Hitzaldia
26Maiatza
2006
26 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
1980-2006: EAJ-PNVren zortzi legegintzaldietako legebiltzarkideen topaketak

Hitzaldia
Maiatza 26 | 2006 |
Hitzaldia

Egun on denoi:

Arrakasta baten egileak zarete. 1977-1980 arteko garaian, gure aurreko belaunaldiok, belaunaldi hori osatu zenutenetatik asko hemen zaudete, bete-betean asmatu zenuten. Gaur egun, gure belaunaldiak hurrengo hamabost edo hogei urterako ardatzak zehaztu behar ditu. Litekeena da zikloak laburragoak izatea ere. Baina gure egitekoa da.

Zuei esker eta euskal gehiengo sozialari eta politikoari esker, Euskadi inoiz baino nazioago da gaur egun. Euskadi gizarte modernoa da, ongizate eta bizi-kalitate handiagoa dauka, autogobernu mailan ere aurrera egin du, bere-berea duen nortasuna babesturik dago eta irekita dago munduari.

Hori dela eta, plazer handia eta ohorea da niretzat ekitaldi honetan parte hartzea, eta gure iraganaren eta orainaren protagonistak direnei hemen, Sabin Etxean, agurra egitea. Zortzi legegintzalditan Gure Legebiltzarrean Eusko Alderdi Jeltzalea ordezkatzen aritu zareten guztioi agurra egitea.


1977ko udaberrian, Txibertan, Baiona eta Angelu artean, herri honetako alderdi abertzaleen arteko batzarra egin zen. Letra zopa bikaina izan zen, Francoren diktaduraren osteko nahaste-borraste hartan bakarrik ulertzeko modukoa. ETAk parte hartu zuen bilera hartan, eta, armak mahai gainean jarrita, mehatxu egin zien euskal abertzale guztiei 1977ko ekaineko hauteskundeetara ez aurkezteko. EAJk hesia apurtu eta erabaki bat hartu zuen. Une hartan, ausarta eta arriskuz betea izan zen erabakia. Baina bat zetorren bizi zen une historikoarekin. Demokraziarantz egindako trantsizioaren gabeziez jabeturik, oraindik ere indarrean zeuden Erregimen Zaharreko erakundeek babestua zelako. Baina jeltzaleok jakin bagenekien nazioarteak bermatu egiten zuela Trantsizio hura.

1978ko Konstituzioaren mugak eta gabeziak argi eta garbi agertu ziren, euskal abertzaleen abstentzioa eta uko egitea izan baitziren jarrera nagusiak konstituzio haren aurrean; beraz, oso babes eskasa izan zuen gure artean. Horren lekuko, Euskadiko erroldako %30,2k bakarrik bere babesa eman izana. Hala ere, Gernikako Estatutua onartzeko aukera zabaldu zen; Xedapen Gehigarrian biltzen zen gure eskubideak babesteko aukera argia, eta, beraz, euskal gehiengo sozialak eta politikoak babesten zuen autogobernuaren aldeko bidea zabaltzen zuen.

Erabaki hura hartzerakoan bete-betean asmatu genuen, eta emaitzak begi-bistan daude. Gizarte mailan onartutako balorea da. Eta horren frogagarri, eskastzat jotzeagatik onartu ez zutenek, 30 urte beranduago, Txibertan hartu zuten erabakiaren desegokitasuna eta tragedia zuritzeko lotura-bidearen bila ibiltzea da. Eta gehizkotzat jo zutelako onartu ez zutenek, urriaren 25ero hura onartu izana cava edanez ospatzen dute.

Autogobernuaren apustu politikoa 70eko hamarkada amaierako eta 80ko hamarkadako erabaki nagusien arteko lehenengoa izan zen. Bigarren erabaki nagusia, sare ekonomikoa eta hirikoa eraberritzearen aldeko apustua. Erabaki horien bidez, Euskadin, ekonomia eta hiri mailan, eraldatze nabarmena gertatu zen. Nahikoa da kalera ateratzea orduko erabakien emaitzaz jabetzeko. Eta emaitza horien denen egile eta eragile zarete zuek denok.

Egungo ikuspegitik begiratuta begi-bistakoa dirudi. Baina hartutako erabakiak dira bizi dugun errealitatera eraman gaituztenak. Gizarte hau, 1995-2005 epean, komunitate autonomoen artean biztanleko BPG hazkuntzarik handiena izan duena da. Horretaz gain, Estatuko familia errentarik handiena du, bai eta Nafarroak ere.

Joan den apirilean "Les Echos" Frantziako ekonomia egunkari entzutetsuak gure ekonomiari buruzko erreportaje multzoa eskaini zuen. Izenburutzat "Espagne: la recette du "miracle" basque" (Espainia: euskal mirariaren errezeta) jarri zioten, eta honako hitzaurrearekin hasten zen: "Krisialdi handi baten ondoren, Euskadiko eskualde autonomoak aparatu ekonomikoa modernizatu du; baita hazkuntzarako bideak berritu ere. Berrikuntza horren oinarria estrategia boluntarista da eta kultura identitate indartsu batek elikatzen du. Hori guztia lurralde horretako agintariek erabakiak hartzeko duten askatasunari esker lortu da. Eta Madril aurka dagoen arren, bertako gobernuak erabakitzeko askatasun hori handitu nahi du."


Euskadi, gaur egun, inoiz baino nazioago da. 1979an gizartearen gehiengoak eta euskal politikak bere gain hartutako erronkak lortu dituzte, Euskadi nazionalismoaren formulazio ideologiko izatetik errealitate soziologiko, juridiko eta politiko izatera igaro da. Egun, Arabaren, Bizkaiaren, Gipuzkoaren zein Nafarroaren definizio politikoa "nazionalitate adierazpenetik" dator, nazional izatetik. Hori guztia duela 25 urte herri honen gehiengoak ekin zuen ibilbideari esker lortu da; euskal herritarren gehiengoaren borondatea zapuztea erabaki zutenei aurre eginez, hain juxtu.

Gizartearen ikuspegitik ere Euskadi nazioago da gaur. Legebiltzarra, Gobernua, lehendakaria eta gure instituzioak herritarrek gehien estimatzen dituztenak dira; gure seme-alabek euskara aurreko belaunaldiek baino gehiago ezagutzen eta erabiltzen dute. Lizarreria, Enkarterriak, Ezkerraldea, Lautada eta Errioxa bezalako Euskadiko zonaldeetan euskarak mendeetako atzerakada zeraman, edo ia desagertuta zegoen. Orain, ordea, euskal identitate nazionalaren ikurra berreskuratzen hasi dira, eta ez ikur bezala bakarrik, baita komunikaziorako, sormenerako eta pentsamenduaren eta kulturaren hedapenerako tresna gisa ere.

Identitatearen eta irekieraren arteko sinbiosi horren adibiderik garbiena euskaraz komunikatzen diren gazteak dira. Eta euskaraz ari diren bitartean mandarina, portugesa edo txekiera ikasten dute Sanghain, Sao Paulon edota Moravian zuzendaritza ardurak aurrera eramateko.

Ongi egindakoa errepikatzea da gakoa. 25 urtean urrats erraldoia eman dugu nazioaren eraikuntzan eta politikaren, gizartearen, kulturaren eta linguistikaren eraikuntzan. Hori guztia ez litzateke posible izango erabaki horiek gabe, zuek bezalako pertsona askoren konpromisorik gabe. EBBko presidente gisa, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet, batzuetan ulertezintasun handi baten erdian, besteetan etsaitasunaren erdian, apustu hori egin duzuen guztioi.

Orain ere badaukagu erronkarik. Gure belaunaldiko erronkak dira.

Lehenengo erronka bakearen erronka da. Bakegintzarako orain irekitzen ari diren itxaropenak posible direla nabarmendu nahi nuke. Izan ere, euskal gizarteak eta erakunde demokratikoek sendotasuna eta nagusitasuna erakutsi dute indarkeriaren aurrean. Printzipio etikoen garaipena da, egiteko lan zaila geratzen den arren.

Euskadin indarkeriaren behin betiko bukaera marrazten eta begiztatzen lagundu duten elementu asko dago, eta elementu horiek bakea lortzeko faktore lagungarri gisa jardun dira. Elementu horiek, beste batzuen artean, ondokoak izan dira: nazioarteko testuinguruan aldaketak, aldaketa sakonak euskal gizartean, bai eta mentalitatean, sentsibilitatean, kontzientziazioan, eta azken urteotan Euskal Herrian indarkeriari tokia kentzen lagundu duten biktimen inguruko mobilizazioetan ere, indarkeria politikoa urteetan babestu duen ezkerreko alderdi erradikalean aldaketak, eta abar. Baina, zalantzarik gabe, faktore horien guztien artean nabarmenena gure gizartearen heldutasuna da. Eta horrek guztiak balizko irtenbide baten aurrean jartzen gaitu, eta irtenbide horri guztion artean heldu behar diogu. Beraz, adimenaz eta apaltasunez jokatzen badugu, eta gure herrialdeko sentsibilitate politiko ezberdinak lankidetzan jarduten badira, aprobetxa dezakegun aukera daukagu gure aurrean.

Bakea lehentasuna da. Datozen asteetan ETArekin elkarrizketa izateko aukerari heldu behar zaio. Ezinbesteko elkarrizketa da bakea atzeraezina izan dadin, baina ezin da elkarrizketa horretan euskal gizartearen etorkizun politikoari buruz hitz egin. Horri buruz hitz egitea, nahiz eta bidezkoa den proiektu politiko jakin bat izan, proiektu horrekin bakea uztartzeak esan nahiko luke. Hori helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzeak balioa duela onartzea izango litzateke. Hori da aldi honetako lehen erronka handia. Zuek bakea lortzeko lan egin duzue, eta bakean dagoen Euskadi batekin amestu duzue. 25 urtean hainbat ekimenetan inplikatu gara: bakearen aldeko mahai-ingurua, Argel, Ajuria Eneko Ituna, Lizarrako Adierazpena, 2006... Guztion artean lortu behar dugu. Hala ere, bai bakea lortzea, bai prozesu politikoa lortzea argi bereizi behar ditugu.

Bigarren erronka normalizazio politikoa da. Laburbilduz, euskal gatazka bukatzea, marko politikoaren gaineko defizita gainditu daitekeen moduan. Marko politiko hori Konstituzioari dioten %30,2ko laguntza sinbolizatzen du. Beraz, euskal alderdiok zein helburu bilatu behar dugu akordio horretan? Zer eskatzen digu euskal gizartearen gehiengo handienak? Euskal gizarteak etorkizuna eraikitzeko eta modu demokratikoan erabakitzeko duen eskubidea errespetatuko duen akordio bat eskatzen digu. Aldi berean, ordea, leialtasunik eta dogmatismorik gabeko testuinguru batean, erabaki hori praktikan jartzeko paktu bat lortzen utziko digun akordio bat ere izan beharko du. Erabaki horrekin Euskadiko sentsibilitate eta identitate ezberdinak ados egon ahal izan beharko dute. Azken finean, egungo erakundeen arteko markoaren errespetutik abiatuta, akordio bat lortzea da. Akordio horrek aldaketarako bere benetako gaitasunak praktikan jartzen utzi behar du, beti ere horretarako gehiengo sozialak eta politikoak baldin badaude. Hori guztia euskal gizartearen borondateari izan beharreko errespetu demokratikoan oinarritu behar da, baina bere aniztasunari errespetu arduratsua izanez. Euskaldunen borondatea errespetatzeak identifikatzen dituzten beraien sentimenduak errespetatzea ere badakar, eta paktu eta konpromiso eskema batean sartzen saiatu behar da.

Gure helburua normalizazio politikorako akordioa lortzea da, elkarrekin bizitzeko modua zehaztuko duen akordioa; Estatuarekin izan beharreko harremana finkatuko duena. Harreman horretan benetako aldebikotasuna egon beharko da, bai eta leialtasun bermeak eta baldintzak ere. Akordioa eta inposiziorik eza dira gizarte aurreratuek dituzten joko-arauen oinarriak.

Alde horretatik, gure proposamena euskal alderdien mahaiak bi konpromisotan oinarritutako konponbidea lantzea da:

Gaur egun indarrean dauden akordioek baino onarpen txikiagoa duen akordiorik ez inposatzea.
Gaur egun indarrean dauden akordioek baino onarpen handiagoa duen akordioak ez eragoztea.

Ez inposatzeak onarpena bermatzen du, integrazio politikoa bultzatzeko, euskal gizartearen borondatea onartzeko; baina, era berean, gehiengo abertzalea mugatzen du. Ez eragozteak esan nahi du hartutako erabakiei onarpen juridikoa eta politikoa ematea, eta, era berean, Gorte Nagusietan Estatuko alderdien gehiengoak mugatzea.

Horiexek dira, gure ikuspuntutik, konponbide politikoaren funtsezko osagaiak. Euskal gizartea akordio hori eskatzen ari zaigu, eta behar-beharrezkoa izango da akordio horri buruz herritarrei galdetzea; hori bete beharreko eskakizun politikoa eta demokratikoa baita elkarbizitza eredua sakon aldatu nahi badugu behintzat. Kontsulta da, beraz, prozesuaren emaitza, eta prozesu horretan ez diogu ahalegin bat bera ere egiteari utziko. Kontsulta ez da, inola ere, eraso egiteko arma, ez eta alderdien aitzakia ere gizarteari uzteko haiena den betebeharra; hots, akordioa lortzeko lana.

Eta euskal gizartean sinesten dugunez, eta alderdi politikoek elkarbizitzarako funtsezko akordioak lortzeko gaitasuna dutela sinesten dugunez, batzuentzat geure burua gehiegi mugatzea baino ez den erronka hartu dugu. Baina gizarte modernoetan garaipen handiak norberak bere burua mugatuta sortzen dira. Adierazi dugu herri-kontsultan gure helburua izango dela Gernikako Estatutuak lortu zuen babesa baino babes zabalagoa lortzea. Horixe izango da giltzarria, elkarbizitza politikorako bilgune berria demokratikoki balioztatzeko oinarrizko erreferentzia.

Akordio politikoa definitutakoan, testu juridiko zehatz baten bidez garatu beharko da. Azken batean, osatzen ari den Europa berriak dituen autogobernu beharrei erantzuna emateko gauza izango den Estatutu Berria Euskadirako. Osatzen ari den mundu irekian nortasuna osatuz joateko, euskal erakundeei beharrezkoa den erabateko eskumen esparrua definituko dien Estatutu Berria, hezkuntzaren, hizkuntzaren eta kulturaren eremuetan. Ondo babestutako Kontzertu Ekonomikoa, haren arauek zerga eremu propioa sorraraziko dutena, eta, beraz, haietarako baliabideak edozer eremutan ere (nola judiziala, hala Europakoa) beste sistema orokor bat auzitan ipintzen den neurri berberean ipini ahal izango da zalantzan. Mundu ireki batean inguru lehiakorra eta iraunkorra garatzeko beharrezkoak diren eskumen ahalmenak ekonomia, ingurumen eta hezkuntza alorretan. Sistema soziala eta gizarte segurantzakoa, zerga politika solidario baten osagarri gisa, beharrezkoak izango dira solidaritateari eutsi ahal izateko mundu mailako lehiakortasun eremu zabalean.

Horrez gain, erabateko berme juridikoak eta itun hau betetzearen inguruko aldebiko arbitraje sistemak aintzat hartuko dituen autogobernua. Europako instantzietan parte hartzeko aukera Euskadiko Komunitateko bertako eskumen-esparruetan, egungo Itunek hala ahalbidetzen dutenetan. Eta mugaz gaindiko kooperazio politika irekia hainbat eremutan; hala nola, kultura alorrean, ekonomian, azpiegituretan, ingurumen alorrean zein aspektu sozialetan. Guztia ere euskal euroeskualdea osatze aldera; hasi Atturritik eta Ebroraino, eta Enkarterrietatik Zuberoaraino. Hiri-sarea bizitza-kalitatez osatuko duen politika; zatirik luzeena egiteko, Baiona-Bilbo, metroz 45 minutu nahikoa izango direna. Izan ere, Metroa Y (i grekoa) deitzen diogun hori izango da; Donostia-Gasteiz-Bilbo-Iruñea-Baiona hiri-sareak 30 eta 45 minutu artean lotuko dituena. Euskal Hiria, Bernardo Atxagak esango lukeen moduan. Hauxe da hurrengo urteetarako dugun autogobernu eredua: erabakitzeko ahalmena, hitzartzeko eta korrespontsabilitaterako konpromisoa, erabakitzeko maila guztietan parte hartzea eta munduari zein mundura irekitzea.

Hauxe da gure belaunaldiaren erronka. Haren emaitza zuek azkeneko hogeita bost urtean egin duzuena bezain arrakastatsua izango dela espero dut. Eskerrik asko egin duzuen lanarengatik. Tartean jarraitzen duzuen guztioi, gure garaiko erronka guztion artean lortzea opa dizuegu. Lan horretan gure aurretik aritu zirenek asmatu zuten bezalaxe, berriro ere asmatuko ahal dugu.

Gaur egun, berriro ere, asmatu beharreko garaia da. Eta oraingo honetan, inoiz baino gehiago behar bada, bakea ez da noizbait lortu beharreko utopia lorgaitza, aurrez aurre ia eskuan dugun errealitatea baizik. Eta egoera honek eskuzabalez jokatzea eskatzen digu, epe luzera begiratzeko gaitasuna.

Kontua ez da honezkero, epe motzen jokoa eta protagonismo merkea behingoz baztertzea. Oraingo egitekoa ez da bakea nahi izatea eta bakea aldarrikatzea soilik, baita, edo batez ere, bakea atzeratu, zaildu edo eragotzi dezakeen edozer uxatzea ere. Arazoa ez da bakea hitzetik hortzera aipatzea bakarrik, horrez gainera bakearen alde ahalegindu beharra dago, baita bakearen aldeko jarrerak eta jokamoldeak suspertu eta indartu beharra ere.

Zalantzarik ez gero, guztiok bakea nahi dugunik. Baina jeltzaleok uste dugu, esate baterako, alderdi-mitin bat ez dela inondik ere tailaiarik aproposena Gobernu-lehendakariak bertan aurkeztu ditzan erakundeen arteko onespena beharko luketen erabakiak. Era horretako iragarpenak alderdi bakar baten mitina baino zertxobait gehiago merezi zuen behar bada.

Segurutik bai, segurutik denok nahi dugu bakez, baina hala ere jeltzaleok uste dugu ordua dela bakea inork baino gehiago nahi omen duten horiek, mehatxua, izua eta txantaia behingoz salatu ditzaten. Indarkerian jarraitzen dutenek ezin dute honezkero segitu esaten beraiek bakea nahi dutela baina besteak direla indarkerian jarraitzera behartzen dituztenak. Bakea ez da indarkeria justifikatzen lortzean, ezta indarkeria dagoenik ere ukatzen. Bakeak pedagogia dezente eskatzen du, batez ere oraintsu arte indarkeriaren alde agertu izan diren artean.

Aldi berean, akordioetara heldu eta normalizazio politikoa lortu nahi baldin bada, ez da aski besterik gabe akordio eta normalizazio hitzak behin eta berriz aipatzea. Horrez gainera, ezin bestekoa azalkeria baztertzea eta muina azpimarratzea. Zentzu honetan, jeltzaleok uste dugu komunikabideen aurrean negoziazio-interlokutoreak aurkezten hastea antzezpen hutsa baino ez dela, are gehiago ez bada esaten alderdiok ia bi urte daramatzagula etengabeko bilera zuhurretan eta, hain zuzen ere, ez orain aurkeztu diren interlokutore horiekin. Honelako antzezpenek ez dute gizartea nahastu baino egiten.

Bestalde, guztiok nahi baldin badugu akordioa eta normalizazioa, ez du zentzu haundirik indar politikoek, nork bere eskariak elkarren kontrako aldarriak balira bezala, komunikabideen aurrean harrika azaltzea. Besteek inondik ere onartuko ez dituzten kontuak aldez aurretik ezin besteko baldintzatzat aurkezteak ez dio batere mesederik egiten normalizazioari. Esku batez elkarrizketa eskaintzea eta beste batez ukatzea baino ez da hori. Joko antzua benetan, hain zuzen ere helburua antzutasun hori lortzea ez baldin bada behintzat. Baina gizarteak jakin behar du joko hori joko interesatua baino ez dela, gezurra eta etsipena besterik erakarriko ez dituena.

Berriro ere, beste behin, asmatu beharreko garaiak bizi ditugu. Eta, horretarako, gizarteak eskatzen digu alderdioi zuhurrak izatea, ganoraz jokatzea eta duintasunez aritzea, guztion etorkizuna jokoan dago-eta.

PARTEKATU