Iritzia
14Maiatza
2006
14 |
Iritzia

Zertara eraman nahi gaituzte?

Iritzia
Maiatza 14 | 2006 |
Iritzia

Juan José Ibarretxe

Iritzia

El Correo eta Berria


Egungo euskal autogobernua bi oinarri nagusiren gainean eraikitzen da: Gernikako Autonomia Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa. Ez dira ezer ezetik sortuak ezta trantsizioaren ondorengo asmakizunak, frankismoaren tunel beltzaren ondoren herri honek berreskuratu zituen antolakuntzak baizik. Sustrai sendoak dituzte euskal gizartean eta herritarren oroimen historikoan eta erreferendum bitartez herritarrek berretsi genituen.
Azken egun hauetan bi epaik oinarri horiek zalantzan jarri dituzte eta gogora ekarri dizkigute, beste behin, Estatutuak eta Kontzertuak etengabe, 1981ko otsailaren 23ko estatu kolpetik hasi eta PPk eta PSOEk hitzartutako LOAPArekin eta bestelakoekin jarraiki, pairatu dituzten erasoak. Horrenbestez, ez dute bete herri honek duela 27 urte hartu zuen erabaki demokratikoa eta horrekin desleial jokatu dute.

Epaitegien bitartez euskal autogobernua murriztu dute. Estatutuak herri honi eman zion bere errepideetako trafikoa arautzeko ahalmena kendu digute. Epaitegiek Kontzertu Ekonomikoa murriztu digute eta esan nahi izan digute gure ahalmen bakarra Espainiako Gobernuak hartzen dituen erabakiak bere horretan kopiatzea dela. Bi adibide besterik ez dira, baina bere gordinean erakusten digute nola ulertzen duten baten batzuek Euskal Herriaren autogobernua.

Autogobernua herri honek bere burua gobernatzeko eta herritarren beharrei egoki erantzuteko eskubide eta ahalmena da. Eta ahalmen horretan oinarrituta hartzen dira erabakiak, garapen ekonomikoa sustatzeko, enplegua bultzatzeko, gizarte kohesioa areagotzeko, hezkuntza alorrean, ikerketan, kulturaren alorrean... aurrera egiteko. Erabaki horiek gisa batekoak edo bestekoak izan daitezke, alde batekoak edo bestekoak, ondo edo gaizki ikus daitezke, kritika daitezke. Hori baita eztabaida politiko eta demokratikoaren funtsa. Hortik kanpo dago, aldiz, Estatutua eta Kontzertua hustea, herri honi erabaki ahalmena kentzea.

Herri honen autogobernuarekin alderdi politiko jakin batzuk desleial jokatzen ari dira, hemen diote autogobernuaren alde direla, baina hemendik kanpo, beste Gobernu batzuetatik, auzitegien bitartez herri honen autogobernuari eraso egiten diote.

Geure burua gobernatzeko erabakirik hartzeko eskubiderik gabe uzten bagaituzte, errepideetako trafikoa arautzeko eskubiderik gabe, hemengo fiskalitatea arautzeko eskubiderik gabe, zertarako balio dute Estatutuak eta Kontzertu Ekonomikoak? Horrela paper errea bilakatzen dira herri honek dituen eskumenak trafikoa, zergak eta sistema fiskala arautzeko.

Eta honekin zer esan nahi digute? Zein bide eskaintzen digute gure autogobernua «garbitzen» diguten horiek, herri honen autogobernua Estatuak erabakitzen duena betetzea besterik ez dela dioten horiek? Beraz Estaturik izan ezean ez dugu autogobernurik, ez dugu eskubiderik? Hori esan nahi digute elkarrekin bizi garela eta elkarrekin erabaki behar dugula diotenean? Zertara eraman nahi gaituzte...?

Ez dut ezer Kantabria eta Gaztela-Leongo gobernuen aurka, nahiz eta hauek behin eta berriz euskal herri-erakundeen erabakiak auzitara eraman. Benetako ardura, gobernu horietan eta Estatuko gobernuan agintean dauden alderdiena da; alderdi horiek -gure artean ere ardurak dituztenak, bestalde- azaldu beharko dizkiete beren jokamoldeen nondik norakoak euskal herritarrei. Zergatik hemen ezin da, ez du balio, eta hemen ondoan bai? Non daude hain Estatutu zale diren horiek? Ez dut ezer justizia administrazioaren aurka, baina argi esan behar dut justiziaren administraziotik Euskal Herriaren autogobernuaren kaltetan erabakiak hartzen ari direla, autogobernua husten Gobernu espainolaren mesedetan. Estatuen gobernuekiko agintea eraman nahi hori ez da berria Europan eta horren berri badute Europako Batzordean. Horren ondorioak ondo ezagutzen ditu Fiskalitate Komisarioak, Europan harmonizazio fiskala egin nahian ez aurrera eta ez atzera dabil hori dela bide. Europan, euroaren gunean diren zerga-sistema guztiak, euskal sistema barne, egoera berean daude eta eragin ber-bera dute Europako merkatuarengan.

Lehendakariorde nintzela idatzi nuen Erakundeak kolokan izeneko iritzi artikulua. Horrekin azaldu nahi nuen gure erakundeak airean, kolokan, zeudela autogobernuari egiten ari zitzaizkion erasoen ondorioz. Kolokan eta unean uneko interes politikoen mende. Eta denok dakigu erakunde demokratikoak ezin direla airean izan. Ez Estatuarenak ez Euskal Herriarenak. Zer esan nahi digute eta zertara eraman nahi gaituzte? Horiek dira gizarteari eta eragile politiko eta sozialei luzatu nahi dizkiedan galderak.

PARTEKATU