Juan Mari Atutxak jakinarazi dizuen moduan, azken urteetan berebiziko aldaketak izan ditugu gizartean. Euskal nazionalismoak aldaketa horietara egokitzeko gauza izan behar du, EAJk Euskadiko gizartea aldatzeko erremintarik erabilgarriena izaten jarrai dezan.
EAJn konpromiso bat daukagu hartuta euskal gizartearekiko: modu irekian eta kolektiboan hausnarketa egitea, munduan ospe handia duten adituen babesarekin, Euskadi etorkizunean non kokatu nahi dugun jakiteko. Kontratu sozial horri «Think Gaur Euskadi 2020» deitu diogu.
Prozesu honek Europa iparraldeko herriei begiratu die hasiera-hasieratik. Orain lau urte, Kopenhageko Etorkizuneko Ikasketen Institutuak Europa iparraldeko bost herrialdeek egindako galdera bati erantzun zion:
«2020an existituko al da eskandinaviar izaera?». Eta, hala, Norden 2020 azterketa abiarazi zuten.
Herrialde eskandinaviarren esperientziak ezagutzeko, EAJren eta Sabino Arana Fundazioaren hainbat ordezkarik gertutik aztertu dituzte Eskandinaviako errealitateak.
Beste hainbaten artean, SAMAK fundazioarekin ere ipini gara harremanetan; Eskandinaviako alderdi sozialdemokratek, sindikatuen konfederazioek eta Danimarkako Ikerketa Sozialen Departamentuak sustatutako fundazioarekin, hain justu.
Horrenbestez, EAJk Euskadin sustatuko dituen politika sozialek Europa iparraldeko herrialdeak izango dituzte erreferente; hau da, Eskandinavian emaitza onak izan dituzten politika sozialak.
Hori dela eta, lan proposamen bat egin genuen. Gizarte ekintzan adituak diren nazioarteko adituen kolaborazioa eskatu genuen, beren eskarmentua oinarri hartuta, aurreikuspen ariketa bat egiteko. Aurreikuspen edo iragarpen horrek euskal herritarrentzat proposamen eta ekintza zehatzak formulatzeko balioko du.
Eta, alde horretatik, Europa iparraldeko herrialdeak gu baino aurreratuagoak daude: guk baino askoz ere lehenago garatu zituzten zerbitzu sozialen sistema publikoak eta, beraz, guk baino baliabide hobeak dituzte aldatzen ari den errealitateari aurre egiteko; zahartzaroari aurre egiteko, hain justu. Izan ere, zahartzaroak are gehiago aldatuko baititu gure egitura sozialak. Guk abantaila bat daukagu: Europa iparraldeko herriak har ditzakegula lanerako eredu gisa. Euskal gizartearen eta hangoen arteko desberdintasunak desberdintasun, besteen esperientziatik ahalik eta gehien ikasi behar dugu.
Hori dela eta, Sabino Arana Fundazioak hitzarmen bat sinatu du Kopenhageko Etorkizuneko Ikasketen Institutuarekin. Eta horren berri eman nahi dizuegu gaur. Kopenhageko Etorkizunen Ikasketen Institutua Europako prospektiba zentro bat da, ikerketaren, analisiaren, txostenen eta abarren arabera, etorkizuneko joerak identifikatzen eta aztertzen dituena, maila nazionalean zein nazioartean. Institutuaren helburua erakunde publikoetan eta pribatuetan erabakiak hartzeko oinarria sendotzea da, etorkizuneko kontzientzia sortuta eta oraina kontuan hartuta. Horretarako, diziplina ugariko kideek osatzen dute lantaldea: ekonomialariek, politologoek, psikologoek, ingeniariek, komunikazio adituek, soziologoek, filosofoek eta etnologoek.
Euzko Alderdi Jeltzalearen kideoi zoriontzeko modukoa iruditzen zaigu hitzarmen hau sinatu izana; izan ere, megajoera handiek Euskadirentzat izango dituzten aukerak eta mehatxuak aztertuko baititu, eta megajoera horiek markatuko baitute Euskadiko aldaketa soziala. Baina Axel Olesen irakaslea mintzatuko zaigu horren inguruan.
Izan ere, Europan punta-puntako zerbitzu sozialen sistema duen euskal gizartea nahi baitugu. Pertsona, familia eta talde guztientzat erakargarriak eta eraginkorrak diren zerbitzu sozialak nahi ditugu; lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzen lagunduko dutenak. Gizon-emakumeen arteko berdintasuna eta pertsona guztien duintasuna zein autonomia sustatzen duten zerbitzu sozialak nahi ditugu, oinarrizko prestazioak doan emango dituztenak.
Lehen aipatu dudan moduan, lan hau EAJren «Think Gaur Euskadi 2020» proiektu estrategikoaren barruan dago txertatuta, eta bere helburua, ikuspegi globala aintzat hartuta, etorkizunerako proposamenak artikulatzea da. Ikerketa honek politika sozial aktiboak garatzen lagunduko digu, inor ere zokoratuta geldi ez dadin; hartara, guztiok parte hartzeko moduko gizarte inklusiboa sortuko dugu. Azken batean, Euskadiko gizon-emakumeei beharrezko zerbitzu guztiak eman behar dizkiegu, beren bizitza proiektuak gara ditzaten.
Hori dela eta, EAJk interes berezia du «Think Gaur Euskadi 2020» proiektuaren bidez aldaketa soziala sustatzeko, baita politika eraldatzaileak sustatzeko ere, betiere Europa iparraldeko herrialdeen eredua oinarri hartuta.
Beti esan izan da historia errepikatu egiten dela. Nolabait ere predeterminazio historiko baten mende gaudela esan izan dugu; behin eta berriz akats berak egin izan ditugu, porrot berak eta errezeta berak... Egia esan behar badut, ez dut uste horrela denik. Ez dago ezertarako predeterminaziorik. Predeterminazio bakarra dago: momentuan interesatzen zaiguna. Sasoi bakoitza desberdina da, eta aro bakoitzean, etapa bakoitzean, eskuzabalak eta kontsekuenteak izan behar dugu geure buruarekin eta etorkizuneko belaunaldiekin —are gehiago nolabaiteko erantzukizun postu bat daukagunok— gizartearen arazoak konpontzeko ekimenak aplikatzeko orduan.
Nire ustez, konpontzeko borondaterik ez dagoenean bakarrik gelditzen dira arazoak konpondu gabe. Eta benetan uste dut hemen badagoela konpondu nahi ez den arazo politiko bat. Rui Barbosa politikari brasildarrak esaten zuen politikariak hurrengo hautaketan pentsatzen duela, eta estatistak, berriz, hurrengo belaunaldian. Eta ziur nago Espainiako Gobernuko presidenteak uko egin diola benetako estatista izateari; sekula pentsatu bazuen, behintzat. Azken hilabeteetan modu publikoan planteatu dugu Zapateroren benetako aurpegia zein den jakin nahi dugula. Hauteskundeak berriro irabazi bakarrik egin nahi duen politikaria eta bera joaten denean gertatzen dena bost axola zaiona. Edota benetako estatista. Estatistak galdu egin du, eta epe laburreko politikaria gailendu da.
Herrialde honetan oinarrizko bi zati daude arazoak konpontzeko. Orain 30 urtetik oztopoak ipintzen ari badira ere konponbidea beraiei (hau da, Estatuari eta ezker erradikalari) interesatzen zaienean ager dadin. Eta, oraingoz, antza denez, ez zaie interesatzen. Gaur Estatua Rodríguez Zapatero da, eta, oraingoz, hemendik lau urtera berriro presidente izateko moduaz baino ez da ari pentsatzen. Ezker abertzalea, berriz, ETAk ordezkatzen du (azken 30 urteetan baino askoz ere gehiago orain), eta hura ere ez da egongo ezertarako prest. Historiak eta esperientziak erakusten du besteen ekimenak hankaz gora ipintzeko baino ez direla ados ipintzen. Eta bazterrak nahastu ostean, betiko egoerara bueltatu. Uste dut honek aldatu beharra daukala, eta aldatu egingo dela.