Erreforma politiko-juridikoetarako proposamenak
bakea eraikitze aldera.
Baieztapen gorenari ezezkoa emanez hasi behar dut, hau da, bakea erreforma politiko-juridikoak egiteko proposamenen bidez eraiki daitekeela ezeztatuz. Indarkeriarik ezak eta bazterkeriarik ezak akordio politikoaren motorra izan behar dute, eta ez ondorioa, eta akordio politiko hori euskal gizarteak autogobernuko esparru demokratiko berria osatzeko hartzen dituen erabakien errespetuan oinarritu behar da.
Kontrako sekuentziak, hau da, lehenik eta behin akordio politikoak lortzeak eta, ondorio moduan, ETAk bere jarduna behin betiko uzteak kontzientzia demokratikoa bera ukatzea ekartzen du.
Bake prozesu etenean gaude eta hiritar kopuru garrantzitsua ETAren mehatxupe larrian bizi da. Ezker abertzaleak Anoetatik KASera iritsi arte hasitako alderantzizko bidaia kontuan izanez, gainera, esango nuke ETAk indarkeria uztea inoiz baino gutxiago dagoela gure eskuetan. Eta baieztapen hori argituko dut:
- Azken hilabeteetan zehar ikusi ahal izan dugu ETAren ezarpen politikoak jarraitu egiten duela eta geroz eta esplizituagoa dela. Zoritxarrez, ETAk, Anoetan bere burua agente politiko moduan kenduta, zituen bi helburuen ideia birrindu egin da: Presoen, armak uztearen eta gizarteratzearen kontuak konpontzea, batetik, eta, batez ere, iraganeko jarduna justifikatzeko jarioa, indarkeriarik gabeko agertokira iristeko (hau da, beren begien aurrean amaiera "duina" izatea). Alderdi demokratikoek agertoki horretan akordiora iristeko eztabaida politikoa jorratzeko itxaropena birrindu egin da berriro ere. Egoera horretan, azken 10 urteetan gertatutakoa ikusita, esango nuke geroz eta pertsona gehiagori egiten zaiola erabat ulertezin ETAren indarkeria; frogaturik geratu dela "lurreratzeko pista politikoarenak" ez duela balio; indarkeriazko jarduna bertan behera uztearen ardura ETArena bakarrik dela.
Eta, zer egin dezakegu orain erakunde demokratikoek, alderdiek, gizarteko agenteek, bakea nahi duen herritarren gehiengoak?
- Lehenik eta behin, parte-hartze pertsonal handiagoa izan behar dugu pertsonen bizi eta osotasun eskubideak defendatzerakoan, horien urradura salatuz eta biktimen errekonozimendu sozial eta politikoaren alde lan eginez. Izan ere, gaur, XXI. mendean gauden honetan, inork, demokrazian eta askatasunean jarduteko asmoa duen indar politiko batek ere ezin du indarkeria helburu politikoekin erabiltzea justifikatu, eta ezin du mutu geratu eta salatu gabe igaro.
- Bigarrenik, terrorismoarekin eta indarkeriarekin uztartutako kontuen eztabaida alderdikoia behin betiko utzi behar dugu alde batera.
- Hirugarrenik, demokrazian sakondu behar dugu salbuespeneko neurririk gabe, beharrezkoa den gizarte segurtasunak askatasuna ahalik eta gutxien mugatuz eta eskubide demokratikoak babestuz.
- Eta, batez ere, indarkeriaren diskurtsoari legitimotasuna kendu behar diogu. Diskurtsoa, hau da, gizarteak onartzen duen arrazoia, indarkeria erabiltzen dutenen oxigenoa da, bizirauten jarraitzea ahalbidetzen diena. Eta, zentzu horretan, azpimarratu nahi dudan alde bat dago, delikatua eta larria delako. Sufrimenduari buruz ari naiz. Eta kontu honetan argia izan nahi dut: Balio zibil eta demokratikoekin konpromisoa dugunok pertsona guztiek erakunde demokratikoen bidez babestu beharreko eskubide batzuk dituztela defendatzen dugu, eta sufrimendu guztiak arintzen ere saiatzen gara. Aitzitik, ez da gauza bera sufritzen duen borreroa edo sufritzen ari den biktima errugabea izatea. Hori dela eta, ezin dugu jarraitu bereizketarik gabeko sufrimendua aipatzen, erantzukizunak garbitzeko eta errugabetasuna lausotzeko erru orokor moduko batean. Hori egiten badugu, izugarri bidegabeak izango gara eta, are okerragoa dena, indarkeria politikoaren diskurtsoa onartzen arituko gara “bi aldeetan dago indarkeria” bezalako hitz seudo-txikituetan, horrela inor 239edo guztiak8E9 erantzule izan ez dadin. Eta biktima errugabeen aurkako indarkeriazko ekintza horien ulermen moduko hori, sufrimendu orokorraren esparruaren barruan, bereziki bidegabea eta ETAren diskurtsoa eusteko lagungarri da, gauza gutxi bezala. Bakearen kulturarekin konpromisoa dugula sentitzen dugunok serioski hausnartu behar dugu kontu hori.
Euzko Alderdi Jeltzalean adierazten jarraitzen dugu terrorismoa ez dela gatazka politikoaren ondorio naturala, haren galbidea baizik. Eta konbentzimendu berdinarekin adierazten jarraitzen dugu indarkeriaren desagerpenak ez duela, besterik gabe, Ajuria Eneako Itunak “euskal auzi sakona” moduan definitzen duena konpontzen. ETAk gatazka hau desitxuratu du ikusmolde totalitario eta inposatzaile batetik, diskurtso maltzurra berriz ere. Ezin onar dezakegu ez terroristek euskal gatazkaren beren interpretazioa ezartzea, ezta konpondu beharreko gaiak noiz eta nola jorratu behar diren erabakitzen dutenak izatearen pribilegio zalantzagarria hartzea ere.
Behin hori esanda, EAJk bizikidetza politikorako egindako proposamenari buruz hitz egingo dut. Proposamen hau, duen akordiorako bokazioagatik, irekia egin dugu. Horrek ez du esan nahi oinarriak, printzipioak eta irizpideak argiak eta solidoak ez direnik. Batzuk adieraziko ditut.
Euskal Herriak bere etorkizuna aukeratzeko eskubidea topalekurako eremu moduan ulertzen dugu, guztiok eskubide partekatu moduan onar dezagun. Izan ere, uste dugu lurraldetasunari eta autodeterminazioari buruzko aldarrikapen itxiek, legitimoak izanda ere, ez dutela bere horretan adiera bakarreko interpretazio demokratiko bakarra, Batasunak nahi duen moduan.
Uste dugu Euskadiren etorkizuna hurrengo bikotean oinarri daitekeela: erabakiak hartzeko gaitasuna onartzea / itun politikoarekiko konpromisoa. Eta ituna erabaki ahalmenik gabe egitearen aldeko direnen aurka egiten dugu, eta baita erabakitzeko eskubidea gizarte hausturaz libratuko gaituen barne ituna izateko betebeharra gabe ulertzen dutenen aurka ere.
Halaber, argitu nahi dut autogobernuan sakontzea ez dela eskumen gehiago edo gutxiago izatearen kontua (edo ez hori bakarrik). Esan nahi du, batez ere, eskumenei benetan erabakiak hartzeko edukia ematea; bi aldeen interpretazioa itundu eta itundutakoa betetzen dela errespetatu. Eta ez dago erabaki askearekiko errespeturik, erakundeen egonkortasuna bermatzen duen eta alde bakarraren mugaketa galarazten duen alde biko berme sistemarik gabe.
Horrela, bada, oinarrizko betekizunak hurrengoak dira: Aldebikotasuna, segurtasun juridikoa, “babes bikoitzeko” sistemak (Irlanda) eta inpartzialtasuna jokoaren arauetan eta horien gaineko interpretazioetan. Euskal gizartearen erabakitik irtendako autogobernuak eratuko duen esparru berriaren zentzua da hori, nahikoa heldua baita gizartea barne ituna eta Estatuarekikoa lortzeko. Subiranotasuna partekatzeko konpromisoa da, Estatutu Berriaren proposamena kontuan izanda.
Alderdi moduan dugun aukera estrategikoa etorkizunean Euskadin modu partekatuan erabakitzearen alde egiteko apustua da, erabakiak hartzeko gaitasuna itunak egiteko konpromisoarekin lotuz, Kanadako Auzitegi Gorenak egindako printzipio juridikoarekin gertatu zen moduan. Gure ustez hori da irtenbidea.
Politika eta, erakundeen aldetik, erkidego bat definitzeak gizarte oinarri zabaleko akordioa eskatzen du eta ez du Estatuak bere kabuz bakarrik ezarri behar. Horregatik hitz egin dut akordio bokazioa duen proposamen politikoari buruz. Euskaldunek askatasunez erabakitzeko eta borondate askea erabiltzeko akordio bat.
Alegia:
a) Sentiberatasun politiko ezberdinek partekatutako akordioa.
b) Demokraziaren arauetan oinarritzen den akordioa. Egungo erakundeen esparrua eta horiek benetan aldatzeko aukera errespetatzea aldarrikatzen dugu, eta horrek esan nahi du bide demokratikoetan defendatutako proiektu guztien legitimotasuna onartu behar dela.
c) Euskal gizartearen aniztasuna topaketarako eremu moduan ulertzen duen akordioa. Horrela bakarrik konpondu ahal izango dugu euskal auzia gizartearen kohesioa kaltetu gabe. Barne aniztasunari zor zaion errespetu hori, noski, Estatuaren aldetiko konpromiso aktiboarekin batera agertu behar da, nazionalitate aniztasunaren alde.
d) Bizikidetza ereduaz gain, Estatuarekiko harremanen esparrua definitzen duen akordioa, aldebikotasun eraginkorra eta leialtasun baldintzak definituz.
Lurraldetasunari dagokionez, hurrengoa nabarmendu nahi dut:
Lehenik eta behin, kulturaren, hizkuntzaren edo politikaren arteko lotura komunak izateak euskal lurraldeen artean ez du esan nahi Herrialdea modu deterministan edo esentzialistan definitu behar denik, edota lurraldea benetako biztanleen gainetik jarri behar denik.
Bigarrenik, EAJk Euskal Herriko eremu juridiko-politikoen arteko politika legitimoki antolatzeko nahia du. Eta uste dugu euskal lurralde bakoitzeko herritarrak eta haien ordezkari legitimoak izan behar direla artikulazio horren nondik norakoak eta moduak erabakitzeko gaitasuna izan behar dutenak.
Hirugarrenik, eta aurrekoarekin uztartuta, EAJk erakunde eta politika foro komunak eratzea adostearen eta EAE eta Nafarroaren eta Iparralderen artean gizarte parte-hartzeko eremuak sortzearen aldeko apustua egiten du, egungo 3 eremu juridiko-politikoetan hartutako erabaki demokratikoetan oinarrituz.
Azkenik esan, legitimoa iruditzen zaidala beste edozein aukera politiko, betiere, demokraziaren jokoaren arauak zorrozki errespetatzen badira.
Normalizazio politikorako kontsultari buruz.
Herritarrei galde egitea eskakizun politikoa eta demokratikoa da, bizikidetza esparruaren aldarazpen esanguratsua proposatzen den bakoitzean. Ez da jaurtitzeko arma bat edota alderdien aitzakia erantzukizun politikoak saihesteko.
Kontsulta demokratiko bat bi betekizunetik abiatu behar da (beharrezkoak nahiz eta ez nahikoak): indarkeriarik eza eta bazterketarik eza. Eta horiek oinarritzat hartuta, kontsultarekin ditugun konpromisoak islatzen ditugu EA eta EBrekin adostutako gobernu programan: “Normalizazio Politikorako eta Bizikidetzarako Akordioa lortzen badugu, Eusko Legebiltzarrari baimena eskatuko diot (lehendakariak) indarkeria eta bazterkeriarik gabeko agertokian herri kontsulta egin dadin, euskal gizartean adostutako Akordio Politikoa berresteko”. Eta erantsi zuen: “Legebiltzarraren baimen horrek kontsultarekin zerikusia duten alde ezberdinak bildu behar ditu modu adostuan, adibidez indarkeriarik gabeko eta bazterkeriarik gabeko baldintzen berrespena, emaitzak onartzeko ezarritako printzipio demokratikoak eta horiek negoziatu eta ordenamendu juridikoan sartzeko prozedura egokia".
Eusko Alderdi Jeltzalearen erronka kontsultaren aurrean Gernikako Estatutuak baino atxikipen handiagoa lortzea izango litzateke. Hori da gure oinarrizko erreferentzia, konpromiso bikoitza hartu/eskaintzeko puntutik: Atxikipen maila txikiagoko akordiorik ez ezartzea eta egungoa baino babes handiagoa lortzen duena ez galaraztea.
Hori Gernikako udalerrian esateak esanahi berezia du, benetan.
Eskerrik asko.