Euskal herriarentzat gabonak familia biltzeko garaia da, oroitzapenerako garaia... baina ETAk berriro ere ilusioa zapuztu digu.
Nire lehen oroitzapena, Barajasko atentatuaren ondoren desagerturik jarraitzen duten bi lagunentzat izatea nahi dut, haien familiarteko eta adiskideentzat; eta baita ere leherketa izugarri horren eragina jasan zuten guztientzat ere. Bihoakie nire eta euskal gizarte osoaren elkartasuna.
ETAk urtearen amaiera mingostu digu, baina ez digu esperantza lapurtu. Gure belaunaldiarentzat hauxe da gure helburua eta erantzukizuna: lana egin eta Bakea lortu; baita hitzarmen politikoak lortu ere, gure etorkizuna erabakitzeko, guztion artean, hemen Euskadin.
Atzo gertatutakoaren arduradun bakarra ETA da, horretan ez dago zalantzarik. Baina, zer egin dugu besteok? Guri ere badagokigu gogoeta egitea bake prozesua nola kudeatu dugun. Horrelako prozesu batek harrotasun gutxiago eta eskuzabaltasun handiagoa eskatzen digu guztioi, zoritxarrez, askoz zailagoa baita Bakea eraikitzea gerra egitea baino. Hori izugarria da, baina horrela da, ikusi berri dugun bezala.
Ez dugu aurrera egingo ETAren indarkeria eta izaera politikoa duen gatazkaren irtenbidea nahasten ditugun bitartean.
Gure etorkizuna erabakitzeko eskubideak ez du baldintzatu behar ETAren indarkeriaren amaiera; alderantziz ere ez, ETAren indarkeriaren amaierak ere ez du baldintzatu behar demokrazian erabakitzeko dugun eskubidea.
Euskal herriak etorkizuna erabakitzeko duen eskubide hori ez dagoelako ETAren eskuetan, ez Espainiako Gobernuaren eskuetan, ezta Lehendakariaren eskuetan ere; euskal gizartearen eskuetan dago, zuen eskuetan! Eusko Legebiltzarrak gordetzen du eta Estatutu Politiko Berriaren Proposamenean jasota dago 2004ko abenduan gehiengo osoz onartu ondoren.
Aurrera begiratu behar dugu iragana ahaztu gabe, indarkeriaren biktimei oroitzapen bizia eta hunkigarria eskainiz... zeren bakea ezartzea, elkarrekin bizitzea, adiskidetzea ez baita iragana ahaztea, baizik eta iraganaren irakurketa kritikoa egitea.
Baina ez nauzue lehendakari aukeratu arriskuen eta zailtasunen berri emateko bakarrik, irtenbideak bilatzeko, ekimen politikoak onartzeko eta itxaropenaren buru izateko ere aukeratu nauzue.
Garai zailak ditugu, baina argi eta garbi esan nahi dizuet ez Gobernuak eta ez Lehendakariak ez dugula hautsitzat emango bake prozesua, ezta irtenbideak aurkitzeko elkarrizketa politikoa ere.
Ezin dugu onartu bake itxaropena gainbehera erortzerik.
Esperantzari eusten diogu. Herri baten esperantza da bakea lortzeko aliaturik onena. Zuek zarete esperantza. Zuen bultzada, zuen indarra, zuen erabakia da gaur aurrera egiteko dugun berme bakarra.
Baina bakea lortzea, hitzarmen politikoak erdiestea, ez da politikoen zeregina bakarrik, nabarmen geratu den bezala; guzti-guztion zeregina ere bada. Gaur dugu beharrezkoen zuen parte hartze eraginkorra prozesu honetan hasieratik amaiera arte; hasieratik gure etorkizuna erabakitzen dugun kontsulta demokratikoa izan arte.
Horregatik, gonbidapen eta eskari bat egin nahi dizuet: gogotsu har ezazue parte. Animatu nahi zaituztet Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan euskal herritarren esku hartzea bideratzeko agindu nituen ekimen guztietan parte har dezazuen. Ekimen horiek urtarrilean jarriko ditugu abian, bihar bertan hasiko dugun hilabetean, hain zuzen.
Askotan galdetzen diogu geure buruari, eta bereziki gaurkoa bezalako une zailetan, zer egin dezakeen gutako bakoitzak laguntzeko, bultzatzeko. Ondo, hemen daukazu erantzuna: parte hartu, zure iritzia eman, jarri zure aletxoa. Kontuan hartu ez duela inork zure ordez egingo eta guztion indarra eta parte hartzea behar dugula, zurea ere bai, hau ondo atera dadin.
Konbentzituta nago euskal gizartea dela konponbidea ekarriko duena. Ziur egon zaitezte Herri honetako gizon eta emakume guzti-guztiok zaretela konponbidearen giltza.
Urte berri bat, aukera berri bat da aurrera egiteko, gure ametsak egia bihurtzeko eta ez ahaztu: betetzen ez diren amets bakarrak inoiz amestu gabekoak izaten dira.
Ez utzi amets egiteari, eta ez utzi inori zuen ametsak lapurtzen.
Eskerrik asko eta urte berri on.