten aldaketak ongizate gizartearen laugarren zutabea arriskuan ez ipintzeko: gizarte zerbitzuak.

PARTEKATU