Arratsalde on, alderdikideok! Eskerrik asko!
Mila esker euskal politikaren egutegian hitzordu finko bihurtu den ekitaldi honetara etortzeagatik. Hizlari bikain ugarik hartu izan dute parte dagoeneko gure alderdiaren hitzordu bihurtu den ekitaldi honetan. Trantsizio puntua da topaketa hau, amaitzera doan ikasturte politikoaren eta hastera doanaren arteko inflexio puntua, halakorik baldin bada behintzat. Horregatik, udari buruzko balantzea egiteko baliatuko dugu aukera hau. Baina, batez ere, aurrean dugun ikasturte politikorako prestatu dugun estrategia ezagutarazteko. Hori guztia eztabaidatu dugu gaur Donostian Euzkadi Buru Batzarreko kideok lehendakariarekin eginiko bileran.
Nire lehen gogoeta, nire lehen mezua, guri buruzkoa eta guretzako da, gure alderdiarentzat. Zuetako asko etorri ohi zarete Zarauzko Antoniano ikastetxeko hitzordu honetara. Baita hedabideak ere, kazetariek «udako sugeak» esaten zaien horietako bat harrapatzeko aukera baliatu nahi izaten baitute. Aurreko urte batzuetan morbo handia sortu da hemen zer gertatuko zen jakiteko. Gaur, ordea, eta sentitzen dut inork desengainua hartzen badu, ez da morborik izango. Ez behintzat gure alderdiaren barne egoeraren inguruan. Hala esan nauen uda hasi aurretik ere, Bizkaia Arenan: «Guk pertsonak ditugu, proiektua, alderdia». EAJk bere barneko taupadak berreskuratu ditu. Gure estrategia politikoa finkatu dugu, eta gure lehen balioa eta gure buruari eskatu behar diogun lehenengo gauza batasuna dela ikusi dugu. «Batasuna ta Indarra» izan zen 77ko gure leloa. Gaur egun, politikagintzan topikoa badirudi ere, aldaketa txiki bat egingo nioke: «Batasuna da gure indarra». Bai; gure batasuna da euskal nazioa eraikitzeko tresna nagusia. Eta, autokritika pixka bat eginez, aitortu behar dugu alderdi horretatik zentzugabekeriaren bat egin dugula duela gutxi. Tira, izanak izan! Baina amaitua da hori. Ez dugu kategoria ideologikora eramango altuak edo baxuak, bat-batekoak edota lasaiak atsegin izatea. Garrantzitsuena oinarriak dira, eta, familia mota guztietan bezalaxe, bakoitzaren izaera elikatzen saiatu behar dugu, familia hori eredu bihur dadin. Euskadi ez dago ateraldiak jasateko, ezta borroka nork bere aldetik egiteko ere. Ildo politiko bat, estrategia bat eta alderdi bat behar ditugu; guztia ere gure organoek, EBBk eta asanblada nazionalak, erabakitzen dutena babesteko. Eta kito.
Gaurko bigarren mezua: udazken beroa dugu aurrean. Ez Euskadiren egoera politikoagatik bakarrik, baita oso kezkatuta gaituen beste gai bategatik ere: egoera sozio-ekonomikoagatik, alegia.
Auzi politikoari dagokionez, Auzitegi Konstituzionalaren esku dago Legebiltzarrak onartutako eta Zapaterok eta PPk helegindako Kontsultaren Legea. Esan beharrik ez dago ekimen zintzoa izan dela, euskal gatazka konpontzeko asmoz sortua, Euskadi bakearen eta normalizazio politikoaren bidean ipintzeko, Ajuria Eneko Hitzarmenean aurreikusten zen moduan. Ekimen demokratikoa eta legezkoa guztiz. Eskura ditugun bitarteko guztiekin defendatuko dugu, lege horretan sinesten dugulako eta Legebiltzarrak hartutako erabakiaren emaitza delako. Legebiltzarra Euskadiko herritarron erakunde nagusia baita, Euskadiko herritarren % 75 ordezkatzen duena. Ausardiaz, zorroztasunez, lasaitasunez eta zentzuz defendatuko dugu lege hori. Gurea ez da indarrak alferrik xahutzea gogoko duen alderdia.
Irmotasuna eta adimena ez daude kontrajarrita. Alderantziz. Guk sendo eta modu burutsuan defendatuko dugu Kontsulta Legearen atzean dagoena. Ez dugu bururik galduko, baina. Ez gara probokazioetan eroriko; Madrilek, PSOEk, PPk eta beste hainbat boterek hala nahi badute ere. Auzitegi Konstituzionalak Frantziako jakobinoei eurei ere harrigarria egiten zaien auto horietako bat aterata ere, ez gara probokazioetan eroriko. Gure historiako 113 urteetan ekimen politiko asko planteatu ditugu, eta Espainiako botereak gelditu edota oztopatu egin nahi izan ditu benetako eredua agerian gelditzen den guztietan; traba egiten diegun guztietan. Guk, baina, ipini dizkiguten traba guztiak gainditzen jakin dugu. Atea itxi digutenean, leihoa zabaltzen ahalegindu gara; leihoa itxi digutenean, tximinia garbitzen, Estatuko nazioek txokoren bat izan zezaten. Horren guztiaren bitartez, lasai egoteko esan nahi dizuet. Gure alderdiak sendo eta burutsu defendatuko du bere jarrera politikoa, sentimenduak gehiegi azaleratu gabe, txitxarra bezala jokatu beharrean inurria bezala lan eginez. Eta bide hau ixten badigute, beste bide batetik egingo dugu ahalegina. Euskadi ahalik eta etorkizunik onena izan dezan, determinazio asketik abiatuta.
Argi eta garbi esango dut, beste behin ere, PSOEren eta PPren judizializazio politikoa bizi dugula. Norbaitek pentsa lezake hori guztia Terrorismoaren Kontrako Itunetik eta Alderdien Legetik eratorria dela, eta oraindik ebazteke dauden prozesu judizialetan islatuta gelditu dela: bai lehendakariaren edota bestelako arduradun politikoen kontra (bide batez, gustatuko litzaidake prozesu horrek zer nolako kudeaketa abiadura duen. Ez nintzateke batere harrituko auziari hurrengo hauteskunde autonomikoak baino lehen ekingo ez baliote, intentzio politiko osoz), bai Eusko Legebiltzarreko presidente ohiaren eta bere bi mahaikideen kontra, bai talde parlamentarioen edota alderdi politikoen kontra. Bai! Eta, horrela, erabaki politiko demokratiko bat judizializatu arte; hots, Kontsulta Legea. Hori erabaki politiko batengatik gertatu da. Arazoaren benetako erroa Espainiako Gobernuko presidentearen borondate politiko falta da. Bera ari da kontsulta geldiarazteko ahaleginak egiten, horretarako Auzitegi Konstituzionalaren aurren ezohiko bidea erabilita.
Dena den, zenbat estrategia politiko ikusi ote ditugun PSOEk eta PPk LOAPAren inguruko ahalegina egin zutenetik 70eko hamarkada amaierako Trantsizio espiritua aldatzeko, esate baterako? Zenbat legeri aurkeztu diete helegitea Auzitegi Konstituzionalean, Kontsulta Legearen aurretik? Zenbat lege onartu dituzte PSOEk eta PPk, Gernikako Estatutua alde batera utzita? Bipartidismo jakobino horrekin autogobernuaren garapena gelditzea lortzen ez dutenez, informazioa desitxuratzen eta manipulatzen aritzen dira. Espainia apurtuko den beldur, subiranotasun nazionala goresten dute, Kontsulta Legeak Euskadiren independentzia aldarrikatuko balu bezala.
Gezurra da PSOEk eta PPk espainiarrei kontatzen dietena! Gezurra da Zapaterok abuztuko Ministroen Kontseiluaren ostean Kataluniako finantzaketaren harira esan zuena! (hau da, PSOEk eta Espainiako Gobernuak estatutu guztiak betetzen dituztela). Gezurra da! Baina hor konpon sinetsi egiten duten espainiarrak! Tamalgarria da euskal autogobernuaren inguruko gezur, desitxuratze eta manipulazioekin jarraitzea, gu hemen konponbideak bilatzen saiatzen garen bitartean.
Tamalgarria, bai! Erabaki politikoak daude, eta politika bera ere judizializatuta dago. Baina, Euskadiri dagokionez, askoz ere gehiago dago: etengabeko kutsadura politikoa da nagusi. Izan ere, dena itxuragabetzen duten politizazioaren eta judizializazioaren azpian, Trantsizio garaiko espiritu oro modu unilateralean zapuzteko asmoa baitago. Hala, sagaratu egiten dute Estatu ereduaren interpretazioa, eta lurperatu egin nahi dituzte 70eko hamarkadan onartutako Estatu eredua eta autogobernu aurrerapenak.
Horrez gain, Espainiako Gobernuko presidenteak Auzitegi Konstituzionalean egingo duen inpugnazio bidearen susmoak ditugu, ez baitu blokeoa gainditzeko ausardiarik, ez baitauka elkarrizketa bidez Euskal Herriaren estatusaz jarduteko borondate politikorik, Gernikako Estatutuak berak definitzen duen moduan. Eta Auzitegi Konstituzionalak epaia irailaren 15a baino lehen ematen ez badu, ondoko edozer erabaki politikok ez du zentzurik izango, kontsulta egiteko aukera galdua izango delako.
Ez baitiogu uko egingo Kontsulta Lege hau babesten duen irizpideari, ezta formulatutako bi galderei ere. Gainera, ez dugu gure jarduera kontsulta honetara bakarrik bideratuko, helburu bakarra eta oinarrizkoa izango balitz bezala. Defendatu egingo dugu, bai; baina ez determinazioz eta berariaz bakarrik, baita baretasunez, zentzuz eta erakundeak errespetatuta ere.
Ez dugu onartuko inposizio soila dena, eta berdin da gezurretan, nahastean edo manipulazioan oinarrituta egon edo ez. Baina 113 urteko eskarmentua daukagu, eta ibilbide horretan ateak bilatu eta zabaldu ditugu Euskadin, gure etxe honetan bizi diren guztien onerako autogobernuaren airea sar dadin. Horrek legitimatu egiten gaitu Espainiaren, Europaren eta mundu osoaren aurrean. Eta, bereziki, Euskadiko herritarren aurrean.
Gure ezinbesteko helburua da hori: gizarteak eskatzen duen erritmoan, elkarbizitzarako ahalik eta autogobernu gehien lortzea. Kanpoko inposiziorik gabe, bi aldekotasun asimetrikoan, bi aldeen arteko konfiantzan, leialtasunean eta errespetuan oinarrituta, Euskadiko gizartea deabrutu gabe, bera baita erabakitzeko eskubidea duena.
Hona gaur adierazi nahi dizuedan hirugarren kezka, edo, hobeto esanda, atsekabea: badakizue legegintzaldi hau neguaren bukaeran amaituko dela, eta erkidego mailako hauteskundeak izango ditugula. Penaz ikusi dugu, eta lotsa pixka batekin ere bai, nola bozka gutxi batzuk irabazteko edo gaur herrialde hau gidatzen duen EAJren posizioari oztopoak jartzeko makinariak indartzen ari diren, EAJren aurka edozerk balio duela erakusten duen jarrerarekin. Patxi López eta PSE dira hauteskunde grina horren erakusle. Duela hiru hilabete hasi zuten kanpaina. Orain, «euskal ukitua» emateko asmoz datorkigu PSE, hamaikagarren aldiz. Ez dakit arrosa gorriz, berdez eta zuriz margotuko duten, edota arrosaren ordez gorostia hautatuko duten. Horrelakoak izan dira orain arte egin dituzten aldaketak: mamirik gabeak, azalekoak. Hauteskundeetarako marketin hutsa. Beren planteamenduan bertan dute bekatua.
Hemen, mozorrorik gabe aurkeztu behar da hauteskundeetara, ezer ezkutatu gabe, dena agerian utzita, nor den bezala agertuta; ez itxurak egiten. Izan ere, nola uztar liteke euskal girora hurbiltzeko ahalegin hori euskal hezkuntza sistemaren aurka esaten eta egiten ari direnekin? Nola lotu daiteke aldaketa hori Garmendia ministroak ikerketaren eskumena Euskadiri transferitzea komeni ez zaiola esatearekin? Eta nola uler daiteke aldaketa hori Eusko Jaurlaritzak nazioarteko lehiaketetan euskal taldeak diruz laguntzeko emandako aginduari Madrilek helegitea jarri izanarekin? (Zerrenda luzea osa dezakegu euskal autogobernuaren aurka egindako bidegabekeria eta erasoekin.) Non daude PSEko euskal ahotsak Madrili, ZPren gobernuari, horrela jokatzeari utz diezaiotela esateko? Guk ez diegu abertzale bihurtzeko eskatzen. Ez. Eskatzen diegun bakarra da, adibidez, Kataluniako sozialisten moduetara eta orain arte defendatu dutenera apur bat ingura daitezela. Hemengo hauek, ordea... bai zera!
Madrilen sukurtsal dira eta otzan jokatzen dute ZPrekin, haserretu eta hemen kanpaina egiteari uko egingo dion beldur. Beldur dira hemengoen kanpaina egiteari uko egingo ote dion, hautagaia izen hutsa izango baita, boto txarteletan bere izena jarri besterik egingo ez duen menpekoa.
Baina badirudi EAJ jazartzeko eta suntsitzeko kanpaina honetan bidaide gisa apositu estrategiko izango dituztela ETA eta ezker erradikala. Horiei beti egin diegu traba. Gure presentziak, gure arrakastak eta gizarteak eman digun babesak gogorarazi diete beraien indarkeria bidegabeak eta burugabeak ez duela ez zentzurik, ez lekurik gaurko Euskadin, eta inoiz ez zuela izan behar. Ispilu izan gaituzte, baina ez dute ispilu horretara begiratu nahi izan, beraiek, gu ordezkatzeko sortu zirela dioten horiek, gaur egun herrialde honen ondorio okerrena eta oztoporik handiena direla onartu beharrik ez izateko. Oztopo hori ahalik eta lasterren kendu nahi du euskal gizarteak. Haien iritziz, dena gaizki egiten dugu, Madrili eta besaulkiei salduta gaude eta «negozioaren» alderdia izateraino iritsi gara, menpekotasun gutxiagorekin eta sare gehiagorekin, gero eta lotuago dagoen mundu honetan, mapan kokatzen gaituzten ekimenen aurkako ekintzak justifikatzeko. Ispilura begiratzen badute, ikusiko dute Euskadiri modu baketsuan eta demokratikoan burujabetzen ez uzteko Espainiako botereak duen aliatu onena direla! Hor jarraitzen duten bitartean, Espainiarekin derrigortutako mendekotasun harremana izatera kondenatuta egongo gara. Hitz jario independentista, sozialista eta iraultzailea duten arren, beraiek dira frankismoak Euskadin duen adierazpidea.
Guk ez dugu lasterbiderik erabiliko, ezta azpikeriarik ere. Ez da hori gure estiloa. Gu ez gaude hauteskundeekin itsututa, egungo egoeran baizik, eta bereziki arduratuta gaude ekonomiaren alorrean ikusten diren hodei beltzekin. Egia da Euskadiri buruzko datuak Espainiari dagozkionak baino hobeak direla eta gure ekonomia Espainiakoa baino sendoagoa eta emankorragoa dela, baina kontuz geure buruari begiratuta atsegin handiegia hartu gabe! Hemen ere mugitu egin behar dugu. Hemen ere badago Zapaterok ukatu egiten zuen krisi ekonomikoa jasaten hasi den gizartea, eta eragina epe laburrean nabarituko duen jendea ere bai. Eskerrak krisirik ez zegoen! Eskerrak kanpainan aipatu zituen arazotxo ekonomiko haiei aurre egiteko Espainia ongi prestatuta zegoen eta Europan ongien prestatutako herrialdea zen! Agerikoa zena ukatzen zuten bitartean, datu tematiak hasiak ziren frogatzen hainbesteko harrotasunez aipatzen zuen Espainiako ekonomiak buztinezko oinak dituela. Zauri sakona tirita batekin estaltzen saiatu dira, desinfektatu gabe, osatu gabe, eta orain gangrena izateko arriskuan daude, nahiz eta duela hil batzuk alderdiak ohartarazi zien.
Ezin dugu Zapaterok egin duen okerra errepikatu. Guk gure ekonomia indartuko dugu; gure enpresariei teknologia berrietan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen lagunduko diegu; gizarte politikak diseinatuko ditugu, krisialdiaren zurrunbiloak hartzen dituen horiek babesik gabe gera ez daitezen. Eta erakundeen babesa lortuko dugu, ekimen pribatuarenarekin batera. Hori guztia da «Think Gaur» programaren inguruan abian jartzen ari garena. Mundu globalizatu honetan toki propioa aurkitu nahi diogu gurea bezalako herri txiki baina bereziari. Eta, horretarako, munduko txoko guztietan egiten ari direna in situ ezagutzen eta aztertzen ari gara. Ekonomiaren, gizartearen edota kulturaren arloetan ekintza arrakastatsuak izan diren tokietara joan gara eta joango gara, horiek aztertu eta Euskadin ezartzen saiatzeko. Gure herriaren ekonomia bizkortzeko hori daukagu alde batetik, eta, bestetik, lehendakariak eta hiru ahaldun nagusiek sustatutako Erakunde arteko Plana. Ia hamahiru mila milioi euroko inbertsioa eta hogei mila lanpostu sortzeko asmoa.
Ekonomia gaiekin jarraituz, eta honekin amaitzera noa, nire laugarren eta azken mezua helaraziko dizuet. Estatuko aurrekontu orokorren inguruan aurreikusitako negoziazioari buruzkoa da. Asko ari gara irakurtzen EAJk egingo duenari eta egingo ez duenari buruz. Oso argi hitz egingo dizuet. Galderak ez dizkigute guri zuzendu behar, Zapaterori baizik. Bera da aurrekontuak aurkezteko eta onartzeko arduraduna. Legealdiko lehen urte honetan oso garrantzitsuak dira, eta ez dute aurrekoen antzik, krisi ekonomikoari egin behar baitiote aurre. Ez dadila etorri orain PSE EAEko aurrekontuen planteamenduarekin egoerari buelta eman nahian! Jakin badakite Estatuko aurrekontuak negoziatzeko duten egoera bakartasun sintoma baino gehiago dela, nahiz eta Zapaterok hauteskundeen emaitzak jakin zituenean legealdia erosoagoa izango zela esan.
Nik ez dakit kontu hauetan EAJrekin konpontzea erraza edo zaila den, baina inork ez du ukatuko argiak eta gardenak garenik gure jarreretan. Ulertuko duzuen bezala, gorputzak eskatzen diguna ZPrekin begia begi truk «jokatzea» da; hau da, ezezkoaren truke ezezkoa ematea. Erradikalak bagara eta mendian bagaude, eta gure ekimenek Espainia arriskuan jartzen badute, aurrekontuetarako gure botoek ere kutsatu egingo lituzkete. Koherentzia apur bat balute, esango ligukete: «Ez, zuekin ez». Baina gure botoak interesatzen zaizkie, ordea.
Eta guk, mendia ez ezik, itsaso eta lautada zabalak ditugu, eta Estatuko politiken eragina sentitzen duen gizartea. Gu hitz egiteko prest gaude. Pentsatzekoa denez, ez dugu hitz egingo Zapatero estualdi horretatik ateratzeko. Guregatik balitz, pixka bat gehiago estutuko genuke. Horixe merezi du, eta horixe litzateke bidezkoa ordain bereko legearen arabera. Baina gu ez gara horrelakoak. Eta, gainera, ezin dugu Zapatero astintzeko geure buruari harrika aritu. Estatuko aurrekontu orokorretan jasotzen dira ekonomia eta inbertsio ekintzei dagozkien neurri nagusiak, eta neurri horiek oso garrantzitsuak dira Euskadirentzat eta euskal ekonomiarentzat. Aurrekontu horietan ezarritakoak zuzenean eragiten die euskaldunen ekonomiari eta poltsikoei. Horregatik, arduratsuak garelako, hitz egiteko prest gaude. Ezer ahaztu gabe. Baina ez dugu Euskadiko sozialisten eta PSEren idazkari nagusiak defendatzen duena defendatuko; hau da, kontsultaren ekimena dagoen bitartean, hiru aurrezki kutxak ez direla fusionatuko. Euskadiko herritarren eta ekonomiaren interesei mesede handiena egiten dien aurrekontuak lortzen saiatzen gara beti. Ez dakit gure jarrera prezio garestia edo merkea irudituko zaien, baina oso zorrotzak eta arduratsuak izango gara gure eskakizunetan. Ekonomia suspertzeari buruz serioski hitz egiteko, Euskadiri merezi duena emateko eta harri-kartoizko politika ekonomiko hori zuzentzeko prest badaude, orduan bai, hitz egingo dugu. Makillajea nahi badute, hots, gure botoak hartu eta hautesleez ahaztu, beste leku batzuetara begira dezatela. Ez dugu engainuzko jokorik nahi.
Alderdikideok: garai zailak datoz, baina zirraragarriak. «Euzkadik behar zaitu» izan zen gure herrian sendo txertatu zen gure beste leloetako bat. Euskadik berriro behar gaitu gaur. Elkartuta eta burutsu jokatuta, ziur nago, ziur gaude, aurrean jarritako oztopo guztiak gaindituko ditugula oraingoan ere, eta gure oihuaren aldarria askoz gertuago izango dugula:
GORA EUZKADI ASKATUTA!