JAURLARITZAREN ERABAKIA
Juan Jose Ibarretxe Markuartu Lehendakari duen Eusko Jaurlaritzak, Gernikan bildurik ez ohiko osoko bilkuran, 2006ko urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritzaren osaketaren 70. urteurrenean,
ADIERAZTEN DU
Lehena: Errepublikak ordezkatzen zuen legalitatearen aurka, 1936ko uztailaren 18an gerra zibila piztu zuen eta milioika lagunen heriotza eta sufrimendua eragin zuen matxinada militarra gaitzesten duela.
Gaitzespen instituzionala ondoren etorri zen eta 40 urte luzez pairatu genuen Francoren diktadurara hedatu nahi dugu, giza eskubiderik oinarrizkoenak urratu eta espainiar estatuko herrien, eta bereziki Euskal Herriaren nazio-nortasuna ukatu zuen diktadurara.
Bigarrena: Euskal Herriaren izana eta askatasuna defendatuz, intolerantzia eta faxismo totalitarioari aurre egiteagatik, bere bizitza eman zuten, erbesteratu behar izan zuten, espetxea, jazarpena eta frankismoaren errepresioa pairatu zuten gizon-emakume haien guztien eredua gure Herriaren oroitzan bizirik mantentzeko konpromisoa hartzen dugula.
Hirugarrena: : Gure esker ona eta omenaldia eskaini nahi diegu Jose Antonio Agirre buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritza hura osatu zuten Lehendakariari eta sailburuei. Euskadiren buru, aurre egin zioten adorez eta zintzotasunez egoera latz hari eta agintea gizalegean eta eraginkortasunean gauzatu zuten; izan diren eta izango diren belaunaldientzako eredu ditugu Euskal Herriarekiko izan zuten maitasunean.
Lehen Jaurlaritza osatu zutenei bezala, behin erbestean Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari eta sailburu izan ziren guztiei ere zabaldu nahi diegu esker ona eta omenaldia, haiei esker katea ez baitzen eten eta bizirik iraun zuen itxaropena eta askatasunaren sua.
Laugarrena: Ohorea da guretzat lehen Eusko Jaurlaritzaren oinordeko zuzenak izatea, Eusko Jaurlaritza osatzea, gure gureak ditugu beraiek defendatu zituzten balioak, Bakea, justizia soziala eta Euskadiren askatasuna. Gure lehenagokoen iparra markatu zuten printzipio horiek gure lanaren oinarri dira eta hala izango dira etorkizunean ere.
Bosgarrena: Herri eta pertsona guztiei zor zaizkien giza eta herri eskubideekiko gure konpromiso sendo eta iraunkorra berretsi nahi dugu. Horietan oinarritzen baita bizikidetza eta lotzen askotarikoa den euskal gizartea .
Seigarrena: Giza eskubidea den Bakea eta Bakean bizitzea aldarrikatu nahi dugu. Indarkeria gaitzesten dugu, beti baita onartezina armak herritarren nahimenaren gainetik jartzea haien eraginpean edozein proiektu ezartzeko asmoz. Halaber, bide politiko eta demokratikoak aldarrikatu nahi ditugu edozein proiektu politiko, aukera berdintasunean, defendatzeko bide bakar gisa.
Zapigarrena: Gizartea bakean eraikitzea, elkartasunean eta justizia sozialean oinarrituta, dugu xede. Gizatasunak gizartean eta bizikidetzan edozein esklusio mota -soziala, ekonomikoa zein kulturala- pairatzen duten lagunen integrazioa zor du ,
Euskal gizartea bezalako gizarte ireki eta tolerante batek, bera osatzen duten gizaki guztiak, eta bereziki behartsuenak, kontuan hartuta egin behar du aurrera.
Zortzigarrena:Azkenik, Euskal Herriaren nahimen demokratikoa defendatu eta errespetatzeko gure konpromisoa aldarrikatu nahi dugu. Herri gisa, munduko beste herriekiko berdintasunean, elkartasunean, eta solidaritatean, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela uste baitugu.
Honen ondorioz
Erabaki du:
Euskadiko Lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren sailburuen dominak ezartzea, hilondoko omenaldi gisa, 1936ko urriaren 7an lehen Eusko Jaurlaritza osatu zuten kideei. Domina hauen bitartez gure esker ona eta omenaldia eskaini nahi diegu egindako lanagatik eta demokraziaren, justizia sozialaren eta askatasunaren alde egindakoagatik. Agur eta ohore.
José Antonio Aguirre y Lecube jauna, Lehendakaria
Jesús María de Leizaola jauna, Lehendakariordea, eta Zuzentza eta Jakintza sailburua
Telesforo Monzón jauna, Herrizaingo sailburua
Juan Astigarrabia jauna, Herri Lan sailburua
Santiago Aznar jauna, Industria sailburua
Heliodoro de la Torre jauna, Ogasun sailburua
Ramón María de Aldasoro jauna, Merkataritza eta Hornikuntza sailburua
Juan de los Toyos jauna, Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburua
Juan Gracia jauna, Gizarte Asistentzia sailburua
Alfredo Espinosa jauna, Osasun sailburua
Gonzalo Nárdiz jauna, Nekazaritza sailburua
(Azalpen biografikoak eranskinean)
Jaurlaritzak bereak ditu 1936an osatu zen lehen Eusko Jaurlaritzaren balio eta printzipioak; egun, 2006. urtean, haien argitan gauzatzen dugu gure ekinbidea. Bakearen, demokraziaren eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko konpromisoa utzi ziguten ondare. Euskadiko lehen Jaurlaritza haren oinordekoak gara eta jarraipena emango diogu haiek hasitako lanari.
Gernikan, 2006eko urriaren 7an ,
ERANSKINA
JOSÉ ANTONIO DE AGUIRRE LEKUBE
(Bilbao, 1904-†Paris, 1960)
LEHENDAKARIA ETA DEFENTSA SAILBURUA
José Antonio de Aguirre Lekube, Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an. Ikasketak Urduñako eskolan hasi zituen eta Deustuko Unibertsitatean jarraitu, familia nahiz ikasketen mundua giro katolikoan bizi izan zituen. Abertzalea, Bizkaiko Gaztedi Katolikoaren presidentea izan zen eta Ekintza Katolikoko Batzorde Goreneko kidea; Eusko Alderdi Jeltzalearen kidea, Errepublika garaian abertzaletasunaren erreferentzia izan zen, euskal miliziak antolatu zituen eta kezka katoliko sozialen eta Euskal Unibertsitatearen bultzatzaile sutsua izan zen ere.
Getxoko alkatea eta Autonomia Estatutuaren aldeko alkateen biltzarreko presidentea izan zen, 1931ko Gorte Konstituziogiletarako hauteskundeetan Nafarroako eta Bizkaiko Koalizio Katolikoko kandidaturen buru izan zen, EAJren izenean eta botorik gehiena jaso zuen ordezkaria izan zen. Diputatua Madrilen bi legealdietan, Euskadiren autogobernuaren defentsa egin zuen Errepublikaren Gorteetan.
Euskal aldarrikapenen aldeko borrokalari sutsua izan zen, giza eskubideak eta justizia soziala defendatzeko sarritan altxatu zuen ahotsa. Zuen etorriak, zintzotasunak eta leialtasunak kontrakoen errespetua eta sinpatia irabazteko balio izan zien.
Gaur bezalako egun batean, 1936ko urriaren 7an, José Antonio de Aguirre Euskadiko Lehendakaria izendatu zuten alkate guztien botoarekin, indar politiko guztien parte hartze aktiboarekin eta UGT, CNT eta ELA-STV, hiru erakunde sindikalen laguntzarekin, Gernikako Arbolaren pean zin egin zuen, eta kontzentrazio gobernua osatu zuen, kideen artean abertzaleak, sozialistak, komunistak eta errepublikarrak zeuden.
Gerra Zibila hasi zenean, Eusko Jaurlaritzak, Agirre lehendakari zuela Euskal Armada osatu zuen, zerbitzu sozialak eta administratiboak ezarri zituen, Ordezkaritzak sortu zituen herrialde nagusienetan, aireko eta itsasoko komunikazioak libre zen Euskadi kanpokoarekin lotzeko, armadun itsasontziak gure kostak zaintzeko. Jaurlaritzak ume, emakume eta soldadu izan ezin zuten gizonen ebakuazioa antolatu zuen Europako herrialde desberdinetara.
Bilboko jausialdiaren ondoren, Euskadi galdua eta iparraldeko frontea desagertzear zegoela Agirre Lehendakaria bere herria maitea uztera behartu zuten, lehendabizi Kataluniara, gero Parisera eta azkenik, naziek okupatutako Europa ezkutuan korritu ondoren, Estatu Batuetan instalatu zen eta Columbiako Unibertsitateko irakaslea izan zen, hainbat lan argitaratu eta hitzaldi eman zituen.
Mundu gerraren deklarazioaren ondoren, aliatuekiko atxikimendu aldarrikatu zuen eta kanpotik egindako lana bultzatzen jarraitu zuen Frantzia liberatu zuten arte, orduan Europara itzuli zen Parisen kokatzeko.
Bere oroimena, lana eta adibidea gurekin daude oraindik ere.
JESÚS MARÍA LEIZAOLA SÁNCHEZ
(Donostia, 1896-†Ibidem, 1990)
LEHENDAKARIORDEA, ETA ZUZENTZA ETA JAKINTZA SAILBURUA
Jesús María Leizaola Donostian jaio zen, Zuzenbidean lizentziatu zen, eta 21 urte zituela oposizio bikaina eginda Bilboko Udalaren Ogasun Saileko buru izendatu zuten. Kargu hori egoki betetzeak izen handia eman zion eta Unión Minerak kiebra egin zuenean enpresa horren gerente izendatu zuten, banketxe guztiek eskatuta.
Euskal abertzalea, Eusko Alderdi Jeltzalearen kide eta buruzagi izan zen; argitalpen historiko eta finantzario ugari argitaratu zituen; Gorte Konstituziogiletako diputatua izan zen EAJren zerrendetan; Konstituzioaren Batzordeko kide izan zen Parlamentuko Talde Katolikoaren izenean; eta zuzenketa gehien aurkeztu eta eztabaidetan gehien parte hartu zuen diputatua izan zen. Berriro aukeratu zuten EAJren ordezkari gisa Gorteetako diputatu 1933an eta Gipuzkoako Aldundiko idazkaria zen militarrak matxinatu zirenean. Garai hartako gizon jakintsuenetakotzat jotzen zuten.
Lehen Eusko Jaurlaritzan Lehendakariorde eta Zuzentza eta Jakintza sailburua izan zen 1960ko martxoaren 28an, Jose Antonio Aguirre hil ondoren, Lehendakari izendatu zuten eta Jaurlaritzaren ardura handiena hartu zuen bere gain 1979ko abenduaren 16a arte; izan ere, egun horretan Gernikako Batzar Etxe honetan bertan eman zizkion Euzkadiko Gobernuaren Pariseko egoitzako dokumentazioa eta giltzak Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariari. Hori izan zen legitimotasun historikoa eskualdatzearen ikurra.
TELESFORO DE MONZÓN DE OLASO Y ORTIZ DE URRUELA
(Bergara, 1904-†Baiona, 1981)
HERRIZAINGO SAILBURUA
Telesforo Monzón. Bergaran jaio zen eta familia aristokratiko batekoa izateaz aparte, politiko izaerari, poeta, musikaria eta euskarazko antzerki obren sortzailearena gehitu behar zaizkio, kazetari lana eta aire martzialeko abeslari izaera ahaztu gabe.
EAJ-PNVko kide izan zen Errepublika etorreraren ondoren, Bergarako zinegotzia eta Gipuzkoatik Gorteetarako diputatu hautatu zuten, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea 1932an eta Euskadi Buru Batzarreko kide izan zen 1933ko apirila eta iraila bitartean.
Euskadiko lehenengo Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburua izan zen, Ertzaintza sortu zuen, polizia motorizatu gisa eta segurtasunerako lanetarako garatu zuen, Gerraren zailtasunei ondo baino hobeto egin zion aurre. Bonbardaketa frankistek eragindako kalteak aztertu eta Euskadiren segurtasuna antolatu zuen. Lekuko defentsa batzarrak deseginda, Euskadiko udalak zegokien demokrazia-sistemara bueltatzeko gestioak egin zituen: Aldundiko komisio gestorak sortu, konfiskatutako gauzak berrikusi.
Euskadiko Jaurlaritzako ordezkaria Bruselan eta Mexikon. Diputatua aukeratu zuten 1979an Espainiako Kongresurako eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea aukeratu zuten 1980an, Herri Batasunaren zerrendetan.
JUAN ASTIGARRABÍA ANDONEGUI
(Donostia,†1989)
HERRI LAN SAILBURUA
Juan Astigarrabia jauna Donostian jaio zen familia liberal batean. Gaztea izanik Estatuko toki desberdinetan barrena bidaiatu zuen zelula komunistak sortuz, 1934an Euskadira itzuli zen, iraultza garaian eta klandestinitatean bizi izan zen.
Bere heziketa medio, Estatuko elementu komunisten artean pertsonalitate garrantzitsuenen artean kontsideratua, “Euzkadi Roja” aldizkariko zuzendaria izan zen aldi berean.
1936an, Euskadiko Alderdi Komunistako Idazkari Nagusia izanik, Eusko Jaurlaritzaren Herri Lan Sailburua izendatua izan zen.
Bizkaia frankisten eskuetan, Espainiako Alderdi Komunistako Batzorde Zentralaren aurrean epaitua izan zen, Valentzian. Zigor bezala zeuzkan karguak kendu eta alderditik bota zuten. Eusko Jaurlaritzaren babesari esker Frantziara ihes egitea lortu zuen, beranduago Amerikara joz, Panamara.
Juan Astigarrabiak bizitza osoan zehar borrokatu zuen alderdi komunistak Internazionazionalaren aurrean autonomia gehiago eskura zezan. Azkar itzuli zen bere kide ohiengana, 50. hamarkadarako alderdian sartuz berriro ere, Espainiako Alderdi Komunistan. Erbestetik bueltan Euskadiko Ezkerrako kide izatera pasa zen.
SANTIAGO AZNAR SARACHAGA
(Bilbao, 1903-†Caracas, 1979)
INDUSTRIA SAILBURUA
Santiago Aznar jauna Abandon jaio zen, Bizkaian, 1903ko abuztuaren 9an eta Caracasen (Venezuela) hil zen 1979ko martxoaren 18an.
1920rako Gaztedi Sozialistako kide gogotsua zen eta 1930ean UGTko ehungintza sindikatuko idazkari izendatu zuten. Bilboko Talde Sozialistako idazkari izan zen aldi berean, baita Euskal Herriko Gazte Federazio Sozialistakoa ere. PSOEko kidea , zinegotzi eta alkateorde izan zen Bilboko udaletxean eta Bizkaiko UGTko Idazkari Nagusia. 1934ko udal mugimenduan parte hartu zuen, urte bereko urriko iraultzan bezala, azken honegatik epaitu eta kartzelaratua izanik.
Eusko Jaurlaritzaren Industria sailburua izan zen eta aginte horretatik Jaurlaritzaren esku zegoen Bizkaiko industriaren eraginkortasuna mantentzea lortu zuen, euskal merkataritza ontziteriaren kasuan bereziki. Bilboko Defentsa Batzordeko kide izendatua, gerra bukatzean Frantzian erbesteratu zen eta, honen ondoren, Londres, Mexiko, New Yok eta Venezuelan bizi izan zen, toki hauetako bakoitzean ospe eta errespetu handia jasoz bere zentzutasun eta prestakuntza apartaren erantzun bezala.
ELIODORO DE LA TORRE Y LARRINAGA
(Barakaldo, 1884-†1946)
OGASUN SAILBURUA
Eliodoro de la Torre Barakaldon jaio zen 1884ean. Kontulari aparta, London County Wesminster Bank-eko arduraduna, Sociedad Minera de Villaodrid-eko gerentea, kooperatiben mugimenduaren protagonista garrantzitsua eta, Solidaridad de Trabajadores Vascos-eko sortzaile eta, beranduxeago, 1930ean, erakunde hartako lehendakaria.
Eusko Alderdi Jeltzalearen kidea izan zen, Deustuko udaleko zinegotzi, Bizkaiko Gorteetako Diputatu, Bizkaiko Defentsa Batzarreko Finantza kidea eta Ogasun Sailburua lehen Eusko Jaurlaritzan, ardura horretatik, Euskadiren gastuak konprimitu eta gertutik kontrolatzeari ekin zion. Halaber, Burtsaren kontrola, kontratazio eta esportazioen kontrola, industriei laguntzak, urre pilaketa eta banaketei ekin zion ere.
1937ean, frankistek Espinosa Osasun sailburua fusilatu ondoren, Osasun saila hartu zuen bere gain eta erbestean, Gernika, Euzkadi, Otxandianoko ospitaleak sortu zituen (Katalunian) eta elbarritu eta amaberriei zerbitzu eman zien Miarritzeko La Roseraie ospitalea, Kanboko tuberkulosi kontrako erietxea eta Berck-Plage-eko ospitalea sortu zituen, guztian bere garaiko punta puntako osasun zentroak.
Horrez gain, Gernika Batailoiaren sortzailetariko bat izan zen.
RAMÓN MARÍA DE ALDASORO Y GALARZA
(Tolosa, 1897-†Kuba, 1952)
MERKATARITZA ETA HORNIKUNTZA SAILBURU
Ramón María de Aldasoro Tolosan jaio zen 1897ean, abokatu titulua Madrileko Unibertsitatean atera zuen eta Bilbon bulegoa zabaldu zuen. Bilbon, “Academia de Derecho y Ciencias Sociales” delakoaren Presidenteordea izan zen eta Bizkaiko Foru Aldundiko abokatua izendatu zuten.
Izquierda Republicana-ko alderdikidea, Espainiar II. Errepublikako goi karguetarako izendatu zuten. Gipuzkoako Gobernadore Zibila, Bizkaiko Diputatua Espainiar Gorteetan, Bizkaiko Defentsa Batzordeko kidea, Garia eta Elikagaien Zuzendari Orokorra eta Lehen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Hornikuntza Sailburua, izan zen besteak beste. Merkataritza eta Hornikuntza sailburu arduratik, 1936ko azarotik aurrera, Eusko Jaurlaritzak agintea zuen Euskadi librean pairatzen zen janari ezari aurre ekiteari egin zion.
Agirre Lehendakariak aginduta, 1938an Hego Amerikara bidalitako Euskadiko Ordezkaritzaren burua izan zen, Buenos Airesen ‘Comité Pro-Inmigración Vasca’ taldekoa bultzatzailea, ‘Euzko Deya’ elkartea eta aldizkaria sortu zituen eta Ameriketako Euskaldunen Lagunen Liga antolatu zuen. Argentinarako Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaria izan zen.
Europaren ideiaren defendatzaile sutsua, horren alde paper nabarmena izan zuen “Unión Europea de Federalistas”-eko II. Batzarrean eta “Constitución del Consejo Federal Español del Movimiento Europeo” biltzarrean. Halaber, Europar Federaziorako Euskal Kontseiluko zuzendaritzako batzarkide izan zen eta erakunde horren ordezkaria Espainiar Kontseilu Federalean.
JUAN DE LOS TOYOS GONZÁLEZ
(Barakaldo, 1890-†Mexiko, 1965)
LAN, AURRIKUSPEN ETA KOMUNIKAZIO SAILBURUA
Juan de los Toyos Barakaldon jaio zen 1890ean. UGTko eta PSOE kidea, Sindikatu Metalurgiko idazkaria izan zen eta 1917an Unión General de los Trabajadores-eko idazkaria Bizkaian eta beranduago, 1930ean, aginte bera izan zuen Gipuzkoan. Zinegotzia Eibarren, sozialisten eraginpean sortu zen ALFA kooperatibaren kudeatzailea izan zen.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren Lan, Aurrikuspen eta Komunikazio Sailburua izan zen eta aginte horretatik langabezian zeuden langile eta enplegatuen soldata eta diru laguntzak kudeatu zituen, epaitegi mistoak berrantolatu zituen eta gizarte aseguruen gaietaz arduratu zen. Bere ardurapekoa izan zen gudako errenten antolaketa, Caja de Accidentes de Trabajo del País Vasco-ko sortzearen inguruko hausnarketa eta arrazoi belikoak zirela eta autoak konfiskatzea, Euskadiko komunikazio sistema berrantolatu zuen eta Postako zerbitzua antolatze lanei ere ekin zion, azken hau Donibanen Lohitzunen egoitza zuen “Servicio Nacho-Enea”-ren bitartez.
Euskadiko Sozialisten Batzorde Zentraleko kidea eta Mexikoko Madrid ikastetxeko administraria, erbestean, Mexikon hil zen 1965ean.
JUAN GRACIA COLÁS
(Bilbao, 1888-†Paris, 1941)
GIZARTE ASISTENTZIA SAILBURUA
Juan Gracia Bilbon jaio zen 1888ean. Heziketaz autodidakta, merkataritza peritu ikasketak eta kontabilitatea ikasi zituen, oposizioz Bilboko Udaletxean sartuz ikuskatzaile gisa. Jarreraz lasaia eta orden handiko pertsona izan zen.
PSOE-ko kidea, Esperantoaren aldeko mugimendu europarren alde lan egin zuen, Bilboko lehen Alkateordea, Zinegotzi eta Hirugarren Alkateordea eta PSOE-ko Bizkaiko Defentsa Batzarreko kidea izan, bere bizitzaren momentu desberdinetan.
Lehen Euzko Jaurlaritzaren Gizarte Asistentzia Sailburua izanik, Jaurlaritzaren esku zegoen Bizkaira Gipuzkoatik eta Euskal Herriko beste lurraldeetatik iritsitako errefuxiatu andana artatzeaz arduratu zen. Alfredo Espinosarekin eta hau hil ondoren Eliodoro de la Torrerekin elkarlanean, xede horretarako lana erbestera luzatu zuen, Kataluniara eta Frantziara. Euskal Errefuxiatuen babeserako sarearen burua izan zen eta Espainiar Haur Ebakuatuen erakundearen arduraduna.
Erbestean, Parisen , hil zen 1941ko apirilean.
ALFREDO ESPINOSA Y ORIVE
(Bilbao, 1903-†Vitoria-Gasteiz, 1937)
OSASUN SAILBURUA
Alfredo Espinosa Bilbon jaio zen 1903ean. Medikuntzan Madrileko San Carlos Unibertsitatean doktoratuta, Basurtoko Ospitale Zibileko erradiologia arduraduna izan zen. Eusko Jaurlaritzaren sailburu zela armada matxinatuak harrapatu egin zuen eta fusilatu.
Unión Republicana-ko alderdikidea, hainbat ardura izan zituen, zinegotzia Bilbon, Errepublika garaian Burgos eta Logroñoko Gobernadore Zibila izan zen. Unión Republicana-ko Presidentea.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburua izendatu zuten. Aginte horretatik osasun alorreko politika aurrerakoia gauzatu zituen egun ere eredu direnak.
Gerrak sortutako ondorioak leuntzen saiatu zen eta ahaleginak egin zituen presoen egoera hobetzeko. Euskadiko Gurutze Gorriaren ardura eta burutza hartu zuen. Landa inguruko osasuna, herri eta hirietako bere ardurakoak izan ziren. Errefuxiatuen asistentzia antolatu zuen eta umezurtz geratzen zirenen babesa. Bere eskutik sortu ziren osasuna eta ongizate xede zuten haurren osasun etxeak, haur koloniak, ospitaleak eta laguntza etxeak, hala nola: La casa de Reposo, La de convalecencia, Maternidad edota Hogar del Anciano.
Gizon zintzoa eta gizalegezkoa ez zuen gorrotorik bizi eta sentimendu horiek eraginda, injustizien aurka ekin zion beti eta jazarpenak saihestu zituen.
Ipar Euskal Herritik libre zen Euskadira hegazkin batean zetorrela, 1937ko ekainean militar matxinatuek harrapatu egin zuten eta heriotzara kondenatu zuten. Eusko Jaurlaritzaren sailburua Gasteizen fusilatu zuten.
GONZALO NÁRDIZ BENGOETXEA
(Bermeo, 1905-†Bilbao, 2003)
NEKAZARITZA SAILBURUA
Gonzalo Nárdiz Bermeon jaio zen 1905eko azaroaren 25ean. Abertzalea, Acción Nacionalista Vasca-ko militantea izan zen 1930ean alderdi hori sortu zenetik; II Errepublikan zinegotzi izan zen Bermeon monarkiaren kontrako blokean aukeratua; Euskadiko Estatutuaren bultzatzailea izan zen eta horren Erreferendumaren aldeko batzordeko kidea izan zen.
Gerra piztu zenean Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren Batzorde Nazionaleko kidea zen eta gerra hasieran armamentu eta tropen horniketa komisarioa izan zen.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza sailburua zela, Euskadirentzat hornikuntza maila handiagoa lortzen saiatu zen; baimenik gabeko ehiza eta zuhaitz mozketa debekatuz natura hobetzea eta defendatzea ere bilatu zuen; eta nekazaritzaren erreforma landu eta aurkeztu zuen.
Eusko Jaurlaritzaren sailburua 40 urtez izan zen, erbesteko Jaurlaritzak 1979an Eusko Jaurlaritza berriari agintea pasa arte. Paris, Mexiko eta Baionan bizi izan zen. 1951ko otsailaren 1ean Europa sortzeko Euskal Kontseiluaren zuzendaritza batzordearen buru izendatu zuten eta 1956an Manuel de Irujo eta biak Eusko Jaurlaritzak Parisen antolatu zuen I Euskal Mundu Biltzarrerako txosten politikoa prestatzeaz arduratu ziren.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariak eta Sailburuek emandako eredua, haien bertuteak eta utzi diguten ondare politikoa zintzotasunaren eta zuzentasunaren lekuko dira eta haien argitan jokatu nahi dugu orainean bezala etorkizunean ere.