Espainiar legealdia hasi berrian, 2004ko ekainaren hasieran, Diputatuen Kongresuan, Jose Luis Rodriguez Zapatero espainiar gobernuburuak, Gorteetako tribunatik, hauxe erantzun zion hitzez hitz Josu Erkoreka, Eusko Alderdi Jeltzalearen legebiltzar taldeko bozeramaileari: «Lo que es válido para Cataluña es válido, obviamente, para las aspiraciones de las instituciones vascas». Une hartan, Kataluniako Generalitat-eari 1939an ostutako dokumentazioa itzul ziezaioten lege egitasmoa zen hizpide. Erkorekak gogora ekarri zuen Bigarren Errepublika garaian, Kataluniako Generalitat-eaz aparte, autogobernuko beste erakunde bat ere sortu zela: Eusko Jaurlaritza, zeinaren dokumentazio zati bat ere bahitu zuten armaren indarrez irabazi bai, baina arrazoiaren indarrez sekula irabazi ez zuten haiek, eta gaur egungo Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko erakundeek, Generalitat-eak bezala, ebatsitako dokumentazio hori itzultzea eskatzen dutela.
Espainiar legealdi hau amaitzear dagoelarik, Eusko Jaurlaritza dugu Errepublika garaian eratutako autogobernuko erakunde bakarra bere oroitzaren zatia oraindik bahitua daukana. Kongresuak eta Senatuak Legez onartu zuten Kataluniako Generalitat-eari bueltatzea honek Salamancan zuen dokumentazioa. Jaurlaritza partaide izan zen errebindikazio horretan eta babestu egin zuen. Ezin genuen bestela jokatu, justiziaz eta eskubidez eta are eta gehiago jakinda, dakigun bezala, Parlamentuan Rodriguez Zapaterok esandako hitzetatik haratago, eta Konstituzio manuan oinarriturik, zeinaren arabera berdintasuna dagoen legearen aurrean, Kataluniako Generalitat-entzat ireki zitzaion atea zabalik behar dela guretzat, Eusko Jaurlaritzarentzat, zeren izatez bi gobernu autonomo hauek baikara Errepublikan izandako bakarrak.
Jakina denez, Espainiako Bigarren Errepublikan, altxamendu militarraren garaipenak zapuztu baino lehen, Errepublikak bi autonomia, bi lurralde autonomo eratu zituen: Katalunia eta Euskadi.
Jose Antonio Agirre Lehendakaria eta hau hil ondoren Jesus Maria Leizaola Lehendakaria buru izan zituen Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko hiru lurralde bildu zituen, lehen aldiz gure historian. Errepublikaren Konstituzioaren baitan sortua, 1933ko azaroaren 5ean egindako Erreferendumean herritarrek onartutako autonomian oinarritua (penintsulan emakumeek bozka eman ahal izan zuten lehen aldia), Errepublikako Gorteek 1936ko urriaren 1ean Valentzian bildurik onetsi zuten Autonomia Estatututik eratorria. Agirre Lehendakari hautatuz Gernikako Juntetxean, Euskadiko Jaurlaritza 1936ko urriaren 7an osatu zen, gudari eta milizianoek Elgetan armada matxinatua geldiarazten zuten bitartean -Handik egun gutxietara sortu zuen Jaurlaritzak Eusko Gudarostea-. Lehen Eusko Jaurlaritza hura kontzentraziozkoa izan zen, honako alderdiak batu zirelarik bere baitan: Eusko Alderdi Jeltzalea, Partido Socialista Obrero Español, Izquierda Repúblicana, Unión Repúblicana, Eusko Abertzale Ekintza eta Euskadiko Partidu Komunista.
Makina bat gauza gertatu da 1978an Manuel de Irujo senatariak -Errepublikako Ministro-ohia, bera- Gorteetan proposatu zuenetik Eusko Jaurlaritzari bere dokumentazioa itzul ziezaiotela. Ordutik hona, etengabe, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko erakundeek hauxe exijitzen dugu: armen indarrez ostutako memoria historikoa itzul diezagutela, bahitutako agirien artean Gorteetan eztabaidatutako Euskadiko Autonomia Estatutuaren jatorrizko testu batetik hasita -zuzenketa eta eranskin legal eta guzti-, Gizarte-laguntzarako Sailaren ehunka fitxa eta dokumentuetaraino, gerrako umeei eta populazio zibilari buruz, Agirre Lehendakariak zuzendu eta Defentsa Sailaren esku zeuden batailoi desberdinen inguruko dokumentuak ahaztu gabe. Eusko Jaurlaritzaren jatorrizko dokumentazioa itzul diezaguten eskatzen dugu, alegia, «de los documentos más importantes de la existencia de esa institución democrática legítima y legal, de un marco constitucional como el republicano, que se expolian con fines de represión (...) y se encuentran en otro lugar diferente de España». Dokumentu ofizialak, ezin hobeki identifikatuak, gehienek Jaurlaritzaren zigilua dutelarik. Horren harira, argitu dezagun gure oroimenaren zati bat berreskuratu nahi dugula, zorionez, beste zati garrantzitsu bat, Salamancan bahituta duguna baino zabalagoa, gure eskuetan baitago, gure lehenagokoek erbestera eramanez salbatu eta itzuli baitziguten.
Denbora aurrera doa, ministroak aldatzen doaz, eta legealdia amaitzear dago, baina Eusko Jaurlaritzaren dokumentazioak konfiskatuta segitzen du; eta Rodriguez Zapateroren Gobernuak, agintaldi honetan hainbeste koordinazio batzorde osatu dituenak eta elkarrizketari buruz hainbeste mintzatu denak, ez du erantzun ere egiten. Ez zuen erantzunik eman 2005eko urtarrilaren 17an eta ekainaren 20an Kultura Sailak alor bereko Ministerioari egindako komunikazioen aurrean, non elkarrizketa bideak zabaltzea proposatzen genuen gure agirien aferari konponbidea aurkitzeko; komunikazio diskretuak nolanahi ere, kataluniar dokumentazioaren prozesua ez oztopatze aldera. Eta ez dugu ezta erantzunik jaso dokumentazioa itzultzeko eta kontaktuak hasteko bi eskaera ofizial egin ondoren, biak ala biak Eusko Jaurlaritzaren osoko bilkurak luzatuak Espainiako Gobernuko Presidenteari eta Kultura Ministerioari zuzenduta. Lehena 2006ko otsailean -Generalitat-eari dokumentazioa itzultzeko Legea indarrean sartu zen hilabetearen barruan- eta hurrengoa aurtengo maiatzean, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko umeen (gerrako umeak) eta bizilagunen ebakuazioen 70. urteurrenean; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari indarrez bahitu baitzitzaion dokumentazio horren zati bat. Eusko Legebiltzarrak, talde parlamentario guztien babesaz, PP eta EHAK izan ezik, beste bi alditan eskatu du Jaurlaritzaren dokumentazioa itzul dezatela, azkeneko eskaera uda hasieran izan delarik.
Gure bostean segituko dugu, eta arestian aipatu arrazoi guztiengatik, «aurreikuspenak aurreikuspen», ziur naiz jatorrizko dokumentu horiek uste baino lehen Euskadin izango ditugula. Izan ere, ez dut sinesten, ez nuke sinetsi nahi artikulu honi izena ematen dion galderaren erantzuna «putza» izan daitekeenik.