Egun on, guztioi.
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahiko nizkioke Sabino Arana Fundazioari, tribuna honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu izanagatik. Ohorea da niretzat gaur hemen egon ahal izatea. Ohorea da baita ere jardunaldi hau Artur Mas eta Anxo Quintanarekin partekatu ahal izatea, lagun eta Galeuscat proiektuko kide politiko diren aldetik.
Gaur, ez genuke nazio anitzeko estatuaren proiektuaz hitz egingo, XVIII. mende hasieran ez balitz ezarri zentralismoa eta uniformetasuna oinarri zituen Espainiako Estaturako eredua. Autogobernantzarako erakundeekiko errespetuzko esperientzia luzea eten zuen Estatu eredua, eta, era berean, Iberiar penintsulako nazio, kultura eta hizkuntza anitzeko errealitatearekiko ulertezintasuneko aro sakonari hasiera eman ziona.
Hainbat tirabira izan zen arren, euskaldunok gure gobernamendua mantentzea lortu genuen XIX. mende erdialdera arte, gerra karlisten ondorengo 1839. eta 1876. urteetako foru abolizioak gertatu ziren arte. Garai bateko Aragoiko Erresumako lurraldeetara, 1707. eta 1716. urteen arteko Ordenamendu Berrirako Dekretuek hainbat autogobernu errealitate murriztea ekarri zuten, bai eta lurraldeak lurralde bateratuko gobernamendura sartzea ere. Bitxia da, baina Gaztelako Erreinuak ere bere autogobernua galdu zuen, 1713ko Ordenamendu Berrirako Dekretuaren ondorioz, Gaztelako Kontseiluak bere berariazko lurralde boterea galtzen zuen heinean, Estatu guztiko Gobernu Kontseilua izatera pasatzeko.
Autogobernurako erakundeak galdu zituzten nazioek elkarren arteko loturak ezarri zituzten, Espainiako Estatuko egitura aldatu eta berriz ere Estatua osatzen zuten herriak aintzatesteko elkarlanean aritzeko asmoz. Aintzat hartzekoa da, hain zuzen Sabino Arana izan zela Iberiar penintsulako herrien arteko elkarlana ezartzen saiatu zen lehenengotarikoa, Estatua aldatzea ahalbidetuko zuen masa kritikoa lortzeko. Sabino Arana aitzindari da duela mende batetik hona, beste hainbat naziotasunekiko elkartasunari dagokionez. 1901eko Manifestu Katalanista dela eta, ordezkaritza bat bidali zuen Kataluniara, eta Engracio de Aranzadi “Kizkitza”ri proposatu zion Galiziako, Aragoiko eta Valentziako erregionalismoa —bai eta Kataluniakoa ere, noski— sustatu eta harekiko harremanak finkatu zitzan. Sabino Aranak, Estatua berrantolatzeko, XVIII. eta XIX. mendeetan haien autogobernua galdu zuten penintsulako herrien baterako lana elkartzen saiatu zen. Ziur aski, bere bizitza laburrak eragotziko zion hausnarketa aitzindari horretan aurrera egitea.
Handik 20 urte baino gehiagora, 1923ko irailaren 11n, Primo de Riveraren Estatu kolpea baino bi egun lehenago eta Kataluniako Diada Nazionala dela eta, Aliantza Hirukoitzaren Ituna sinatu zen Bartzelonan. Sinatu zutenetako batzuk izan ziren Egileor, Uribe Etxebarria, Robles Arangiz eta Gallastegi (Euskadiren ordezkari), Francesc Macià (Kataluniaren ordezkari) eta Somoza eta Zamora (Galiziaren ordezkari).
Primo de Riveraren diktadurak ito egin zuen mugimendu hura. Handik hamar urtetara, baina, Errepublika bete betean, 1933ko uztailaren 25ean, Galiziako Egun Nazionalean, Compostelako Ituna sinatu zen, eta, handik, Galeuzca sortu zen. Galeuzca mugimendu solidarioa izan zen, eta egitura komun bat zuen xede, Estatuaren aurrean hiru nazioetako jarduera politikoa koordinatu asmoz. Itun hartako protagonista izan ziren, besteak beste, Castelao, Irujo, Rezola eta Carrasco i Formiguera.
Agirre, Pi i Sunyer eta Castelao saiatu ziren akordio hura bizirik mantentzen 1950. urtera arte. Hori dela eta, euskal, kataluniar eta galiziar abertzaletasunen artean gure nazioak Espainiako Estatuan aintzat har daitezen egiten ari garen elkarlana ez da berria. Ehun urteko lana da, eta hainbat gorabehera izan da, gure herriek aldi horretan bizi izan duten egoera iskanbilatsuaren emaitza. Ehun urte elkarlanean, haietatik berrogeita hamar bi diktadurapean. Ziur aski, 1998ko uztaileko Bartzelonako Adierazpena izan zen CiU, EAJ PNV eta Bloque Nacionalista Galegoren (BNG) arteko lotura estuaren hasiera ezarri zuena, Espainiako Estatuaren nazio aniztasuna aintzat hartzearen alde lanean jarduteko. Era berean, alderdi abertzale garen aldetik, nazio anitzeko Estatu horretarako ditugun helburuak markatu ziren han. Ohorea izan zen niretzat uztaileko arratsalde bero hartan Bartzelonan, Convergencia Democrática de Cataluñaren egoitzan, egin zen bileran zein lan taldeetan parte hartzea.
Nazio anitzeko Estatuaren aldarrikapena Errepublikan politikoki eratu zen belaunaldi zoragarri hartako ondarearen zati da, gerraren tragedia bizi izan zuen eta bere sintesi teorikoaren eta ideologikoaren zati handia erbestean eguneratu zuen belaunaldiaren zati. Agirrez, Irujoz eta Landaburuz ari naiz, besteak beste. Irujok «nazio anitzeko Estatuaren baieztapen formula» gisa aldarrikatzen du federazioa, 1955ko Alderdi aldizkariko idazki batean, eta honako galdera egiten du: «Ba al da Espainiarik? Espainia bakarra al dago?». Eta berak ematen du erantzuna ere: «Espainia ez da bakarra, ez eta uniformea ere». Irujok 1963. urtean idatzitako Política Nacionalista Vasca Peninsular idazkian azaldu zituen lan horiek. Idazki hartan penintsulako herrien arteko hitzarmen librearen helburua proposatu zuen. Azken finean, nazio anitzeko egitura politikoa, Estatua osatzen dugun herrien eta nazioen nahimen librea errespetatuko duena.
Agirre lehendakariak berak aztertu zuen lehendik ziren autogobernuak indargabetuz nazio bakar izatean tematu zen Espainiako Estatuaren kontraesana, honako hitz hauekin: «Espainia nazio bat izatean tematu zenean, gainbehera aldi bat hasi zen, oraindik ere bukatu ez dena». Baieztapen horrekin batera, Estatuaren herrialde libreez osatutako komunitate gisako ikusmoldea defendatu zuen bere Gernikatik New York era Berlinetik pasata lanean.
Landaburuk ere modu irekian defendatu zuen nazio anitzeko Estatua La causa del Pueblo vasco lanean, honakoa baieztatuz: «nazio anitzeko estatua behartuta dago, printzipio horiek direla eta, barruan federazioa osatzera, konponbiderik gabeko nazio Estatuaren gehiegikeriak formula horretan soilik aurkitzen baitituzte balaztak, irtenbide horrek berak era bateratuan herrien eskubideak bermatzen dituen era berean».
Azalpen luze honekin eman nahi izan diot hasiera nire hitzaldiari, eta geure iragana jasota utzi, uste bikoitzetik. Alde batetik, nazio anitzeko Estatuari buruzko hizketak eta haren aldarrikapena ez direlako berriak EAJ PNV alderdian; gutxienez azken 75 urteetako gure ondarearen zati baitira. Eta, bestetik, kataluniar eta galiziar abertzaletasunarekin komun diren egituren bitartez gauzatzen den elkarlana ere ez delako berria. Gutxienez 84 urte dira elkarlan iraunkorrean.
Aniztasun hori beste bilera batzuetan eta bestelako ahotsen bitartez ere aldarrikatu izan da. XIX. mendearen bukaeran Espainiarako birsorkuntza proiektu bikoitz hori proposatu zuen ahots nabarmenetako bat Joan Maragall poeta katalana izan zen; «Oda a España» lanean Espainia modernizatzeaz jardun zuen, bai eta pluralizatzeaz ere. Atzerapenari irtenbidea bilatzea, bai eta uniformetasunari aurre egitea ere. Maragall poetaren kezka zen Espainia hark ez zuela entzun nahi gaztelania ez zen hizkuntza batean hitz egiten zutenen ahotsa, eta «Adiós España» izenburua duen neurtitz oso esplizitu batekin ematen dio amaiera poemari.
Espiritu horrek argitzen du 1998. urteko Bartzelonako Adierazpena. Xabier Arzalluzek, Pere Estevek eta Xose Manuel Beirasek historiarako oso garrantzitsua izango zen dokumentua sinatu zuten uztail hartan. Ziur aski, iraileko su etena eta Lizarrako prozesua zirela eta, apustu historiko hura ez zen osotasunean hedatu.
Seguruenik, Bartzelonako Adierazpena izan da euskal abertzaletasun gehiengodunak hartu duen konpromisorik agerikoena, nazio, kultura eta hizkuntza anitzeko espainiar Estatua eraikitzeko konpromisoan. Mota horretako konpromisoak ezagunak dira katalanismoaren ondarean, baina konpromiso horiek azaltzea berriagoa da euskal abertzaletasunean. Baina estatu bat eraikitzeko elkarlan bateraturako konpromiso honek elkarrekikotasuna izan behar du erabakiak hartzeko gure komunitate esparruarekiko errespetuan eta haren aintzatespenean. Errespetua, proiektu horretarako gure parte hartzea atxikitze libretik egin dadin. Bartzelonako Adierazpenean jasotzen denez, soilik «konpromiso bikoitz honek emango du aukera [Estatua] berregituratzeko prozesuan aurrera egiteko».
Bartzelonako Adierazpenean hartutako konpromiso estrategiko hau tresna baten eratzean islatu da. CiU k, BNG k eta EAJ PNV k osatzen duten gaur egungo Galeuscat aliantza Estatuko erakundeetan eta Europan batera lan egiteko akordioa da; gure alderdiak horixe ezarri zuen helburu estrategikotzat, 2004ko Aberri Egunean. Izan ere, gauzatuko dugula hitz eman dugun koordinazio politikoak hirugarren indarra bihurtu gaitu, alegia, alderdi bitasun sinplifikatzailea apurtzera eta Estatuaren egiturak modernizatzera deitutako hirugarren eremua. Hori dela eta, era bateratuan, gure egintza nazionalak osotasunean aintzat har daitezen lortzea dugu helburu, herritarren erabakiak demokratikoki errespetatuz. Hiru egitura politikook bat gatoz Estaturako beste eredu bat posible delako ustean, eta uste dugu estuki aritu behar dugula elkarlanean, Espainiako Estatua nazio anitzeko estatu bihurtzeko xedearekin.
Horrenbestez, gure helburua da lurralde politika, identitate, kultura eta hizkuntza alorretan anitza dela onartzen ez duen Espainiako Estatua eraldatzea. Boterea herriak duela, herriek dutela dioen printzipio demokratikoa ez da era egokian adierazten estatuaren subiranotasuna kontzeptuak beretzat hartu dituen unitarismoarekin, bertikaltasunarekin eta negozia ezintasunarekin. Gero eta sostengagarritasun gutxiago du estatua interes orokorraren bermatzaile (edo, gutxienez, bermatzaile bakarra) delako ideiak. Nazio identitateak ezin dira era egokian artikulatu erregionalizatutako estatuaren erakunde esparruan, edo federalismo simetrikoan.
Hain zuzen ere, Espainiako konstituzioaren garapenaren akats nagusietako bat da era berean heldu izana izaera desberdineko bi prozesuri: Estatuaren deszentralizazioari eta Estatuaren nazio aniztasunaren artikulazioari. Kontraesankorra da Espainiako errealitate desberdinak administrazio deszentralizazioko eremuak edo eskumenen banatze eremuak soilik balira bezala hartzea. Naziotasunen eta eskualdeen arteko bereizketa konstituzionala autogobernuaren garapenean islatu beharko litzateke, eta autogobernuaren garapena ez da behar beste babestu bateratzeko dinamiken aurrean. Nazio aniztasunaren errealitatea harreman espezifiko batean islatu behar da, desberdintasunak berdintzeko alferrikako tema ahaztuz, eta botere politikoaren birbanatzea hierarkiarik gabeko berdintasunean gauzatu behar da. Nazio anitzeko Estatuetan, herritarren artean eskubide berdintasuna izateak ez du esan nahi eskumenak eta ahalmenak simetrikoki banatuta egon behar direnik.
Nazio anitzeko estatu bati eman behar zaion erantzun konstituzionala soilik izan daiteke nazio aniztasun izaera aintzat hartzea, eta onartzea ez dela gizabanakoen gizarte homogeneoa antolatzen; gizabanakoak nazio baten parte izateari esker integratzen direla estatuan onartu behar da. Nazio desberdinetako kideak ez dira estatuari leial izango, estatua ez badute ikusten haien identitatea aintzat hartzen duen eta menderatzen ez dituen gune bezala. Egitura konposatuko estatuei buruz gogoeta egiten duten teoria aurreratuenen arabera, ez du zentzurik hainbat nazio identitate diren estatuetan botere politikoa gauzatzea estatu horretan nazio identitate bakarra balego bezala. Beharrezkoa da legitimitatearen auziari erantzun berritzailea ematea, hainbat nazio identitate bizikide izan daitezkeen gizarte konplexu bateko bizikidetza baldintzei eta kolektiboen eskubideei loturiko elementuak sartuz.
Hain zuzen, Espainiako herriaren subiranotasunaren ikuspegi anakronikoa ikusmolde pluralistagoarekin ordezteko sortu da Galeuscat. Egintzek erakutsi dute matrize jakobinodun estatu nazioa ez dela modernizaziorako bide bakarra, ez eta biderik hoberena ere. Badira bestelako antolabideak ere, eremu politikoak era egokiagoan antolatzea ahalbidetzen dutenak, estatu zentralizatua, homogeneizatzailea eta bateratzailea izateko beharrik gabe. Gure ikusmoldea ez da eszentrikoa, ez eta anakronikoa ere gaur egungo munduan; guztiz bestelakoa da: aniztasuna artikulatzeko ohitura federal eta konfederal handiekin lotzen da, modernitaterako beste bide bat irudikatu duen korronte batekin, bai eta hainbat gizarteri askatasuna eta aurrerabidea bermatu dien korrontearekin ere. Galeuscat tribunaren aurkezpen publikoa zela eta, Juan Maria Atutxak esan zuen bezala, «Jakobinismoaren bestelako ikusmoldea defendatzen dugu, uste osoa baitugu eremu politikoak sarean eta modu pluralistan antola daitezkeela, eta ez ezinbestean estatu zentralista eta homogeneo baten bitartez. Ikusmolde hori ez da Espainiako Estatuarekiko jarrera soilik. Europar Batasunarekiko jarrera da. Planeta guztiarekiko nahimenezko jarrera da.»
Hori teoria da, hitzaldia, beti beharrezkoa dena eta aurrera egiteko inoiz nahikoa ez dena. Nola egingo dugu lan helburu hori lortzeko? Bada, zintzoa izango naiz zuekin. Funtsean, bi bide daude: alde batetik, konbikzioa eta kooperazioa, eta, bestetik, konfrontazioa. Nahiz eta, bizitzan, gauzak ez diren manikeoak, zuriak edo beltzak. Horrela, bada, kooperazio bidean, maiz, tentsioa beharrezko bihurtzen da, eta konfrontazioa ere ez da konfrontazio hutsa izaten. Baina gu herri txikia gara. Eta, besteak beste, zuhurtzia eta jakinduria dauzkagu erabili beharra; alegia, gure herriak bezala, denboran zehar irauten jakin duten herrientzat beharrezko diren dohainak baliatu behar ditugu. Bizkaiko lema zaharrak dioenez, «Bekoak goikoa ezkon leidi/ txikiak handia bentzi leidi/ asmoz eta jakitez». Euskaldunaren estrategia beti ituna izan da. Negoziazioa. Kooperazioa. Azken batean, txikienaren defentsa da. Horregatik, argi eta garbi esango dut: jarraitu behar ditugun bideak konbikzioa eta kooperazioa dira. Azken batean, itunaren bidea. Euskal gizartearen barruko ituna eta Estatuarekin kanpo ituna. Eta lankidetzan jardun behar dugu aliatu estrategikoekin, hala nola, Galeuscateko gure kideekin, bai eta Espainiako gizarteko sektore ireki eta demokratiko guztiekin ere, errealitateari aurreiritzirik gabe begiratzen diotenekin eta konponbideak bilatzen dituztenekin, Estatua askotariko gisa ulertzearekin bat etorriko den kultura politiko berriari buruz hitz egin eta partekatzeko Bartzelonako Adierazpenean deia luzatu genienekin.
Lehenik eta behin, euskal gizartearen barruko ituna. Horregatik, EAJ PNV alderdian, herrialde honen etorkizuna era partekatuan erabakitzearen alde egiten dugu. Hain zuzen ere, horrexegatik, Euzkadi Buru Batzarraren 2005eko urriko baketze eta normalizazio politikoari buruzko ekimenean adostu genuen itunak egiteko konpromisoari erabakitzeko ahalmena lotzea, Kanadako Auzitegi Gorenak emandako printzipio juridikoak egin zuen eran (estatutu berrirako proposamena ere biltzen du printzipio juridiko horrek). Ituna, euskal gizartearen barrukoa eta Estatuarekin egitekoa, gure foru tradizio hoberenarekin lotzen den prozedura da; eta guk itun horren gainean eraiki ditugu gure bi estatutu esperientziak: 1936koa eta Gernikako Estatutua. Erabakitzeko eskubideari buruzko adierazpen partekatu hau batasun politikoak defendatzen zuen foraltasunaren kultura politikoarekin jarraipenean dago, baina harremanaren aldebikotasunetik eta zuzenbide propiotik. Ez dago itunik elkarrenganako berme sistemarik gabe, eta itunaren interpretazioa eta betetzea ez da alderdi bakarraren araberakoa izango. Azken finean, bi aldekotasun eraginkorra, bermeak eta leialtasun baldintzak izango dituen ituna proposatzen dugu. Gainera, nire ustez, kontzeptu horien atzealdean herrialde honetako hainbat joera politiko edo kultura tradizio ikus daitezke. Eta, nola ez, erabakitzeko ahalmen horretan gure nazio izaeraren isla ikusten dugunona. Baina, gainera, karlismo historikotik datorren zentro eskuinaren isla ere ikus daiteke Estatuarekiko ituneko foru tradizioan, bai eta kulturaren ikuspuntutik foru liberalismotik datozen euskal sozialismoko sektoreak ere.
Kontzeptu politiko zaharkituekin, eta agiri juridiko zurrunekin, akordio hau konplexua litzateke. Baina erabakitzeko eskubide hori etorkizunari begira adieraz daiteke, kontzeptu juridiko eta politiko aurreratuekin, subiranotasun klasikoaren eskemetatik —bere hierarkia eta mendetasunekin— haratago, erabakia askoren arteko erabaki gisa proposa dadin, hau da, itun bati loturiko erabakia. Horrela, aipatutako 2005eko ekimenean egin zen adierazpena itzuliko litzateke, alegia, «erabakitzeko eskubidea eta itunak egiteko betebeharra» edo ez inposatzea (egiazki integratzailea izango ez litzatekeen Euskadin egindako akordioa) ez eragoztea (Espainiako Gorteetan, Euskadin lortutako akordioa) binomioa lotzen zituen adierazpena.
Gure nahia itunak eta akordioak egitea da, uste dugulako autogobernua gure etorkizun kolektiboari buruzko antolaketa librean oinarritu behar dela, eta euskal gizartearen barruan eta Estatuarekin itunak egiteko nahia izan behar dela. Hori dela eta, gure ustez, gizarte aurreratuetako arauak itunen eta ez inposatzearen prozeduraren bitartez eratzen dira. Eta euskal gizartea, Euskadi, gizarte aurreratua da.
Horregatik, bigarren erronka handia Estatuarekin egin beharreko ituna da. Azken finean, Kontzertu Ekonomikoaren formulazio kontzeptuala esparru politikoan aplikatzean datza. Harremanetarako eredu politikoa izango den Kontzertu Politikoa, euskal gizarteko pentsamendu korronte nagusiok identifikatuko gaituena. Gure idiosinkrasia eta gure identitatea errespetatuko dituena, gure nahi aske demokratikoa errespetatua izateko mekanismoak izatea ahalbidetuko duena, sentikortasunak barne hartuko dituena, askotariko estatuaren barruko harremana itunen eta akordioen bitartez artikulatuko duena, eta alderdi guztien aldebakartasunean eror daitezen saihestuko duena. Hau da, itunak egitera eta elkar ulertzera behartuko gaituena, nahiz eta erabakiak hartzea zailagoa izango den. Giltza bikoitzeko formula, kutxa era bateratuan soilik ireki ahalko duena. Badira mekanismo juridiko konstituzionalak, malgutasunez interpretatuz gero, itunean oinarritutako formulari heldu ahal diezaieketenak.
Ziur aski, gure proposamenak galdera sortuko du, alegia, ea 1978ko Konstituzioarekin bat datorren. Lehenik eta behin, gogoratu behar da konstituzioak ez direla herritarren nahiak mugatzeko egin, nahi horiek bideratzeko baizik. Baina, hala eta guztiz ere, ziur nago ez garela ari konstituzio espirituari kontrajarriko zaion ezer egiten, eta konstituzio espiritu horretan hainbat tresna daudela, politika malgutasunarekin eta etorkizuneko ikusmoldearekin interpretatzen baditugu, zilegi diren gure helburuak sartzea ahalbidetuko dutenak.
Gutxienez, baiezta dezakegu autogobernuaren mugak batez ere konstituzioa interpretatzeko modutik eta haren garapen ahuletik datozela, konstituziotik bertatik baino gehiago. Ez dira erabili Estatuko aniztasun politikoa artikulatzeko konstituzioak eskaintzen dituen aukerak. Konstituzioaren garapena ez da oso aurrerakorra izan, eta nagusitu den interpretazio modua ere ezin daiteke hartu Estatuko egintzen artean errespetuzkoentzat ez eta integratzaileentzat ere. Azken batean, konstituzio espirituaren interpretazio emankor eta irekia hautsi egin zen 1981ean, Autonomia Prozesuaren Bateratzeari buruzko Lege Organikoaren (LOAPA) bitartez, eta Auzitegi Konstituzionalak geldiarazitako Lege Organiko hura itxuran —baia ez edukian— ordezkatu zuten oinarrizko lege bateratzaileen bitartez.
Horregatik, oraindik elkartzeko aukera gehiago izatea espero dugu, zuzenbide konstituzionalaren interpretazio malgua eta dinamikoa oinarri hartuta. Horretarako, beharrezko izango da konstituzionaltasuna esparru isolatu eta estatiko gisa ulertzetik konstituzio arauak demokraziaren erradikalizatze gisa, aldaketari irekiak eta atxikimendu handiagoa eragiteko gai diren gisa interpretatzera.
Horrez gain, 1978ko Konstituzioan badira tresnak bizikidetzarako itun berri hori errazteko gai direnak, hala nola, naziotasun eta eskualdeen arteko bereizketa, Lehen Xedapen Gehigarria eta Bigarren Xedapen Indargabetzailea. Gernikako Estatutuko Xedapen Gehigarriari jarraikiz, gure autogobernuak eskubide historikoen berariazko erreserba dauka, bai eta etorkizunean eguneratu ahalko den apelazioa ere, xedapen gehigarriaren bidez. Erreserba horrek —bide batez, konstituzionaltasun blokea deiturikoaren zati denak— erabakiak libreki hartzeko konstituzio formula gisa uler daitekeen autogobernu birtualtasun bat du.
Erabakiak itunen bidez hartzeko eskubideari buruzko gure proposamena bat dator erabat Konstituzioan aintzat hartzen diren eskubide historikoetan biltzen den tradizioarekin, bai eta Kontzertu Ekonomikoaren prozedurekin ere. Izan ere, horiexek dira gure autogobernu sistemak berekin dakarren subiranotasun partekatuaren errealitatea hobekien barne hartzen duten erdiguneak, eta administrazio deszentralizazioetatik errotik bereizten dituztenak. Izan ere, Kontzertu Ekonomikoa zerga edo finantza prozedura baino gehiago da; autogobernurako konpromiso itundua da, adostasuna lortzera eta lankidetzan jardutera behartzen gaituena, elkarrekiko aintzatespena dakarrena, printzipio federalizatzailea, oso berritzailea, eta jarduera eremu partekatuetan independentzia artikulatzen duena.
Foruzaleek esaten zuten eran: «ez zu nire gainean, ez ni zure gainean». Edo Tony Blairrek Scotland Act eko ale batean, Edinburgoko parlamentuaren egoitzan, eskuz idatzitako hitzek zioten bezala: «Scotland and England together on equal terms». Inoren mende jartzeko prest ez dagoen nazio bat garelako, eta, era berean, eta uste berengatik, ez dugulako nahi inoren kontra egiterik.
Nazio anitzeko estatua da gure helburu, estatuarekin itundu dugun gure harremana errespetatuko duena. Autogobernua aurrera eramatea ahalbidetuko diguna, akordio politiko zabalak ekarriko dituena, eta eztabaida politikoaren muin euskaldunen hurrengo belaunaldiaren etorkizunerako berebiziko garrantzia izango duten gaiak izango dituena, funtsean kanpora irekitzea, eta sormena eta ezagutza. Akordio politiko bat nahi dugu, bizikidetzarako eredu bat eta Estatuarekiko harremanetarako esparrua definituko dituena, eta aldebikotasun eraginkorra, bermeak eta leialtasun baldintzak barne hartuko dituena. Gizarte aurreratuetako arauak itunen eta ez inposatzearen prozeduraren bitartez eratzen direlako. Azken finean, akordio batera iritsi behar gara, gaur egungo erakunde esparruak errespetatuz, aldaketarako dituen benetako gaitasunak erabiltzea ahalbidetuko duenera, betiere horretarako gizartean eta politikan gehiengoak direnean. Hori guztia euskal gizartearen nahia demokratikoki errespetatuz, eta gizartearen aniztasuna erabat errespetatuz. Euskal herritarren nahia errespetatzeak barne hartzen du hainbat identitate sentimendu errespetatzea, itun eta konpromisozko eskema batean sartzen saiatuz.
Dagoeneko osatzen ari den Europa berrirako autogobernua. Autogobernua, 2004ko abenduan Eusko Jaurlaritzan onartu genuen Estatutu politiko berriaren proposamenean zehaztu zen botere egitura bezalakoa izango duena. Autogobernua, eskumen eremu oso eta beharrezko bat zehaztuko duena euskal erakundeek identitatea gara dezaten osatzen ari den mundu irekian, hezkuntza, hizkuntza eta kultura esparruetan. Kontzertu Ekonomiko blindatua, haren erabaki arau emaileek esparru fiskal propioaren izaera izango dutenak, eta, beraz, haietarako baliabideak, edozein esparrutan (dela esparru judizialean, dela Europako esparruan), bestelako sistema orokorretako baldintza beretan eztabaidatu ahalko direnak. Eskumen gaitasuna ekonomia, ingurumen eta prestakuntza gaietan, mundu irekian inguru lehiakor iraunkorra garatzeko beharrezko izango dena. Gizarte sistema eta gizarte segurantzako sistema, zerga politika solidario batez osatua, eskumen globaleko inguru zabalean solidaritate esparruak mantentzeko beharrezko izango direnak. Estatuaren gainerakoari dagokionez, beharrezko solidaritate mekanismoekiko konpromiso garbia.
Itun honen betetzeari dagokionez alde biko tartekaritza sistemak eta berme juridiko osoak aintzat hartuko dituen autogobernua. Europako erakundeetan parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko eskumen esparruetan, gaur egungo hitzarmenek baimenduko dituzten eremuetan. Eta kultura, ekonomia, azpiegitura, gizarte eta ingurumen esparruetan lankidetzan jarduteko politika irekia, esparru horiek euskal euroeskualdea osatuz joan daitezen, Adourretik Ebrora, eta Enkarterrietatik Zuberoara; halaber, bizi kalitate oneko hiri egitura garatuko duena, non tarterik luzeena —Baiona eta Bilbo artekoa— 45 minututan egin ahalko den, Euskal Y ri esker. Donostia Gasteiz Bilbo Iruñea Baiona hiri-egitura 30 eta 45 minutu artean lotuko dituen garraio sistema. Euskal hiria. Halaxe esango luke Bernardo Atxagak. Honako hau da datozen urteetarako gure autogobernu eredua: erabakiak hartzeko gaitasuna, itunekiko eta erantzukidetasunarekiko konpromisoa, erabaki maila guztietan parte hartzea, eta kanpora irekitzea.
Aurrera eramateko mekanismoei buruz ari naiz. Errazak dira. Konbikzioa eta kooperazioa. Konbikzioa, euskal gizartean beharrezko akordio eta gehiengoak lortzeko, bideragarri egite aldera. Eta euskal gizarteaz ari naizenean, Euskal Autonomia Erkidegoaz, Nafarroaz eta Iparraldeaz ari naiz. Ez dut uste eta ez dut inoiz defendatu ahalko proiektu politikorik, abertzaletasun sentimenduaren izenean, Lizarran, Irurtzunen edo Donibane Lohizunen gehiengoak eskuratzeko gaitasunik bilduko ez duenik. Hori eginez, gero eta gehiago murriztuko bailitzateke euskal naziorako proiektua, bai lurraldetasunari, bai eta gizartearen eta herritarren atxikitzeari dagokionez ere. Eta, abertzale, euskaldun abertzale naizen aldetik, lurralde kohesioa da niretzat lehentasunezko jarduera.
Konbikzioa behar dugu, Espainiako gizarteko beste talde politiko eta sektore batzuekin kooperazio akordioak egiteko ere, alegia, Estatuko aniztasuna egonkortasun eta berreraketa demokratikorako eragile gisa ikusten dutenekin. Lan zaila dela esango didazue. Zalantzarik gabe. Baina bestelako bideak are zailagoak dira. Aukera gehien duena gure proiektuan sinestea da. Eta posible egin dezakegunarekin amets egitea. Indar demokratikoarekin eta konbikzioarekin, aurrera eraman ahalko dugu.
Eta, batez ere, elkarlanarekin. Galeuscat en apustua, Convergencia i Unió eta Bloque Nacionalista Galegorekin batera, guretzako estrategia da. Gure konpromisoak barne hartzen ditu koordinazioaren bidezko elkarlana Kongresuan eta Senatuan diren parlamentuko gure taldeen zereginetan, diskurtso eta jarduera politikoa —aniztasun baldintzetan— hainbat arlotara eramatea ahalbidetuko duten gai guztietan, hala nola Estatuaren politika desberdinetan, hizkuntzalaritzan, kulturan, Europako politikan, organo konstituzionaletako politikan, gobernu organo judizialetako politikan, organo arautzaileetako politikan, oinarrizko lege organikoetan, eta abarretan. Eta, jakina, hori guztia, gure nazioen ezaugarri berezien arabera, alderdietako bakoitzak politikan eta parlamentu jardueran gauzatu behar dugun politika propioari kalterik egin gabe.
Baina ez gara geratu behar katalanekiko eta galiziarrekiko elkarlan soilean. Serioski proposatu behar dugu pedagogiari, informazioari eta Espainiako gizartea sentikortzeari buruzko lan trinkoa aurrera eramateko aukera. Foroekin, unibertsitateekin, gizarte erakundeekin, talde politikoekin, komunikabideekin eta abarrekin lan egin behar dugu; azken finean, Espainiako gizartearen iritzi preskribatzaileekin. Helburua? Gu zer garen, zeren bila gabiltzan erakustea, gure proiektuak Estatuko gainerako herriekin, kulturekin eta identitateekin aniztasun gune bat partekatzea duela helburu sinestaraztea, elkar errespetatuz, eta proiektu honetara era librean atxikitzeko aukera emanez. Eta aniztasun hori, eta gu geu ere, errespetua eta borondate askea oinarri, aniztasun horretan sartzea aniztasunaren egonkortasunerako bermerik handiena da. Norbait bere inguruan den bezala onartuz gero, errespetuz hartzen bada eta, modu solidarioan, helburu komunetarako laguntza eman ahal badu, inguru hartatik ez du joan nahiko. Azken batean, benaz ezarri behar dugu nahimenak irabazteko eta Espainiako gizartean aliatuak bilatzeko helburua. Duela gutxi, Espainia erakarri behar dugula esan nuen Bilbon, jardunaldi batean. Bada, ez zen «lapsus linguae» izan, ez eta urduritasunaren emaitza ere. Irmoki sinesten dut helburu hori izango dela Euskadiko gatazkari irtenbidea aurkitzeko bidea. Konbikzioa, pertsuasioa, afektibitatea, errespetuz eta elkar onartuz askotatiko estatua eraikitzeko.
Nazio, kultura eta hizkuntza anitzeko estatua da etorkizunari aurre egiteko egonkortasun eta sendotasun berme hoberena, eta estatu horretan Espainiako gizarteak beren energiak agortzeko arriskua dakarren eztabaidari irteera emateko beharra du. Espainiak ezin du jarraitu ainguratuta ikusmolde zentralistatik eta era positiboan erantzuteko gaitasun ikuspegitik sustatutako lurraldearen ereduari buruzko asteroko adierazpenetan, eta Espainiako Estatuak une honetan dituen hiru erronka handiei erantzuteko behar duen energia agortuz. Honako hauek dira Estatuak une honetan dituen hiru demak: handitzen ari den periferikotasuna, ez soilik geografiari dagokiona, politikoa ere bai, Europar Batasunean; Mediterraneoan —batik bat Magreben— den egoera sozial, ekonomiko eta politikoaren ezegonkortasuna; eta hazkunde handia duen baina ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) herrialde guztietako Barne Produktu Gordinarekin erkatuz defizit handieneko merkataritzako balantza duen ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko beharra, egoera hori denborarekin sostengaezina egingo baita.
Galeuscat ek benaz sustatu behar du eztabaida hau Espainiako gizartean. Baditugu horretarako masa kritikoa eta bokazioa. Jakitun gara, batera, hirugarren bidea osatzen dugula; batzuen eredu zentralista eta bateratzailearen eta besteen deszentralizazio administrazioko eredu neo autonomiazalearen arteko erreferentzia gara.
XXI. mendeko Europan itxura zaharkitua erakusten ari den Estatuaren ereduaren bestelako aukera gara, Espainiako Estatuak eraldatze eta modernizatze prozesu horretan aurrera egiteko galdu behar ez duen aukeran behar den hizketakidea gara. Nazionalista euskaldunok, katalanek eta galiziarrek beharrezko elkarrizketa eta lankidetza eskaintzen ditugu, egonkortasuna emateko eta estatuko akordio handi bat posible egiteko. Bizikidetza oinarri izango duen akordioa, Estatua osatzen dugun herrien, nazioen, kulturen eta hizkuntzen aniztasuna errespetatuz. Akordio horretan benetako parte hartzaile konprometitu egingo gaituena, eta, Bartzelonako Adierazpenean esan genuen bezala, gauza bi aintzat hartuz: gure konpromisoa Estatua eraikitzeari dagokionez, horretan sartzeko gure erabaki askean oinarrituta; eta gure identitatea, kultura, hizkuntza eta autogobernua errespetatuz.
Erronka konplexua eta zaila hartu dugu geure gain, baina, era berean, erakargarria. Pazientzia, jarraitutasuna eta erabakiak eskatuko dituen erronka. Arrakasta izateko bide bakarra eraginkortasun demokratikoarekin lan egitean datza, beste estatu eredu bat lortzeko. Demokrazia sendotzeko eta sakontzeko bermerik hoberena nazio anitzeko estatua juridikoki eta politikoki aintzat hartzea delako uste sendoarekin. Horixe izan behar da etorkizuna. Etorkizuna, zati handi batean, gure nekaezintasun demokratikoaren araberakoa izango dena. Gure konpromisoaren araberakoa.
Espainiako Estatuaren historiak erakusten digunez, Estatua osatzen duten nazio anitzak aintzat hartzean egindako aurrerapenak eta demokraziaren kalitate hobeagoa beti izan dira prozesu atzekoak. Eta horrek are beharrezkoago egiten du Espainian helburu aliatuak bilatzea.
Eusko Alderdi Jeltzalean datozen urteetarako erronka handietako bat horixe izango dela ziur nagoelako esaten dut hori. 112 urteko historia dugun alderdi politikoa garelako. Eta nazioa eraikitzeko helburua eginkizun jarraitu gisa ulertu dugulako. Etenaldirik gabe eta ausardiaz. Gure helburuak lortzeko bide bakarrak, alde batetik, euskal gizarteko gehiengo politikoak eta gizarteko gehiengoak, eta, bestetik, Estatuaren aniztasuna aintzat hartuz Estatuarekin itunak lortzeko lankidetza direlako uste osoarekin.
Gaur egungoak baino garai zailagoetan, Euskadiren alde, haien aberriaren alde, gure aberriaren alde lan egiteko gai izan zirenei zor diegu. Bai eta, garai epikoetan, GALEUSCAT sortu eta horri eusteko gai izan zirenei. Azken finean, Galiziako, Euskadiko eta Kataluniako herritarrei zor diegu.