Lehen hausnarketa gisa, eta gaur hemen gauden guztion izenean ari naizelakoan nago, esango nuke gutako inork ez zuela uste Auzitegi Gorenak astelehenean hartu zuen erabakia hartuko zuenik, aurretik egindako guztiak ikusita ere. Gutako inori ez litzaioke gustatuko uneotan egoera hau bizi behar izatea. Inori ez. Eta are gutxiago Juan Mari Atutxari, Kontxi Bilbaori eta Gorka Knörri. Era berean, beren lana eraginkortasunez, zintzotasunez eta profesionaltasunez egiten duten ehunka epaileren eta magistraturen lana errekonozitu nahiko nuke.
Mendekua hotz zerbitzatzen den platera da; hala idatzi zuen, orain mende batzuk, Pierre Laclosek. Eta hori da euskal gizartean egun hauetan geratu den irudia, edo irudietako bat gutxienez: magistratu batzuena, bere txanda noiz iritsiko zain zegoen Auzitegi Gorenarena, Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörr noiz kondenatuko zain —hainbatetan absolbituta utzi ostean—. Mendekua... Euskal herritarrentzako eta beren instituzioentzako eskarmentua... Umiliazioa... Ez dakit auzitegiaren erabakian pisurik handiena zerk izan duen. Edonola ere, espero dut haietako inork ez zuela buruan frustrazio eta hoztasun sentsazioa sortzeko intentziorik izango, atzera buelta zaila izango luketen erabakiak eta erreakzioak sortze aldera. Hezurrari kosk.
Azken orduetan era guztietako kritikak entzun ditugu euskal instituzioek eta manifestazio hau deitu dugun alderdiok epai honen aurrean egin dugun altxamenduaren ostean: Epailetzaren kontrako errebelioa, justiziari desafioa, auzitegiei jaramonik ez egitea, hauteskundeei begira egoera instrumentalizatzea, «gaizkile» batzuk defendatu izana, elkar ulertzea lortzeko zubi guztiak haustea...
Antza denez, gaur hemen ordezkatuta gauden alderdi guztiok Estatuaren botere bat irrazionalki eraso dugu. Eta, nik dakidala, istorioak ez dira amaieratik hasita idazten. Batez ere, kondena juridikoa Legebiltzarraren ekintza baten kontrakoa denean, ez ekintza indibidualen kontra.
Egun hauetan, arrazoi juridikoak, politikoak eta prozesalak eman dituzte, epai hau munduan, gure inguruko herrialde demokratikoetan, sekula ikusi gabeko auzi bilakatzen dutenak. Dena den, prozeduraren neurri judizialak eta asmo politikoa larriak badira ere, ez da onargarria epaileek euskal erakundeak subordinatu eta haietan esku hartu nahi izatea, borondate politikoaren gainetik, herritarren borondatearen gainetik, botere judizial eta legegile guztiahaldun bat izango balitz bezala, anbizio exekutiboarekin.
Atutxaren, Knörren eta Bilbaoren duintasuna defendatzen dugu, baita ganbera osatzen duten beste 72 legebiltzarkideena ere. Legebiltzarrean, guztiek dute duintasuna: Patxi Lópezek, María San Gilek eta hautestontzietan akta izan zuten hautetsi guztiek, euskal herritarrek hala nahi izan zutelako. Guk bai sinesten dugula gure instituzioetan.
Horregatik egiten diegu herritarrei kalera irteteko deia: herriaren borondatea inork ere ezin duela gaiztotu adierazteko. Beren burua legezkotasunaren interprete gisa dutenek ezin dezakete herriaren borondatearekin jolastu; ezin dezakete beren gurari politikoaren arabera okertu, botere korporatibo baten zigorgabetasuna oinarri hartuta eta kontrol demokratiko guztien muturrean. «Gure instituzioak defendatzeko» leloa izango du Bilbon datorren larunbateko arratsaldeko seietarako deitu dugun manifestazioak.
* EAJren EBBren lehendakari den Iñigo Urkulluren hitzaldia 2008ko urtarrilaren 26ko manifestazioaren aurkezpenean.