Sarri baino sarriagotan entzun behar izan dugu euskal abertzaletasuna bidaiatuz osatzen den gaixotasuna dela, jeltzalea izatea itxiaren, endogamikoaren sinonimoa balitz legez edo, txarragoa dena, “baldarrarena”. Baina egia bestelakoa da, gure Alderdia sortu zenetik bertatik beti kanpoari adi egon den mugimendua izan delako, beti izan delako kapaz sasoi guztietako joerarik aurreratu eta abangoardiakoenekin bat egiteko. Berrizale eta nazioarteko izateko asmo hori gure Alderdiaren jatorrian bertan agertzen zen, eta nahiko da gogora ekartzea guri Foruak kentzearen eta gertaera horrek gure Herrian eragin zuen talde-depresioari aurre egiteko Sabino Aranaren erantzuna erromantizismo alemanaren ildotik jotzea izan zela, erreakzio horri egitura ideologiko positibo eta modernoa eman nahi izan ziolako.
Errepublikaren garaiko Espainian batzuen eta besteen bide antzua elkarri bi Espainiak jaurtitzea zenean guk gure lehen Aberri Eguna ospatu genuen, 32koa, Euskadi-Europa goiburuarekin. Gauza izan ginen Pirinioak eta Landak baino askoz harago begiratzeko, "Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz" idatzi zuen Agirre lehendakaria buru zela atzerriko gure gizon eta emakumeek ere egin zuten bezala. Urteak garrenean ere Europa izan zen gure erreferente nagusia 77ko trantsizio demokratikoan, alderdi espainiarren hasiera eta amaiera Madril baino ez zenean eta Euskadin muturreko ezkerraren erreferenteak, itxura abertzalez jantzita egon arren, hasieran Algeriako eta gero Ertamerikako iraultzak zirenean.
Gaur geure buruak berriz kokatzeko beharrizana dugu. Hori da Think Gaur, oinak Euskadin edukitzea, baina burua eta zentzumen guztiak Munduari adi. Munduari adi, beste herri batzuk euren etorkizuna bermatzeko zer egiten ari diren ezagutzeko; gurera gizarte osoan banatzeko aurrerakuntza, ongizatea eta aberastasuna ekartzeko. Munduari adi ahalik eta arinen Euskal Herriarentzat arriskuak edo gure asmoak mugatzeko zalantzak non dauden asmatzeko. Munduari adi, azken finean, Euskadik dagokion tokia izan dezan nazioarteko ordena berrian; toki bermatua, txikia baina segurua, berea eta ez inorena. Prozesu honen emaitza Euskadirentzat etapa berria izango dena zuzentzeko proposamenak, ideiak eta proiektuak izango dira. Etorkizun konpartituko proiektua izatea gura dugu eta horregatik diseinatu dugu parte hartzeko egokituta, oso irekia, nazioarteko adituekin, kanpora bidaiak egin ostean eta, batez ere, zuen proposamenak eta eskariak aintzat hartuta, baina ez alderdikideenak bakarrik, euskal gizarte osoarenak baizik.
Euskadin, baina baita Espainian ere, eta munduko herri demokratiko guztietan esango nuke, alderdi politikoak hiru kategoriatan sailkatzen dira. Lehenengo eta behin, helburutzat merkatua baino ez dutenak daude, dudarik gabe eskuinean kokatzen direnak; badaude beste batzuk helburu nagusitzat Estatuak pertsonen jarduera guztiengan duen kontrola sendotzea dutenak, ezkerrean gauzatzen direnak; eta, azkenik, ardura eta zeregin nagusi moduan herritarrak dituzten alderdiak daude. Argi dago azken hori dela Eusko Alderdi Jeltzalearen esparrua.
Eta horrexegatik jakin dakigu gauza izango garela euskaldunei gizarte kontratu berria eskaintzeko. Kontratu horretan, argi eta garbi, Euskal Nazioarekin eta bertoko biztanle guztiekin ditugun konpromisoak erakutsiko ditugu. Euskadi aurreratua eraikitzeko konpromiso zehatzak, guztion artean banatuko den garapen ekonomiko egokiarekin; Euskadi solidarioa eta, aldi berean, berrizalea, ekonomia eta ingurumena bateragarri bihurtuko dituena; segurtasuna eta askatasuna binomioa ere zilegi bihurtuko duena. Euskadi euskalduna eta eleanitza, nortasun eta kultura oso markatuak dituena baina ateak zabalik izango dituena kultura askotarikotasunaren eta abangoardia artistikoen haizeak jasotzeko.
Euskadi zuri, berde eta gorria amesten dugu.
Garraren gorria, EAJ-PNVk Euskadiren alde duen ilusioz betetako konpromisoarena. Konpromisoaren, gure geure konpromisoaren unea da, Alderditik eta Erakundeetatik, euskaldunek zer nahi duten entzun eta aditzeko eta gizarteari hori emateko ahalegina egiteko. Herritarren eta euren familien bizitzetara lasaitasuna eta egonkortasuna eramateko eta, aldi berean, Nazio moduan gure herriari normaltasun politikoa ekarriko dion estatus politiko bereiztura iristeko.
Urte hauetan hori guztia lortzeko ahaleginak eta bi egin ditugu. 79an Gernikako Estatutuarekin, eta gero Ajuria Eneko Ituna zeritzonarekin. Aurrerago berriz saiatu ginen Ajuria-Enean eta Lizarran. Eta hark ETAren erruz porrot egin zuenean Estatutu Politiko Berriaren aldeko ahalegina egin genuen, Rodríguez Zapatero eta Rajoyren ezetzak jaso zituena.
Orain erakunde ekimen berria daukagu esku artean. Bidezkoa, demokratikoa eta asmo onekoa da eta lan egin dugu eta lan egingo dugu aurrera egin dezan, baina aurreko abagune guztietan bezala, ez edonola, ez beste batzuen interesen prezioan. Oso argi daukagu batzuen eta besteen konpromiso ezagatik ekimen honek arrakastarik ez badu gu, hau berau sortu duten oinarrietatik abiatuta, behin eta berriz saiatuko garela. Erantzukizunez jokatuko dugu. Eta gure gustukoak izan ez arren jokoaren arauak onartuko genituela ozen eta argi esan genuen moduan, hemen, zuek lekuko zaretela, baieztatu egiten dizuet gure gizartearen babesa lortzen badugu, euskal herritarrek nahi badute eta hori lortzeko grinaz jokatzen badute, agintari espainiarren mehatxuak edo hango auzitegien epaiak alferrikakoak izango direla. Ezinezkoa da euren ekintzekin balore etikoak eta demokratikoak hausten dituztenen erabakiek euskaldunen borondatea eta etorkizuna bahitzea; aldi berean, ez da bidezkoa hori gertatzen den bitartean euskaldunen borondatea eta etorkizuna euskal gizartearen erronkei dagokienez ez ikusiarena egiten dutenen jarrera pasiboaren menpe egotea.
Eta, lehen ere esan dugun moduan, Euskadi berdea izatea nahi dugu. Ez bakarrik naturaren, ingurumenaren berdea; batez ere itxaropenaren berdea. Itxaropena, Herri moduan, Nazio moduan geure buruarengan konfiantza edukitzea. Herrien etorkizuna ez da "per se" idazten. Baten batek idatzi behar du eta gurea, gure etorkizuna, guk geuk idatzi behar dugu, geuk erabakita, eta ez inoren eskuetan utzi. Euskadi berdea gizarte modernoa eta prestatua daukagulako. Oso argi daukagu gizarteak eboluzionatu egin duela eta politikak garrantzia galdu duela, baina hori gorabehera gure gizarteak oso argi du bere Nazioari Euskadi deritzola eta berton bizi eta hemen egin nahi duela aurrera seme-alabekin. Beraz, gure jendearen, gure gizartearen aldeko uste ona eta konfiantza, gure Herriaren aldekoa.
Eta bakea adieraziko lukeen Euskadi zuria. Bakea behar dugu, biolentziarik eza baino zerbait gehiago den bakea. Askatasunak ematen duen bakea nahi dugu. Herri aske baterako gizon askeak, emakume askeak, pertsona askeak.
Hamaika aldiz esan dugu eta beste behin errepikatzeko prest gaude: Euskadirentzat kolore zuri hori eragozten duen oztopoa ETA da. Horregatik, ez daukagu inolako loturarik ETArekin eta defendatzen, zuritzen edo, besterik ezean, etorkizunari ekiteko ausardiarik gabe ETA onartzen dutenekin, eta indarkeriak irauten duen bitartean ez dugu horiekiko inolako harremanik edo zortasunik izango. Eta bat ere ez diodanean, bat ere ez da.
Euskadi zuri, berde eta gorria nahi dugulako konpromiso gartsua eskatzen dizuet, zertarako-eta nazioa, itxaropena eta gure geure buruekiko konfiantza eraikitzeko. Eta, beste ezeri ekin aurretik, bakea bilatzeko.
Euskadi zuri, berde eta gorria nahi dugulako gure konpromisorik behinena erakutsi behar dugu: erkidegoa eraikitzeko gizartearekin hitz egiteko grina. Horretarako gure itxaropenaren oinarria Alderdi eta Herri moduan gure buruekiko konfiantza da. Beharkizuna ere argia da, orbanak desagertzea Euskadik bakea behar duelako. Alderdia, proiektua eta pertsonak XXI. mendeko Euskadi askerako.
Gora Euskadi Askatuta!!