Hitzaldia
10Maiatza
2006
10 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
Euskadi 2020: Acertar de nuevo

Hitzaldia
Maiatza 10 | 2006 |
Hitzaldia

Forum Deusto
2006ko maiatzaren 10ean
Hitzaldiaren bideoa


Arratsalde on guztioi:

Lehenengoz eta bat, eskerrak eman nahi dizkiot Deustuko Unibertsitateari, hurren azalduko ditudan gogoetak zuekin partekatzeko abagune ederra eskaintzeagatik eta, jakina, zuei guztiei ere bai, bertan egoteagatik.

Baliteke hitzaldiaren izenburua iradokitzailea izatea. Nolanahi ere, zintzoa izateko, argi eta garbi esan behar dut ez dudala deskribatu nahi Euskadi nolakoa izango den 2020an. Segurutik, ezin izango nuke egin. Eta zalantza egiten dut norbaitek zuzen deskribatu ahalko lukeenik Euskadiko egoera urte horretan.

Orain dela 11 urte, ATT enpresako agintari nagusi Robert Allen-i galdetu zioten nolakoa izango zen mundua informazio eta komunikazio teknologia berrien garapenaren ostean. Une hartan, ATT telekomunikazio-esparruko enpresarik behinena izango zen mundu osoan. Allen-ek modu bitxian erantzun zuen: “Baten batek arrazoi handiz pentsa lezake ATTko presidenteak jakin beharko lukeela zuzentzen duen enpresa nolakoa izango den 10 urte barru. Ba... ez daki. Baten batek arrazoi handiz pentsa lezake ATTko presidenteak igarri beharko lukeela zer-nolako ondorioak izango dituen teknologiak bere negozioan hamarkada batean. Ba... ezin du igarri. Gutxienez, 2005ean lehiakiderik nagusiak zeintzuk izango diren jakin beharko luke. Ba... ez daki. Jakin dakien gauza bakarra hau da: zerbait iraultzailea, jakin-min handia eragiten duena eta indar handikoa daukagula ateko sarreran”.

Gaurko ATT ez da lehengoa. Zuek ere uste izango duzuenez, ez da garrantzizko eragilea izan handik hona gertatu diren aldaketetan. Dena dela, Allen jaunaren erantzuna zintzoa izan zen. Beraz, norainoko garrantzia izan dezakeen ere ez dakigun gertaera bat aztertu eta eta hari aurrea hartzeko prestatu behar dugu geure burua, gertaera hori ekonomia, hezkuntza, lan egiteko modua eta bizi-ohiturak ere aldarazten ari baita, eta esaten ausartuko naiz gertaera horrek epe ertainean aldaraziko dituela ohiko egitura politikoak. Iraultza teknologikoaren ondoriozko gizarte berriaz ari naiz.

2020. urteko Euskadi nolakoa izango den zehatz-mehatz deskribatzerik ez dudanez, gure erronka da mundu honetako giltzarri nagusiek zentzuzko denbora-tarte batean nondik nora joko duten aurreikusi eta, horren arabera, gure ekintza politikoaren ildo nagusiak gertatzea. Zinez jakitun gara gaurko sasoiaren ezaugarri nagusietako bat dela aldien iragankortasuna.

Erromako Klubak, munduko prospekzio-foro entzutetsuenetako batek, Europako etorkizuna 2020 izeneko txostena kaleratu zuen 1994an. Hamabi urte geroago, orduko azterketan adierazitako hausnarketek gorritu egiten gaituzte. Ni neu Interneteko erabiltzaile arrunt bihurtu baino urtebete arinago, Erromako Klubak ez zituen kontuan hartu Interneteko bilakaerak 2020an izango zituen ondorioak aipatutako txosten horretan. Aitzitik, aurreikusi zuten lanpostu galera izugarria egongo zela herrialde garatuetan, iraultza teknologikoaren eraginez. Hausnarketa horrek zentzuzkoa zirudien 1994an, artean Euskadiko langabezia-tasa %24,5ekoa zela, eta %55ekoa gazteen artean. Gaur egun, batez besteko lansaioa 1600 eta 1750 ordukoa da urtean, eta inoiz baino lanpostu gehiago dago; langabezia-tasa, ordea, ia-ia langabezia teknikoaren parekoa da, egoera oraindik ere hobetu beharrean gauden arren. Teknologiaren garapenak eta bizi-ohitura berriek sasoi horretan ezin pentsatuzko lanpostuak sorrarazi dituzte. Azterlan horren arabera, 2000. urtean gehienez 1000 orduko lansaioa ezarri beharko zen, enplegu beteko helburuari eutsi ahal izateko. Etorkizunak, ostera, guztiz kontrakoa erakutsi digu.

Beraz, aurrekari hauek guztiak ikusita, hitzaldi honetan azalduko ditudan prospekzio-kontuak mugatuak izango dira, ulertuko duzuen bezala. Ez dut nahi beste hizlari batek adibide barregarritzat hartzea hamalau urte igarota. Nire ikuspuntutik, hurrengo belaunaldiak landu beharko lituzkeen zentzuzko erronkak aipatuko dizkizuet. Gaur egun darabiltzagun datu eta emaitzetan oinarrituta eta etorkizun hurbilean aurreikus daitekeenetik abiatuta.

Adibide argigarri gisa, aipa dezagun azken sei urteotan gertatutako jauzi kualitatibo handia. Gaurko munduak ez dauka 2000koaren antz handirik. Izan ere, 1999an, Internet hastapenetan zegoen eta inork gutxik erabiltzen zuen. Gaur egun, ordea, gizarteak ia mugarik gabeko informazioa dauka eskueran; informazio hori zabal-zabal dabil, edonondik eskura daiteke, eta gainera, ia-ia musutruk. Berbagai darabilgun gertaera horren gizarte, ekonomi, kultur eta politika ondorioak ageri-agerikoak dira eta etorkizuneko garapena ukaezina da.

Egun, Asiako aditu fiskalek egiten dituzte Estatu Batuetako milaka herritarren errenta-aitorpena, Estatu Batuetako aholkulari fiskalen laguntzaileen bitartez. Eta, segurutik, herritar horietako askok eta askok ez dute jakingo haien errenta-aitorpena Asian egiten dela. Bostongo ospitaleek erradiografiak bidaltzen dituzte Indiara iluntzean, Internet bidez, Erradiografian aditutako teknikariek egunez lan egin dezaten munduko alde horretan. Hala, egunsentia etortzeaz batera, Bostongo medikuek pazienteen erradiografiak izango dituzte azterturik. Egoera hori ezin zen imajinatu ere egin orain dela hamar urte baino gutxiago.

Globalizazioa ez da atzoko kontua. Thomas Friedman-ek The world is flat saiakeran dioen legez, globalizazioaren berrikuntza honakoa izan daiteke gaur egun: globalizazioaren aldi honetan, beste batzuk dabiltza elkarlanean edo lehiatu egiten dira. Mende askotan, kontinente eta itsasoak menderatzeko norgehiagoka merkataritza kontrolatu eta lehengaiak eskuratzeko estatu indartsu edo inperio handien esku zegoen. Horrela, XIX. mendearen erdialdera arte, herrialdeak lehiatzen ziren, herrialdeek egiten zituzten itunak eta herrialdeak zebiltzan norgehiagoka nagusigoa eskuratzeko.

XX. mendean, batik bat enpresa multinazionalek nazioartekotu zituzten merkatuak eta lana. Eskualdeko ekonomia-gune zabal horien sorrerak ahalbidetu du estatu-nazioa kontzeptua aldarazi duten egitura politiko eta ekonomiko handiak eratzea, hala nola Europako Batasuna edo oraintsu sortu diren Mercosur edo Amerikako Merkataritza Askeko Ituna.

Azkeneko sei-zazpi urteotako berrikuntza ondokoa da: informazioa eta zerbitzuak mundu-mailan trukatzeko sarearen unibertsalizazioak gizabanakoak bihurtu ditu munduko globalizazio berriaren eragile. Gaur egun, prestakuntza, talentua eta produktu edo zerbitzu bat sortzeko ahalmena daukan zeinahi pertsona mundu globalean lehiatu daiteke. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, herrialde txikiek ahaleginak eta bi egin behar dituzte gaur egun eratzen ari deneko munduan den aktibo baliotsu bakarrari eusteko: bertako jendea. Gure jendea. Herrialde eta eskualde txikiek egoera berrian aurrendari izan nahi badugu, bide arteza jorratu beharko dugu: industri gizartea atzean utzi eta gizarte sortzaile bilakatu. Horretarako, zalantzarik gabe, gizabanakoetan eta berrikuntzan inbertitu beharko dugu, eta kanpoarekiko tolerantzia eta zabaltasuna landu beharko ditugu.

Datu horiek guztiak darabiltzagu gaur egun. Oraingo sasoia inflexio-puntua da historian. Analista batzuen iritziz, bi iraultza teknologiko handi baino ez dira gertatu gizateriaren historian, eta biak ere konpara daitezke gaur egungo informazio-teknologien iraultzarekin, hirurek ekarri dituzten ondorio politiko-ekonomiko eta sozio-kulturalei dagokienez. Iraultza horietan, Neolitokoa dugu lehenengoa. Neolitoan, nekazaritza- eta abeltzaintza-teknologiak garatu ziren eta lehengo gizaki hazi-biltzaile eta ehiztariak nekazari eta abeltzain bilakatu ziren. Horren ondorioz, jakiak lortzeko moduek sorrarazitako kultura nomadari azkena eman eta kultura sedentarioa garatzen hasi zen. Horrekin batera, elikagaien soberakinen eraginez, ekoizpenari zuzenean ez lotutako jarduerak agertu ziren eta, hala, gizarte-antolamendu berria sortu zen: hiria.

Bigarren iraultza handia XVI eta XIX. mendeen artean gertatu zen. Horretan, lurrun-makinak bide eman zion industrializazioari, baina azken aldia jazo zen inprentaren garapen eta jakintzaren aurrerapenari esker. Horiek horrela, ekoizpen handiek, merkatu zabalek eta kultur nahiz hizkuntzazko bateratzeek apurka-apurka finkatu zituzten estatu-nazioak egitura politiko nagusi gisa. Iraultza horretan, euskaldunok subiranotasuna geureganatzeko aukera galdu genuen, garai horretan eratu ziren estatuen egitura ez baikenuen eskuratu.

XXI. mendea hirugarren iraultza teknologiko handiaren mendea izan da. Hirugarren Ingurunea-ren mendea, Javier Echevarria irakasleak dioen moduan, Telepolis liburuan. Inozoegiak izango ginateke informazioaren edo, askotan deitu zaion moduan, ezagutzaren gizarte honetako egitura politikoek eta antolabideek luzaroan aldatu gabe iraungo dutela pentsatuko bagenu. Alvin Toffler-ek idatzi zuen 1994an: “Zibilizazio zahar bateko azken belaunaldikoak eta zibilizazio berri bateko lehen belaunaldikoak gara”.

Dagoeneko, iraultza teknologiko horrek ekonomian izan dituen ondorioetako batzuk aipatu ditugu labur-labur. Baina iraultza teknologikoak politikari ere eragiten eta, zalantzarik gabe, eragingo dio etorkizunean. Munduko bazter askotako prospekzio-adituek diote informazioa ohiko estatu-nazioa egitura politikaren ikuspegitik higatzen eta eraldatzen ari dela. Merkatu handi eta zabalek estatuz gaindiko azpiegiturak behar dituzte, merkatu baten autoerregulazioa erabakitzeko ingurumen, gizarte, zerga eta moneta arloetako erabakiak hartu behar direlako. Esan dezakegu egitura zurrunak eta XIX. mendean ohiko ziren estatu-nazioak horrelakoak ziren anakronikoak dira handiegiak direlako hurbileko gaiei heltzeko eta txikiegiak tamaina handiko arazoei behar bezala heltzeko.

Aurrekoa da, hain zuzen ere, “eskualde” izaerako eremuen sorrera bultzatzen ari dena mundu garatuan. Horren adibide ditugu Europako Batasuna, Mercosur, Amerikako Merkataritza Askeko Ituna eta ASEAN. Horietako batzuek, hala nola Europako Batasunak, estatuz gaindiko egitura politikoa hartu dute, barruko merkatu finkatua, diru bakarra, polizia eta epaile esparruetan elkarlanean aritzeko hitzarmenak eta segurtasun-politika landu berria dauzkatela.

Gertaera horrekin batera, beste jazoera garrantzitsu bat ari da agertzen mundu mailan. Estaturik gabeko herrien nazionalismoa deritzogu guk gertaera horri, Aditu batzuek, berriz, estatu-eskualdeen berragerpena dela diote. Gertaera horren lehen motibazioa globalizazioaren ondorioek zuzenean eragindakoa da, “sustraiak edukitzeko beharrizanaren” sentimendua. Nazioz gaindiko mundu zabal batean, benetako tamaina gizabanakoen pertzepzio txikiegitik nahikoa urrun daukan mundu honetan, gizabanakoek inguru hurbilean aurkitu behar dituzte sustraiak, norberaren jardueraren nondik-norakoak ulergaitzak bailirateke inguru hori konprenitu ezean.

Gizarte eta ekonomia globalizatuetan, handia izatea ez da abantaila gaur egun. Dirua eta informazioa herrialdeez harakoak diren honetan, gune txikiak bideragarriak izan daitezke ekonomiaren ikuspuntutik. Esan genezake azken urteotako bilakaera arrakastatsuak estatu txikietan edo kemenaz sortzen ari diren eskualdeetan gertatu direla, kasurako, Italiako Lonbardian, Frantziako Saboian edo Japoniako Osakan eta Kansain. Emaitza horietan oinarrituta, analista batzuek, hala nola Kenichi Ohmaek, "berezko alde ekonomikoa" delako adierazpena erabili dute berariazko ezaugarri batzuk dauzkaten inguruak izendatzeko. Guztiek dinamismo bizia eta partaidetza-zentzua dauzkate, ekonomiari dagokionez mundura zabalik bizi dira eta eremu kontinental handi batean txertaturik daude.

Erromako Klubaren La primera revolución global izeneko txostena 1992an argitaratutako prospekzio-lan jakingarria da eta bi joera horiek aztertzen ditu: batetik, antzinakoa, zentralizatzaile eta uniformizazio zalea; bestetik, gaurkoa, kultur identitate eta atxikimendu askeko esparru nazionaletan oinarritutakoa. Ildo horretan, txostenak ondokoa zioen: "Ageriko istilua sortzen da joera biak nekez uztartu daitezkeelako indarrean dagoen sistema politikoaren barruan, estatu-nazioaren ereduan zurrun finkatzen baita. Irtenbidea da erabakiak hartzeko maila egokiak berriro zehaztea, erabaki horien ondorioak gozatu edo pairatzen dituztenek erabakitze-guneak ahalik eta hurbilen eduki ditzaten".

Gaurko moldez bada ere, arestian esandako berbera aztertu du Euskadiko Daniel Innerarity filosofoak, orain dela bi hilabate edo argitaratutako liburu batean. El nuevo espacio público deritzo argitalpenak, eta bertan aipatzen du eragile berriak sartzen ari direla nazioartean, honela: "Estatuen monopolioa atzean utzita, nazioarteko gaiek gune publikoa bereganatzen dute, eta informazio-kontu nahiz eztabaida-gai bilakatzen dira. Horrela, nazioarteko gizarte berria sortzen ari da, eta globalizazioa gizatiarrago bihurtzeko ahaleginetan dabil, oraindik ere aintzat hartzeko moduko lanabesik ez daukan arren". Horrez gain, honakoa dio: " XX. mendeak ez die estatuei azkena eman, baina bai deuseztatu ditu estatuek baliatzen zuten monopolioa, naziorteko eragile ziren aldetik".

Erromako Klubak 1992an aipatzen zituen indar zentrifugo eta zentripetoen arteko bizikidetasunaren ondorioak Innerarity-k berrazaldu ditu lan jakingarri horretan. Hala, honako esaldi argigarri hau diosku: "mundua bateratzeko auzia ez datza ez bateratze ekonomikoan, ez bizimodu eta kultur ohituren bateratzean, ezpada, batasuna eta ezberdintasuna uztartzeko arazo zaharra konpontzean". Testuinguru horretan gertatu behar dugu euskaldunok etorkizuneko estrategia.

Orain dela 27 urte asmatu genuen

Gure aurreko belaunaldiak asmatu egin zuen 1977-1980 garaian. Gure sasoiko belaunaldiak ere giltzarriak finkatu behar ditu datozen hamabost-hogei urteotan ere asmatzeko. Gainera, baliteke aldiak laburragoak izatea. Nolanahi ere, gure gain hartu behar dugu eginkizun hori. Gaur egun, Euskadik inoiz baino izaera handiagoa dauka nazioa izateko, euskal gizarte eta politikako ordezkarien gehiengoak 1979 urtean hartutako erabakia dela bide. Gurea gizarte modernoa da, ongizate eta bizi-kalitate bikainak dauzkana, autogobernua garatzeko gaitasuna eta berezko nortasun zaindua baina mundura zabalik bizi dena. Zinez merezi dugu hurrengo belaunaldiak ondorio berdintsuak ateratzea gaur egun erabakiak hartzen dituen belaunaldia aztertzen duenean.

1977ko udaberrian, Baiona eta Angelu artean dagoen Txiberta herrian, herrialde honetako alderdi abertzaleek batzarra egin zuten. Berba-panoplia ederra bota zen, Frankoren erregimenaren azkenaldiaren testuinguruan. ETAk berak parte hartu zuen batzar hartan, armak mahai gainean agerian zituela, eta eusko nazionalista guztiei mehatxatu egin zien 1977ko hauteskundeetara aurkeztu ez zitezen. Euzko Alderdi Jeltzaleak mehatxua arbuiatu eta erabaki bat hartu zuen. Erabaki ausarta eta arrisku handikoa izan zen sasoi hartan, baina testuinguruarekin bat zetorrena. Demokraziara igarotzeko gabeziez jakitun ginen, Erregimen Zaharrean indarrean zeuden erakundeek zuzendu behar baitzuten trantsizioa. Baina jakin bagenekien nazioarteko erakundeek bermatzen zutela demokraziarako bidea, eta Espainia demokratikoak halako batean lekua hartuko zuela batzen hasia zen Europaren barruan, Schumanngo Adierazpen horretatik aurrera egituratzen ziharduen Europaren barruan bide batez, esan dezagun atzo, hain zuzen ere 56 urte bete zirela Schumanngo Adierazpena aldarrikatu zenetik. Geraldine Galeote Gonzálezek La temática europea en el discurso del Partido Nacionalista Vasco azterlanean dioen moduan, EAJ-PNVk beti sinetsi du Europa horretan eta dena eman du haren alde, XX. mendearen bigarren hamarkadatik hona. Izan ere, Europa horretan, mugaren esangura gero eta leba apalagokoa da eta estatu-nazioaren funtsa ere ez da horren garrantzitsua.

Konstituzioak berak argi-ilunak izan zituen eta horiek guztiek isla garbia izan zuten eusko nazionalista guztien abstentzioan edo ezezko botoan eta, horren ondorioz, Espainiako Konstituzioak atxikimendu eskasa izan zuen bazter hauetan. Gogora ekartzearren, esan dezagun Euskadiko erroldan ziren guztietatik %30,2k baino ez ziotela baiezkoa eman. Nolanahi ere, Konstituzioak bide eman zion Gernikako Estatutuari eta itun hark, Xedapen Gehigarrian jasotako eskubideei esker, ateak zabaldu zizkigun autogobernua garatzeko, hau da, orduko gehiengo sozial eta politikoak aldeztu zuen autogobernua garatzeko.

Garaipen haren emaitzak begi-bistakoak dira: gizarteak zabal-zabal onartzen duen itun baliotsua da, nahiz eta oraindik ere Estatuaren aldetiko betetze-maila zalantzan jarri behar dugun, hiru jardunbide direla eta: 

- Gernikako Estatutuaren funtsezko alderdi batek, gizarte-politikak (gizarte segurantza, enplegu-politikak...), hain zuzen ere, eta ikerkuntza tekniko eta zientifikoko politikak bete gabe diraute, transferentziak eskualdatzen ez direlako eta transferentzien gaiari heltzeko zeinahi lan-egutegiri muzin egiten diotelako. 

- Euskaldunon eskumenak ahultzen dihardute etengabe estatuaren oinarrizko legeriaren bitartez, legeria horrek gure eskuduntzak zuzenean erasaten baititu eta eskuduntza horien eragin-eremuari mugak ipintzen. 

- Autonomiaren garapena atzeraldian dago, Estatuaren askotariko egoerak ez baitauka islarik Europako esparruan. Hori dela eta, Estatuaren Administrazio Orokorrak beretzat hartuta dauka estatuaren osoko ordezkaritza Europako Batasunean, autonomia erkidegoak bazter utzita.

Horrezaz gainera, Estatutuaren itun politikoa guztiz ahuldurik dago gaur egun, ez baita ezarri alderdi biek betetzeko bermerik eskaintzen duen eragingailurik.

Hala eta guztiz ere, estatutuaren itunak ekarri zuen garaipen historikoa ezin da inola ere zalantzan jarri gaur egun. Itun eskasa zelakoan onartu ez zutenak berari atxikitzeko modua aurkitu nahian dabiltza 30 urte geroago, orduko hanka-sartzea zuzendu eta Txibertako erabakiak sorrarazitako zorigaitza arintzearren. Gehiegizkoa zelakoan onartu ez zutenek, berriz, estatutuaren onespena ospatzen dute urtero-urtero, urriaren 25ean.

Autogobernuaren aldeko apustu politikoa 70 hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran hartu ziren erabaki handietako lehena izan zen. Bigarren erabaki handia ekonomiaren eta hiri-bilbearen berregituraketa izan zen. Erabaki horien ondorioz, Euskadiko ekonomiaren lehen eraldaketa gertatu zen. Industria-birmoldaketa, sustapena eta inbertsioa gogotik areagotzeko ahalegina, ordura arte ez zegoen bilbe zientifiko eta teknologikoaren sorrera, gure industriaren ekarpena nazioartera zabaltzeko bultzada, lankidetza sustatzeko abiada "kluster" direlakoen bitartez, energiaren dibertsifikazioa, elektrizitatearen sorkuntza berriztatzeko inbertsio ausarta, energiaren eragingarritasunaren aldeko jarduketa, teknika eta lanbide prestakuntza lehiakortasunaren mesedetan, fiskalitatea inbertsioaren beharrizanetara, enpleguaren sustapena, berrikuntza eta nazioartekotzea.

Gaurko ikusmoldetik aztertzen badugu, arestiko guzti-guztia agerikoa omen da. Baina beste sasoi batean hartutako erabaki haiek ekarri dute gaurko egoera. Gure gizarteak biztanleko BPGren hazkunderik handiena izan du autonomia erkidego guztietan, 1995-2005 aldian, baita Estatuko familia errentarik handiena, Nafarroako Erkidegoarekin batera.

Gure gizarteak I+Gren inbertsioa 25 aldiz biderkatu du BPGren aldean azken 25 urteotan; dagoeneko, gure industria-sektorearen I+Gren inbertsioa Europako batez bestekotik gora dabil. Gure gizarteak guztizko BPGren %30eko esportazio-tasa dauka, Alemania, Italia, Frantzia edo Espainiakoa baino handiagoa, eta erkidegoak zeukan batez besteko errentaren %88 izatetik Europako Batasunera sartu ginenean %120 izatera igaro gara. Horrez gain, gure langabezia-tasa %5,5ekoa da, Espainiako batez bestekotik ia hiru puntu txikiagoa. Estatuan dagoen guztizko kontratupeko ikerkuntza pribatuaren erdia (%50) gurean dago. Gure gizartea irekia da, eta azken hamalau urteetan ia-ia hirukoiztu egin da turisten kopurua. Joan den apirilean, Frantziako ekonomia egunkari ospetsu "Les Echos" izenekoak gure ekonomiari buruzko hainbat erreportaje eskaini zituen, honako izenburu adierazkorra zerabilela: "Espainia: euskal mirariaren errezeta". Atariko laburrak honakoa zioen: “Sakoneko krisialdia jasan ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak ekonomiaren tresneria gaurkotu eta ateak ireki dizkio hazkundeari. Berrikuntza horren bermeak gogozko estrategia eta nortasun-kultur sendoa dira. Goitik beherako berrikuntza gertatu da lurralde horretako agintarien erabakitze-ahalmenari esker. Tokiko gobernuak areago garatu nahi du erabakitzeko ahalmena, Madrilgo gobernua aurka badu ere”.

Guggenheim museoaren inaugurazioak, 1997ko urrian, hasiera eman zion gure herriaren eraldaketa sakonari. Titaniozko xafla horien azpian herri aurrendaria dago; inguruabar politiko eta sozial korapilatsuetan, Europan eredu bilakatu den herri bat dago.

Euskadi erakargarria da. Turisten goranzko kopurua gorabehera, Erasmus egitasmoaren belaunaldiko ikasleak Euskal Herriko unibertsitateak hautatzen hasi dira nahienen artean. Baina garrantzitsuena ondokoa da: hainbat urtetan autoestimua lur jota izan ondoren, gu geu antzematen hasi gara herri aurrendaria garena, Europan erreferentziazko herrialdea garena gure nortasuna finkatzen ari garelako, berrikuntzari eta hazkundeari eusteko ahalmen handia daukagulako, elkartasun eta lankidetzara emanak garelako.

Euskadiko gizarteratze-tasa pobretasun-arriskuaren tasaren arabera kalkulatuta Europako batez besteko tasatik beherakoa da. Gure bizi-itxaropena munduko lehen herrialdeetakoaren bestekoa da. Jarduera-tasa ere gora doa, batik bat, gazte eta emakumeen gizataldeetan eta horrek esan nahi du etorkizunean inbertitzen eta pertsona ororen arteko berdintasuna lortzeko ahaleginetan ari garela.

Gaur egun, Euskadi inoiz baino eratuago dago nazio gisa. 1979an, Euskadiko gehiengo sozial eta politikoak bere gain hartutako erronkari esker, orduko Euskadi nazionalismoaren adierazpen ideologikoa errealitate soziologiko eta juridiko-politiko bilakatuta daukagu gaur egun. Izan ere, egun, "Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta baita Nafarroaren" definizio juridikoa ere haien guztien "herritartasun edo naziotasunaren adierazpenari" dagokio, haien euskal nortasunari, herri honen gehiengoak orain dela 25 urte baino gehiago hasitako bideari esker, Euskal Herriko gehiengoaren borondatea indarrez bereganatu nahi izan zutenen aldean.

Gizartearen ikuspegitik ere, Euskadi inoiz baino eratuago dago nazio gisa. Herritarrek zinez balioesten dituzte Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Lehendakaria, gure erakundeak; gure seme-alabek aurreko belaunaldikoek baino askozaz ere gehiago erabiltzen dute euskara; gure hizkuntza hainbat mendetan atzeraldi garbian edo galtzeko arriskuan egondako aldeetan ere, hala nola Estellerrian, Ezkerraldean, Enkarterrin, Arabako Lautadan edo Arabako Errioxan, berreskuratze bidean hasi da pixkanaka-pixkanaka, eta euskal nortasunaren ezaugarri gisa ez ezik, komunikazio-tresnatzat eta pentsamendua nahiz kultura zabaltzeko lanabestzat erabiltzen dute gaur egun alde horietako biztanleek.

Nik neuk, euskaraz egin nuen doktoretza-tesia, Suarez presidente izendatu berriak esandako adierazpen zorioneko haiek xaxatuta. Suarezek honela zioen, uste osoz: "Serioak izan gaitezen. Ezin da Fisika nuklearrik euskaraz irakatsi". Oraindik ez dira hiru hamarkada joan adierazpen horiek egin zirenetik eta dagoeneko gurean ez da albiste nanoteknologia, polimeroen zinetika edo terapia genikoei buruzko tesiak euskaraz egitea.

Nortasunaren eta irekitasunaren arteko uztarduraren adibide bikain ditugu haien artean euskaraz hitz egin eta, aldi berean, mandarin-txinera, portugesa edo txekiera ikasten duten gazteak, Shangaiko badian, Sao Paulon edo Moravian betetzen ari diren zuzendaritza-ardurak ahalik eta ondoen gauzatzeko.

Belaunaldi baten hiru erronkak

Giltzarria berriro asmatzea da. 25 urteko aldian, egundoko aurrerakada egin dugu aberrigintzan, politikagintzan, gizarte egituraketan, kulturgintzan eta hizkuntza arloan. Baina hori guztia ez zen gertatuko orduko erabakiak hartu izan ez balira, eta lagun askok eta askok etengabeko ahalegina egin izan ez balute. Hizpide darabilgun erronkari gogotik ekin ziotenei bihotz-bihotzez eskerrak emanda askotan, onespenik eza eta etsaitasun gogorra pairatu behar izan baitzuten, 2006an berriro asmatzeko giltzarrietan jarri nahi dut arreta. Hona hemen belaunaldi baten erronkak. 

- Bakearen erronka. 
- Normalizazio politikoaren erronka. 
- Berrikuntzaren eta sorkuntzaren erronka.


Lehen erronka bakegintza da. Nabarmendu nahi dut bakea lortzeko itxaropena lorgarria dela gaur egun, euskal gizarteak eta erakunde demokratikoek sendotasunez eta nagusitasunez jokatu dutelako indarkeriaren aurrean. Oinarri etikoen garaipena da, nahiz eta, zalantzarik gabe, bide luzea dagoen jorratzeko.

Indarkeria behin betiko baztertzeko sasoiaren atarian gaudelakoan, ezinbestekoa da argi eta garbi esatea terrorismoa hutsegite politiko larria izan dela eta kalte moral izugarria eragin diela pertsona askori nahiz euskal aberrigintzari. Gainera, terrorismoak ez dauka inolako bidezkotasunik, aldrebeskeria politikoa da eta guztiz moraltasunik gabea. Ildo horretan, bakegintza behin betikoa izango da armak baztertu eta armen erabilera justifikatzen duen pentsamolde larderiatsua alde batera uzten denean, larderiak zeinahi bide erabiltzen baitu helburu politiko jakin batzuk erdiesteko. Indarkeriarik ez/elkarrizketari bai abiaburuak, hau da, bakearen eta bide zeharo demokratikoen alde jarduteak ez dio inori eskatzen nork bere jomuga politikoei uko egitea. Azken batean, demokraziaren eta demokraziaren prozeduren garaipena da.

Gertaera ugarik lagundu dute Euskadiko indarkeriari azkena emateko bidea has dadin. Gertaera horiek guztiek bakerako bidean jarri gaituzte. Aldaketak gertatu dira nazioartean, aldaketa sakonak jazo dira euskal gizartearen baitan, baita herritarren pentsamoldean, sentiberatasunean, kontzientziazioan, eta biktimen inguruko elkartasunean ere. Aldaketa horiek guztioriek ahalbidetu dute azken urteotan indarkeriari gero eta leku gutxiago uztea Euskal Herrian, eta indarkeriari babes politikoa eman dion ezker erradikalaren baitan ere sakoneko aldaketak gertatu dira... Dena dela, inolako zalantza izpirik gabe, aipatutako gertaera horietan gure gizartearen heldutasuna nagusitu da. Orain behin betiko konponbidearen atarian gaude, eta guzti-guztiek ekin behar diogu konponbide horri. Beraz, sekulako aukera daukagu eskuen artean, eta aukera horri heltzeko, bizkortasunez, apaltasunez eta gure herrian diren ildo politiko guztien arteko lankidetzatik abiatuta jokatu behar dugu.

Denon artean jorratu behar dugun bide horretan, berariaz zaindu beharko dugu adiskidetzeko modua. Indarkeriak horrenbesteko kaltea eragin du, ezen gizarte-bizimodua ez den normalizatuko indarkeria betiko desagertuta ere, pertsonek eta gizarteak berak zauri sakonak dituztelako oraindik ere. Hori dela eta, horrenbesteko garrantzia daukan bide honetan, alderdi politikoek eta gizarte-eragileek ardura hartu behar dute biktimen aitorpena egin eta haiek jasandako kalteak arintzeko. Horren harira, norberaren elkartasunetik haratago jo behar dugu, halabeharrezkoa baita bidegabeki pairatutako sufrimendua gizartearen aurrean aitortu eta agerian uztea. Hori egin ezean, gehienok nahi dugun adiskidantza ez da loratuko gure artean.

Aurrekoez gain, epe laburrerako helburuei dagokienez honakoak aipatu behar ditut: presoek zigorra betetzea gizarte-ingurune eta familiarengandik hurbil; presoen familiakoak eta adiskideak bake-eragiletzat hartzea, inolaz ere zeharkako errunduntzat. Gaur egun, horiek biak behar-beharrezkoak dira bakea lortu nahi badugu. Esandakoagatik, espetxe-politika beste jokabide batez garatzeko unea heltzen ari da, kartzelako jardunbide adostu, dinamiko eta malgua erdiesteko, eta lan horretan, berriro ere diotsuet Euzko Alderdi Jeltzaleak gogotik ekingo diola erronkari.

Bakea lortzea lehentasunezkoa da. Eta datozen asteotan Diputatuen Kongresuak indarkeria behingoz baztertu dela egiaztatu ondoren, ETArekin hizketan hasi egin beharko da. Elkarrizketa nahitaezkoa baita bake-egoera atzeraezin bihurtzeko, baina elkarrizketa horretan, euskal gizartearen etorkizun politikoak ez du hizpide izan behar. Hori gertatuko balitz, hots, bakea egitasmo politiko jakin bati lotuko balitzaio (egitasmo hori bidezkoa izan arren), helburu politikoak lortzeko asmoz indarkeriaren erabilera onartzearen pareko litzateke. Bizi garen aldi honetako lehen erronka handia dugu hori. 42 urte dauzkat. Ez dut Euskadi bakean ezagutu jaio nintzenetik. Eta horregatik, bestelako Euskadi bat nahi dut gure seme-alabentzat.

Bigarren erronka normalizazio politikoa da. Euskal gatazka deiturikoa behin betiko alboratu behar dugu, Konstituzioak gurean eskuratu zuen %30,2ko babesean oinarritzen den esparru politikoaren gaineko hitzarmenaren defizita gainditu dezagun. Zer helburu eduki behar dugu hemengo alderdiotako ordezkariek hitzarmen horri dagokionez? Zer eskatzen digu euskal gizartearen gehiengoak? Bada, gure etorkizuna landu eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea errespetatzen duen hitzarmena eta, aldi berean, leialtasun osoz eta dogmatismoak bazter utzirik, Euskadin dauden pentsamolde guztietako gizataldeok erabaki hori modu partekatuan gauzatzeko hitzarmena. Azken batean, indarrean dauden esparru instituzionaletatik abiatuta, esparru horiek aldatzeko modua ematen digun hitzarmena lortu behar dugu, betiere hori egiteko gehiengo sozial eta politikorik bada. Eta hori guztia euskal gizartearen borondateari zor diogun begirune demokratikoa kontuan hartuta eta aniztasunari zintzotasunez begiratuta. Hala, euskaldunen borondatea errespetatu nahi badugu, pertsona ororen nortasun-sentimenduak aintzat hartu behar dira, hitzarmen eta konpromisozko esparru batean txertatuta.

Gure helburu nagusia da normalizazio politikoa lortzeko hitzarmena egitea denok elkarrekin bizitzeko eredua sortze aldera, baita estatuarekiko harremanak lantzekoa, alde biko eraginkortasuna, bermeak eta leialtasun baldintzak sustatuta. Gizarte aurreratuetan, hitzarmena eta ezarpenik eza ditugu jokoaren arauak adosteko bideak. Nabarmendu nahi dut Irlandako hitzarmena dela medio, gehiengoen jarduera politikoa eta komunitatea zehazteko hitzarmen zabala bereizi ziren, eta “adostasun nahikotzat” zer ulertu behar zen finkatu zen denen artean. Gurean ere guztion artean erabaki beharko dugu, eta ez Estatuak alde batez erabaki. Azkenik, esan dezagun gure proposamena honela laburbildu daitekeela: erabakitzeko eskubidea hitzarmena egiteko konpromisoari lotu nahi diogu, hain denbora luzean enkistatu den euskal gatazka konpontzeko bidearen oinarriak ematerakoan.

Ildo horretan, proposatu nahi dugu euskal alderdi politikoen mahaiak irtenbidea finkatzea konpromiso bitan funtsatuta: 

- Gaur egun indarrean dagoen hitzarmenak baino onarpen txikiagoa daukanik ez inposatu. 
- Gaur egun indarrean dagoen hitzarmenak baino onarpen handiagoa daukanik ez eragotzi.

Ezarpenik ezak onarpena bermatzen du, bategite politikoaren eta euskal gizartearen nahiaren mesedetan, baina, era berean, mugak jartzen dizkio gehiengo nazionalistari. Ez eragozteak hartutako erabakien aitorpen juridiko eta politikoa dakar, baina, era berean, Gorte Nagusietan ordezkaritza duten estatuko alderdiei mugak jartzen dizkie.

Gure iritziz, horiexek dira konponbide politiko baten osagai nagusiak. Euskal gizarteak aspalditik eskatu du hitzarmen hori eta, hartara, herritarrei galdetu beharko zaie. Gainera, azkena ezinbesteko eskakizun politiko eta demokratikoa da bizikidetzaren esparruaren funtsezko aldaketa proposatzen den guztietan. Herri-kontsulta prozesu luze eta neketsu baten ondoriozkoa da eta horretan ahaleginak eta bi egingo ditugu. Ez da, inola ere, besteren kontrako arma bat, ezta alderdi politikoen atxakia, irtenbidea bilatzeko berenganatu behar duten erantzukizuna albo batera utzi eta gizarteari egotzita.

Euskal gizartean sinesten dugulako eta alderdi politikoek bizikidetza sustatzeko hitzarmen sendoak lor ditzaketelako uste osoan gaudelako, baten batek gehiegizko automugatzat jo dezakeen erronkari eutsiko diogu. Alabaina, gizarte modernoetan, garaipen handiek automugetan dute hazia; ez, ordea, mugarik gabeko itxaropenetan. Askotan esan dugu kontsultaren helburua dela Gernikako Estatutuan lortutako atxikimendua baino handiagoa erdiestea. Horixe izango da giltzarria eta bizikidetasun politikoaren elkargune berria baliozkotzeko oinarria.

Behin hitzarmen politikoa zehaztuta, testu juridiko jakin batek garatu beharko du. Azken batean, Euskadik Estatutu Berria behar du, pixkanaka-pixkanaka egituratzen ari den Europa berriko autogobernu-beharrizanei erantzungo diena. Horrez gain, Estatutu Berriaren testuak eskumen nahikoak aitortu behar dizkie euskal erakundeei, bizi gareneko mundu irekian gure nortasuna landu ahal izateko hezkuntza, hizkuntza eta kulturaren alorretan. Itun Ekonomiko blindatua behar dugu, bertako arau-erabakiek gure zerga-esparrua bermatzeko. Hala, zeinahi esparrutatik (judiziala zein Europakoa) arauei egindako errekurtsoak-eta zalantzan jarri ahalko dira beste edozein sistema orokorren baldintza berdintsuetan. Eskumenak behar ditugu esparru ekonomikoan, ingurumenean eta prestakuntza arloan, haiek behar-beharrezkoak baitira ingurune lehiakor eta iraunkorra garatzeko mundu irekiaren barruan. Gure gizarte-sistema eta Gizarte Segurantza behar ditugu, zerga-politika solidarioak lagunduta, horiek beharrezkoak baitira elkartasunari eusteko lehiakortasun globaleko eremu zabal batean.

Gainera, hitzarmena betetzeko erabateko berme jurdikoak eta bi aldeko arbitraje-prozedurak dauzkan autogobernua behar dugu. Eta horren bitartez, Europako erakundeetan, parte-hartze eraginkorra izan behar dugu Euskadiren eskumeneko esparru guztietan, gaur egungo itunek xedatuta dituzten neurri-baldintzen arabera. Mugaz gaindiko lankidetza-politika irekia landu behar dugu kultur, ekonomia, azpiegitura, gizarte eta ingurumen alderdiei dagokienez, Europako euskal eskualde baten baitan, Aturritik Ebroraino eta Enkarterritik Zuberoaraino. Eskualde horretan, bizi-kalitateko hiri-bilbea garatzeko ahalegina egin behar dugu, tarterik luzeena, hau da, Baiona-Bilbo tartea, 45 minutuan egiteko metroan. Metroan bai. Metroa delako, azken finean, Y (i grekoa) deritzogun hori. Bazenekiten Y-ren trazatuak Bilboko metroak baino ibilbide luzeagoa daukala tuneletan? Oro har hartuta, %60 baino gehiago eta %65 baino gehiago Gipuzkoako lurraldean. Metro arin eta modernoa da, beraz, garraiobide-sare osagarriari lotutakoa, eta Donostia-Gasteiz-Bilbo-Iruñea-Baiona hiri-tarteak lotuko ditu 30 eta 45 minutu arteko bidaialdian. Bernardo Atxagak esango lukeen moduan, Euskal Hiria. Horixe da gure autogobernuaren proposamena datozen urteetan: erabakitzeko ahalmena, konpromisoa eta erantzukizuna hitzarmen-bideari eusteko, parte-hartze eraginkorra erabakitze-esparru guztietan eta kanpora zabaltzea.

Beste alde batetik, dagoeneko egituratzen hasita dagoen Europa berrian, nortasun, naziotasun eta subiranotasun gatazkak aniztasuna kudeatzea helburu daukan ikusmolde gaurkotu batetik abiatuta konpondu behar ditugu. Europa gune publiko berria bilakatu zaigu, eta, Michael Walter-ek proposatu duen analogiari jarraituz, arkitektura politiko berria nazionalitatetik bereizi behar da, aspaldi erlijiotik banandu zen modu berean, aro berriari hasiera eman zioten erlijio arteko gatazkak gertatu ondotik. Horrela, ustez homogeneo eta era berekoa zen nortasunak hartutako pribilegio eta abantailek eragin dituzten kalteak zuzendu ahal izango dira.

Daniel Innenarity-k El nuevo espacio público izeneko lanean dioen bezala, gizarte-aniztasunaren barrentzeak sorrarazitako politika-aldaketa datorkigu. Gizarte-aniztasunak, baina, kultur aniztasuna eta nortasun aniztasuna ere badakartza. Eta egundoko lehia horri aurre egin behar diogu: datozen urteotan, gogotik ahalegindu beharko dugu politika-sorkuntzaren arloan, batik bat, Europako eremuan. Eskubideen hedadura zabaldu beharko dugu, eskubide politikoen unibertsalismo abstraktua gizarte eta kultur eskubideen unibertsalismo zehatzean gauzatzeko. Gogoeta hori nahitaezkoa da gaurko Europan. Izan ere, esate baterako Lituaniako hiriburua, Vilnius, Poloniako hiria zen joan den mendearen hasieran, Hungariako Vojvodina herria Serbiako Errepublikan txertaturik daukagu egun, Alsazia Alemaniako kulturaz jantzita dago Frantziaren barruan, eta euskaldunak, katalanak, flandestarrak, tiroldarrak, hungariarrak eta finlandiarrak ere antzinako mugek banandurik bizi gara, baina, zorionez, muga horiek apurka-apurka lausotzen hasi dira. Mundu horretan bizi gara eta mundu hori kudeatzen parte hartu behar dugu.

Ezinbestean etorriko zaigun nazioartekotzearen erronken aurrean, Europa berriak herritar arrunten kezkak uxatu eta ordezkari politiko batzuen ezeren buru eta inoren ordezkari ez diren politikariak, botoen zakua jende xehearen beldurren bizkar betetzen dutenak demagogia astindu behar du, Europako proiektua azkenen erruz trabatu eta lardaskatu baita. Europako proiektua lehenbailehen bultzatu behar dugu, baterako jardunbideak dakarzkigun erronkei heltzeko: kanpoko segurtasun-politika erkidea, Europako herrialdeen kanpo-ekintza, polizia- eta epaile-eremu bakarraren erronka, immigrazioa, ikerkuntza zientifiko eta teknologikoaren politika bateratuaren beharra, etorkizuneko hornikuntza energetikoa ziurtatzeko energia-politika edo Europako Batasunaren barruko elkartasun-politikak. Bestetik, ez dugu ahaztu behar Mediterraneoan eta Ekialdeko Europan abiarazi behar den Marshall plan delako hori, Europa bizi-kalitate eta ongizateko eremu izan dadin nahi baldin badugu. Europa horretan, hala nahi dugunok, Europa federalaren alde egin beharko dugu, egitasmo politiko erkidearen alde; ekonomia-elkargune hutsa helburu dutenek, ordea, beste abiadura batez joan beharko dute.

Elkarrekiko mendekotasunean bizi behar duen mundua ekarriko digun politika berriaren paradigma eztabaidaezina dugu Europa. Europa eratzeko jarduera politikoa erantzun aparta da eta, beharbada, ereduzkoa egunen batean, gaur egun munduan dauden subiranotasunari eusteko baldintzapenen aurrean. Europako eraikuntza politikoaren ezaugarriak bereziak dira eta, horregatik, ez dauka antzik nazio eraikuntzako beste inongo proiekturekin. Europako antolaera berrian, botere zurrun batek ez du gizartea gobernatuko; hierarkia zorrotza eta era berekotasuna sortzeko politikak bazter geratuko dira. Europa berrian zehatz-mehatz aintzat hartzen da aniztasuna ez dela arazoa, konponbidea baizik.

Gobernu-egitura guztiz konplexua daukanez, Europako Batasunak errotik aldatu du boterea izan eta administratzeko modua. Ohiko subiranotasun erabatekoa eta ezin partekatuzkoa atzean geratu da eta batzuek dioten "subiranotasun konplexuaren" garaia da: sinesgaitza dirudien arren, subiranotasun-galerak subiranotasun-irabaziak ekar ditzakete.

Arestian esandakoaren harira, gure erronka nagusia da estatuaren tradiziozko esangura baztertu eta estatu, nazio eta gizarteen arteko hartu-emanen ordezko esanahia garatzea. Subiranotasunaren esangura aro globaleko botere-eremuetarantz zabaldu behar da. Hori da euskal gizartearen eta, zalantzarik gabe, eusko nazionalismoaren erronka handienetako bat.

Hirugarren erronka dugu euskal gizartea aurrendari bihurtzea sorkuntza eta berrikuntza arloetan. Aukeraz beteriko garaia dugu gurea bezalako herri txiki batean bizi garenok. Hala eta guztiz ere, aukera horiek guztiak bakar-bakarrik balia daitezke aitzindaritza politiko garbiaren eskutik hirugarren erronkari eusten badiogu politikagintzan. Gure belaunaldikoen hirugarren erronka. Bakegintza dugu lehenengoa, hitzarmen politiko adiskidetsua bigarrena. Hirugarren erronka, berriz, euskal gizartea sorkuntza eta berrikuntza arloetan aurrendari bihurtzea dugu. Horretarako, unibertsitateak lan-gaitasuna eta tolerantzia lantzeko gune bilakatu behar ditugu, pertsona guztien hezkuntza integralak nazio eraikuntzaren lehentasun gorena izan behar du, Euskadi osoa ereduzko hiri lehiakorra bihurtu behar dugu, etorkizuneko ongizatea eta gure gizarte-eredua komunitate ikasi, heldu eta bertakotuan oinarritu behar dugu, berezko nortasuna, aniztasunean aberatsa, landu behar dugu, gizabanakoak baliabiderik onenak direlakoan. Egunean-egunean sortzen ari den bestelako mundu honetan, Euskadi abangoardian kokatzeko aurrendaritza hartzea da euskal gizartearen erronka nagusia eta Euzko Alderdi Jeltzalea prest dago erronka hori bere gain hartzeko.

Ezbairik gabe, mundua aldatzen ari da. Gaur egun, Txinan edo Polonian ekoizten dira hemen egiten ditugun gauza asko eta asko. Gure industria izan da (eta bada) gure indar ekonomikoaren oinarria eta oraingo ongizatearen iturria. Bospasei urtetan, gure industriak ezin izango ditu egin egun hemen ekoizten diren gauza ugari. Bizkortzen ez bagara, nazio gisa jarduten hasten ez bagara, garai txarrak etor daitezke. Oraingo ongizatea ez da betiko. Gizarte-mobilizazio izugarria behar dugu ezagutza, ikerkuntza, teknologia, zientzia, unibertsitatea, sorkuntza eta berrikuntza sustatzeko. Horrela jokatuta, txinatarrek edo indiarrek oraindik ere egin ezin dutena egiteko moduan egongo gara. Eta guztiontzako lana izango dugu. Kontuan izan erronka horiek mahairatzeko bide bakarra dagoela: gure gizarteko kideen eta haien sormenaren aldeko apustu garbia egitea.

Nolanahi ere, erronka horren barruan, gure nortasuna, gure berezko era, gure ezaugarriak eta euskaldunok historian zehar izan ditugun bereizgarriak uztartu behar ditugu, alderdi berriekin batera.

Hirugarren erronkari eustekotan, aldaketei aurrea hartzen dakien euskal gizartea eratzeko ahaleginak egin beharko ditugu; gizarte horretako kide ikasi eta trebatuek ondo egindako lanaren garrantziaz jabetu behar dira, gurearen aldeko nortasun sendoa eduki behar dute, gizarteko kide guztientzako elkartasuna zabal-zabal darabilen gizarte bateko partaide izan behar dute, epe luzerako proiektu bati atxikita. Mundura zabalik bizi den Euskadi, aniztasun sortzailera zabalik, talentua eta sormena gurean garatu nahi duten beste bazter batzuetako lagunak erakartzeko gauza den Euskadi eratu nahi dugu. Lagun horiek guztiek bertan aurkitu baitezakete nortasun-esparru erkidea, esparru dinamikoa, komunitatea zaintzen duena. Gu bezain euskaldun sentitzeko ideiak erakartzen dituen lagunekin bizi nahi dugu gure gizartean. XXI. mendea, Euskadiko garapena eta iraunkortasuna bermatuko badugu, euskaldun egiten gaituzten bereizgarriak eta euskaldunok egunero lantzen ditugun ezaugarriak erakargarriak izan behar dira gurekin bizi nahi dutenentzat. Beraz, oraingo belaunaldiaren helburu behinena erakargarria izatea da. Horixe baita gure egitasmoaren arrakastaren bermea.

Euskal nazio sortzailea gaurko munduan irauteko bermerik garrantzizkoena da, egunotan irauten duen bakarra aldaketa bera baita. Iraupenari heltzeko bidea berrikuntza da, berrikuntza teknologiko, kultural eta sozialei aurrea hartzeko gaitasuna.

Trebakuntza bikaina jasotako lagunetan funtsatzen den euskal nazioa eratu nahi dugu. Heziketa bizitzaren aldi guztietan lehenesten duen nazioa, norbanakoak ezagutza, garapena eta ongizatea sortzeko baliabide bakarrak baitira egungo munduan. Heziketa horrek balioak landu behar ditu eta pertsonen erabateko prestakuntza izan behar du helburu, ondo egindako lanaren balioari atxikitzen zaizkion profesionalen sarea sortze aldera, lan errazak bikain egiteko eta lan zailak ahalik eta ondoen egiteko.

Berriro ere asmatu

Ondokoa da berriro asmatzeko bidea: 

- Lehenengoa: bakea behin betiko finkatzea guztion arteko lankidetzaren bitartez. 

- Bigarrena: komunitate bakarreko partaide garen aldetik, Euskadi diren ildo politiko eta nortasun guztien arteko hitzarmen politiko adiskidetsua, bakoitzak etorkizun politikoa nola ikusten duen, mundu aldakor eta konplexu honetan behar dugun autogobernua nola garatu behar dugun eta autogobernua gauzatzeko modua, erabakia eta hitzarmena errespetatzeko abiaburua aintzat hartuta, nola ulertzen dugun jasotzen duena. 

- Hirugarrena: gizarte-hitzarmen zabala. "Euskal gizartearen kontratua", apustu partekatua aurrera ateratzeko. Euskadi sorkuntza eta berrikuntza arloetan aurrendari bihurtzeko apustua, gizartea mobilizatzeko egitasmo handi bati esker. Egitasmo horrek gizabanakoen erabateko heziketa aldeztu behar du, gizabanakoak lehentasun osokoak baitira nazio eraikuntza ahalbidetzeko, eta berrikuntza bultzatu, gizartearen erronka handienetakoa delakoan. Alderdien arteko hitzarmena eta gizarte-hitzarmena. Pertsonen aldeko apustua gure demarik onena da. Eta irtenbiderik onena hurrengo belaunaldiak geuk egun dauzkagun bizi-baldintzak baino hobeak izan ditzan.

Berriro ere asmatu behar dugu. 1979. urtean bezalatsu, datozen urte bietan, etorkizun-sena, aurrendaritza, hitzartzeko gertutasuna eta egungo aroa zentzuz ulertzeko modua gogotik landu beharko dira. Gure artean, maximalistak, esentzialistak eta inmobilistak izango dira. Nolanahi ere, 1979an gertatu zen moduan, soseguzko apustua aterako da garaile. Hitzarmen eta konpromisoen bila dabilen euskal gizartearen gehiengoa mobilizatzeko apustua aterako da garaile. Apustu horrek ez duelako istilu-gunerik nahi. Apustu horretan, jokaldia ez ezik, partida osoa aurreikusi beharko dugu. Etorkizunean datorkigun mundua igartzeko gauza izan beharko dugu. Gure ingurua nola bilakatzen den antzeman beharko dugu. Zentzuzko egitasmoa landu behar dugu hurrengo belaunaldiarentzat. Konpromiso hirukoitza. Bakea, hitzarmen politiko adiskidetsua eta herritarrekiko gizarte-kontratua. Horixe da bidea. Jorratu behar dugun bidea. Eta berriro asmatuko dugu.

PARTEKATU