Iritzia
29Uztaila
2008
29 |
Iritzia

Gozatu euskaraz

Iritzia
Uztaila 29 | 2008 |
Iritzia

Egoera sozioekonomikoaren inguruan egiten diren hausnarketa eta azterketetan globalizazioak erabateko garrantzia du eta fenomeno horrek eragin handia du egoera soziolinguistikoari dagokionez ere. Zenbaiten ustez, XXI. mendean zehar oraingo hizkuntzen %90 desagertuko dira eta beste hainbatek ostera, iritzi honi katastrofistegia deritza. Dena dela, denok dakigu globalizazioaren aurrean estandarizazio sendoa duten hiztun komunitateek iraungo dutena.
Globalizazioak identitatearen jakinmina eta nortasun kolektiboaren etorkizunari buruzko kezka ere ekarri ditu. Espainiar estatua ez dago eztabaida honetatik kanpo. Erromantizismo alemaniarraren ostetik honako bi mende luzeotan hizkuntza eta nazioa elkarrekin lotu izan diren arren, gaur egungo belaunaldien identitate-moldeetan hizkuntza-faktoreak ez du horrenbesteko garrantzirik, nahiz eta, oraindik ere, norbanakoetan zein herri mailako autoidentifikazio-prozesuetan hizkuntzak funtzio garrantzitsua izaten jarraitu.

Euskarari dagokionez, egia da euskal hiztun-masa kritikoa gero eta zabalagoa dena, egia den bezalaxe norberak hautatzen duena zein hizkuntza erabili, euskaldun elebidunez edo eleanitzez ari bagara behintzat.

Hiztun-komunitateraren izaera eta irudia oso garrantzitsuak dira hiritarren gehiengo handiak hizkuntza horren aldeko jarrera positiboa izan dezan. Beraz, hizkuntza-komunitateak interesgarri eta erakargarri azaltzen asmatu behar du, norbere buruarentzat zein gainontzeko hizkuntza-komunitateen begien aurrean. Baita irudi askotarikoa, plurala, eskaini ere.

Gurean, Anjel Lertxundik dioenez, zeharo lausotua da euskal munduaren irudia erdal esparruan, euskararen beraren kaltetan gainera, jakina. Euskal mundua anitza den arren, monolitiko samar ikusten gaituzte kanpotik. Euskararen mundua plurala bada ere, erdaldun askok ez du horrela sumatzen, eta aniztasun hori komunikatu beharrean gaude, lausotasun antzuari gardentasun oparoa eskaini ahal izateko.

Jendea euskarari atxikitzea da helburua, baina ez ideologiaz bakarrik --ezta arrazoi praktikoz edo gurari sinbolikoz ere soilik--, modu sakon, barnekoi, sendo eta zindoz baino. Aginduak, betekizunak eta eskakizunak baztertu eta limurtzen, liluratzen eta maitemintzen ahalegintzeko unea da, jendea bere kauta euskararenganatzen saiatzeko ordua. Bizitzako unerik eta egoerarik ederrenetan gozatzeko euskara ezin egokiagoa dela erakutsi beharko badugu, euskararen inguruko iragarkiak baino egiazko euskal produktu erakargarriak behar adina sortzen asmatu beharko dugu.

Hori guztiori lortzeko estrategiak ezinbestekoa du erdal hiztunen komunitatearekin komunikazio-zubi aproposak eraikitzea eta, lantzean behin, baita euren azalean sartzen ahalegintzea ere. Eta, hasteko, eskerrak ematen hasi, euskararik jakin ez eta seme-alabak euskalduntzeko borondatea erakutsi duten hiritar guztien ahaleginek goraipamena merezi dute-eta.

Ildo beretik, ezin dugu ahaztu –are gutxiago ezkutatu-- eskolan euskara nahikoa edo egokia ematen asmatu ez dietelako, gurasoek benetan euskaraz hezi ez dituztelako edota beste hainbat arrazoiz, makina bat gazte ez dela gai euskaraz ganoraz moldatzeko. Ez dute gozatzen euskaraz; ez die balio beren komunikazio-premiak asetzeko. Eta, segurutik, ez dira beti errudun, eta are gutxiago errudun bakarrak.

Euskara gozagarri egiteko produktuak behar ditugu, produktu arrakastatsuak, baita euskarazko eredu erakargarriak ere. Ezer gutxirako balio du euskara frexkoa dela, modernoa dela, jantzia dela behin eta berriz errepikatzeak, gero, egunerokotasunean, promesa horri eutsiko dioten produktuak ez badauzkagu. Bete-betean kontsumigarriak diren euskal produktuak falta zaizkigu, baina ez euskaraz daudelako kontsumitu beharrekoak, euskaraz izan ”arren” kontsumitzekoak baizik. Euskarak hedonismoarekin eta plazerrarekin behar du behingoz topo egin, batere lotsa eta espanturik gabe. Ez ”hori” bakarrik. Baina bai hori ere.

Euskararen aldeko lege-babes eta politika eraginkorragoak ahalbideratzeko, beharrezkoa izango da gizarte osoan adostasun zabalak bilatzea. Lege babesik gabe ez dago zer eginik, baina legeak ez dira panazea hizkuntza gutxituen normaltze-prozesuetan. Horregatik, eremu politiko-instituzionalean adostu eta hartu daitezkeen neurri juridikoez gainera, derrigorrezkoa da euskararen aldeko diskurtso, estrategia eta jokamolde eraginkorrak ere lantzea eta antolatzea.

Horretarako, produktu-aukera erakargarria, merkatuko prezioan eta banaketa egokiaz bideratzeaz gainera, komunikazioaren garrantziaz jabetu beharko dugu. Hizkuntza normaltzeko prozesuetan komunikazioa behar den moduan erabiltzeko ahalegin handiagoa egin beharko dugu aurrerantzean.

Euskara da gure marka identifikagarria eta, beste edozein markak bezala, komunikazio-estrategia eraginkorra eta emankorra behar du, balizko kontsumitzaileentzat erakargarri, desiragarri eta gustagarri izango bada. Euskarak eta euskal munduak marka-irudi hobea lortu behar dute, euskarak prestigioa zein hiztunak irabazi ditzan, Kirikiñok aspaldi aldarrikatu zuen eran.

Euskalgintzaren modernizazioaren alorrean, Bizkaiko Foru Aldundiak badu erantzukizunik, bai maila politikoan zein teknikoan. Eta, bakarren batek pentsa badezake ere neure teilatura harriak botazen ari naizela, zintzoa izatekotan aitortu behar dut baliabide ekonomiko gehiago behar dugun arren, ez dela diruaren falta gure lehen arazoa. Eskasia guztien azpitik eta aitzakia guztien gainetik, orain dugu garaia guztion artean euskarak indarberritzeko behar dituen oinarriak elkarlanean asmatzeko. Izango al gara gai....

PARTEKATU