IRATZARRITA EGONDA ERE EGIN DAITEKE AMETS
Eskerrik asko. Txaloaldi hau beronen benetako jasotzaileekin partekatu nahi dut; hain zuzen ere, Euzko Alderdi Jeltzalearen 112 urte hauetan geuk guztiok Alderdiaren lekukoa hartzea ahalbidetu duten milaka gizon-emakumeekin. Izan ere, erakunde bizia da geurea, eta gogor egingo du lan geure betiko helburua lortzeko: Euzkadiren nazio-eraikuntza; horren subiranotasuna, gizon-emakume askeen herri asketzat. Bai, geure orainaren eta geroaren jabe izan nahi dugu, baina ekintza politikoaren bidez, eta giza eskubideak, desberdintasunak eta aniztasuna errespetatuz.
Derrigorrez ezer ezarri barik. Azpian hartu gabe. Egia beti aurretik. Geure egia. Izan ere, geure gizartea orbanez beteta daukagu, derrigorrezko ezarpenekin, errepresaliekin eta errepresioarekin beteta, eta horrek egiaztatu egiten du gure irmotasun demokratikoa eta bakezalea. Eta esperientzia mingarri horren eraginez, gaur inoiz baino trinkoago, Manuel de Irujoren tesia berretsi nahi dugu: "norbera ideia batengatik hiltzeak merezi du; baina ez da ideia horrengatik inor hil behar, inoiz ere ez".
Horrenbestez, nire hitzaldiaren aurreko txaloaldi hori, besteak beste, honako gizon-emakume hauen omenezko izan da:
Ceferino de Jemein, Manuel Irujo, Jesús María de Leizaola, Luis Arredondo, Javier de Landaburu, Jose Antonio Agirre, Haydée Agirre, Tere Rotaetxe edo Polixene de Trabudua, Doroteo Ziaurriz edo Karmele Errazti eta, jakina, azken urteotan Euzkadi Buru Batzarrean nire aurretik egon diren guztiak: Juan de Ajuriaguerra, Carlos Garaikoetxea, Roman Sodupe, Jesús Insausti Uzturre, Xabier Arzalluz eta Josu Jon Imaz. Eta beste ehunka militante ezagun eta ezezagun, mende honetan oraingo Euzkadi eta biharko Euzkadi lortzeko onena eman dutenak.
Kate baten mailak gara denok. Tresna baten zerbitzuan, Euzko Alderdi Jeltzalearen zerbitzuan, gauden gizon-emakumeak. Euzkadiren zerupean eta euskaldunen zerbitzuan hazi eta heldu den alderdia.
Tresna hori, Euzko Alderdi Jeltzalea, gure herriko gizarte-aldaketen iman erakargarria izan da historia osoan. Aldaketa horiek barneratu, jarduera politikoa egokitu eta doktrina berreraiki du gure alderdiak, aldaketen eraginezko beharrizanak aintzat hartuta.
Euzkadiko gizartea islatzen zuen alderditzat sortu ginen. Gizarteari lagundu egin genion aldaketetara egokitzen. Bidea egiteko koordenatuak adierazi genituen. Horixe da alderdi honen arrakasta nagusienetariko bat. Begiak beti ondo irekita edukitzea. Erronkak identifikatzea eta beti aurrera egiteko ibilbide-orria trazatzea.
Jose Miguel de Barandiaranez zioenez, "kultura bat ezagutzeko, bizi egin behar da kultura hori". Beraz: "Noiz ikasiko ote dugu lehenengo oinekin eta gero buruarekin pentsatzen?".Gure legitimitatea zenbait garaitan alderdian militante izan eta hori ordezkatu duten gizon-emakumeen jardueran euskarritzen da. Sortze-aldian, doktrinaren eta programaren edukiari buruzko eztabaida gogorrak egon ziren. Gero, legeria modu baketsuan onartzeko konpromiso demokratikoa iritsi zen, hiritarren nahiaren aurka ezarritakoa aldatu ahal izateko.
Hauteskundeetan izandako arrasta, aginte politikoaren ondoriozko gobernuaren kudeaketa ona eta, erabaki garrantzitsuak hartzeko unean, arriskuaren onarpena: 1936ko altxamendu faxista, ETAren militarismoak 1977an sustaturiko fronte abertzalearen ukapena.
Une horietan guztietan, sortzen ziren ezbaiek EAJren altxorrik handienari esker aurkitu zuten soluzioa: Alderdia osatzen duten gizon-emakumeek askatasunez adierazitako iritzia eta kritika. Barruko demokrazia, pentsamendu-askatasuna eta leialtasuna, guztion artean hartutako erabakietan nahiz akordioetan.
Ez diogu inori irakaspenik eman nahi, oraindik ere aberastu eta hobetu egin behar baititugu gure jarduerak; hala eta guztiz ere, gure esperientzia erakutsi nahi diegu, XXI. mendean afiliatuen partaidetzarik ez duten alderdi politikoei, sormenezkoak edo betearazleak ez diren politika-mekanikako lanetara murrizten direlako.
Gizartea ezin da ezagutu gizarte-errealitatean erabat bizi den militantziaren iritziari eta eztabaidari lekurik utzi gabe. Barne-dinamikan balio horiek aintzat hartzen ez dituen alderdi politiko batek ezin du erakunde-funtzionamendu demokratikorik eta eraginkorrik eskaini euskal gizarterako. Barne-demokrazia, pentsamendu-askatasuna eta, denon arteko erabakietan, leialtasuna.
Batasuna helburu
Edozein alderdi politikoren eta, jakina, geure alderdiaren bigarren aberastasun nagusia batasuna da.
Euzko Alderdi Jeltzalearen biografia politikoan hamar urteroko bereizketak egon dira, bere jarduera legez onartuta egon denean.
Horrela, azken 20 urteotan, mende oso bateko errebindikazioen, ahaleginen eta zatikako lorpenen ostean sormen-helburuak ez lortzeak sortutako tentsioen ondorioz, eta etorkizun hurbilaren gobernua geure esku eduki dugula ere kontuan hartuta (hiritarrek nahita, euren konfiantza eman digutelako), batzuen kasuan etsipena nagusitu da, beste zenbaitek ordezko ideologiak bilatu dituzte (alferreko bilaketa), eta erakundeetako gobernuaren interpretazio erosora egokitzeko arriskua ere sortu da. Horri, gainera, ohiko beste osagai batzuk gehitu behar zaizkio; esate baterako, belaunaldien arteko txanda, buruzagitza indartsuen amaiera edo lubakitze estrategikoari loturiko zikloen bukaera.
Azken urteotan ez da bereizketa-tirabirarik egon. Izan ere, Alderdiaren heldutasuna begien bistakoa da, eta kanpotik fakzio-buruzagitzat aurkeztu direnak beste inor baino helduagoak izan direlako.
Josu Jon Imaz paradoxa horren lekukoa eta protagonista izan da. Kateko beste maila bat izan da. Inork baino konpromiso handiagoa hartu zuen, katea ez apurtzeko. Katea ez da eten. Eta arriskuan sartzen ere jakin zuen. Eta arriskuan sartu zen. Ideia freskoekin, jakina, ehun urteko itsasontzi honek aberriaren askatasunerantz egin behar duen bidea adierazten jarraitu ahal izateko.
Katea ez da eten. Alderdiaren izenean, eskerrik asko.
Josu Jonek, tirabiren berri izanik, eta balio nagusia batasuna, indarra eta zintzotasuna zirela zekienez, Alderdiaren batasuna zaintzeko erabakirik onena hartu zuen.
Karguari uko egitea ez da ohikoa politikan, batez ere halako kargu bati buruz ari garenean; baina uko egitea pedagogikoa da beti: uko eginez eta uko egitetik ikasi egiten dugu.
Horrexegatik esan dut lehen, hitz egiten hasi naizenean, zuen txaloaldi itzela denona dela. Gehienbat, geurea bezalako ehun urteko alderdi baten buruzagitzan egonik, guztiok ere makineria erraldoi baten zatiak garela ulertu dutenena, makineria horretan pertsonak funtsezkoak izan arren ez baikara ezinbestekoak, funtzionamendu orokorrerako. Izan ere, pertsonak igaro egiten gara, eta igaro egin behar gara, baina Alderdiak, transmisioko tresnatzat edo uhaltzat, iraun egin behar du, geu guztion gainetik. Hortik dator Euzko Alderdi Jeltzalearen batasunarekin eta indarrarekin dudan konpromisoa.
Euskarri horietan oinarrituz, gaur amaiera emango diogu beste berriztapen-prozesu bati. Berriztapena praxian eta giza taldeetan, erakundeen arloan dagoen errealitateari jarraituz. Betiko alderdia; beraz, oraingoa eta etorkizunekoa. Asko, gehiegi eman dugu aurreko lau urteotan geure buruari so-egiten. Egina dago¡. Gizartea ilusioz berriro ere begira jarriko gara.
Ziklo-aldaketa
Esparru politikoan, elkarri eragiten dioten hiru inertzien orratz-aldaketa nabaritu dugu: indarkeriaren amaiera, alderdien arteko inkomunikazioa eta, aurreko bien ondorioz, txandakatze politikoa ahalbidetzeko interes partekatuak, EAJ-PNVk ordezkaturiko abertzaletasun instituzionala gobernutik modu demokratikoan kanporatzeko.
Etorkizunak gure konpromisoa behar du. Horrenbestez, garai politiko baten amaieran gaude, zalantzarik gabe, baina etorkizuneko erreferentziak ez dira hain argiak. "Iragana hil da, baina berria oraindik ez da sortu". Euskal politika bidegurutzean dagoela esaten da, sarritan. Baina, bidegurutze horretan, ertz zehatzak dituzten bide bakarrak lehendik ibilitakoak dira, eta ez du merezi horiek berriro ibiltzeak, hori atzerantz joatea izango litzatekeelako. Eta bide berriak trazatu egin behar dira, sasiz garbitu behar dira. Horixe da geure lana, Euzko Alderdi Jeltzalearen lana. Euskal Naziorako bidea egitea, euskaldunok Euzkadiren etorkizuna geuk idatzi ahal izateko baldintzak sortzea. Eta etorkizun hori binomio batetik etorriko da: bakea (giza eskubideen errespetua) eta normalizazio politikoa (subjektu politikoa, erabakitzeko eskubidea eta hori gauzatzeko akordioa onartzea). Azken batean, bi berrespen handitan euskarrituriko erdiko posizioa da: BAI bakeari eta BAI Autodeterminazio Eskubideari. Baietza ematen diogu geure Herriko hiritarren borondate-batuketan oinarrituriko nazio-eraikuntzari.
Argi daukagu ziklo-aldaketa hau bi printzipiotan euskarritu behar dela, oinarrizko bi elementutan: bakea eta normalizazio politikoa. Printzipio etikoa eta printzipio demokratikoa, bakoitza bere kudeaketa bereziarekin; horiexek dira, gizarte-eraikuntzarekin batera, EAJ-PNVren erronkak.
Ia berrogeita hamar urteko altxamendu armatuaren, indarkeria iraultzailearen eta beldurrezko ekintza izugarrien ostean, ETA kategoria historikoa da, adibide txar ikaragarria, inoiz sortu behar ez zen zerbait, hil egin nahi ez duen zerbait, eta horrexegatik hiltzen du oraindik. Politikaren arloan presio eta tenperatura jakinak daudenean, aurrekari jakinetan oinarrituriko eta horien eraginezko elementuren bat sortzen da batzuetan. ETA frankismoaren garaian sortu zen, euskal arazoa argudiatuz eta indarkeria proposatuz, euskaldunen erabateko askatasuna lortzeko bide eraginkor bakarra balitz bezala. Berehala, orain bezala orduan ere demokratikoa zen abertzaletasunetik, zenbaitek esan zuten, adibidez, Juan Ajuriagerrak, krimena krimen dela beti. Hala ere, krimena Errepublikaren demokrazia eta autogobernua indarkeriaz suntsitu zutenen aurka bideratzen zenez, batzuek onartu ez baina ulertu egin zuten hilketa politikoa. Zenbait urtetako krimenen ostean, euskal gizarteak ulertu zuen gaitzetik ezin zela onik etorri, eta izua, izan ere, jasotzaileentzat heriotza eta erabiltzaileentzat bizimodua zela (ezagutzen duten bizimodu bakarra). Horrenbestez, ETAren amaiera politikoa agerian gelditu zen.
Hala eta guztiz ere, hil ala biziko berrogeita hamar urtek ETAren biziraupena baino ez dute lortu, eta errealitate bat eta erronka bat jartzen dizkigute aurrez aurre. Errealitatea: ETArekiko otzantasuna gizarte-presentzia saihestezinarekin bateratzen duen muturreko ezker abertzalea. Eta erronka, berriz, demokraziaren eta geure erakundeen funtzionamenduaren hobekuntza; eremu publikoaren zabalkundea, gizarte-partaidetzako beste forma batzuk sustatuz; abertzaleen errebindikazioen bultzada; euskaldun berrien harrera, immigrazioa... ETAren aurka demokrazia gehiago, eta, muturreko ezker abertzaleari dagokionez, mundua elkarrekin eraikitzeko eskaintza..., baldin eta izua gaitzesten badute.
Bakearen prezioak
Gure gizartea haserre dago politikariekin; izan ere, alde batetik, interes materialenen eta txikienen inguruko akordioak lortzen dituzte, eta, interesa handia denean, adibidez, bakea lortu behar denean, ostera, beti kalkuluak egiten ibili eta berekoikerian murgilduta jokatzen dute.
Zer ote du bakeak, lortzeko hain zaila izateko? Zerbait bai, esan ezin den zerbait: prezioa edo, hobeto esateko, prezio asko.
Bakea hil ala biziko kontua da, bai hiltzaileentzat eta bai hildakoentzat; funtsezkoa da Euzkadirentzat. Baina kalkulu politikoa ere egiten ari dira batzuk bakearen inguruan. Denon bakea ez da eragile politiko bakoitzak eskuratu nahi dituen onuren aurrerapentzat lortutako bakea. Denon bakearen baldintza nagusia izurik ez egotea da, eta, ondorioa eta saria, berriz, izua garaitzea eta normaltasun demokratikoa lortzea.
Demokrazian Espainiako gobernu guztiek hori probatzeko tentaldia izan dute, eta ETAko buru guztiek ere erabili egin nahi izan dute. Hala eta guztiz ere, hasierako jarrera goresgarri guztiak, kasurik onenean ere, taktika edo estrategia bihurtu dira azkenean, betiere hauteskundeak nahiko hurbil egotearen Damoklesen ezpataren azpian.
Amaitu da ETAren garaia. Eta hori ondo daki gure gizartearen %99,9k. Gainera, muturreko ezker abertzalearen mundua bera jabetu da ondoen horretaz. Bizirik irauteko ahalegina ikusten ari gara, talde txiki-txiki bat bizirik irauteko egiten ari den ahalegina; izan ere, muturreko ezker abertzalearen barruko gehien-gehienak beldur dira ETAren osteko euskal gizartea aurrez aurre begiratzeko. Eta hori guztia, berriz, euskal gizartearen eskuzabaltasun itzelaren barruan bilduta dago, sarritan baliatu egiten baitira eskuzabaltasun horretaz. Eta indarkeriaren amaiera aurreratzeko egiten ditugun ahalegin guztiak onak izango dira.
Bakearen prezioak eta hori lortzeko nahiak asko dira, betiere horren bidez onura pribatuak edo partikularrak lortzen badira.
Baina denok ezin dugu irabazi, bakoitza berearekin tematuz gero. Elkarrizketa da bidea. Elkarrizketari uko egitea edo solaskide ezegokiekin edo gezurtiekin hitz egitea, izatez ere, okerreko bidea hartzea da.
Elkarrizketa egingarria izateko, ezinbestekoa da, horrek emaitza onik eman ezean, bakoitzak bere erantzukizuna onartzea. Huts egiteko eta horren eraginezko galerak onartzeko prest egotea, izan ere, beharrezkoa da elkarrizketa sinesgarria eta arrakastatsua izateko. ETArekin egindako elkarrizketek agerian jarri dute erakunde horrek ez duela elkarrizketaren balizko huts egitea onartzen, eta, beraz, hitz egiten duen bitartean, atzamarra kakoan dauka, tirorik egin ez arren.
Espainiako gobernuak, itxuraz behintzat, ez dira benetako elkarrizketa garatzen saiatu; izan ere, lehen bezala orain ere beldur dira, elkarrizketak huts egiteak agintea galtzea ekar dezakeelako, eta horiek ez daude inondik inora ere horretarako prest. Euzko Alderdi Jeltzalea, berriz, ETAk eta Espainiako gobernuak egin duten elkarrizketa guztietan egon da, dei egin digutenean behintzat, bai elkarrizketa geldiarazita zegoelako, edo bai, elkarrizketak huts egiteko sintomak ikusita, gure partaidetza edota lekukotza lortu nahi izan dutelako. Aurrerantzean ez gara joango ETAk eta Espainiako edozein gobernuk eratzen duten ezein elkarrizketara, baldin eta horrek Espainiako Parlamentuaren edo Eusko Legebiltzarraren antolaketarik, kontrolik eta zehapenik ez badu.
Izan ere, elkarrizketaren arrakasta edo huts egitea herri-ordezkaritzak (horren berezko egoitzan, Legebiltzarrean) soilik bermatu ahal du (segurutik badira formulak horretarako, eta bestela asmatu egingo ditugu, iritzi politiko guztiak ordezkatuta egon ahal izateko). Hain zuzen ere, gardentasun demokratikorik ez egotearen eta ilunkeriaren eraginez, katu guztiak arreak izan dira.
Elkarrizketa-prozesu baterako ezinbesteko baldintza, izatez ere, ETA erakundeak armak behin betiko uzteko konpromisoa hartzea eta hori egiaztatzea da, eta Espainiako gobernuak, bestalde, Estatuan eta nazioartean indarrean dagoen legeria betetzea, atxilotuen eta presoen Giza Eskubideen arloan.
ETAk amaieratik hasi behar du, eta Gobernuak hasieratik. Euzko Alderdi Jeltzaleak ahalegin guztiak egingo ditu espetxeen transferentzia lortzeko, atxilotuen inkomunikazioa amaitzeko eta terrorismoko nahiz antzeko gaien eraginezko auzi penalen instrukzioa Auzitegi naturalei itzultzeko, halako auzietan berezko eskumena baitute, delitua non egiten den aintzat hartuta. Euskaldunok, ia herri txiki guztien kasuan bezala, oroimen onekoak gara. Oroimen hori, oro har, hautakorra da. Beste batzuen erruz jasandako irainen ingurukoa. Hortxe dago, esate baterako, goren unea Gernikako bonbardaketan izan duen izugarrikeria frankista, eta, horri dagokionez, EAJk oroimen historikoa garatu du aurten. Hala eta guztiz ere, nekezago oroitzen dugu "geure izenean" egindakoa. Eta "oroimen hori" ere landu beharra dago; hain zuzen ere, geure izenean eragindako biktimen oroimena. Automobil hori Euzkadiko geografiatik gidatzea leku gehiegi zeharkatzea da, eta horietan bakoitzak hilketa bat, hondamen bat edo giza eskubideen urratze bat oroitzen du, euskal auziaren izenean edo euskal auziaren aurka egindakoa. Oroitzen ikasi behar dugu, izua desagertzeko eta biktimek nahiz horien familiek euskaldun izatea laidotik bereizteko, abertzaletasuna terrorismotik bereizteko, hamarkada eta zailtasun askoren ostean abertzaleok frankismoa espainol izatetik bereizi dugun bezala.
Gatazka politikoaren soluzioa
Herritzat eta Eusko Alderdi Jeltzaletzat dugun bigarren erronka, izan ere, Euzkadin dagoen gatazka politikoa konpontzeko bidea sortzea da. Horretarako, elkarrizketa eta berdinen nahiz desberdinen arteko akordioak sustatuko ditugu; hain zuzen ere, lankidetzarako oinarriak bilatuko ditugu, geureak bezalako edo antzeko printzipioak, helburuak eta estrategiak dituzten alderdiekin.
Euzkadiko gatazka politikoa ukatzea horren iraupena sustatzea da. Asmo txarra eta zozokeria adierazten du horrek, edo gauza biak batera.
Euskal Autonomia Erkidegoan gatazka politikoa urte jakinean hasi zen: Foruak indargabetu zituzten urtean.
Hego Euzkadin gatazka noiz amaituko den?: foruak berriro indarrean sartzen direnean; edo, oraingo terminologia erabilita, euskaldunen eskubide historikoak onartzen direnean, hori Espainiako oraingo konstituzioan bertan ere jasota baitago; hain zuzen ere, garai batean indarrez (zuzenbidea sortzeko, Canovasek esan zuenez) kendu ziguten aginte politikoa itzultzen digutenean.
1895ean sortu zenetik, Euzko Alderdi Jeltzaleak lan handia egin du soluzio pragmatikoak aurkitzeko, eta ez hausturarik sortzeko, borondate politikorik ezaren eraginez itxuraz irtenbiderik ez duen gatazka historikoa behin betiko konpontzeko.
Euzko Alderdi Jeltzalea Autodeterminazioaren aldeko alderdi bat baino askoz ere gehiago da. Alderdiaren ideiak eta helburuak ez dira horretara mugatzen. Hala eta guztiz ere, tresna demokratikoak onartzea (erabakitzeko eskubidea tresna guztiz demokratikoa da) oinarrizkoa eta abiapuntua da, iritzi politiko guztiak bizikidetzaren inguruko akordio handi batean sartu ahal izateko.
Beraz, Euskadiren nazio-eraikuntza euskaldunok askatasunez erabakita egin behar da, eta gaitasuna izan behar da euskaldun sentitzeko eta bizitzeko modu guztiak euskal nortasunaren barruan sartzeko. Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea benetako bilgunea izatea nahi dugu, euskaldun guztiok eskubide hori denon eskubidetzat sentitzeko eta onartzeko. Derrigorrezko ezarpenik gabe; baina, halaber, kanpoko beto barik, hau da, Madrileko edo Pariseko gobernuan dagoenaren ikuspegi jakobinoaren eta zentralistaren eraginezko betorik gabe. Hain zuzen ere, muga bakarra euskaldunik gehienek bide demokratikoen bidez adierazitako borondatea izan behar da.
Erabakitzen ari gara eta aurrerantzean ere horrelaxe jarraitu nahi dugu. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako euskaldunik gehienok abstenitu egin ginen Konstituzioaren erreferendumean; Gernikako Estatutua onetsi egin genuen; NATOn sartzeko aukera bozkatu genuen; Europar Batasuneko Ituna berretsi egin genuen; eta, hauteskundeetan Udalak, Aldundiak nahiz Eusko Jaurlaritza eratu ditugunean ere (legebiltzarkideak aukeratu, etab.), erabaki egin dugu. Hala ere, salatu egin behar dugu euskaldun guztiek ez dutela erabakitzeko eskubiderik izan; esate baterako, nafarrek, Foru Hobekuntzari buruzko Legea bezalako oinarrizko gaietan. Iparraldeko euskaldunek, gainera, euren erakunderik ere ez dute. Eusko Legebiltzarrak Autodeterminazioari buruzko Adierazpenak edo Euskadiko Estatutu Politiko Berrirako proposamena onetsi dituenean, erabakiak EAEko ordezkariek hartu dituzte, baina euskaldun guztien 3/4en ordezkariak dira.
Guztiarekin ere, erabaki horiek gizarte demokratiko baten eremuan berretsi dira, beharrizan edo aukera politikoaren inguruko irizpideetan oinarrituz. Esate baterako, Ibarretxe lehendakariak planteaturiko oraingo ekimen politikoa. Abertzaleok 112 urtetan zuzendu, euskarritu eta bideraturiko ekimen ugarien arteko beste ekimen bat da, eta Euskadiko gatazka politikoa konpontzeko planteatuta dago.
Erabakitzeko eskubidea onartuta eduki nahi dugu, eta eskubide hori berriro ere murriztuta eta mugatuta dago. Ez da bereizketarako eskubidea, Euzkadik Espainiarekin eta Europarekin izan beharrezko harremanak erabakitzeko eskubidea baizik, Espainiako estatuaren eta Europaren barruan.
Lehendakariaren proposamenean, irmotasunez eta uste osoz defendatuko dugun proposamenean, nazio anitzeko Estatuarekiko bizikidetza-konpromisorik ikusten ez duenak ezin du esan benetako demokrata denik. Eta gauza guztien gainetik defendatuko dugu proposamen hori, lehendakaria bera eta Alderdiko beste kide batzuk (gaur gurekin ditugunak, adibidez, Gorka Agirre eta Juan Mari Atutxa) epaileek jazarrita egon arren.
Historian zehar, Behe Erdi Aroan, euskaldunok Gaztelako auzitegietara joan ginen, Espainiako monarkia absolutuaren mendeko auzitegietara, gure Ahaide Nagusiekiko justizia inpartziala eskatzera, horiek euren justizia ezarri nahi zigutelako. Mendeak igaro ondoren, justizia gure eskumenen garapena murrizteko erabiltzen da, gure autogobernuari uhalak jartzeko, geure politikak hedatzea ekiditeko edo bakea bilatzeko prozesua kriminalizatzeko. Ironia itzela da hori, eta agerian jartzen du demokraziak, errege baten aginte absolutua ezabatzeko gauza izan arren, ezin duela hiru edo hogeita hamahiru magistraturen agintea ezabatu. Proiekzio politikoa duen gairen bat epaitzen dutenean, epaileen edo auzitegien ebazpenak guztiz aurreikusteko modukoak izaten dira. Auzitegiaren osaketa, bertako kideen edo horien sustatzaileen atxikipen ideologikoa ikusita, erabakigarria izango da epaitzan. Justizia aginte independentetzat bai; justizia autonomia politikoa duen agintetzat inondik inora ere ez. Lehen esan dudanez, irmo defendatuko dugu lehendakariaren proposamena; beraz, euren erantzukizuna izango da (lehendakariaren proposamenean Estatuarekiko bizikidetza garatzeko konpromisoa eta akordio politikoa lortzeko borondatea ikusi nahi ez dutenen erantzukizuna) Espainiako demokrazia inoiz baino gehiago egonkortu nahi duen akordioari uko egitea, eta, horrela, guk geuk (euskaldunok) erabaki beharko dugu geuretzat.
Demokrazia ez da bateragarria derrigorrez ezarritako batasunekin, ezta derrigorrezko bereizketekin ere. Ez Euskadiren barruan, ez Estatuarekin eta Europarekin ditugun harremanetan. Derrigorrezko mendekotasuna edo independentzia demokraziaren aurkakoak dira. Eta, biztanleen jarrera demokratikoak edo ezarpen antidemokratikoak ote diren jakiteko, hiritar guztien partaidetza askea (eztabaidan ordezkatuta edo, zuzen-zuzen, erabakia emanda) duten kontsulta-prozesuetan adierazten dena jakin eta errespetatu behar da. Abertzaletasunaren jarrera eraikitzaileei berriro ere ezetz esanez gero, EAJk ondo aztertu beharko luke ea orain arte garatutako adiskidetasun- edo bizikidetza-estrategia luzatzeko aukerarik dagoen ala ez. Zapaterok eta Rajoyk ondo baloratu beharko dute hori, eta ez unean uneko hauteskunde-interesen arabera.
Erabaki larri eta garrantzitsu hori hartu ahal izateko, bestalde, ezinbestekoa da erabaki hori aldarrikatzeko eta defendatzeko euskal subjektu politikoa egotea. Atzerriko begiraleek, sarritan, hauxe galdetzen dute harrituta: nola izan daiteke, nazioaren ezaugarri eta baldintza guztiak bete arren, Euskadi XXI. mendean oraindik ere Estatu ez izatea? Horrek erantzun bakarra izan dezake; hain zuzen ere, euskaldunen arteko historia osoko gatazkak inoiz ez amaitzea: oinaztarrak eta ganboatarrak, beaumontarrak eta agaramontarrak, karlistak eta liberalak, abertzaleak eta erreketeak, totalitarioak eta demokratak. Beti gauza bera, mesianismoa, norberaren onura, idealismoa eta pragmatismoa etengabe nahasita. Erabakitzeko eskubidea, bestalde, biztanlerik gehienek onarturiko euskal subjektu politikoan oinarritu behar da. Eta mezu hau R. Zapatero presidenteari zuzentzen diot: subjetu politikoak badu konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriarian, leialtasunez ulertuta, euskarririk. Erabaki bai, baina ez zatitzeko, batzeko baizik, geure gizarteari ilusioa ekarri ahal izateko.
Globalizazioaren aukera
Euskal Herria ez da oraingo Euskal Autonomia Erkidegoa soilik. Euskal Herria, nazioa eta kultura-arragoa, euskararen, tradizioaren, foru-erakunde juridikoen eta historiaren bidez gorpuzten da, baita Nafarroan eta Iparralden ere.
Lurraldez gaindiko zabalkunde hori ez da Euskadin bakarrik gertatzen. Kultura alemana, esate baterako, Alemanian, Suitzan, Austrian, Txekian, Polonian eta abarrean gauzatzen eta garatzen da. Estatu horiek bateratu egiten dute aleman izatea eta bakoitzaren subiranotasuna, batasun politikorik eskatu gabe. Geuk ere batasun-nahia gauzatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Nafarroako Foru Erkidegoko eta Iparraldeko euskaldunek argi eta zalantzarik gabe adieraztea erakunde komunak nahi dituztela. Bien bitartean, Nafarroak, Iparraldek eta Euskal Autonomia Erkidegoak premiazko jarduketa arloetan indartu beharko dute lankidetza. Adibidez: azpiegitura-politiken garapena, lurzoruaren erabileraren iraunkortasuna eta ingurumenaren zaintza bermatuz; kultura- eta hizkuntza-politika komunak; eta Europako eskualde-garapenerako lankidetza.
Euskal Diaspora euskaldunen lorpenak munduan aurkezteko txartela da, eta izan behar da. Zergati ekonomikoen edo politikoen ondorioz emigraturikoen ondorengoak euskal aurrerakuntzaren heraldoak dira. Euren oraingo bizi-baldintzek txarrera egin badute, lehentasunezko arreta eskaini eta, behar izanez gero, aberriratu egingo ditugu, eta hori migrazio-politika berezitzat hartu behar da.
Globalizazioan euskaldunok jokoan dugu geure etorkizuna. Globalizazioa aukera da, ez zoritxarra.
Geure historiako unerik onenetan, mundura irekita egon gara. Bilboko Kontsulatuak agerian jartzen ditu Herbehereekin izan genituen harremanak; hain zuzen ere, Gaztelako Mestaren artilea itsasoz garraiatuta, mendeetan iraun duen merkataritza-ontzidia sortuz. Amerikako kolonizazioa, Caracaseko Konpainia Gipuzkoarra, marinelak, fraideak, gerlariak, administrariak eta ikertzaileak: horrek guztiak Euskadiren aurrerakuntza, mundu barruko identifikazioa eta geure Herriko Ilustrazioa sustatu zituen.
Ingalaterrako Industria Iraultza, eta meatzaritzaren, siderurgiaren nahiz itsas sektorearen garapena. Hiru globalizazio horiek garatzeko eta aurrera egiteko aukerak eman zizkioten Euskal Herriari. Mundura irekitako aukera-leihoak izan ziren.
Laugarren globalizazioa, oraingoa, Jakintzaren Gizartearena da. Lehiakideak ez dakien zerbait jakitea, edo geuk hori berak baino hobeto eta merkeago egin ahal izatea. Erantsitako jakintzaren balioa, izan ere, kopurua baino garrantzitsuagoa da. Zientzia- eta teknologia-jakintza daukagu, historia osoan pilatua, eta, hori ondo gaurkotuz gero, leku bat aurkituko dugu globalizazioan.
Gizarte-kontratu berria
Premiazkoa da euskaldunok izendatzaile komuna lortzea, alderdi politikoen arteko Programa komuna, hiritarren arteko Gizarte Kontratu Berriaren ondorioz. Euskadi 2025 Plana, izatez ere, konpromisoen nahiz jarduketen katalogoa da, Euskadi globalizazioaren munduan hobeto kokatzeko.
Euskaldunon arteko gizarte-kontratu berri horren barruko konpromisoak, besteak beste, honako hauek izan behar dira: azpiegiturak, berrikuntza, jakintza, teknologia, lanbide-heziketa, hizkuntzak, unibertsitatea, lurraldearen garapena (geure ondasunik urriena), iraunkortasun- eta ingurumen-politikak (geure bigarren ondasunik urriena), politika demografikoak (biztanleria gaztea, geure hirugarren ondasunik urriena) eta hizkuntza- nahiz kultura-ondarearen sustapena eta erabilera (globalizazioaren eraginezko uniformetasun-prozesuan bereizten gaituen ezaugarria).
Hiritarrik gabe ez dago naziorik. Nazio-eskubideak hiritarrek nahi dituzten eskubideak dira. Nazioa ez dago hiritarren gainetik, eta hiritarrak ez dira nazioaren mendean egon behar. Gizon-emakumeek ahaleginak biltzen dituzte Denon Onura lortzeko, zeru beraren azpian eta lur beraren gainean. Ahalegin horrek proiekzioa dauka etorkizunean, euren eta seme-alaben alde egindako ahalegina baita.
Denon ondarearen erabilerak eta kudeaketak (gobernuaren ekintza) sustatu egiten ditu banakako helburu legitimoak.
Euskadiko erakundeak ordezkaritzakoak dira; baina, lehenengo eta behin, oraingo bizimoduko aukera-berdintasuna bermatu behar dute. Izan ere, generoen, kulturen, osasunaren, hezkuntzaren eta informazioaren arloko lubakia handitu egingo da, gobernuek indar ekonomikoei erabateko askatasunez jarduten utziz gero.
Euskaldunok herri txikia (kopuruari dagokionez) eta gero eta zaharragoa osatzen dugu, baina handitu egiten gara jasotako osasun, heziketa eta informazio hobearen bidez. Eta, batik bat, kuantitatiboa gainditu egiten dugu, gizarte-partaidetza erabiliz.
Euskal Herriaren ezaugarri bereizgarrietariko bat, izan ere, bere burua antolatzeko duen gaitasuna da; hori zenbait arlotan ikusten da: aisialdian nahiz lanean, astialdiko elkarteetan eta kooperatiba-mugimenduetan, langile-elkarteetan edo sindikatuetan (kide kopuru handia) eta enpresa-korporazioetan.
Interes desberdinen pilaketan oinarrituriko gizarte-ekintza hori geure gizartearen aktibo garrantzitsua da, eta, horrenbestez, balioztatu egin behar dugu, alderdi politikoak osatzen dituzten politika-partaidetzako modu berrien bitartez. Izan ere, alderdi politikoek bideratu egiten dute aniztasuna, baina aniztasun hori ez da alderdi politikoetara mugatzen. Garatzeko bidean dagoen gizarte batek jakin egin behar du hiritar-mugimenduaren indarra erabiltzen, bertako interes taldeen bidez.
Gizartearen kareorerik sendoena elkartasuna da, horren adierazpen guztietan. Belaunaldien arteko elkartasuna behar da, gero eta baztertuago dauden adineko pertsonei laguntza emateko, horiek guztiz zokoratuta gelditzen ari baitira produktiboak ez izatearen eta eragozpenak sortzearen ondorioz.
Familiek adinekoen ardura hartu ezin dutenean, geure erakundeek lagundu behar dute horretan, orain arte egin duten bezala. Hain zuzen ere, benetako zor historikoa daukagu geure oraina ahalbidetu dutenekin. Eta etorkizuneko zorra ere badugu, belaunaldien katean geure atzean etorriko direnekin.
Bizirik daudenak eta biziko direnak. Jaiotza-tasaren arloko politika serioa behar dugu. Euskaldunok Europako herririk zahartuenetarikoa osatzen dugu, eta, aldi berean, ordezpen-tasarik txikienetarikoa daukagu, eta luzaro jarraituko dugu horrela. Eta hori gabezia itzela da, aldaketa handiko garai honetan. Jaiotza-tasa sustatzea nazio-helburu estrategikoa da. Biztanle kopurua murriztuz gero, etorkizuna estutu egiten da.
Euskal emakumearen gizarte-eginkizunak aipamen berezia merezi du. Euskadiko emakumea geure bizitza komunitarioko erdigunea da. Emakumeek mundura ekarri gaituzte eta, horien ahaleginari eta laguntzari esker, mundu txiki hobea daukagu orain. Gaur egun, onarpenak eta eskerronak sarritan berandu heldu diren arren, emakumeek euren bidea egin dute eta mundu handi hobea egiteko prest daude. Euren merezimenduz iritsi dira orain dauden lekura; baina, merezi duten lekura heltzeko (enpresa-zuzendaritza, erantzukizun politiko handiagoak, gizarte-buruzagitza, unibertsitate-bikaintasuna), ez zaie oztoporik jarri behar. Oztopo horiek ez datoz erakundeetatik (administrazioa, oro har, berdintasunezkoa baita), bakoitzaren arloetatik baizik (enpresak, familiako bizitza, elkarte pribatuak), horiek eragozpenak jartzen baitituzte lanbide-bizitza eta familiakoa adiskidetzeko; horren ondorioz, emakumeak lanbidea edo amatasuna aukeratu behar izaten du, bizitza pribatua edo enplegua.
Elkarrekiko laguntzaren lehenengo pausoa errentak orekaz banatzea da. Horretarako, sindikatuen ekintza eta eskakizunak behar dira, baina baita aurrekontu publikoen gizarte-politikak ere (zerga-bilketa egin ondoren).
Euskadiko sindikalismoak, zenbait kasutan, kritika gogorrak jaso ditu, ahaleginen eta benetako aukeren inguruko gehiegizko errebindikazioak egin dituelako. Arreta handiagoa jarri behar zaio berak dioenari.
Alderdi politikotzat dagozkigun arloetan, beharrezko denbora guztia emango dut gizarte-elkarrizketa berrezartzeko, eta arreta handiz entzungo ditut nazio-eraikuntzako proiektua duen sindikalismoak emandako aholkuak edo egindako proposamenak.
EAJ tresnatzat
Esan nahi dut kateko beste maila bat baino ez naizela, eta, amaitzeko, geure alderdiari buruz egin dudan hausnarketa eta neure konpromisoak azalduko ditut.
EAJren 112 urteko historiak berretsi egin du Alderdiak berebiziko gaitasuna duela gizartean sustraitzeko eta gizarteak une bakoitzean behar duena jakiteko. Alderdiaren eta gizartearen arteko iragazkortasun hori oso bizia eta emankorra izan da azken hogeita hamar urteotan; izan ere, urte horietan azken bi mendeotako aurrerapausorik handienak eman ditugu, nazio-eraikuntzaren arloan.
Sarritan, Alderditik kanpo ikusita, iragazkortasuna eta erantzun koherentea EAJren "anbiguotasuntzat" interpretatu dira, baita Alderdiaren "pendulu-joeratzat" ere, EAJko zuzendaritzan arima pragmatikoak eta esentzialistak txandakatzen direlakoan. Alderdiaren barrutik ez dugu inoiz ere halakorik ikusi. Geure barruan ez dago ez anbiguotasunik ez pendulurik; eta, egotekotan ere, pendulu hori geldi-geldi egongo litzateke, euskal gizarteak une bakoitzean eskatzen digunari estu lotuta, alderdi politikoa baino gehiago Euskal Nazioa egiteko tresna baikara. Eta orain berebiziko aukera dugu Alderditik kanpokoei ere hori ondo ulerrarazteko: EAJren ustezko pendulua gizarteak bultzatuta soilik mugitzen dela, pendulu hori euskal gizartearekiko erakarpenaren eraginpean dagoela eta hamarkada askotan landutakoa dela.
Proiektu handietan manufaktura produktua tresna bezain garrantzitsua da. "Ezina ekinez egina", horixe dio esaera zaharrak. Baina hori ez da beti horrela. Izan ere, gauza batzuk ezinezkoak dira, eta ezin daitezke lortu. Beste kasu batzuetan, gauza eskuragarriak nahi izaten ditugu, baina horiek ere ezin lortu, geure akatsen edo mugen ondorioz. Gauzak mugatuak dira beti. Nazio-irazkia ondasun eta baliabide mugatuz osaturik dago. Beraz, tresna egokia behar da, Alderdia, denon arteko edozein proiekturi egiten zaizkion galdera nagusiak erantzuteko: Nora? Nondik? Nola? Noiz? Zer baliabiderekin? Galdera horietariko batzuen erantzuna geure Alderdiaren doktrinan jasota dago, dagoeneko landuta eta indarrean dauden txostenen bitartez. Beste zenbait galderari erantzuna emateko, berriz, hautesleen babesa lortu beharko dugu, proposamen argiak eta errealistak eginez. Proposamen onak egin behar ditugu, gobernuan jarraitzea merezi ahal izateko. Errealista izatea euskaldunik gehienentzat onargarria den politika egitea da; eta ibilbidearen erritmoak zidorrean bertan utzi dezake, sasitzaren ondoan, mendizalerik motelena. Errealista izatea ez da ametsak bazter batera uztea. Horixe da ariketa politikorik zailena. Geuk egin behar duguna. Eusko Naiarekin amets egitea eta, aldi berean, iratzarrita egotea, hori lortu ahal izateko.
Barandiaranek esaten zuenez, oinekin eta buruarekin pentsatu.
Lehenengo pertsonan amaituko dut hitzaldia, erantzukizuna neure gain hartu dudalako. Euzkadi Buru Batzarreko presidentea naiz, eta hori talde-organoa da, bai sortzaileek eta bai oraingo alderdikideok (Euzko Alderdi Jeltzaleko kideok) horixe nahi dugulako. Halaber, EBBn, Lurralde Batzordeetan eta Udal Batzetan ere nire aurrekoen lekukoa hartu dut, afiliatu guztiek egindako ahalegin handiaren lekukoa.
Baina ez dut talde anitz, duin eta sinesgarri honen atzean babestu nahi. Badakit nire eginkizuna zein den: erabaki egokiak hartu, eztabaidetan erabakimena izan, euskal gizartearekin interferentziarik gabeko komunikazioa garatu, eta Alderdia Euskadiko, Europako eta munduko gizartean eta politikan izan diren aldaketetara egokitu. Egin egingo dut. Eta ondo, gainera; zuen laguntza dudalako (uste osotik eta beharrizanetik sorturiko laguntza) eta euskaldunengan konfiantza osoa dudalako, geure buruzagitza onartzeko prest baitaude, baldin eta euren konfiantza lortzen badugu, lehengo garai txarretan eta oraingo oparoaldian lortu dugun bezala. Iratzarrita egonda ere egin daiteke amets.
Horixe da neure konpromisoa. Alderdiaren eta Euskadi osoaren aurrean hartuta.
Gora Euskadi Askatuta!