Hitzaldia
25Azaroa
2006
25 |
Hitzaldia

JOSUNE ARIZTONDO
Abertzaleak bakearen alde

Hitzaldia
Azaroa 25 | 2006 |
Hitzaldia

Korsikako Nazioaren Alderdiak antolaturiko mahai-ingurua.
Corti (KORSIKA), 2006ko azaroaren 25ean.

I. Euskal Herriaren aurkezpen laburra.
II. Egungo egoera politikoaren testuingurua.
III. Bake bideak Euskadirentzat.
1. Bakearen alde egiten duten faktoreak.
2. Biktimak onartzea eta osatzea.
3. Bakearen balioa.
4. Presondegiko politika eta gizarteratzea bakearen zerbitzura.
IV. Normalizazio politikorako aukera bat.
1. Zertarako? Akordio politikoaren oinarriak jartzea ahalbidetzeko.
V. Egungo helburua: prozesu itzulezinerantz abiatzea.
VI. Baieztapenak eta gomendioak.

AGURRAK ETA ESKER ONA.

ARRATSALDE ON. Hasteko, Korsikako Nazioaren Alderdiari eskerrak eman nahi dizkiot, Eusko Alderdi Jeltzalearentzat hain garrantzitsua den gaiari buruzko topaketa honetara etortzeko gonbitea luzatu izanagatik. Gaia bakearen aldeko alderdi nazionalistekin lankidetzan aritzea da, hain zuzen ere. Benetan konbentzituta nagoelako diotsuet hori, gure herrialdeak ez baitira gai izango aurrera ateratzeko bakearen eta askatasunaren alde lan egiten jarraitzen ez badugu, pertsonen bizitza eta askatasuna edozein asmo politikoren aurretik egotea lortzen ez badugu.

I. Euskal Herriaren aurkezpen laburra.

Hitzaldia gure herrialdearen aurkezpen laburrarekin hasi nahi nuke.

Euskadi, Katalunia eta Galiziarekin batera, Espainiako Erresumako hiru nazio historikoetako bat da.

Euskadik nortasun propioa duen eta Europako hizkuntza zaharrena, alegia, Euskara edo euskal hizkuntza, bizirik mantentzen duen talde irudia eskaintzen du.
Halaber, gizarte modernoaz ari gara, izan ere, alderdi sozioekonomikoari begiratuz gero, batez besteko europarra baino zazpi puntu gorago kokatzen da (% 107) eta ia zerga guztiak kobratzeko boterea du. Aldi berean, hezkuntza, osasuna edo azpiegiturak bezalako gaietan eskumen esklusiboak ditu. Azkenik, polizia kidego eta komunikazioko zerbitzu publiko propioak ditu.

Euskal Herriko gizartea industriala da. Euskadiko biztanleak Espainiako % 5a baino gehiago ez badira ere, industria Estatuko makina erremintaren % 80a, ekipo-ondasunen fabrikazioaren % 50a, altzairu berezien % 90a, sektore aeronautikoaren % 22a eta informatika edo telekomunikazioak bezalako etorkizuneko sektoreen % 15a da.

Aitzitik, orain dela 50 urtetik hona, Euskal Herriak aurre egin behar dio kale borrokaren sindrome sozialari. Indarkeria horrek desohorez estali du euskal nazioaren xedea, guk gure historia osoan zehar legitimotasun osoz eta bide zorrozki demokratikoen bidez defendaturiko xedea, hain zuzen.

Orain dela denbora gehiegitik hona, gure herrialdeak gatazka politiko sakona bizi du eta horrek taldeko frustrazio sakona areagotu besterik ez du egin.

Eusko Alderdi Jeltzalea orain dela ehun urte baino gehiago jaio zen, gatazka horren adierazpen politiko bezala. Gure helburua Euskadik bizirautea da, eskubide osoko nazioa den heinean eta, aldi berean, subiranotasuna berreskuratu.

ETA orain 50 urte jaio zen gutxi gorabehera, Frankoren diktadurapean. Demokrazia iristean, ETAren adar batek armak uztea erabaki zuen, besteak indarkeriarekin jarraitzea erabaki zuen bitartean. Mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko (1979) Autonomia Estatutuarekin batera amnistia orokorra iritsi zen preso politiko guztientzat. ETAk ez zuen euskal gizartearen gehiengoak Autonomia Estatutuarekiko agertutako adostasun politikoa errespetatu. Halaber, defendatzen omen duen euskal herriaren, ez hitza, ez erabakia, ez ditu errespetatu.

II. Egungo egoera politikoaren testuingurua.

Jo dezagun atzerantz, ondo baderitzozue, egun bizi dugun egoerara eraman gaituzten gertakarietarantz, hain zuzen:

Mila bederatziehun eta laurogeita zortzian (1988) Ajuria-Eneako Hitzarmena sinatu zen (Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzaren izena). Hitzarmen horren helburua bakearen eta normalizazio politikoaren alde lan egitea zen. Akordio hori alderdi politiko guztiek berretsi zuten, Batasunak ezik. Alderdi horrek aulki hutseko politika egin izan du denbora honetan guztian zehar Eusko Legebiltzarrean, nahiz eta eserleku propioak izan jarduteko. Gauzak horrela izanik ere, hitzarmen horren 9 eta 10. puntuek Batasuna herrialdeko bizitza politikoko eta ETAren elkarrizketa bidezko amaierara iristeko esfortzuen kide izan behar duela adierazten dute.

Hamar urte geroago, Ardanza lehendakariak Ajuria-Eneako Hitzarmeneko 9. eta 10. puntuak erdietsita zeudela jada uste izan zuen eta, ondorioz, aukera eman zien zenbait indar politikori bakearen eta bizikidetza politikoaren aldeko planaren ezaugarri orokorrak ezartzeko.
Alderdi Popularrak, hau da, espainiar eta euskal eskuinak, Ardantza Planaren parte ez izatea erabaki zuen, horrela, Ajuria-Eneako Hitzarmena hautsiz. Alderdi Sozialista bat etorri zen hasiera batean bake Planaren esparruan lan egitearekin baina, azkenean, Alderdi Popularraren ildoa jarraitzea erabaki zuen, Estatuko horrelako gai batean eskuinaldearen atzetik geratzearen beldur.

Erabaki hori, nire ustez, inflexio puntua izan zen pixkanaka Zuzenbideko Estatuaren oinarriei eraso egingo zien eta alderdi politikoen izen ona hondatuko zuen politikan. Egoera horrek oso zaila egingo zuen gertakarien bilakaera berriro ere zuzentzea. Horien artean, gertakari hauek aipa daitezke bereziki:
• Batasuna legez kanpo utzi zuten Espainian (ez Frantzian, han eserlekuak ditu eta bere jardun politikoarekin jarraitzen du).
• Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta bere kabineteko bi kide, euskal sozialisten idazkari orokorra bera bezalaxe, auziperatu egin zituzten instrukzio judizial batean.
• Azken urte hauetan bi egunkari debekatu dira; euskal kulturaren pertsona eta talde antimilitaristetako kide kopuru esanguratsuak azterketa jasan du prozesu amaigabean atxiloketa ugariren ondotik, nahiz eta prozesu hori nekez justifika daitekeen ikuspegi juridikotik aztertuta. Geroz eta nabarmenagoa da egunetik egunera legearen aurreko berdintasun printzipioa, errugabetasun presuntzioa eta adierazpen eta elkarte askatasunak ezerezean uzten dituztela.

Dena dela, itzul gaitezen gertakarien kronologiara. Mila bederatziehun eta laurogeita hemezortzian (1998), Ardantza Planak porrot egin zuen urte berdinean, ETAk su-etena aldarrikatu zuen. Hamasei (16) hilabeteko iraupena izango zuen (aurreko su-etenak ez ziren horrelako iraupenetara iritsi). Horrek, Batasuna bide esklusiboki politiko eta demokratikoetan sartzearekin batera, abertzaleen arteko legebiltzarreko akordioaren alde egin zuen lehenengo aldiz gure herrialdearen historian.

ETA akordio horren tutore izaten saiatu zen eta, beraz, euskal bizitza politikoa kontrolatzen saiatu. Ez zen nahi hori lortzera iritsi eta, ondorioz, su-etena apurtu zuen. Aldi berean, indarkeria terrorista itzela eta krudela berrezarri zuen. Horrek benetako beldurra eta erabateko gaitzespena ekarri zuen euskal gizartearen aldetik, indarkeriaren aldeko itzulingururik onartu gabe. Tarte horretan Batasuna isildu egin zen. ETAk muturreko ezkerraldearen ahots krudela izateari ekin zion berriro ere.

Bi mila eta lauko (2004) azaroan, Eusko Legebiltzarrerako bi mila eta bateko (2001) hauteskundeetako porrota onartu ondoren, Batasunak Anoetako Adierazpena ezagutarazi zuen. ETAren inguru politikoak berretsitako dokumentuak bi printzipio nagusi zituen: 1) euskaldunen etorkizun politikoa hiritarren eta haien ordezkari politikoen ardura da bakarrik eta horiek adostasunera iritsi beharko dute; 2) ETAk eta Estatu espainiarrak baketzearen eta indarkeria uztearen inguruko gaiei buruzko kontu teknikoak negoziatu eta adostu beharko dituzte. Beste era batera esanda, dokumentu horren ezinbesteko ekarpena ETAren presentzia ukatzea izan zen, bizitza politikoko aktore gisa. Horregatik izan zen garrantzitsua estrategikoki.

Bi mila eta bosteko maiatzean (2005), Diputatuen Kongresuak, Frantziako Asanblada Nazionalaren baliokidea izango litzatekeenak, Ebazpen bat onartu zuen Alderdi Popularraren babesik gabe, indarkeriaren elkarrizketa bidezko amaieraren alde. Akordio hark hitzez hitz jaso zuen lehen adierazitako Ajuria-Eneako Hitzarmenaren 10. puntua (Indarkeriari elkarrizketa-bidez azkena emateko, horrekikoak egiteko benetako gogoan eta hori sinestarazteko moduko zalantzarik gabeko jarreratan oinarrituz, behar bezalako aukerarik izaten bada, Erresumako horretarako gai diren agintarien eta indarkeria bazter uztea erabakitzen dutenen arteko harreman-bideen alde gaude, betiere, politika-mailako demokraziazko sorrerako arauari begirune izanez, noski).

Bitxia da Batasunak ebazpen hori txalotzea, hamazazpi urte lehenago ukatu egin zuenean. Aitzitik, PPk hitzarmen hartan parte hartu eta lagundu bazuen ere, hamazazpi urte geroago ukatu egin zuen testu bera. Bitxia, bai.

2006ko martxoan, ETAk su-eten iraunkorra aldarrikatu zuen komunikatu bidez. Bertan, indarkeriari amaiera emateko borondatea adierazi zuen eta normalizazio politikoko prozesu demokratiko bati atea irekitzeko nahia jakinarazi. Estatu espainiarreko eta Euskadiko alderdi nahiz gobernuek ondo hartu zuten, eta nazioarteko erakunde ezberdinen oniritzia ere izan zuen. Adierazpen horrek negoziazioaren bidea ireki zuen ETAren eta Estatu espainiarraren artean, bake prozesuari ekite aldera (biktimak, presoak, erbesteratuak eta armak) eta alderdi politikoen arteko elkarrizketa prozesua martxan jartzeko baldintzak ezartzeko. Horrela, euskal gizartearen borondatearen errespetuan oinarritutako bizikidetza politikoko esparrura iritsiko litzateke.

Eusko Alderdi Jeltzaleak oso positiboki hartu zuen su-etena, eta elkarrizketa aktibatzearen alde lan egin du, epe luzerako akordio politikoa lortzeko euskal indar politiko guztiak sartuz.

Honaino gertakarien deskribapena eta egungo egoera hobeto ulertzeko gako batzuk.

Une honetan, bidegurutzean gaudenean, gure lana bakearen alde lan egitea da, bestelako bideak topatzen saiatuz gainerako euskal alderdiekin akordio politikoa lortzera iristeko. Horrela, euskal gizarteak bere egoera politiko eta soziala aukeratuko du.

Akordio politiko irekia, modernoa, euskal gizartearen nahia errespetatzeko moduak kontuan hartzen dituena dugu helburu. Formula horiek gizarte demokratiko aurreratuek erabili ohi dituzten mekanismoen bidez adierazi behar dira.

Hala eta guztiz ere, jabetzen gara bide zailean ildaskak daudela oraindik ere. Edonola ere, Euskadik bakezko etorkizuna izango duela espero dugu, egun egoera dagoen bezala egonda ere. Eta guk horren alde lan egingo dugu aukera dugun bakoitzean, izan ere:
• Batetik, ezin onar dezakegu mendebaldeko Europan indarkeriaren azken gotorlekua izatea.
• Bestetik, indarkeria politikoak euskal nazioa ukatzen du proiektu moderno, osatu eta etorkizuneko bezala.
• Azkenik, bizitzarako eta askatasunerako eskubidea lehentasuna da Euskal Alderdi Jeltzalearentzat. Frankoren estatu kolpe militarra baino lehen horrela izan zen, diktadurapean ere bai, eta baita Bigarren Mundu Gerran zehar ere. Azken horretan gureak ez ziren besoak gurutzatuta gelditu. Ez ahaztu “Gernika” batailoiak sarrera arranditsua izan zuela Bigarren Gerra Mundialaren amaiera aldeko Paris askean, Bigarren Dibisio Blindatuko gizonen ondoan. Ohore hori beren gerra zibil propioan garaituak izanda ere, Aliatuen aldean lur frantsesetan borroka egiteko energia demokratiko nahikoa izan zuten boluntarioei eman zieten.

III. Bake bideak Euskadirentzat

Beharrezko bost alde azpimarratu nahi nituzke bakean aurrerantz egiteko:

1. Bakearen alde egiten duten faktoreak.
2. Biktimak onartzea eta osatzea.
3. Bakearen balioa.
4. Presondegiko politika eta gizarteratzea bakearen zerbitzura.


1. Bakearen alde egiten duten faktoreak
Bakearen aldeko elementuen artean, hurrengo hauek azpimarratuko nituzke:

1. Euskal gizartearen eta ETAren zuzendaritzaren sektore zabal batzuen aldetiko gaitzespen argia indarkeriaren aurrean itzulezina da.

2. Nazioarteko terrorismoak irailaren 11tik aurrera ETArengan izandako eragina. Atentatu hark ezohiko gaitzespena ekarri zuen herritarren partetik. Aldi berean, Europako eta gainerako munduko esparru judiziala eta poliziala sendotu egin ziren.


3. Madrilen jazoriko aldaketak gatazkako aldiaren amaiera ekarri du, elkarrizketan eta aniztasunaren errespetuan eraikitako politikaren ikuspegia aurkeztuz.

4. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek autogobernua kudeatu dute. Horrek euskal nortasun nazionala erakundeetan ezartzea ekarri du. Halaber, erakundeek indarkeria gauzatzearen inguruan agertu ahal izan den edozein motatako legitimazio etikoren aurka egin dute.


Azpimarratu nahi nuke demokraziako urte hauetan EAJk erakundeen bridak eraman dituela. EAJko hiru lehendakariek gailenduriko koalizio ezberdinak zuzenduz egin du. Bestalde, adierazi nahi dizuet Katalunian Convergencia i Unió alderdia bakarrik egon dela boterean denbora honetan guztian lehendakari bakarrarekin, Jordi Pujolekin, baina 2003an boterea galdu zuela.

Gure ikuspegitik, indarkeria uztea eta elkarrizketa bidezko amaierara iristeko borondatea bi oinarriren gainean kokatu behar da: a) indarkeria uztearen unibertsaltasuna (enpresariek edo beren kontura lan egiten duten langileek jasandako estortsioari uko egitea, “intentsitate txikiko indarkeria” izenekoari uko egitea); b) erabaki horren itzulezintasuna (“inoiz baino gehiago”).


2. Biktimak onartzea eta osatzea.

Halaber, bake prozesuan, terrorismoaren edo indarkeriaren biktimek toki erabakigarria dutela esan nahi nuke. Justiziarik gabe pairatutako sufrimendua gizarte mailan onartzea ez da saihestu daitekeen kontua. Onarpen hori gabe, ez da posible izango gure artean horrenbeste desiratzen dugun adiskidetzea lortzea.

Hala eta guztiz ere, indarkeriak sorrarazi duen atsekabea izugarria da, eta gizarte bizitzaren normalizazioa ez da erabatekoa izango, ezta indarkeria erabat deuseztatzen denean ere. Izan ere, zenbait zauri handik irekita jarraituko dute gizarte sarea eratzen duten pertsonengan. Bake kulturaren alde egin behar dugu. Horrek, indarkeria gaitzesteaz gain, erreferentzia etikoak bizi eta barneratzea ere eskatzen du, esate baterako, giza eskubideen, banakako nahiz taldeko eskubideen errespetua, berdintasuna, solidaritatea, gizarte justizia, aniztasunarenganako errespetua, eta askatasun zibil eta politikoen babes aktiboa.


Halaber, zuen aurrean salatu behar dut azken urte hauetan sistema demokratikoaren zuntz sentikorrenak ukitzera ere iritsi dela egoera, argi adierazteko, demokraziak balio duenaz jabearazten gaituzten zuntz zehatzak: alderdiak legez kanpo utzi dira, egunkariak itxi dira, presoaldi prebentiboak ezarri zaizkie pertsona bakezale eta errugabeei, botere banaketa txikitu egin da eta ETAren indarkeriaren “aitzakia” erabili da euskal abertzaletasun demokratikoa eta euskal erakundeak zorrozki jazartzeko, justiziarik gabe eta demokraziaren aurka.

3. Bakearen balioa.

Euskal alderdi politiko guztiek onartzen dute justiziazko bakea hurrengo printzipio demokratiko honetan oinarritu behar dela: demokrazian, erabakiak hiritarren eskuetan daudela bakarrik. Kontrakoa emango balitz, etikarik gabeko gertakari gaitzesgarri baten aurrean egongo ginateke, eta gizarteak ezingo luke hori onartu. Indarkeria elkarrizketaren bidez amaitzea proposatu izan dugunean, esperientzia historikotik abiatuz egin dugu, izan ere, historian zehar ikusi ahal izan da mota honetako gatazkak negoziazio eta adostasun faseen bidez konpontzen direla. Horrek ez du inolaz ere esan nahi, erakunde armatu bati erabakiak hartzeko eskubidea emango zaionik, izan ere, eskubide hori gure herrialdeko gizon eta emakumeei dagokie bakar-bakarrik.

Arrazoi hori dela-eta, elkarrizketara bultzatu ditugu herriaren nahiaren ordezkariak, betiere, kontuan hartuta oinarri sendoko akordio politikoa behar dela. Eusko Alderdi Jeltzalearentzat, euskal gizarteak bere etorkizun propioaren inguruan erabakiak hartzeko printzipio demokratikoa errespetatu beharko du akordioak. Horretarako indarkeria ezeko testuingurua eta edozein motatako inposaketarik gabekoa da beharrezkoa. Aldi berean, aniztasuna eta hitzarmenera iristeko konpromisoa errespetatu beharko dira.

4. Presondegiko politika eta gizarteratzea bakearen zerbitzura.

Zuzenbide Estatu bateko presondegiko politikaren helburua gizarteratzea izan behar da. Hain zuzen ere, Kode Penala modu malguan aplikatzea, familiak bakearen eta adiskidetzearen alde dauden agente gisa ulertzea eta, inolaz ere ez, alboko erruduntzat, ezinbesteko elementu dira baketzerako. Beharrezkoa eta presazkoa da orientabide gizatiarragoa ematea presondegiko politika espainiarrari. Iraganean jazo behar izandako zerbait da, Eusko Legebiltzarrean 1997an hartutako erabakien esparruan, edota urtebete geroago Gorte Nagusiek edo Diputatuen Kongresuak harturikoen esparruan.

IV. Normalizazio politikorako aukera bat.

Bake- eta normalizazio politikoko prozesuak bi prozesu ezberdin dira, baina elkarrekin loturak dituzte. Indarkeriarik ez egotea ezinbesteko aurrekaria da, izaera demokratiko hutseko funtsezko gai politikoak aztertu ahal izateko.

Funtsezko gai horiei buruz hitz egin nahi nizueke.

1. Euskal herritarren borondatea errespetatu dadila eskatzen dugu eta, eremu horretan, EAJk Euskadiko sentikortasun politiko ezberdinen akordio komunaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du.
2. Arau demokratikoen onarpenean oinarritzen den akordioa lortu nahi dugu. Horrek ideia eta proiektu politiko guztien legitimotasuna onartzea eskatzen du. Giza eskubideak errespetatzen dituen proiektu orok defentsarako aukera izan behar du eta martxan jartzeko aukera, gizarte babes nahikoa lortzean eta prozesu demokratikoaren bidean jartzean.
3. Euskaldunek etorkizuna erabakitzeko duten eskubideak topaketarako eremua sortzen du, partekaturiko eskubidea. Hori da euskal gatazka historiko-politikoa konpondu nahi dugun guztiok aurre egin beharreko erronka. Horretarako ez dugu gizarteratzea eta gure herriaren kohesioa ez diren bestelako armarik.
Euskal herriak talde gisa dituen eskubideak positiboki onartzearen diskurtsoaren sendotzearekin batera, Estatu espainiarraren aldetiko konpromiso aktiboa behar da, nazio anitzeko izaeraren alde egiteko.

4. Gure helburu politikoa une honetan, nik une historikotzat joko nukeen unea hain zuzen, bizikidetzako ereduaren definizioa izango litzateke, Estatu espainiarrarekin elkarrizketa izateko bi aldeko esparrua lortzearekin batera. Azken horretan leialtasun berme eta baldintzak agertu beharko lirateke.

5. Konpromiso bikoitz hau kontuan hartzea proposatzen dugu:

1. egun indarrean dauden akordioek eratzen duten esparrua baino onarpen gutxiagokorik ez ezartzea, hau da, Gernikako Estatutuarena baino gutxiagokoa, eta
2. akordio historiko hark izandako onarpena baino handigoa izan dezakeen akordiorik ez oztopatzea.

Zehaztu behar dut konpromiso bikoitz hori EAJ, Alderdi Sozialista eta Batasunaren artean lortutako akordioan oinarritu behar dela, horiek baitira triangelu politikoa eratuko luketen hiru angeluak. Izan ere, lehen adierazitako muga bikoitz horretatik abiatuz bakarrik gaindituko dugu gehiengoen jokoa, “beharrezkoa den adostasunera” iristeko.

6. Azkenik, herritarrei hitza ematearen aldeko gara, prozesu politikoari amaiera emateko. Hiritarrei galde egitea exijentzia politiko eta demokratikoa da, erakundeen esparruaren aldaketa esanguratsua proposatzen den unetik bertatik aurrera.

Kontsulta demokratikoak hainbat baldintza bete behar ditu, eta garrantzitsuenen artean indarkeriarik ez egotea eta kanporaketa politikoak deuseztatzea egongo lirateke. Horrelako kontsulta baten bidezko helburua Gernikako Estatutuak izandako babesa areagotzea izango litzateke. Hori izango da oinarrizko erreferentzia gure herrialdean, elkarrekin bizitzen ahalbidetuko digun topagune berria demokratikoki baliozkotzeko.


V. Egungo helburua: prozesu itzulezinerantz abiatzea.

Hala eta guztiz ere, itzul gaitezen orainera: nola abiatu prozesu itzulezinerantz.

Orain dela astebete, aukera izan nuen Euskadin Bakearen Astera joateko. Bertan, oso kontu interesgarri baten gainean lan egin dugu, hain zuzen ere, itzulezintasuneko eremuak nola lortzeari buruzkoak, bake prozesuak atzerantz ez egiteko esparruak lortzeari buruzkoak.
Badakit gatazka bakoitzak bere baldintza propioak dituela, aldagaiak, historia, eta abar. Eta gatazka horien gaiek azterketa propioa eskatzen dute modu berean.

Nire ustez, prozesuak atzera ez egiteak lotura estua du prozesuaren unibertsaltasunarekin. Hala eta guztiz ere, itzulezintasuna prozesu luzea da ere bere horretan. Ondorioz, esparruak konkistatu beharko dira aurrerantz egiten den heinean.

Ikuspegi horretatik aztertuta, atzeraezintasunaren bidean dauden hainbat elementu aipa ditzakegu ziurtasun ezeko une honetan:

1. Agertzen diren alderdi guztiek parte hartzeko baldintzak eratzea. Edonola ere, bateratze horrek benetakoa izan behar du, hau da, parte hartzea ahalbidetuko duten arauak ezartzen direnetik aurrera bidea egin behar da.

2. Esku hartzen duten alde guztiek fede onez hartu behar dute konpromisoa. Eta hori keinu eta jarreretan antzematen da. Konpromiso emozionala da, kalkulurik egin gabe parte hartu behar da, metodologiez edo agendez haratago joanez.

3. Iraupen luzeko emaitza bermatzea prozesurako (ez konponbide bat, baizik eta konponbide egokiena). Negoziazioak arinegi egiten direnean, akordioek ez dute denbora luzea irauten. Denboran iraungo duten konponbideetara iritsi behar dugu, ez azken uneko konponbide batera. Konponbide hori ez dago ezarrita prozesuaren ondorio teoriko gisa.

4. Gai sinbolikoaren garrantzia handia kontuan hartu behar da. Zentzu horretan, oso garrantzitsuak dira adierazpenak, eta adostasuna lortu behar da prozesuaren inguruan egingo diren diskurtso ezberdinen inguruan, izan ere, guztiak oso mota ezberdinetakoak izango dira. Oso ondo jakin beharko da non dauden adierazpen bakoitzaren muga zehatzak.

5. Ebakiak/kontraesanak... Nola egin aurrerantz? Oso interesgarria da sormeneko anbiguotasuna topatzen saiatzea. Baina, kontuz! Alde guztiek horren esanahia ezagutzen ez badute, arazoak egongo dira halabeharrez. Kalkulaturiko sormeneko anbiguotasuna aurrerantz egiteko? Bai. Anbiguotasuna ausartegia bada, gauzen oinarrizko aldeei eragiten badie eta opakoak bihurtzen, arazoak agertuko dira inolako zalantzarik gabe.
VI. Baieztapenak eta gomendioak.
Baieztatu dugu:
1. Zalantzak daudela ETAren borondatearen eta indarkeriari amaiera emateko garatzen dituen mugimenduen gainean (kezkarako elementuak daude).
2. Baketze prozesuaren eta normalizazio politikoaren artean nahasmendua dagoela.
• ETAk geroz eta paper garrantzitsuagoa du, BATASUNArenaren kaltetan.
• Kontua da, prozesuarentzako mehatxu larriena ETAk indarkeriaren eta elkarrizketaren baliabidea txandaka erabiltzea dela, prozesuaren tutore bakarra izatearekin batera.
3. Informazio politika ahula eta asimetrikoa dela.
• ETAk eginiko adierazpenak ugaritu egiten dira eta, haiek adierazitakoaren arabera, gainerako guztiek ezagutzen ez ditugun akordio sekretuak daude.
• Halaber, gobernu espainiarrak prozesuko arau zehaztugabeei heltzen die, eta herritarrentzat ezezagunak dira.
4. Botere judizialaren zenbait erabaki oztopoak direla bere horretan prozesuaren esparruan, eta Lege kaskarren aplikazio zorrotza –zorrotzegia zenbaitetan – egiten dela.
5. Oposizioko alderdi nagusiak (PP) jarrera setatia agertzen duela bake prozesuaren aurrean.
6. Prozesuaren inguruan agertzen den biktima talde garrantzitsuek muturreko jarrerak hartu dituztela, gobernuari bakea berrezartzen saiatzeko legitimotasuna ukatuz.
7. Hedabideak alienatu egin direla eta bi multzo kontrajarriko jarrera hartu dutela.
Guk lanerako erabiltzen ditugun bost ildo nagusiak azpimarratu nahi nituzke.
1. ETAri exijitzea indarkeriarekin baldintzarik gabe amaitzeko.
2. Batasunaren legalizazioa kudeatzea. Horrek ETA bigarren maila batean utziko luke eta hori ezinbestekoa da akordio politikoaren bidean aurrerantz egin ahal izateko.
3. Alderdien mahaia eratzea, inolako bazterketarik gabe. Aurretik, ETAk ados dagoela adierazi beharko luke eta, gerora, mahaian ordezkaturiko alderdi politikoek erabakitakoa kontuan hartu.
4. Esparru judizialak okerki jarduteari utzi behar dio, berdintasun printzipioa aukerarenarekin konbinatuz.
o Aldarazpen legalak egiteko konpromisoa.
o Presondegiko legaltasuna modu malguan erabiltzea.
5. Komunikabideek eska dakiekeen gizarte rolaren arabera jardutea lortzea: benetako eta ziurtatutako berriei buruz informa dezatela; egiten diren adierazpenak printzipio horiek errespetatuz argitaraturiko informazioaren gainekoak izan daitezela.

Amaitzeko, bi adierazpen Euskadiko Egoeraren gaiaren gainean:

“Unea larria da, eztabaida sutsua, (...), har ezazue tirabirarako balio izan dezakeen guztia. Hitz egin, eraso egin, obra zaharrak eta berriak hausaz hartu, eta ez egin zalantzarik: fintasunez eta gozotasunez mintzatu” (Aristófanes).

PARTEKATU