Erantzukizun garaia
Euskadik gaur egun bizi duen egoerak erantzukizuna eskatzen digu alderdi politiko guztiei. Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak bere gain hartu du bakea eta elkarbizitzaren aldeko konpromisua eta burubelarri jarraituko du saiatzen.
Batasunak eta Arnaldo Otegik ez dute, ostera, erantzukizunik erakusten euskal gizarteari horrenbesteko tentsio eta itxaropenik eza luzatzen diotenean. Erantzukizunik eza nabarmena da heriotzak eragindako doluminaz baliatzen direnean huelga-deia egiterako orduan. Alderdi politikoak elkarrizketa eta hitzarmenaren beharretan dauden une honetan, horrelako huelga-deiek ez dute zatiketa baino sortzen. Horrelako huelga batek premiarik gabeko jarrera ezberdinak areagotu baino ez ditu egiten euskal langile eta hiritarren artean.
Politikagintzarako garaia
Batasunak beste aukera bat gehiago du orain, bete-betean bitarteko politiko hutsez baliatzen hasteko.
Batasunak, eta hain zuzen ere Arnaldo Otegi bezalako ordezkariek, behingoz gainditu behar dute ETAren babesik gabeko erabaki politikoak hartzeko beldurra.
Batasunak muzin egiten dio erantzukizun politikoari, eta demokraziari dion beldurra ezkutatzen du. Euzko Alderdi Jeltzalea aitzakiatzat hartzen du Batasunak bere porrotaren zorabioa ezkutatu ahal izateko.
Batasunak bere historiari darion konplexua gainditu behar du. Hau da, ETAren baldintza, mehatxu, txantaia eta estortsiorik gabeko politikagintzaren zorabioa; arau demokratiko hutsez hartu beharreko erabakiei dagokien zorabioa.
Euzko Alderdi Jeltzalea da Batasunaren irain eta salaketen jomuga, Alderdi Jeltzalea da-eta euren porrotaren ispilurik nabarmenena. Jeltzaleok gara Batasunaren azken hogeita hamar urteotako porrotaren adibiderik zorrotzena.
Euzko Alderdi Jeltzalearen kontra komunikabideetan azaltzen dituen amorru, larrialdi eta ezintasun horiek erabili beharko lituzke Batasunak bere jarraitzaileei ETArik gabeko politikagintza zertan den azaltzeko. Otegik ausartago beharko luke izan eta bere jarraitzaileei adierazi, Batasunak ez badu politikarik egiten ETAk uzten ez diolako dela.
Batasunak jakin badaki ez duela Alderdi Jeltzalea ez izutuko eta ez baldintzapetuko. Esanak esan, Euzko Alderdi Jeltzaleak egiazko politika egiten jarraituko duela. Eta gure jarrera honek asaldatu egiten ditu.
Bake-garaia
Euzko Alderdi Jeltzaleak ulertzen eta partekatzen du euren senideak galdu dituzten familien dolumina. Baina ezin du ulertu, ezta partekatu ere, gizartearen barne-haustura eragiteko dolumin horretaz baliatzen diren buruzagi politikoen erantzukizunik eza.
Bakegintzan sinesten dugu. Euskal gizarteak bakea nahi du eta guztion artean lortuko dugu.
ETAk indarkeriari uzten dion unean etorriko da bakea. Eta indarkeriarik ezak izan beharko du behin betikoa, unibertsala (hau da, gizatalde denak mehatxu eta estortsio guztietatik libre), eta Euskadiren etorkizun politikoa baldintzatzeari uko eginez. Bakea etorriko da gure Herri honetako gizabanako guzti eta bakoitzaren Giza-eskubide denak bete beharretik. Baita espetxean daudenen Giza-eskubideak bete beharretik ere.
Indarkeria erabat amaitzen baldin bada, euskal gizarteak asmatuko du eskuzabal izaten eta elkarbizitzarako urratsak jorratzen.
Euzko Alderdi Jeltzaleak erantzukizunez jarraituko du lanean. Beti ere gure Herri honetako jokabide politikoen artean hainbeste urte iraun duen indarkeriak eragindako hausturak eta zauriak osatu gurarik.
Euzko Alderdi Jeltzaleak jarrera politiko guztien arteko elkarrizketa zuhurra bideratzeko konpromisua du eta euskal gizarteak jakin behar du zeregin honek ez duela etenik izango, seguru gaude-eta honela baino ez ditugula bakea eta elkarbizitza lortuko.
Sabin Etxean, 2006ko martxoaren 6an.