Jesus Maria Leizaola, lehendakari zaharra, euskal herriaren eraikuntza nazionala eta soziala buru-bihotzez landu zuen donostiarra. 42 urte erbestean, eta 19 urte euskal herritarren lehendakari, erakunde erantzukizun gorena bere bizkar hartuta. Jesus Maria Leizaolak gauzatzen ditu balio eta merezimendu handiak: leialtasuna, fideltasuna, adorea, zorroztasun intelektuala, militantzia politikoa, herriaren eta ideal baten zerbitzura. Jesus Maria Leizaolak bere belaunaldi osoa -Agirre, Irujo, Ajuriagerra, Lasarte, Landaburu...– ongi baino hobeto ordeztu zuen, abertzaletasun humanista, europazale eta unibertsalistaren bidean; abertzaletasun irekia zen hura, hitzarmenen eta erakundeen aldekoa, utopia eta errealitatea bateratu zituena, ideiak egunez egun sortu eta, justizia sozialari gogorki loturik, abertzaletasun jaso, ilustratu, eleanizdun eta euskaltzalea landu zuena. Euskal tradizioan erro sakoneko ideiak dira horiek, Peñafloridaren eta Azkoitiko zalduntxoen «herrigintza» hartan sustraituak. Ispilu horretan geure burua begiratu behar genuke, hausnarketa sortzailea beharrezkoa den legealdi berri baten atarian.
Lehendakari zaharrak irudikatzen dituen balio eta izpiritu horiei, hain zuzen ere, omen egin nahi diegu gaur hemen. Eta aldi berean, ikasle bikainari: Leizaola gazte hura prestakuntzaz adina bizkortasunaz sobera zen Lekarozko Kaputxinoen ikastetxean sari berezia bereganatu zuenean, batxilergoa eta zuzenbide ikasketak Valladolideko Unibertsitatean maila bikainaz gainditu zituenean, eta, 1915ean, artean 19 urteko gazte bizargabea zelarik, Gipuzkoako Aldundi honetako Sustapen Ataleko legelari buru lanpostua lortu zuenean. Aitortza egin nahi diogu Espainiako Gorteetan Gipuzkoaren izenean diputatu izandakoari, euskal naziotasuna irmoki eta askatasunean eta justizian oinarritutako gizarte eredua aldeztu zituen parlamentario nekaezinari, 1931-1933 biurtekoan gutxiengo euskal-nafarra osatu zuen Leizaolari, eta 1933ko hauteskundeetan Gipuzkoan boz gehien -Telesforo Monzon, Irujo, Irazusta, eta Pikabearekin batera- eskuratu zituen hautagairi. Aitortza egin nahi diogu, Gipuzkoako Foru Aldundira itzultzea erabaki zuelako, oposizio bikaina gainditu eta herri administrazioan euskararen erabilera zentzumen handiz aldeztu zuelako, eta 1934-1936 bitartean Gipuzkoako Aldundiko idazkari lana zuzen baino zuzenago bete zuelako. Omen egin nahi diogu, 1936ko udan gauzatu zuen lan onbera bezain korapilatsua egiteagatik, erresistentziaren buru eginez Gipuzkoako hiriburua era baketsuan ebakuatzeko antolakizunak prestatzeagatik. Labur esanda, gizasemea eta lehendakaria omendu nahi ditugu gaur hemen, eta bizitza luzean egindako ibilbidea aitortu, areto honetan eta jauregi honetan, haren etxe ere izan baitziren, gaur egun ikur errepublikar bat bera ere erakusten ez duen arren. Hemendik, Gipuzkoatik doakio gure omena, Euskal Herriaren bihotzetik.
Haren irudia ez da biografia politikora mugatzen. Jesus Maria Leizaola arragoa izan baitzen, aurpegi asko galdatzen duen arragoa: familiarekiko mirespena -Mari Koro Maritxo emaztea eta sei seme-alabak: Koldo, Begoña, Koro, Itziar, Arantxa eta Estibalitz-, legelari prestakuntza sendoa, herri administrazioaren kudeaketarako esperientzia, jakintzarako grina, eta ardura politikoak.
Igarotako urteen talaiak ematen digun ikuspegiaz, aitortu beharra daukagu Leizaola ale bakana izan zela euskal politikan, kultura zabaleko ikertzaile, idazle eta entsegugilea. Heziera handiko familia batean sortu zen. Familiaren liburudendan –Abenidako San Inazio liburutegian, hain zuzen– ezagutu zituen Resurreccion Maria Azkue, Txomin Agirre, Barojatarrak, Pierre Lhande, Bonifazio Etxegarai, Angel Apraiz, Arturo Kanpion, Julio Urkixo, aita Donostia. Joxe Miel Barandiaranekin eta Telesforo Aranzadirekin lan egin zuen. Orixe, Aitzol, Lizardi, Lauaxeta izan zituen adiskide. Belaunaldi berri bat izan zen hura, abertzaletasun gazte, eragile eta arduratua, kultura ikuspegi euskaltzale sendoko abertzaletasuna aintzat hartu zuena.
1918rako, lanean buru-belarri aurkituko dugu Oñatiko Biltzarraren antolakizunetan, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren hazia ereingo zuen biltzar garrantzizko hartan. Alfontso XIII.aren aurrean atxilotu zuten, 1922an, gerora Euzkadi egunkariaren zuzendari izango zen Pantaleon Ramirez de Olanorekin batera, euskal unibertsitatearen aldeko manifestazio baten buru izateagatik, Eusko Ikaskuntzen III. Biltzarraren amaieran, Gernikan. Euzko Pizkundean eta Errepublika garaiko euskal kulturaren berpizkundean lan handia egin zuen. Historia, ekonomia, zuzenbidea, Europa, logistika militarra, euskaldunak eta itsasoa, herri poesia... pentsa ahaleko gai guztien gainean idatzi zuen. Leizaolak euskal kultura jaiduraz landu zuen eta haren aldeko eragile porrokatua izan zen, nazio izatearen oinarrietako bat kultura eta hizkuntza direla argi baitzekien. Zaina, muina.
Kultura sendoko gizona izateaz gain, Leizaola euskaldun eta euskaltzale arduratsu eta zentzuzkoa izan zen. Gai guztiez idatzi zuen euskaraz, baita zuzenbideaz edo ekonomiaz ere, nahiz garai hartan gutxi idazten zen euskaraz alor horietan. Bere begietako kutuna, dena dela, herri poesia izan zen. Literatura kritikaz, etimologiaz edo toponomastikaz ere idatzi zuen. Inoiz ez zuen begi bistatik galdu euskara euskal herritar guztien ondare dela, eta albo batera utzi zituen alderdikeriazko erabilerak edo arinkeria baztertzaileak.
Leizaolak ez bakarrik sortu, ez bakarrik idatzi, baita ere hedakuntzaz arduratu zen, ongi baitzekien hedabideak ezinbesteko tresna direla gizartean oihartzunik izateko. 1920an bere lehen artikulua Bilboko La Tarde egunkari nazionalistan argitaratu zuenez geroztik, Leizaolaren bizitza hedabideei estuki loturik egon zen: laguntzaile eta artikulugile artatsu, eragile –adibidez, La Voz de Navarra-n–, Euzkadi egunkariaren jabetza partekatzen zuen Euzko Pizkundiaren administrazio kontseiluko kide, edo euskarazko egunkari baten aldeko. Agirreren gobernuan, Euskal Herriko Egunkari Ofiziala argitaratzeko ardura hartu zuen, Gobernu Kontseiluaren idazkari eta eledun izan zen, eta, atzerrialdian, Euzko Deya aldizkariaren eta Eusko Jaurlaritzak erbestean zuen OPE izeneko buletinaren zuzendari izan zen.
Familiarekin eta kulturarekin batera, politika izan zen Leizaolaren bizitzaren hirugarren ardatza. Haren abertzaletasuna familiaren giroari, irakurraldiei eta giza harremanei loturik dago. Leizaola abertzale azkarra izan zen, bakana; 23 urte zituela bere ardurak hartu zituenetik Bilbon, Comunión Nacionalista Vasca-n afiliazioa emanda, bizitza osoan ez zituen inoiz bazter utzi. Kizkitza, Aitzol, Lizardi, Zaitegi, Labaien… izan ziren Gipuzkoan haren erreferentzietako batzuk. Leizaolak irmo gorde zuen, bere azken hatsa eman arte, EAJrekiko atxikimendu militantea.
1931n Agirrerekin batera udalen mugimenduaren buru izan zen Euskal Errepublikaren alde, eta parlamentuko tribunatik euskal naziotasuna eta burujabetza aldeztu zituen. 1932ko irailaren 15ean areto honetan bertan ikurriña zabaldu zuen Kataluniako Autonomia Estatutua izenpetu zenean eta Errepublikako presidente Alcalá-Zamoraren aurrean, Indalecio Prieto ministro sozialistak ikurrina eta Kataluniako bandera elkartu zituen, Gipuzkoako plazan bildua zen jende oldeak Errepublikaren aldeko oihuez, Visca Catalunya lliure, eta Gora Euzkadi askatuta erantzuten zuen bitartean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Justizia sailburu izan zen Agirreren lehen gobernuan. Ardura hartaz baliatu zen bere ametsetako bat egia bihurtzeko: euskal unibertsitate publikoa sortzea. Gerrari aurpegi gizatiarragoa jartzen ahalegindu zen, atxilotu guztiek berme prozesalak izan zitzaten, espetxeratu guztien duintasuna eta eskubideak aintzat hartuak izan zitezen, emakumeak askatuak izan zitezen. 1937ko ekainean, Bilboren Defentsa Batzordearen buru izan zen, ebakuazioaren arduradun ere bai.
Eta gero... 42 urteko erbestea. Berrogei urte zituela joan zen Leizaola erbestera, 42 urteko erbestera. Urte horietan, bai berak, bai euskal erbesteratuek, bigarren gerraren drama bizi behar izan zuten, baita frankismoa nazioartean arnas-berrituta ikustearen etsipena ere. Leizaolak lehendakari karguaren zina egin zuen Donibane Lohizunen, 1960ko martxoaren 28an, Agirreren hilkutxaren aurrean. Jaurlaritzaren egoitza eta bere bizitokia Parisen finkatu zituen. Agirreren gisako gobernua eratu zuen, batasun demokratikokoa, Landaburu lehendakariorde zuela, eta ANVko Gonzalo Nardiz, Paulino Gómez Beltrán sozialista eta Izquierda Republicana-ko Ambrosio Garbisu sailburu zirela.
Urte latzak izan ziren, zailak oso, bakardade handikoak eta onespen gutxikoak. Leizaolak babes hartu zuen Singer kaleko bere bulegoan, eta zereginetatik libre zen bakoitzean, Frantziako liburutegi nahiz artxibo nazionaletan, betiere xede historiko bati begira: euskal herritar guztien borondatea ordezkatzen duen erakundearen zilegitasun historikoari eustea. Iraupen historikoko urteak izan ziren, erakundea bizirik iraunarazteko borroka urteak, nagikeriari bezainbatean ETAk burutzen zuen erresistentzia bide berriei aurre egiteko urteak. Leizaolak irmo iraun zuen, ikurra eta sua bizirik gorde zituen, borroka armatuaren ziriari edo fronte nazional baztertzailearen tentaldiari jaramonik egin gabe. Armen zentzugabekeriaren aurka, zilegitasun historikoa, arrazoi etikoa eta zentzu demokratikoa ipini zituen.
Ez alferrik. Gernikako Estatutua onartu zelarik, 1979ko abenduaren 15ean, 83 urte zituela Leizaolak lur hartu zuen Sondikako aireportuan, eta jende olde baten omenaldi bero eta ongi merezia jaso zuen, Santimamiko futbol zelai leporaino betetako batean. “Ongi etorri, lehendakari zaharra”. Hurrengo egunean, Gernikako Junta Etxean egindako ekitaldi berezi batean, Leizaolak bere boterea Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakari Karlos Garaikoetxearen esku utzi zuen, Jaurlaritzaren Pariseko egoitzaren giltzak emanez. Katea ez zen eten. Urte batzuk geroago, 1986ko irailaren 5ean, Ardanza lehendakariak «Gernikako Arbolaren Gurutzea» urrezko domina eman zion, Eusko Jaurlaritzak ematen duen ohorezko aipamen gorena.
Ibilbide eredugarria. Behin euskal zilegitasun demokratikoaren lekukoa eskualdatuta, Leizaolak bere jaioterri Donostiara erretiratzeko eskubide osoa zuen, bere ibilaldietan eta liburuetan aterpe bila, egin beharrekoak ongi bete izanaren asetasunaz. Horixe nahi genuke omendu gaur hemen: ibilbide hori, helburu batekin eta herriarekin izandako atxikimendu hori. Areto honetan bertan, 1932an ikurrina altxa zuen areto berean, 1934an Aldundiko idazkari kargua hartu zuen areto berean, 1936ko udan erresistentzia eta ebakuazioa zuzendu zituen areto berean. 1989ko martxoaren 16an, euskal herritarron azken agurra jasotzeko Leizaolaren hil kapera egon zen areto honetan bertan. Haren izpiritua, haren balioak, haren eredua, haren engaiamendua, beti izan ditugu gure artean. Gaurtik aurrera, buztinak, brontzeak eta Xebas Larrañaga azkoitiar eskultorearen eskuek aukera emango digute haren irudia ere betiko ikus dezagun etxe honetan. Brontzezko 300 kilo tiriki-trauki eder asko zizelduak. Ez ditu haizeak eramango. Ez horregatik!