EUSKAL ERAKUNDEEN ALDE
Euzko Alderdi Jeltzaleak, Eusko Alkartasunak, Ezker Batua-Berdeak-ek eta Aralarrek, datorren astelehenean, urtarrilak 29, manifestazio bat antolatzea erabaki dugu eta herritarrei dei egitea, parte hartu dezaten. Bilboko kaleetan, denok batera, lehendakariari gure elkartasuna adieraziko diogu, eta, aldi berean, demokraziarekin, elkarrizketarekin, askatasunarekin, zuzenbide estatuko printzipioekin eta jardunbide politikoarekin dugun konpromisoa agertu.
Botereen arteko kontrola, sistema demokratikoaren oinarrian dagoela onartzen dugu baina, hala ere, Estatuko beste botereen gaineko kontrol judiziala ezin daiteke printzipio demokratikoak duen nagusitasunaren aurka gauzatu eta interferentzia politikoa eragin. Hain zuzen ere, Lehendakariari, bakearen alde elkarrizketaz baliatzeagatik inputatu gisa auzitegian deklaratu beharrak, erakunde goren horri zor zaion errespetu falta nabarmena ekartzeaz gain, Lehendakariak berak ordezkatzen duen gizarte osoari egiten zaion erasoa ere bada.
Ezagunak zaizkigu lan judizialak izan ohi dituen zailtasunak, baita epaileei zein magistratuei zuzendutako mehatxuak ere. Oraindik ere sentitzen ditugu ETAk ere eragindako heriotzak, euren artean, epailetzako kideek ere. ETAren indarkeriak atzera itzulerarik ez duen eskubide bakarra urratu zien: bizitza.
Badakigu epaile askok, baldintza zailetan, zuzentasun goresgarriarekin burutzen dutela euren lana, independentziaren muga Zuzenbide Estatuaren printzipioak eta demokraziako arauak errespetatzean datzala pentsatuta. Eta, horrexegatik daukate, gure errekonozimendua eta euskal gizarte osoarena.
Euskadik une gogorrak bizi ditu eta bake-bideak urratzen dihardu. Egoera zail honek, printzipio etikoak irmoki defenditzea, heldutasuna eta gogo ona denoi eskatzen digu. Horrexegatik kezkatzen gaitu jardun politikoa jasaten ari den judizializazioak, Ibarretxe lehendakaria kriminalizatzeraino eraman duena, herritarrok herri erakunde guztiei agindu diegun ardura politikoa elkarrizketaren bidez betetzen ahalegintzeagatik. Eta hau, oso larria da.
Euzko Alderdi Jeltzaleak, Eusko Alkartasunak, Ezker Batua-Berdeak-ek eta Aralarrek, dei egiten diegu herritarrei Bilbora etorri daitezen datorren astelehenean, urtarrilak 29, hiru helburu hauekin bat eginez:
1. Justiziaren politizazioa salatu nahi dugu eta Ibarretxe lehendakariari babesa eman, gure herrialdean ekimen politikoa zuzentzeko daukan erakunde-ardura eta oinarrizko eskubideak baliogabetzeko asmoarekin, EAEko Auzitegi Gorenak bere aurka irekitako auzi penalaren aurrean.
2. Politika bakean eta askatasunean gauzatu ahal izatea aldarrikatzen dugu, judizializazioaren mehatxurik gabe; izan ere, konponbide justuak zein demokratikoak sustatzeko erakunde-ekintzak eta ekintza politikoak ezin dira legez kanpokoak izan, eta, are gutxiago, delituzkoak.
3. Berehala lehendakariaren aurka irekitako auzi penala artxibatzeko eskatzen dugu.
Gure helburua ez da, soilik, Juan Jose Ibarretxe defendatzea, oinarrizko printzipio demokratikoa defendatzea baizik. Ekintza politikoa defendatuko dugu, berau delako, demokrazian, inork igaro behar ez duen lerro gorria. Bidegabekeria horren aurrean, demokraziaren zutabeetan sinesten dugunok ezin dugu isilik geratu. Hori dela eta, datorren astelehenean, lasaitasun osoz baina, aldi berean, irmotasunez, herritarren zerbitzuan behar duen justizia demokratikoa eta zibikoa defendatuko dugu.
IBILBIDEA
Manifestazioa 19:30etan Carlton Hotelean hasiko da, hau da, Eusko Jaurlaritzaren lehen egoitzan, ondoren, Gran Via eta Arenaletik pasa eta amaitu, Arriaga antzokian egingo du.
Manifestazioaren lema hurrengoa izango da:
“EUSKAL ERAKUNDEEN ALDE. EN DEFENSA DE NUESTRAS INSTITUCIONES”
Manifestazioaren amaieran Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak agiri bat irakurriko dute.