Lehendakariaren adierazpena eta gainontzeko arduradun politikoen balorazioak entzun ondoren, argi dago, ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiatzeko ETAren erabakiaren aurrean zuhurtasuna nagusitu dela. Eta zuhurtasunarekin batera, poza eta konpromisoa.
Gure bizitzan benetan garrantzia daukaten gauza guztiekin gertatzen den bezala, giza psikologiak barne berotasun intentsu batez hartzen ditu mota honetako berriak, alde batetik, ezin duelako ahantzi urte luzeetako ibilbide malkartsu eta tristean hainbat eta hainbat pertsonak jasan behar izan duten gurutze-bidea eta, bestetik, guztioi bizia aldatzen digutela nozitzen dugulako, egoera, erronka eta zailtasun berriei ateak zabalduz.
Gogoan daukat 1998ko su-etenaren ondoren Xavier Rubert de Ventos kataluniar idazle ospetsua izan genuela Bilbon, eta Euskal Herriko egoerari buruz galdera luzatu geniola. Hara zein izan zen bere erantzuna: «Bada madarikazio txinatar bat, honela dioena: une interesgarria bizi izango ahal duk(n)! Eta zuek une interesgarria bizi duzue». Eta egia da barrenean dugun pozak ardura sakona duela itsatsia, prozesua luzea eta zaila izango dela sentitzen dugulako.
ETAren su-etena etorri da azkenean, eta ekarpen ikaragarria da, baina ezin du ekintza isolatua izan. Kontua da eragile politikoen eta gizarte osoaren inplikazioa gaurdanik eman behar dela egiazko bake prozesuari bidea zabaltzeko.
Euskal Herriaren ibilbide politiko eta soziala azken hamarkada luzeetan markatu duen dinamika gainditzeko unea bizi dugu. Ideia politikoen eta euren defentsa politikoa, alde batetik, eta bortizkeriaren erabilpen politikoa, bestetik, nahasten ibili diren estrategiak gainditzeko unea da gaurkoa.
ETAk Ezker Abertzalearen ideia politikoak armen bidez gauzatzeko ahaleginean jardun du, borroka armatuaren erabilerarekin egitura politikoaren protagonismoa eta eraginkortasuna erabat indargabetuz. Logika eta diseinu estrategiko armatuak nagusitasuna lortzen duenean, bide politiko eta zibilen aldeko apustua egiten dutenen ahalegina erabat geldiarazten da, mugimendu politiko orok ezinbesteko duen herri babesa nabarmen murriztuz eta aurkezten diren prozedurak erabat deslegitimatuz.
Aipaturiko errealitate ukaezin hori barneratzeko unea 2001eko maiatzaren 13an iritsi zitzaion ezker abertzaleari. Garai hartan ETAk Lizarra-Garazi garaian sortu zen esperantza hankaz gora bota eta estrategia armatuari eutsi zion berriro, Batasunaren ibilbidea seko geldiaraziz eta herritarren babesa erdira ekarriz. Lezio gogor hori ikasi ondoren, badirudi bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua barneratu dela, eta hori gure herriarentzako berri ezin hobea dugu.
Baina ez da, aipatutakoa, politika eta indarkeria nahasteko dagoen ahalegin bakarra. Espainiako estatuan hainbat eragile dago bide horretan. PPk eta PSOEk bultzatu eta onartu zuten Alderdien Legearen oinarrian, ideia politikoak jarduera armatuarekin nahasteko estrategia argia zegoen. ETA zein Batasuna gauza bera ziren, ideia berberak defendatzen zituztelako; are gehiago, abertzaletasun osoa identifikatzen zen ETArekin, ustez ideia berdinak partekatzen zituztelako.
Oraindik ere entzun daiteke horrelakorik, Ibarretxe lehendakariak euskal gatazka zaharra konpontzeko mahaigaineratzen duen alternatiba (Euskal Herriaren eta bere erabakitzeko eskubidearen errekonozimendua) kakaztu nahi dutenen eskutik.
Bake prozesu sakona martxan ipintzeko izan dezakegun oztoporik handiena hortik etor daitekeela iruditzen zait: komunikabideetan zein epaitegietan, lehentasuna ideia eta egitura politikoen suntsipena izatea, bakea eta berradiskidetzea izan beharrean.
Oztopo horiek gainditu ditzakegu, ordea, herritarrok oinarrizko ideia eta azterketa hauei gogor eusten badiegu. Politikaren eta demokraziaren aurka dauden eragileek porrot egingo dute, gizartearen gehiengoak bakearen aldeko apustu sakona egiten baldin badu.
Izango ditugu bakearen alde lan egiteko aukerak eta tresnak. Alderdien mahaia osatuko da eta gizarte eragileek nahiz sindikatuek protagonismo handia izan beharko dute. Herriz herri eta kalez kale piztu beharrean gaude bakearen sua.