Iritzia
21Otsaila
2007
21 |
Iritzia

Hitza eta elkarrizketa, bakegintzan jarduteko eta indarkeriari ateak ixteko; adostasun politikoa l

Iritzia
Otsaila 21 | 2007 |
Iritzia

Iragan abenduaren 30ean ikaragarrizko sarraskia eragin zuen ETAk Barajas-en, Euskal Herri osora sekulako atsekabea ekarri zuena: bi gazteren ametsak betirako hautsita, euren sendietan egoneza eta etsipena, hainbat euskal presoren familiarteko askoren itxaropena berriro ere zulo garratzera, akordio politikoaren helburua zeharo urrundua... Ez zen alaia izan Gabon Zaharretako afalostea lagunarte askotan. Ez da harritzekoa.
Politikagintzan jarduten dugunok ezinbestekoa dugu indarkeria politikoak gizartean eragiten dituen zauriak gogoan izatea, jabetu gaitezen norainoko lana dugun eskuartean, bakea eta berradiskidetzea bideratzen laguntzeko gure herri honetan.

Bizitza da gizakiok dugun altxor nagusia, lehen eskubidea, beste guztien oinarrian dagoen eskubide bakarra. Bernardo Atxagari inoiz entzun diodanez, bizitza kentzen duenak dena kentzen du. Bizitza-eskubidea urratzen denean ez dago itzulerarik; horrexegatik, inor hiltzea, ezer bada, indarkeriarik bortitzena da. Denon erantzukizuna eta konpromisoa da bizitza-eskubidearen defentsa, eguneroko lana eta benetako heldutasuna eskatzen diguna, beste dohainen gainetik, eskubide horren urraketak eskatzen digun bezalaxe, salaketarik argiena eta inola ere ez isiltasuna. Ez behintzat gure jarduna eta jarrera gizarteari erakustea eta adieraztea helburu dugun politikariok, gero herritarrek erabaki dezaten nori eta zergatik eman babesa.

Printzipioen alorrean anbiguetateak ez du lekurik, ezin izango genuke-eta ezer elkarrekin eraiki oinarrizko lehentasunetan ados ez bageunde. Egia da, baita, bizitza eskubidea lehenesteak ez dituela baztertu behar gainontzeko giza-eskubideen defentsan eta injustizien salaketan egin beharreko ahaleginak.

Bakea behar dugu dio Euskal Herriko hainbat erakundetako balkoietan dugun goiburuak. Eta bakea ez da, besterik gabe, ETAren indarkeria desagertzea; askoz gehiago ere bada bakea. Euskaraz badugu ohitura bakegintza esateko, bakea egin egiten dela adieraziz, modu kontzientean landu behar dugun prozedura dela, bidea, alegia.

Bakea behar dugu, orain arteko biktimek, indarkeriaren presentziak hainbeste atsekabetzen dituzten herritarren bihotzek alegia, atsedena hartu dezaten.

Bakea behar dugu, gaizkileen senitarteko errugabeentzat ere, urteetako sufrikarioari amaiera eman diezaioten.

Bakea behar dugu, bergizarteratzea posible izan dadin, berradiskidetze bidean ezinbesteko urratsa baita.

Zer egin politikan dihardugunok? Zer egin, bake-bidea norantza bakarrekoa, itzulezina bihurtu dadin, urratsak emateko?. Hitza daukagu, eta ez da gutxi. Nahikoa eta ezinbestekoak dira hitza eta elkarrizketa, egoeraren gaineko diagnostikoa adosteko eta ondorioak ekinbide bihurtzeko, bakearen alde. Bide hori jorratzen badugu, ziur naiz askoz errazagoa izango dugula gatazka politikoari konponbidea bilatzea eta euskal gizarteak berretsiko duen akordio politikoa lortzea. Hala bedi.

PARTEKATU