Hitzaldia
15Otsaila
2007
15 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
e-batzokiaren aurkezpena

Hitzaldia
Otsaila 15 | 2007 |
Hitzaldia

Euzko Alderdi Jeltzaleak 1894an inauguratu zuen lehen batzokia. Ehun urte luze geroago, EAJren batzoki-sareak 175 egoitza ditu. Gaur inauguratzen da 176. batzokia. Baina, aurreko guztiak ez bezalaxe, batzoki berri honek ez du egitura fisikorik. Ezein alderdi politikoren Internet garai eta esparruko lehen egoitza da.
Internetek erakarri duen sare telematikoaren hazkuntza bizkorrak sekulako aldaketa esangura du, orain dela 13 urte Jabier Etxeberria irakasleak izendatu zuen Telépolis-en ildo beretik, noizbaiteko hiri global, digital eta elektronikoaren bilakuntzan alegia.

Zenbait urte geroago, Jabier Etxeberriak berak landu zuen “hirugarren ingurua” deritzan ideia, beti ere kontuan izanik informazio eta telekomunikazio teknologia berriak nolabaiteko gizarte-esparru berri bat ari direla sortarazten, inondik ere zer ikusirik ez duena oraintsu arte gizakiok betidanik ezagutu izan ditugun esparru natural eta urbanoekin. Zer esanik ez, orain datorkigun hirugarren inguru hori eta lehendanik izan ditugun bi eremu ezagun horien arteko alderik nabarmenena zera dela: elkarren arteko harremanak eta jarduerak urrutitik egin ahal izana. 

Zentzu honetan, teknologia berrien eremuan, orain aurkeztuko dugun e-batzokiaren egitasmoak Euzko Alderdi Jeltzalearen ezagutza eta ekintza sustatu nahi ditu. “Hirugarren ingurua” landu nahi du, sarearen bitartez esku hartu nahi dutenei aukera eskainiz. Edo, beste modu batez esanda, gaur eta hemen, beste batzoki bat inauguratzen ari gara, batzoki berri hau birtuala baino ez bada ere, jakineko lurralde fisikorik gabe beraz, nahiz eta batere zalantzarik ere ez dugun bere bene-benetako eremu propioa lortuko duela sarearen gizartean. Segurutik, alderdi politiko batek Internet-en aroan eta eremuan irekitzen duen lehen egoitza da. 

e-batzokia-com Euzkadi Buru Batzarrak eragindako egitaraua da, Euzko Alderdi Jeltzalearen ekintzen alorrean jelkide eta jeltzaleen partaidetza indartzeko eta, batez ere, Alderdiak ohiko batzokirik ez duen lurraldeetan bizi diren adiskide eta jarraitzaileek ere tresnarik aukerakoena izan dezaten erakundearekin taxuz eta zentzuz harremanetan hasteko eta jarraitzeko. 

e-batzokia www.eaj-pnv.com orrialdearen osagarri edo sail berezi gisa arituko da, eta alderdikideen eta webgunean sartu izaten diren zibernauten arteko zubigintza egingo du. 

Betidaniko batzokiaren eraz eta moldez, e-batzoki berriak bi jardunbide zeharo ezberdinak eskainiko ditu. Bata, aurrena, edonorentzat zabal-zabalik irekia, hainbat informazio orokor eskainiko duena. Eta bestea, murriztua eta elkarreragilea, aldez aurretik harpidetu beharko diren bazkideentzako bereziki, informazio aproposagoa, trebakuntza-ikastaroak, foroak, blogak etab. eskainiko dituena. 

Zentzu honetan, e-batzokia elkarte digital eran sortzen da, EAJ-PNVren antolamenduarengandik bereizia, eta elkartekidetzat hartuko ditu eskaria egiten duten erabiltzaile guztiak. e-batzokiaren bazkide izateak ez du, besterik gabe, EAJ-PNVren alderdikidetasunik esangura izango.

e-batzokian bertan eskainiko da bazkide izateko behar den informazio guztia. Bazkideok hartu ahal izango dituzten erabakiek ez dute EAJ-PNVren jokabiderik baldintzatuko baina beronen buruzagitzari jakineraziko zaizkio.

Sarearen ohiko erabiltzailea naizen aldetik, eta Internetek eskaintzen dizkigun baliabideak kontuan izanik, sinetsita nago e-batzokiak bere baitan biltzen duela 1894ko lehen “Euzkeldun Batzokija“k zeukan espiritu berbera. Eta orduko hura gauza izan zen bezalaxe garai hartan sortu zen euskal berpizkundearen inguruan gizarte-komunikazio sarea suspertzeko, oraingo hau ere gai izango dela garai berriotako erronkei bertatik bertara erantzuteko.

Ehun urte luzeko ikuspegi zabalaz, gaur egun jakin badakigu Sabino Aranaren “Euzkeldun Batzokijak“ etxeko eta senitarteko giroa gainditu eta euskaldunen arteko sare-sentimendua berpiztu zuela herriz herri. Aldi berean itxaro dut, Shanghaitik San Franciscora Paristik zehar, e-batzokia “hirugarren inguru“ berriaren hazia izango dela eta, kanpoko zein barruko lurraldeen gainetik, nolabaiteko mugarik gabeko e-lurraldetasuna bideratuko duela sarean zehar,  eremu lokalaren eta globalaren bidegurutzean Euskadiren proiektua gurekin partekatu nahi duten guztien sarea izango dela.

PARTEKATU