JOAN zen ostegunean enpresarien arteko topaketa egin zen Gipuzkoako Enpresaren Egunaren harira. Eztabaidaren arda-tza berrikuntza izan zen: elkarren artean diagnostikoa adostuz, Gipuzkoa berrikuntzen komunitatea bilakarazi. Asmo onez egindako desideratuma ez ezik, benetako etorkizun-agertokia da, Gipuzkoako gizartearentzako helburu estrategikoa. Onenekin egotea nahi dugu, eta hori lor dezakegu, Europako ingurune sozio-ekonomiko aurreratuenekin batera egon gaitezke. Gipuzkoa une erabakigarrian dago.
Eraginkortasuna eta inbertsioa ardatz dituen trantsizio ereduari aurre egin, eta berrikuntzan oinarritutako eredua lortu behar dugu. Eredu aldaketak berez konplexuak eta zailak dira, eta erresistentziak izan ohi dituzte. Beste fase batera igarotzeko aldaketa eta aurrerapen guztiek eragile eta sektoreak doitu beharra eskatzen dute. Doi-tze horiek ez dira zertan oztopo izan behar, fase berriak dakartzan onurak gizartean parteka-tzeko eta amortizatzeko bidesari izan behar dira. Hori horrela, gure ekonomian ikusten ditugun birlokalizazio prozesuak onartu behar direla uste dugu; izan ere, epe motzean, sektore eta talde zehatz batzuetan doitzeak ekarriko dituen arren, gure ekoizpen egiturak halabeharrez egin behar duen bidea da, produktibitate gutxiagoko sektoreetatik teknologia maila handiagoko beste batzuetara, eta balio erantsi handiagoa dakarten jardueretara fokalizatutako enpresetara iristeko bidea.
Ongizatea hobetzeko eta lehiakortasunerako baliabide iraunkor bakarraren -produktibitatea- eta hura baldintzatzen duen eragile nagusiaren -berrikuntza- konparazio azterketa batek bi errealitate erakutsi dizkigu: alde batetik, Gipuzkoari dagokion egoera ona dela Espainiarekin alderatuta; beste aldetik, jada berrikuntzaren fasean dauden Europako herrialde aurreratuenetan baino gutxiago aurreratu dela; beraz, haienganako distantziak moztu beharrean, luzatu egin zaizkigu. Horri erantsi behar zaio, herrialde batzuetako mundu-ekonomiaren susperraldiak -batez ere Europar Batasunean sartu berri diren herrialdeak eta Txina-.
Herrialde horiek lan-kostu txikiak dituztenez, gure enpresen ekoizpenerako mehatxua dira. Beraz, berrikuntzan oinarritutako garapen lehiakor batera igarotzea ezinbestekoa da. Hori bai, erronkaren garrantziak ez digu ahaztarazi behar gure oinarrien sendotasuna eta gure indarren ahalmena. Gipuzkoak bidegurutzeari know how nabarmenarekin eta egoera onean egin dio aurre. Per capita BPGdk eta giza garapenaren indizeek herrialde aurreratuenen artean jartzen gaituzte. Gipuzkoako ekonomiak hazkunde-tasa nabarmenei eutsi die, langabezia tasak 70eko hamarkada erdialdetik ezagutzen ez ziren parametroetan daude, eta enpresen errentagarritasunek maila egokia dute. Beraz, oinarri sendoa dugu berrikuntza fasera begira trantsizioari aurre egiteko. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, aktibo bat osatzen du. Baldintza horiek beharrezkoak dira, baina ez nahikoak. Beste garapen fase batera igarotzeak berrikuntza ahalmena eta produktibitatea Gipuzkoako enpresetan bertan handitzea eskatzen du. Beste ezagutza bat sortzeko I+Gk duen funtsezko papera aitortuta ere, batez ere berrikuntzaren fasean lehiatu nahi duten lurraldeetan, kontuan izan behar dugu Gipuzkoako 50.000 enpresa baino gehiagotik oso gutxik -%1 baino gutxiago, eta batez ere tamaina ertain-handikoak aintzat hartuta- egiten dituztela jarduera horiek. Hori horrela, beharrezkoa da ekonomia jardueran berrikuntzaren fenomenoa gizarteratzeko nahitaezkoak diren mekanismoak hedatzea.
Argi dago Gipuzkoan, lurraldearen forma eta antolamendua direla medio, badela horretarako bereziki garrantzitsua den gizarte kapitala. Adierazle askok erakusten dute beren berrikuntza sistemak enpresen sektorean indar handia duela, eta, batez ere, I+Gn, nazioartera hedatzen eta enpresak eratzen lehiakortasun abantailak garatzeko gai izan diren enpresa horien nukleo bereizian. Lehiakortasun fase hobera igarotzeko nahitaezkoa da aipatutako enpresa horiek tamainagatik edo beste arrazoi batengatik zailtasunak dituzten enpresetara gaitasun horiek hedatzen laguntzea. Bestalde, funtsezkoa da ulertzea lan hori ez dela soilik eskakizun filantropiko batetik etorriko, erantzukizun sozial korporatiboaren eta berentzat soilik diren lehiakortasun abantailak garatzearen arteko aliantza estrategikotik baizik. Gaur egun Gipuzkoako enpresa liderrek gure lurraldeko gaitasun berritzaileak hobetzen lagundu behar dute; hori funtsezkoa da beren lehiakortasun gaitasunak ere hobetzeko. Administrazio publikoek bere aldetik, beren lehiakortasun eta erantzukizunak lantzerakoan, horretan lagundu behar dute. Erakundeei baldintza objektiboak sortzea dagokigu. Bakerako eta distentsio klima sozio-politikoari bide emateko baldintza objektiboak; etorkizuna eta modu sozialean partekatutako proiektu bat zehazteko baldintza objektiboak. Erantzukizun desberdinekin, egitura fisiko eta digitalekin lurraldea hornitzea dagokigu, hala, Gipuzkoa berdintasunean eta lehiakortasun abantailan ezartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskumenik ez izan arren, ekonomia eta enpresa jardueren estimulu eta sustapenaren aldeko politika aktiboak garatzen jarraituko du, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologiako Euskal Sarearen zentroetako ikerketa estrategikoa bultzatzen, ukiezinen formazioa eta inbertsioak, ezagutzaren promozioa, eta Gipuzkoa informazio eta ezagutzaren elkartean guztiz sartzen. Azkenik, politika demagogista eta populista zehatz batzuen aurrean, eta I+G+B benetan teknologia ikerketa, garapena eta berrikuntza izan dadin, parametro zehatz batzuk gehiago objektibatzeko beharra aitortuta, kenkari fiskalen bitartez Gipuzkoako enpresen ikerketa, garapen eta berrikuntza jarduerak bultzatzen jarraituko dugu. Horrez gain, ikertzen ari gara kenkaria ezartzeko kuotaren muga birplanteatzea. Ziur gaude neurri horiekin guztiekin eta Gipuzkoako erakundeen zein enpresen laguntzarekin, berrikuntza fasera igarotzeko erronka arrakastaz lortuko dugula, eta etorkizun partekatua errealitate egingo dugula: Gipuzkoa: teknologia parkea, berrikuntzen komunitatea.
Gipuzkoa hiriak sareko hiria izan behar du, berrikuntzen komunitateko eragile guztien artean sinergia eta interakzio zimentuen gainean eraikitako teknologia parke handia. Hori da Gipuzkoako gizartearen eta enpresen benetako erronka.