EAJ-PNVk bakea denon artean eraikitzeko apustua egin du, eta, orain arte egin duen bezala, konpromisoa adierazi nahi du prozesuan inplikatzeko. Eusko Alderdi Jeltzaleari beharrezkoa iruditzen zaio Euskadin bakea lortzeko lanean jarraitzea. Iragan martxoaren 22an itxaropena piztu zen. ETAren ardura da indarkeriarik eza atzeraezina izatea, eta denon ardura da euskal gizartea atzeraezintasun horretaz ohartzea eta elkarbizitzaren normalizaziorako urratsak emanez itxaropena eta ilusioa finkatzea.
- EAJ-PNVk uste du Rodríguez Zapatero presidenteak joan den igandean egindako iragarpena beharrezkoa dela. Espainiako presidenteak jakinarazi zuen ekainean ETArekin hitz egiten hasiko dela. Horretarako, joan den urteko maiatzean Diputatuen Kongresuak hartutako erabakia hartuko du aintzat. Eusko Alderdi Jeltzaleak beti egin du elkarrizketaren alde, eta uste du prozesuari ekiteko nahiko froga daudela; baita gure herriko indarkeriaren amaiera behin betiko ziurtatzeko ere.
- EAJ-PNVk badaki badirela zenbait gertaera onartezin eta horien aurrean ezin dugula ezikusiarena egin. Azken astean 11 batzokiri eraso egin zaie –eraso horietako batzuetan burua estalita zuten pertsona batzuk hartu zuten parte--. Eraso horietan, jarrera totalitarioa eta beldurgarria eduki zuten. Zinegotzi sozialista baten etxebizitzari ere egin diote eraso.
- EAJ-PNVk nabarmendu nahi du edozein indarkeria mota onartezina dela, intentsitatea edozein dela ere, eta ekintza horiek lehenbailehen bukatzea eskatzen du. Ez dugu biktimismoan erori nahi, baina ezin ditugu eraso horiek alde batera utzi ETAren aginduak jasotzen ez dituztelako. Eusko Alderdi Jeltzalearen arabera, irtenbideak bilatzeko foro baten sorreran honako baldintzak bete behar dira: indarkeriarik eta bazterketarik eza. Eraso horiek baldintza hauei indar handiagoa ematen diete. Indarkeria eraso guztiak desagertzen direnean baino ez da sortuko irtenbideak bilatzeko alderdien foroa. Beste edozer aukera indarkeriari eta mehatxuari men egitea izango litzateke, eta EAJ-PNVk ez du horrelakorik onartuko. Orain arte isilik bagaude ere gogoan dugu 1998ko esperientzia. Eta Batasunak 2004an Anoetan adierazitako konpromisoan konfiantza osoa dugu.
- Bestalde, alderdi askoren arteko elkarrizketan aurrera egiteak solaskide politikoek beren funtzioa askatasun osoz bete ahal izatea eskatzen du. Hori dela-eta, Audientzia Nazionalak Batasunako buruzagiei egindako auzitarako deia ulergaitza da. Justizia, eta hori Zuzenbidearen axioma bat da, legea errespetatuz egin behar da, baina testuinguru sozial batean kokatuta egon behar du. Bestela, zentzugabekeria da Espainiako Gobernua eta terroristak hitz egiten ari diren bitartean, Batasunako buruzagi politikoak kartzelaratzea aukera politiko jakin baten ordezkariak izateagatik. Politika eta demokrazia praktikan jarri nahi dituztenentzat, bideak itxi beharrean, ireki egin behar dira.
- EAJ-PNVk Euskadirekiko konpromisoa hartuta dauka, eta bertan bakea egonkortzen ari da eta normalizazio politikoak aurrera jarraitzen du. Horretarako, eta beste alderdi politikoekin akordioak lortu ahal izateko, elkarrizketa politikoan sinisten dugu, eta praktikan jartzen dugu. Alderdi askoren arteko foroa ez da egun batetik bestera prestatzen. Jada hasitako lana da, eta EAJ-PNVk aldebiko harremanak ditu alderdi politiko guztiekin. Guretzat garrantzi handiagoa izango du eraginkortasunak eta zuhurtasunak, eszenaratzeak, liskarrak eta imintzioak baino. Hori dela-eta, mahai-inguru baten hasiera data erabakitzeko garaian, ez dugu sustatuko alderdien arteko eztabaidarik, ez eta gaitzespenik ere. Gure lana egutegiak, metodologiak, prozedurak eta eduki agendak adostea da. Gai honetan protagonismoekin aritzeak prestaketa lanak arriskuan jartzen ditu. Lan isil eta zuhurraren ordua da, eta ez komunikabideen aurrean egunero eztabaidan aritzekoa. Erantzukizunaren aldeko deia egiten dugu.
- Zilegi zaie aukera politiko guztiei euren aldarriak egitea. Baina, hau esan ondoren, ez dirudi zentzuzkoa denik aukera politiko bakoitzak bere baldintzak aldez aurretik jarri nahi izatea mahai osatu ahal izateko... helburua elkarrizketarako mahaia zailtzea edo ekiditzea ez baldin bada behintzat.
- Euzkadi Buru Batzarrak aurreko urrian aho batez erabaki zuen Ekimenak dioen bezala: “bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, zilegizkoak diren indar, nortasun, sentimendu eta egitasmo desberdinen arteko gorabeherak ez diren beste zerbaitek alderdien mahaiko eztabaidak eta akordioak ez baldintzatzen uztea alderdi politikoen erantzukizuna da”.