UDALBIDE<br>
Adierazpen politikoa
04Martxoa
2006
04 |
Hainbat agiri

UDALBIDE
Adierazpen politikoa

UDALBIDE<br>
Adierazpen politikoa
Martxoa 04 | 2006 |
Hainbat agiri

EUSKAL HERRIKO LURRALDE KOHESIOAREN ALDE
Gaur, Euskal Herriko hautetsien batzarra egiten ari gara.  Oroimen bereko hautetsiak gara eta, alde horretatik, gogoan daukagu toki esparruak eta herritarrengandik hurbilen dauden ordezkariek euskal nazioaren eraikuntzan izan duten garrantzia.  
 
Euskal hautetsiak hemendik hurbil, Gernikan, bildu ziren garai hartako Getxoko alkate Jose Antonio Agirrek egindako deialdiari erantzunez,  gure askatasunen aldarrikapenean pauso tinkoa emateko asmoz, gure herria erakundetzearen aldeko prozesua aldarrikatzeko.
 
1933an, ez genuen geure erakunderik eta deialdi hura, ziurrenera, premiazkoagoa zen.  Zorionez, oraindik zer eraiki handia badago ere, azken hamarkada hauetan aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu gure nazioaren eraikuntzan, bere nortasunaren finkapenean, bai eta ekonomia nahiz gizarte garapenean ere.
 
Egun, errotuak ditugu geure erakundeak, eta harro gaude horietaz.  Baina, gure gogoaren kontra, garapen instituzionalaren mailak ez du antzeko bilakaerarik izan euskal lurralde guztietan. Horrela, Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak egindako lanari esker, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldunek sentitzen dute libreki aukeratutako erakundeek beren nortasuna, beren hizkuntza eta beren kultura bultzatu eta sustatzen dituztela.  1981ean Bizkaia eta Gipuzkoarako berreskuratu zen Kontzertu Ekonomikoa, bai eta Arabako Kontzertua eta Nafarroako Komenioa ere, ekonomia eta gizartea garatzeko tresnak izan dira eta lagundu dute, era nabarmenean lagundu ere, gure herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen.
 
Nafarroako erakundeek tematuak jarraitzen dute eta ez dute Nafarroako euskal nortasun eta sustraia aintzat hartu. Erakunde horiek oraindik ere zokoratua dute euskal nortasun hori, baina gizarteak bultzaturik, egunez egun, aurrera doaz lurralde horretan euskararen hedapena eta euskal kulturaren garapena, Nafarroako gizon-emakume euskaltzaleen ahaleginari esker.
 
Ipar Euskal Herriak, bertako erakundeen erreferentziarik gabe, ezin izan du bere gain eskumenik hartu eta, ondorioz, ezin izan du ekonomian, gizartean eta kulturan eskumenik erabili, Hego Euskal Herrian gertatu denaz bestela.  Erakundetze ezaren ondorioz, euskal nortasuna oso nabarmen doa atzera bai hizkuntzari dagokionez bai kulturari doakionean. Beraz, hori ikusita, denon artean ahalegin handiagoa egin behar dugu Bidasoaz iparraldeko gure nortasun ezaugarriak indartzeko.
 
Ez gaude 1931n, erreferentzia instituzional propiorik gabe. Baina egungo Euskal Herrian hiru esparru juridiko-politiko ditugu. Gainera, Iparraldea ez dago erakundetua eta, bestalde, begi bistakoa da gaur egun erakundeetan dauden agintariek ez dutela deus egiten Nafarroako euskal nortasuna babestu eta garatzeko.
 
Beraz, lurralde kohesioa da Euskal Herriko hautetsien batzarraren eginkizun nagusia.  Eta lurralde kohesioaz mintzo garenean, funtsean giza kohesioaz eta herritarren kohesioaz mintzo gara, guztion nortasuna finkatzeko xedez.  Udalbide-Udalbiltzan ari garenok behar diren ahaleginak egitearen aldekoak gara, euskal nortasuna, gure kultura eta gure hizkuntza Euskal Herriko lurralde guztietan gara daitezen. Izan ere, aldi berean, nazio eraikuntzak batez ere esan nahi du, behar diren lokarriak, loturak eta jarduerak ezarri behar direla, lurralde batzuetako eta besteetako euskaldunen batasuna indartzeko. Eta lotura horiek era askotakoak dira: kulturan, gizartean, ekonomian, azpiegituretan, giza harremanetan eta afektiboak. Azken buruan, elkarlanaren bidez, euskal nortasuna eraiki eta indartzea.
 
Euskal herria ateka gaiztoak bizi izan ditu bere historian.  Eta gaur egun, XXI. mendearen hasieran, mundializazioa bete-betean gertatzen ari den garai honetan, bidegurutzean gaude, eta lan zailari aurre egin behar diogu, lan zaila baina ilusionagarria. Informazioaren teknologiak ekonomia, gizartea, ohiturak, mundu harremanak eta Europa barnekoak aldatzen ari dira, eta uste osoa dugu egitura politikoak ere aldatuko dituztela.  Bada, gogoeta eta etorkizun horretan egon nahi dugu.  Eta Euskal Herri osoan gure nortasuna garatzearen bidez, euskara zabaltzearen bidez eta, herri gisa, gure giza, gizarte, ekonomia eta kultur loturak indartzearen bidez, lan egin nahi dugu XXI. mendeak euskaldunen eta Euskal Herriaren nazioarteko aitorpena ekar dezan hizkuntza, kultur eta gizarte errealitatea den aldetik, baina baita subjektu politikoa den aldetik ere.
 
Egungo egoera ez da egokia, euskaldunen artean partekatzen dugun esparru honek gu guztiontzat dituen sinergiak eta efektu positiboak ahalik eta gehien baliatzeko. Arlo juridikoan eta administrazioan dauden “mugak” oztopo dira elkarlan bideak irekitzeko. Udal hautetsioi elkarlan hori sustatu, lagundu eta bultzatzea dagokigu, horixe baita gure herriaren kohesioari egiten diogun ekarpena, bai eta euskal errealitatea finkatzeari egindako ekarpena ere. Izan ere, gure herriak elkarrekin lan egin eta bere errealitatea berretsi nahi du, munduan aintzat hartua izatea nahi duen bezala.  Ildo horretan, Hautetsien Batzarrak bere konpromiso tinkoa erakusten du Euskal Herriaren eraikuntza horren alde lan egiteko, XXI. mende honetako euskaldunok partekatzen dugun errealitate gisa.
 
Euskal Herriaren nazio eraikuntza da gure helburua. Alde horretatik, gure eraikuntza proiektua egungo estatus quoa gainditu nahi duten gizon-emakumeen borondateari dago lotua. Munta handiko eginkizun asko ditugu, besteak beste: Euskal Herriaren garapen ekonomikoa, euskaldunen gizarte babespenerako sistemak, lurraldeen arteko interes orokorreko azpiegiturak, lurralde eta espazio komunen antolamendua, kultur politiken sustapena eta euskararen finkapena bultzatzea. Bada, horrek guztiak eskatzen du zazpi lurraldeetako euskal herritarren arteko elkarlan formulak eta bideak indartzea eta, era berean, arlo juridikoan eta administrazioan dauden zatiketak gainditzea, Europako esparru partekatuak ahalbidetzen dituen elkarlan bideak erabilita. Bada, Udalbide-Udalbiltzak eragile eraginkorra izan nahi du elkarlan horretan. Herria oinarritik eraiki nahi dugu, gizartea eraikiz. Senidetzen, lotzen, elkarlanean eta sustatzen.  Azken finean, Euskal Herria eraiki nahi dugu, udal hautetsien sareak lagunduta.
 
Eta gaur egiten dugu, gure herria arras une politiko interesgarriak bizi dituen garai honetan. Eta udal hautetsiak garen aldetik, azaldu nahi ditugu zeintzuk diren funtsezko ardatzak eta oinarriak etorkizuna eraikitzeko:
 
Lehenik eta behin, konpromisoa, batetik, pertsona guztien giza eskubideekin eta askatasun zibil eta politikoekin, inolako salbuespenik gabe; bake eta demokrazia bide hutsen aldeko apustua egiten dugu Euskal Herrian normalizazioa lortzeko; indarkeriazko eta giza eskubideak (banakoak eta kolektiboak) urratzen dituzten ekintza eta agerpide guztiak errefusatzen ditugu eta, ondorioz, ETAk inolako zalantzarik gabe argi eta garbi esan behar du borondate irmoa duela, xede politikoak lortzeko indarkeriaren erabilerari behin betiko amaiera emateko.  
 
Bigarrenik, euskal gizartean dauden sentsibilitate politiko guztien arteko elkarrizketaren eta negoziazioaren aldekoak gara, inor bazterrean utzi gabe, normalizazio politikorako funtsezko oinarria baita. Aldi berean, defendatu egiten dugu euskal gizarteak duen eskubidea bere etorkizuna erabakitzeko, printzipio demokratikoa baita, bai eta normalizazio politikorako lanabesa ere, eta Euskal Herrian bizi diren sentsibilitate politiko guztien topalekua ere bai.  Hori dela eta, euskal talde politikoen arteko adostasun zabalaren aldeko apustua egiten dugu erabakitzeko eskubidearen erabilerari dagokionez. Halaber, negoziazioaren eta Itunaren alde gaude, akordioa lortzeko tresna gisa, euskal gizartearen erabakiak esparru juridiko-politikoan bere isla izan dezan.
 
Ardatz horien bitartez, gure herriak aurre egin diezaioke eta egin behar dio une erabakigarri honi, bakea eta normalizazio politikoa lor ditzakegulako.  Azken buruan, elkarbizitzarako proiektua. Eta Udalbide-Udalbiltzak lagundu egin nahi dio elkarbizitzarako proiektu horri, euskal lurraldeen kohesioa indartzearen bidez. Zubi berriak eraiki, gure arteko ezagutza sustatu, egunez egun nazioa eraiki.  Horra zein den gure lana. Hori da gure konpromisoa. Lapurdin, Nafarroa Garaian, Bizkaian, Zuberoan, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroa Beherean dagoen herria -pertsona sarea-, denak elkarrekin lanean eta itxaropentsu proiektu beraren alde. Bada, Hautetsien Batzar honek horixe sendotu nahi du bere ekintzen bitartez, aldi berean gure proiektua indartzeko, Euskal Herria indartzeko, alegia.

PARTEKATU