Hitzaldia
14Martxoa
2007
14 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
Iruñean prentsaurrekoa

Hitzaldia
Martxoa 14 | 2007 |
Hitzaldia

EAJren JARRERA EGOERA POLITIKOAREN ETA INDARKERIAREN BUKAERAREN AURREAN
Barajasko atentatua gertatu zenetik bi hilabete eta erdi igaro dira, eta egun, aukera politikoen eta gizartearen hainbat sektore amorruz eta tentsioz betetzen ari dira. Horretara, EAJk, ezer baino lehen, lasaitasun mezua bidali nahi die herritarrei. 

ETAk ehunka kilo leherkari jarri eta 2 pertsona hil zituen. Era berean, ETAk egoera politikoaren asaldura sorrarazi du. Asaldura hori gero eta biziagoa da egunez egun; ondorioz, bizikidetza soziala eta demokratikoa mehatxatzen ditu. ETAko estrategarik gaiztoenak ere ez zuen inoiz pentsatuko Barajasko bonbak zer nolako eragin ezegonkortzailea izango zuen. Egoera horretan, Batasunak gainontzeko alderdiei astebururo zakutik ateratzen dituen proposamen politikoentzat erantzuna eskatzeko ausardia dauka, eta Alderdi Popularrak zuzentzen duen krispazio-politikari esker, iraina, izen ona kentzea eta tentsioa dira nagusi Parlamentuetan eta kalean. 

Begi bistakoa izan arren ere, egun inoiz baino zentzu handiagoa duen adierazpena nabarmentzen jarraitu beharra daukagu. Su-etenaren mozketak eta bizi dugun une honek errudun bakarra dauka. Indarkeria erabiltzea eta hiltzea erabaki zuena: ETA. Baina atentatu hark bizikidetza sozialaren eta politikoaren porrotean izan duen eragina gero eta handiagoa da, zenbait eragile politikok terrorismoa eta terrorismoaren aurkako borroka-jarduera alderdikoietarako arma bihurtu baitute, eta erantzukizun gabezi larria adierazi dute. Egun, ETA, eraginkortasun aldetik, inoiz baino ahulago dago. Gaur, ETAren inguru politiko eta soziala inoiz baino murriztuagoa dago gure gizartean. Indarkeria inoiz baino gehiago ukatzen da, edozer forma edo adierazpen duela, edo intentsitate handia zein txikia dituela. Halere, ETAk ezegonkortasun soziala sortzeko izan duen gaitasuna 80ko hamarkadan izan zuenaren parekotzat jo dezakegu. 

Nolabaiteko hainbat atentatu gertatuz gero, ez dugu jakin nahi ere zer nolako ondorioak izango lituzketen klima politiko eta sozial honetan. Halere, akordioaren gutxiengo batzuk lortzea gure erantzukizuna da, mota horretako balizko hipotesiaren ondorioak saihesteko. ETAren atentaturen batek ezin gaitu harrapatu zubiak puskatuta ditugula. Bestela, gizartea eta bere ordezkari politikoak aurrez aurre jartzeko gaitasuna duela adieraziko diogu-eta ETAri, azken hori ahulduta egon arren, eta babes sozial txikia izan arren.
Erantzukizunagatik bada ere, alderdien artean honako hauei buruzko gutxiengo akordioen oinarriak landu behar dira: 

- Terrorismoa denok batera ukatzea eta gaitzestea, eta poliziaren mekanismoak babestea terrorismoari aurre egiteko. 
- Biktimekiko solidaritatea eta laguntza agertzea, erabilpen alderdikoirik gabe. 
- Terrorismoa deslegitimatzeko diskurtsoa erabiltzea. Horretarako, argi eta garbi adieraziko da terrorismoa ez dela arazo politikoen ondorio naturala eta herrialde honetako etorkizuna ETArekin ez dela negoziatu behar. 
- Zuzenbide estatuaren mekanismoak salbuespen politikarik gabe ezartzea, eta giza-eskubideak ardura handiz zaintzea. 
- Prozesua elkarrizketan oinarrituz ixtea eta horretarako prestatzea, baldintzak egokiak direnean. Baldintza horiek egoteko, indarkeriari behin betiko bukaera emateko borondatea eduki behar da, argi eta garbi.

Hori da bidea gizarteak alderdioi eskatzen digun gutxiengo akordioa lortzeko. Bide horretan, preso bati espetxe-politikaren zenbait neurri ezartzeak, edo erakunde batek bere eskumenen eremuan gauzatzen dituen jarduerak gauzatzeak ezin du izen ona hainbesteraino galarazi behar, ezta sortu duten krispazioa sortu behar ere. Alderdi Popularrari berak sustatu zuen Itun Antiterroristaren puntuetako bat gogorarazi beharko litzaioke, alegia: “adierazten dugu gure borondatea… terrorismoarekin amaitzeko politika-neurriak zilegi den eztabaida politiko eta elektoraletatik ateratzeko.” Labur esanda, tentsio sozial eta politikoaren makina hori gelditu behar dugu, denok baitakigu nola hasten den, baina inork ez dugu imajinatu ere egiten nola bukatu daitekeen. Zentzu horretan, aukera politiko guztiei deialdia egiten diegu, beren ideal propioen alde egiteari kalterik egin gabe, terrorismoaren aurkako borroka elkarrengandik banatzeko arrazoia inoiz izan ez dadin, are gutxiago hauteskundeetarako arma bezala erabilia izan dadin. 

Gainera, beharrezkoa da indarkeriaren bukaera hori ikusten eta lantzen hastea. Batasunak alderdi politikoei jarrera bat hartzea eta proposamenak emateko gaitasuna izatea eskatzen die -besteak beste EAJri-, helburu hori lortzeko aurrera pausuak emateko. “EAJ-PNVren Ekimena. Elkarbizitzarako Bake-bideak. Bortizkeriaren bukaera elkarrizketatuaren eta normalizazioa politikoaren aurrean” izenburupeko agirian gure jarrera jasota geratu zela eta EBBk jarrera hori 2005eko urriaren 10ean aho batez onartu zuela nabarmendu nahi dugu. Urte eta erdi geroago, gure ekimenak indarrean jarraitzen du, dagozkion xede guztietarako. 

Eta dokumentu horri jarraiki, argi eta garbi adierazi dugu bake prozesuari hasiera emateko indarkeria derrigorrez utzi beharra dagoela, nahiz eta indarkeria utziz soilik bake prozesua bukatu ez. 2005eko urriko gure dokumentuan esan genuen. Indarkeria uztea prozesuaren giltza da. Horretara, EAJk mezu argi eta garbia bidali dio Batasunari Euskadiren etorkizuneko artikulazio politiko-instituzionalaren inguruko hausnarketa politikoei erantzuteko. 

Batasunak mahaigaineratutako aukerak 2004ko abenduan Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu berriaren proposamenean jasota egoteaz gain, Gernikako Estatutuaren Nafarroari buruzko aurreikuspena egiten duen 2. artikuluan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari Buruzko Lege Organikoako Xedapen Gehigarriak Bigarrenean edota Konstituzioaren laugarren Xedapen Iragankorrean indarrean dagoen ordenamenduan jasota ote dauden edo ez eztabaidatzea ez zaigu garrantzitsua iruditzen. Benetan nabarmendu beharrekoa ondokoa iruditzen zaigu: indarkeriak gure gizartean lekurik ez dauka, eta alderdi guztien arteko elkarrizketa politikoak, Batasuna barne, aurretik indarkeria amaitzea eskatzen du. Izan ere, ezin da negoziaketarik gauzatu mehatxupean, eta bakea ezin zaio proiektu politiko zehatz bati lotu. 

Beraz, EAJk hitz egiteko, eztabaidatzeko eta herrialdearen etorkizunari buruzko bere proposamen politikoak edota bestelako alderdiek aurkeztutakoak negoziatzeko borondatea azaldu nahi du. Baldintza bakarra hau da: elkarrizketan inplikatutako eragile edota alderdi politiko guztiek bide politikoak eta demokratikoak bakarrik erabiltzeko eta indarkeriazko edozer ekintza tinko gaitzesteko konpromiso sendoa hartzea. Hori da guk Batasunari egiten diogun elkarrizketa- eta negoziaketa-eskaintza. Eskaintzak indarkeriarekiko mendekotasunetik askatzea eta, bide demokratikoen zein instituzionalen bidez, berezko rola exijitzea eskatzen ditu. 

Nafarroarekiko, bertako erakundeekiko eta foroak gure ondarean adierazitakoarekiko gure konpromisoa nabarmendu nahi dugu. Foroa borondate demokratikoa eta erabakitasuna da. Nafarroako etorkizun politikoa eta instituzionala erabakitzeko eskubidea Nafarroako biztanleriak baino ez daukala esan nahi du. Foroa maila berean egindako ituna da. Horiek dira Nafarroa BAIren bitartez, EAJk Nafarroako biztanleriarekin dituen baloreak. 

Ez dugu inoiz onartuko Nafarroa inongo bake prozesuko moneta-trukea izatea. Gainera, ziur gaude ez dela inoiz hala izango. EAJk gehiegi maite du Nafarroa, gehiegi maite ditugu bertako biztanleak, eskubideak eta demokrazia, gehiegi errespetatzen dugu Nafarroa ezerk nafarren borondatea bortxatzea onartzeko. Demokratikoki lan egingo dugu Nafarroak aurrera egin dezan. Aurrera egin dezan, eta, Nafarroak Nafarroako gizartean demokratikoki gehiengoa izan dezan. Izan ere, Nafarroa harro dago bere nafar eta euskal nortasunaz, irekia eta plurala baita, eta lankidetza instituzionala estutu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoarekin, baita mugaz bestaldeko Pirinioetako nafarrekin eta euskaldunekin ere. Baina nafarren borondatea bortxatu nahi duenak Eusko Alderdi Jeltzaleari egin beharko dio aurre. 

Foroa erabakitasuna eta ituna da. Horiek dira, iaz, Nafarroako Parlamentuan EAJk proposatutako hobekuntzaren erreforma-proiektuaren oinarriak. Horiek dira Nafarroaren etorkizunerako oinarriak. Inork ez ditzala mehatxu-danborrak erabili bake prozesuan adierazgarri izango den Nafarroaren gainean, hori gezurra baita. EAJk ez luke inoiz onartuko. Ez dugu inoiz onartuko, indarkeriaren eta mehatxuaren bidez, helburu politikoak inposatu nahi dituen ETAren inposatze totalitarioa. Eta beti salatuko ditugu, hilketaren bidez, gizartean euren ideiak ezartzen dituztenak eta, nola ez, nafarren borondatea zapaldu nahi dutenak. 

Baina ez dezagun ahaztu Nafarroa ETAri entregatu zaiola esaten dutenak gezurretan ari direla. Inork ez duela halakorik egin, eta inork ez duela egingo. EAJ alderdiak ez duela inoiz halakorik onartuko. Mezu hori nafarrek gobernua aldatzeko izan dezaketen borondatearen beldur direnen aitzakia, alibia da. Eta horrekin jarraitu nahi dute. Bidezkoa da. Demokratikoa da. Baina ez biztanleria engainatuta, ez eta Nafarroako gizartea puntu horretaraino tenkatuta eta hautsita ere. 

Azkenik, salatu nahi ditugu, Forua behin eta berriz aipatu arren ezkutatu nahi dutenak beraiek eta beraien aurrekoak izan direla sasinafarzaletasunaren izenean Forua husten ahalegindu izan direnak oraingo egoera honetara iritsi arte.

Iruñean, 2007ko martxoaren 14an

PARTEKATU