Hitzaldia
16Apirila
2006
16 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
2006ko Aberri Eguna

Hitzaldia
Apirila 16 | 2006 |
Hitzaldia

Gaur Aberri Eguna ospatzen dugu. Eta hau ez da jai instituzionala, gure aberria, gure nazioa Euskadi dela pentsatzen dugun guztion jaia baizik. Batzuk hemen ospatzen ari gera, beste batzuk Euskal Herriko beste toki batzutan ospatuko dute, askok eta askok, gehienek behar bada, etxeko jangelan senideen artean kopa bat altxatuz Euskadiren alde, aberriaren sugarra belaunaldi batetik bestera pasatuz. Eta hemen zaudeten guztiok, gaur etxean ospatuko dutenak ere, eta behar bada Mediterranioko hondartzaren batean bazkari berezia egingo dutenak ere, Aberri Eguna ospatu nahian, denok daukagu aberria bihotzean. Abertzaleak gara.
Aberri Berria

Atturritik Ebrora doan aberrian sinisten dugu, Ziberuko Barkoxetik hasi eta Enkarterrietaraino doan aberria eta nazioa da gurea. Hau da gure proiektua. Eta proiektu hau burutzeko jaio zen Euzko Alderdi Jeltzalea: euskal nazioa eraikitzeko eta euskal nazioa bere buruaren jabe izateko. Burujabetza, hau da abertzale baten helburua, eta hau aldarrikatzea da Aberri Egunaren helburua, gure helburua, beraz.

Eskerrik asko helburu hau bihotzean eramateagatik. Eta zuei batez ere, zoragarriak zarete, Benidorm-era, Salou-ra edo Cadiz-ko hondartzetara joan beharrean hona etorri zaretelako, Bilboko Plaza Barrira, bihotzean aberria daramazuelako. Badezute meritoa: txintxo-txintxo hemen, gure aberriarekin konpromisoa mantenduz, burujabetza aldarrikatuz eta gure bihotzetatik, gure bihotzaren muinetik ateratzen den garraixia aldarrikatuz: Gora Euskadi Askatuta! Hau da, hau da abertzale baten helburua eta hau da Aberri Egunaren helburua.

Aurtengo izenburua ikusten dezue: Aberri Berria. Aberri Berria dugu, etorkizunari begiratzen dion aberria, mundu zabalean zer gertatzen ari den aztertu, ikusi eta gure aberri proiektua garai berrietara egokitzen duen alderdia gara. Proiektu moderno eta berritzaile bat ordezkatzen dugu eta garai berria ere bizi dugulako, itxaropenez betetako garaia bizitzen ari garelako, horrexegatik diogu gure izenburuan aurten Aberri Berria. Baina Aberri Berria egiteko atzera begiratu beharra ere badago, jakiteko nondik gatozen. Gure ibilbidea ez delako gurekin, zuekin eta gurekin hasi, ondare baten kudeatzaileak garelako. Guk proiektu bat hartu degu eta bideari ekingo diogu, eta aberriaren proiektuan aurrerapausu bat emango degu, eta etxera joatea tokatzen zaigunean beste batzuei pasatuko diegu lekukoa, ondarea, aurrera egin dezaten. Honexegatik Aberri Egun honetan oroitzapenaren urtean gaudela gogora ekarri nahi dut, gure historiaz harro sentitzen garelako. Eta aurten, gutxienez, bost garai, bost une berezi, gogoratzen ditugulako gure aberriaren historian garrantzitsuak izan direnak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak herri honen alde izan duen konpromisoaren adierazle izan direnak.

Lehenengoa: 75. Aberri Eguna ospatzen dugu. Orain dela 74 urte ere jendea Bilbora etorri zen lehen Aberri Eguna ospatzera. Bilboko kaleak abertzalez bete ziren; batzuk itsasontziz, beste batzuk trenez, beste batzuk mendiz. Polita da, egun horietan agertzen da "Euzkadi" egunkarian Bermeoko arrantzale bati galdetzen diote: ¿Y va a ir usted mañana a Bilbao? Eta esaten du: Mañana, o ahogar o a Bilbao". "Bihar ito ala Bilbora". Haien seme-alabak gera, eta harrotasunez ospatzen dugu Aberri Eguna.

Harro sentitzeko arrazoiak

Bigarren unea gogoratzeko: Aurten 25 urte bete ditugu Manuel de Irujo hil zenez gero. Haren baloreen jarraitzaileak gara. 1938. urtean abuztuaren 10ean, Manuel de Irujok bere dimisioa aurkeztu zuen Justizia ministro bezela ez zituelako zigor-heriotzak sinatu nahi, gerra-garaia izan arren. Horiek dira gure aurrekoak. Horien baloreak hartu izan ditugu: giza-eskubideen defentsa, abertzaletasuna, europar zaletasuna. Horien jarraitzaileak gara eta harro sentitzen gara Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikideak.

Bestalde, aurten ere 50 urte betetzen dira Galindez desagertu zenez gero New York-eko metroan. Galindez Jaurlaritzako ordezkaria zen New York-en, Agirre lehendakariaren laguntzailea, eta bere tesi doktoralean aztertzen ari zen Trujillo diktadorearen tortura eta sarraski sistema. Eta bera bahitu, torturatu eta hil egin zuten askatasuna defendatzeagatik. Galindez ere gogora ekarri nahi dut Aberri Egun honetan.

Eta, baita ere, 50 urte betetzen dira maiatzean "La causa del pueblo vasco" Javier de Landaburuk idatzi zuenetik. Belaunaldi oso bat egin zen abertzale liburu hori irakurriz. Ez dago garai haretan halako libururik mundua, Europa, nondik nora doan aztertzen duenik eta gure herri eta aberri proiektua definitzen duenik. Harro sentitzen gara histori haretaz.

Azkenik, aurten ere 70 urte betetzen dira gerrateko tragedia hasi zenetik. Askatasuna eta demokraziaren defentsan gure jendeak, Agirre lehendakariaren gidaritzapean, bere onena eman zuen, munduko armada indartsuenen kontra, askatasuna eta herri honen izaera eta nortasuna defendatu zuten. Eta beraiei esan nahi nieke oroimenaren urtea dela, esker onaren urtea.

Eta batez ere zuetako askori ere eskertu nahi dizuet Alderdiaren izenean 40 urteko ilunaldi horretan, ixil-ixilik gure herriaren sua, Lizardik zioen bezela, hautsen artean, ia erdi amatatuta zegoen herri honen sua, hautsen artean gorde zenutelako zuen bihotzean. Eskerrak eman nahi dizuet. Hemen zaudete horietako asko; batzuk ez dira egun honetara iritsi. Nik askotan gogoratzen dut nire amama, baina milaka amama izan ziren eta izan zinaten etxeko sukaldean euskera gorde zenutenak egunero erderara pasatzeko tankera genuen seme-alaba eta biloben aurka borrokatu izan zenutenak gure hizkuntza maitea gordetzeko, itxaropena galdu gabe, jakinda noizbait egunsentia iritsiko zela gaualdiaren ondoren. Egunsentia iritsi da, askatasun eguzkia basotik irten da. Eta oroimenaren urte honetan, eskerrik asko zuei, gaua zenean herri honen argia eta aberriaren sua zuen bihotzetan gorde zenutelako. Horrexegatik, gu abertzaleak gara. Eskerrik asko bihotz bihotzez.


Euskadi, inoiz baino nazio izaera handiagoa

Abertzaleak gara eta gure helburua euskal nazioa eraikitzea da. Eta harro esan behar dugu, oraintxe Lehendakariak esan duen moduan, inoiz baino nazio izaera handiagoa dugula. Gaur, Lehendakariak arestian esan duenez, inoiz baino jabetuago dago euskal gizartea bere etorkizuna definitzeko, nazioa izateaz inoiz baino jabetuago dago. Gure erakundeak dira (lehendakaria, Eusko Jaurlaritza) euskal herritarrek ondoen baloratzen dituztenak; izan ere, geure erakundeak dira. Gure seme-alabek gure belaunaldiak baino euskara gehiago ezagutzen eta erabiltzen dute proportzioan. Orain mende asko euskara galdu zuten toki askotan, hala nola Enkarterrietan, Lizarraldean, Arabako lautadan, Errioxan gazteek euskaraz badakitela ikusten ari dira eta pentsamendurako, komunikaziorako, kultura sortzeko hizkuntza gisa erabiltzen hasiak dira euskara.

Orain dela 29 urte, batzuek gogoratuko duzue, "24 ordu euskeraz" izeneko irratsaio bat egon zen. Jose Ramon Belokik, Mikel Atxagak eta beste zenbaitek antolatu zuten hura. Euskal Herriko jende guztia mobilizatu behar izan zen 24 orduz euskarazko irrati bat egiteko. Gaur telebista bat, euskara hutsezko kanalak ditugu Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan.

Badago pasadizo bat niri asko gustatzen zaidana. 1976ko uztailean, Suarez gobernuko presidente hautatu edo esleitu zutenean –artean demokraziaren aurreko garaiak ziren- elkarrizketa bat egin zioten eta hauxe galdetu zioten: "Suarez jauna, bultzatu behar al da euskararen eta katalanaren irakaskuntza? Eta hauxe erantzun zuen Suarezek: "Hara, bai, eskoletan euskararen eta katalanaren irakaskuntza bultzatu behar da, baina serioak izan gaitezen, inoiz ezin izango da fisika nuklearra euskaraz irakatsi". Gaur egun doktorego tesiak egiten dira urtero, manoteknologiari, polimeroen zinetikari, terapia genetikoei buruz. Gure hizkuntza azaleratu egin da eta une honetan sorkuntzaren gailurrean gaude. Hezkuntza sistema bat dugu eta harro gaude horretaz. Gazte euskaldunak ditugu mundu osoko euskal enpresetan, euskaraz hitz egiten dutenak eta era berean mandarina, portugesa, txekiera edo behar beste hizkuntza ikasten dutenak. Gure osasun sistema erreferentzia da Europan. Izan ere, zorionak Gabi, zuri eta hori egunero egiten duzuen guztioi; ahalegin eta zailtasun handiekin, baina erreferentzia zarete Europan. Orain dela 25 urte benetako industri basamortua genuen herri honetan eta gaur enplegu osotik hurbil gaude. Urrats ikaragarri handia egin dugu nazio gisa. Eta halaxe gara, nazioa gara. Eta badakizue zergatik dugun inoiz baino nazio izaera handiagoa eta zergatik egin dugun urrats ikaragarri handi hori? Orain dela 29 urte asmatu egin genuelako.

Nazioa egunez egun eraikitzea

Zenbaitek uste zuen eta uste dut egun ere abertzaletasunak marko juridikoaren eta politikoaren aurretiazko definizioa behar duela euskal nazioa eraikitzeari ekiteko; juridikoki aitortutako nazioa izan arte, bedeinkapen guztiekin eta eskubide guztiekin, ezer ez!, guztia suntsitu! Eta beste batzuk uste dugu nazioa egunez egun egiten dela barrutik, gure nortasuna bultzatuz, gure ezaugarriak eta gure hizkuntza bultzatuz, gure ekonomia eta ongizatea bultzatuz. Eta halaxe pentsatzen genuenok arrazoi genuen: ikuspegi estrategikoa izan genuen, herri honetako gehiengo soziala eta politikoa bideratzen jakin izan dugu, nazioa eraikitzeko, eta euskaldunek konfiantza izan dute gugan; gure izaera inoiz baino sendoagoa da. Eta horixe da gure balantzea, horixe da gure nazio eraikuntzaren balantzea, herri honek egin duena. Guztion artean? Bai, baina Eusko Alderdi Jeltzalearen lidergoarekin eta oso ideia argiekin.

Hori dela-eta, alderdikideok, autoestimua, burua harro, batez ere orain dela 29 urte okertu zirenen aurrean, zeren eta umilak izan behar baitugu bizitza honetan, baina batez ere eurek kritikatzen eta eragozten zuten gure bidea eta tragedia, mina, sufrimendua, suntsipena... baizik ez dituzte ekarri. Eta orain tragedia hori bukatu egin daiteke, eta mundu horri lagundu behar diogu demokraziarako eta politikarako trantsizioa egiten. Ahaleginak egingo ditugu honek guztiak amaiera izan dezan, baina ez diegu utziko historia desitxuratzen, ez diegu utziko haien Zutabe aldizkarietan zabaltzen duten literatura irakur ezinak, korapilatsuak eta merkeak herri honek egin duen apustua zikintzen, asmatu egin baitu herri honek Eusko Alderdi Jeltzalearen lidergoarekin egin duen apustua; gure nortasunaren, gure autogobernuaren eta gure erakundeen aldeko apustua, gure herriaren aldeko apustua azken finean.

Eta adi egon: orain dela 29 urte asmatu egin genuen eta berriz ere asmatu behar dugu. Eta orduan ez ginen jausi “dena ala ezer ez” diotenen esku, gaitzerdi! Eta orain ere zuhurrak izan behar dugu orduantxe izan ginen moduan. Fede oneko abertzale asko mundu haren eskutan erori ziren eta begira zein balantze izan dugun 29 urte igarota. Guk geure bideari: nazioa egunez egun eraikitzea, “dena ala ezer ez” diotenekin ez fidatzea, denbora bihar amaitzen zaiela uste dutenekin ez fidatzea. Orain dela 25 urte “dena ala ezer ez” edo “aberria ala hil” defendatzen zutenen erdia orain Ermuko Foruan daude, eta alderdi honek ez ditu 111 urte bizi inozoarena egiteko eta orain arte okertu besterik ez direnen estrategiak jarraitzeko.

Beraz, lasai, guk geure bideari, asmatzeko unea da eta aurrera egingo dugu. Autogobernu hau ahaleginak eginez, konpromisoarekin, zuen guztien borondatearekin lortu dugu, eta aurrera egingo dugu eragozpen guztien gainetik, nazioa egunez egun eginez, eta gurpiletan makilak sartu nahi dizkiguten pertsonajeek ez gaituzte beldurtuko.

Erabakitzeko ahalmena

Lehendakari, arestian Alfonso Guerra aipatu duzu, Estatu Politiko berria suntsitzeaz eta Kataluniako Estatutuari eskuila pasatzeaz harro zegoela esanez. Beste berba batzuk erabil zitzakeen behintzat, zeren eta..., barkatuko didazu lehendakari, baina txantxarako bidea egiten dute horrelakoek; izan ere, eskuila pasatzea esatea eta Alfonso Guerra agertzea barregarria da, batzuk gogoratu egiten dugulako orain dela hamalau urte gobernutik alde behar izan zuela hain zuzen ere eskuila pasatzeagatik. Eta ez zuen eskuila hamaiketako mezan pasatzen hain zuzen; haren anaia batek pasatzen zuen bulego publiko batetik. Beraz, aitortu egin behar zaio Guerra jaunari eskuila pasatzen iaioa dela. Eta herri honen autogobernuari eraso egiteari eta erakundeak iraintzeari dagokionez ere badu esperientzia. Orain dela 20 urte baino gehiago genion mitinetan “kontuz Guerra jauna, mihiari kosk eginez gero beharbada suizidioa izango da".

Horixe egiten dute sozialistek urte askoan: Gernikako Estatutuari ere eskuila pasatzea. Eskuila pasatu diote Gizarte Segurantzaren zati osoari, enplegu politikak suntsitu dituzte (izan ere, txantxa horregatik 400 milioi euro ordaindu behar ditugu herri honetan; urtean hiru Guggenheim egin daitezke urtean horrekin), ikerketa zientifikoa eta teknikoa suntsitu dute (100 milioi euro urtean; beste Guggenheim bat), Osasunari, Hezkuntzari... pasa diote eskuila, ahal izan duten guztiari oinarrizko lege organikoen bidez. Eta gero urriaren 25 guztietan Gernikako Estatutua ospatzeko muturra dute, nahi izan duten guztiari eskuila pasa ondoren hori egiteko muturra dute! Sozialistak adituak dira herri honen autogobernuari eskuila pasatzen. Eta oraindik ez diet entzun Patxi Lopezi, Egigureni, Pastorri eta Aresi Alfonso Guerraren hitzen kontrako ezer esaten; herri honetako erakundeak defendatu behar dira, euskaldunen borondate demokratikoa ezin suntsitu daitekeela uste dugulako.

Nolanahi ere, eskerrik asko Guerra jaunari bere laguntza didaktikoagatik, zeren eta Estatutu berria berresteko herri honetan erreferenduma iritsiko den egunean egin beharko dugun kanpainan, euskaldunen borondate demokratikoa, estatuarekiko harremanetan bi alde direla eta Euskadin subjektu politiko gisa onartzea errespetatzea ezarriko duen estatutu baterako kanpainan, “baiezko” botoa eskatuko baitiegu euskaldunei oso esaldi erraz batekin: "Autogobernu berria behar dugu, erabakitzeko gure ahalmena errespetatuko duena, inork ez dezan inoiz gehiago euskaldunen borondate demokratikoa Madrilen suntsitu ". Eskerrik asko, eskerrik asko Guerra jauna.

Nazioa eraikitzeko konpromisoa

EAJ-PNV ezer bada, Euskadirekiko indarraren konpromisoa da, konpromiso erradikala nazioa eraikitzeko, erroetara jotzen duen konpromisoa, inolako lotsarik gabe beti gure lehentasuna Euskadi dela esan dugunona. Eta segurtasun horrek beti bultzatu gaitu elkarrizketara, konpromisoak hartzera eta aurrera egitera. Eta lehendakariak zioen bezela egun hauetan itxaropena ezagutzen hasiak gara. Hamarkadetan iraun duen tragediaren ostean zilegi ematen du bakea eta askatasunera iristea. Ez da bide xamurra izango seguruenik, makina bat oztopo eta zailtasun izango ditugulako bidean, baina bakea irabaziko dugu. Hori da herri honen amets nagusia. Hori da gure jendeak exijitzen duena eta herri hau maite duten guztiek exijitzen dutena. Eta abertzale moduan konpromiso honi eutsi egingo diogu, jakin badakigulako gure diskurtso eta proiektu politikoan fedea eta konfiantza dugula. Prest gaude beste ezer egin aurretik --gure herriarentzat horrek duen garrantzia jakinda-- bakeari lehentasun osoa emateko.

Esperantza bizitzen hasi gara. Hamarkada luzeetan tragedia bizi ondoren, bake eta askatasunerako etorkizuna ikusten dugu. Eta ez da bide erraza izango, seguru asko zailtasunez beterikoa izango da, baina bakea irabaziko dugu. Herri honen nahia da, gure jendearen eskakizuna da, herri hau maite dugun guztion eskakizuna, eta dakigun modu bakarrean egingo dugu: konpromisotik abiatuta, fedea dugunon uste sendoarekin, gure proiektuan eta gure diskurtso politikoan konfiantza dugunon uste sendotik. Eta bakea lortzeari denboran lehentasuna emateko prest gaude beste edozein gairen aurretik, gure herriarentzat garrantzizkoa bada ere. Baina euskal gizartearen borondate politikoaren errespetua eta horrek marko juridikoan eta politikoan duen isla ezin daitezke albo batera utzi bakea eta askatasunez sendotuz joango den Euskadi batean.

Borondate demokratikoa errespetatzea

Horixe da datozen urteetan normalizaziorako akordioari eta bideari ekiteko bidea, euskal gizarteak bakea irabazi eta bakea finkatzen duen heinean eta akordioen bizikidetza politikoa eta soziala finkatzen denean; akordio horrek euskaldunon borondate politikoa errespetatu behar du, alderdien foroetatik sortuko den akordioa izango da, eta horretarako lanean hasi behar dugu eta egutegiak, prozedurak eta metodologiak erabakitzen hasi beharra dugu. Gainera, akordio horrek, garai batean Gernikako Estatutuak izan zuen atxikimendua gainditzeko gai izanik, sentsibilitate eta nortasun politiko ezberdinak bildu behar ditu. Gure nazioaren kohesiorako apustu argia da, pertsona guztiak bilduko dituen nazio sendoaren aldeko apustua, bideari epe luzerako ikuspegi batekin ekiteko beharrezkoa den pertseberantzia izanik, gure etorkizunean konfiantza baitugu. Horixe da egungo nazio erronka. Euskadin sinisten dugunon erronka; interneten, teknologia berrien, globalizazioaren mundu berri honetan euskal nazioak inoiz baino zentzu handiago duela sinisten dugunon erronka: euskaldunon errealitatetik bertatik eta egungo euskaldunon eta gure borondate librearen arabera eraikitako nazioa.

Lehendakari, bide horretan gure laguntza osoa izango duzu. Ezin abiaraz dezakegu prozesu demokratiko bat prozedura demokratikoak errespetatu gabe, eta herri honetako lehendakariak eta erakundeek zeresan handia eta egiteko handia dute bake prozesuan, zure eginkizuna delako, euskal herritarrek hala eskatzen dizutelako. Eta herri honetako lehendakaria eta erakundeak etorkizuneko akordioetan ere funtsezkoak izango direlako. Akordiook Euskadin egingo ditugu; integratzaileak bai, baina Euskadin, Madrilgo betorik gabe, eta inork ez ditu botako gure lehendakaria eta gure erakundeak eskukada batekin. Ez Juan Jose Ibarretxe zarelako, ez oso maite zaitugulako, baizik eta euskaldunen ordezkaria zarelako baizik, euskaldun guztien lehendakaria zarelako, eta ezin duelako euskal gizartearen etorkizuneko gizartea aldarrikatu orain arte euskaldunok erabaki duguna errespetatzen ez duenak, eta euskaldunok zeu aukeratu zaitugu, lehendakari.

Gazteen tentsio intelektuala

Azken mezu bat gazteei: Tentsio intelektuala behar dugu. Euskal gazteriak erantzukizun berezi bat du une honetan. Ezin gaitezke beti ibili erratu duten horien atzetik, beraien estrategiaren ondoren porrota besterik ekarri ez dutenen atzetik. Ezin gaitezke horien inguruan dantzan ibili. Aurrera begiratu behar dugu. Munduaren aldaketa nabarmena da egunetik egunera. Orain dela 50 urte zer egin zuen Javier Landaburuk? Aztertu mundua nundik zetorren, Europan zer gertatu behar zen, moneta bakarra eta gauza guzti hauetaz hitzegin zuen orain 50 urte. Guk gauza berbera egin behar degu eta zuek gauza berbera egin behar dezue: ikusi mundua nundik nora doan, kontzeptu politiko berriak aurreikusi eta aztertu.

Gaztea ezin daiteke sekula inmobilista izan, ortodoxoa, estereotizatua... Munduaren aldaketaren olatua ez badugu hartzen desagertu egingo gera. Eta honek eskatzen du prestakuntza, pentsaera irekia, datorrena aurreikustea, malgutasuna --funtsezkoak iraun dezan—eta, batez ere, tentsio intelektuala. Gure alderdiaren historia aztertu ezazue. Hortxe asmatu du gure alderdiak historian zehar, printzipioak eta irekitasuna uztartuz; horrexegatik iraun dugu 111 urte. Eta asmatu egingo degu, gure bideari jarraituz, beti gure bidera, aberrigintza egunero eginez, nazioa egunero eraikiz. Hori da gure bidea eta hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen proiektua.

Gora Euskadi Askatuta!

Bilboko Plaza Barrian, 2006ko apirilaren 16an.

PARTEKATU