EUSKO JAURLARITZA<br>
Eusko Jaurlaritzarenak diren eta Salamancan dauden agirien eskaera ofiziala
14Otsaila
2006
14 |
Hainbat agiri

EUSKO JAURLARITZA
Eusko Jaurlaritzarenak diren eta Salamancan dauden agirien eskaera ofiziala

EUSKO JAURLARITZA<br>
Eusko Jaurlaritzarenak diren eta Salamancan dauden agirien eskaera ofiziala
Otsaila 14 | 2006 |
Hainbat agiri

Hainbat agiri


Kultura sailburuaren proposamenaren harira, Gobernu Batzordeak  Eusko Jaurlaritzarenak diren eta Salamancan  dauden agirien eskaera berrestea onartu du, hau da Errepublika garaiko Euskadiko Jaurlaritzari konfiskatutako dokumentazioa itzul ziezaioten eskaera berrestea . Halaber, Agirre Lehendakaria buru izan zuen Eusko Jaurlaritzaren aldarrikapena egin du.
 
Egungo Eusko Jaurlaritza ez da norbanako bat bereak diren dokumentuen eske, baizik eta Agirre eta Leizaolaren Eusko Jaurlaritzaren oinordeko zuzena. Oso zuzen ibili zen joan den astean Senatuan Gobernu Zentralaren Kultura Ministroa esan zuenean “egia historikoan” oinarrituta eta beste Gobernu baten dokumentazioari buruz: “los documentos más importantes de la existencia de esa institución democrática legítima y legal, de un marco constitucional como el republicano, que se expolian con fines de represión (…) y se encuentran en otro lugar diferente de España “ Gure oroimenaren zati hori berreskuratu nahi dugu, zorionez, beste zati garrantzitsu bat gure eskuetan baitago, gure lehenagokoek erbestera eramanez salbatu eta itzuli baitziguten.
 
Rodríguez Zapateroren Gobernuak, justizia historikoa eta gerrako botinaren itzulketa egitearren, egokitasun politikoa ere ahaztu gabe, Generalitateko paperak atzera eman behar zituen; eta hala egin du, baita gu poztu ere. Legeak lege,   arrazoi berengatik beste hainbeste egin beharko luke Eusko Jaurlaritzaren agiriekin, guk eskatu behar izan gabe. Are gehiago Rodríguez Zapaterok berak hitz eman zuenean ekainaren 2an, Kongresuan.
 
Errepublikako Eusko Jaurlaritzaren Artxiboaren fondoak ez du bakarrik bere administrazioa irudikatzen, baizik eta berez, urte haietan sortzen ari zen gizarte demokratiko horren adierazle da, bestela esanda, Jaurlaritzak ordezkatzen zuen  eta duen gizartea. Gure ondare kolektiboaren erakuslea da. Beraz, bere kokapen naturalean baino ez du zentzurik, orain Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Zentroan, IRARGIn, eta laster batean, legealdi honen barruan eraiki behar dugun Euskadiko Artxibo Nazionalean eta xede horretarako eskatzen dugu Salamancan dugun Jaurlaritzaren dokumentazioa.
 
Jose Antonio Agirre Lehendakaria eta hau hil ondoren Jesus Maria Leizaola Lehendakaria buru izan zituen Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko hiru lurralde bildu zituen, lehen aldiz gure historian. Errepublikaren Konstituzioaren baitan sortua, Autonomia Estatututik eratorria, 1933ko Erreferendumean herritarrek onartu (bide batez eman ahal izan zuten bozka emakumeek lehen aldiz penintsulan) eta Errepublikako Gorteek 1936ko urriaren 1ean berretsi  zuten. Euskadiko Jaurlaritza 1936ko urriaren 7an osatu zen, Agirre Lehendakari hautatuz Gernikako Juntetxean, gudari eta milizianoek Elgetan armada matxinatua geldiarazten zuten bitartean. Handik egun gutxietara sortu zuen Jaurlaritzak Eusko Gudarostea.
 
Demokrazia, legalitatea eta erakunde legitimoak, tartean Eusko Jaurlaritza, defendatuz hil ziren milaka pertsona horiek merezi duten duintasun eta ohoreagatik, zer gutxiago gureak diren agiri hauek eskatzea baino eta Senatuan Rodríguez Zapateroren Gobernuko kide batek esandako hitzak onartezinak direla aldarrikatzea baino.
 
Bitxia da Gobernu sozialista bateko Ministro batek Errepublika garaiko Eusko Jaurlaritzaren legitimitatea dudan jartzea; alegia, Jose Antonio Agirre buru zuen kontzentrazio gobernuarena, Eusko Alderdi Jeltzalea, Partido Socialista Obrero Español, Izquierda Repúblicana, Eusko Abertzale Ekintza eta Euskadiko Partidu Komunistako sailburuek osatu zutenarena.
 
Eta kezkagarria gertatzen da, egindako adierazpenen arabera, uler daitekeelako Gobernu zentralaren baitan kide batek bere egiten duela Franco diktadorearen interpretazioa, zeinaren ustez, 1936ko uztailaren 18tik, legitimitate bakarra gobernu matxinatuarena baitzen. Eusko Jaurlaritza, bai, gerran sortu zen Errepublikaren  legalitatearen barruan eta  1937ko ekainera arte herri honetako alde ez okupatuan gobernatu zuen, gero erbestera joz, lehenik Katalunian, eta ondoren Pirinioetatik haratago, modu horretan gobernu legitimoaren eta demokraziaren jarraipena ziurtatuz, 1980ko hauteskundeak arte.
 
Jakina den moduan, Franco diktadoreak agintearen jatorria, legitimitatea,  armetan oinarritu zuen. Hori horrela, ez zuen sekula Eusko Jaurlaritza legez deuseztatu, armekin suntsitu nahi baitzuen;  halaber,  diktadoreak  Bizkaia eta Gipuzkoa, Errepublikaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde izateagatik, “Provincias traidoras” izendatu zituen, ordu arte zituzten eskubide historikoen aztarna guztiak kenduz. 1976arte itxaron behar da “Provincias traidoras” izendatzen zituen dekretu hura indargabetzeko; ondoren 1978ko Konstituzioak Euskal Herriaren eskubide historikoak eta autogobernua berrezarri zituen. 
 
Francoren matxinadaren 70. urteurrena beteko dugu aurten. Hori zela medio,  berrogei  urte luzez askatasun eta demokraziarik gabe bizi behar izan zuen gure Herriak. Franco hil ondoren inork ez zuen barkamenik eskatu, ez zuen  damurik azaldu. Ez zitzaizkion inori kontuak eskatu. Eska zitezkeen, baina eskuzabaltasunez jokatu nahi izan zen,  oraindik orain espainiar eskumak ulertu ez arren. Ahaztura oinarri txarra da etorkizuna eraikitzeko. Are gehiago askatasunaren eta demokraziaren alde izan zirenen duintasuna alboratuz.
 
EUSKO JAURLARITZAREN ERREPUBLIKA ETA ERBESTEALDIKO AGIRIAK
 
Gerra zibilean lapurtu eta Salamancan gorde zuten dokumentazioa eskatzeari aspaldi ekin zioten Euskadiko erakundeek eta ordezkari politikoek, eta bereziki Eusko Jaurlaritzak, 1979ko Gernikako Estatutuaren ondorioz berrezarri zenetik, eta oraindik ere asmo horrekin jarraitzen dugu. Denbora asko igaro da 1978. urtetik, Manuel de Irujo senatariak dokumentazioa lehen aldiz eskatu zuenetik Senatuan, eta ordutik, alderdiek eta erakundeek, eta batez ere Eusko Jaurlaritzak, aldarrikapen horri eutsi diogu. Iazko 2005ean bertan,  Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak egin zituen, Kultura Ministroari zuzendutako bi gutunen bitartez,  orain aurreko eskakizunak,  lehena aurreko legealdian zuzendua (2005eko urtarrilaren 17an), eta bigarrena azken hauteskundeen ondotik (ekainaren 20an).
 
Gaur egun administrazioek izapidetzen dituzten agirien izaera bera duten hainbat paper-sorta, espediente edo espediente-zati baino ez dira Salamancako “paperak” sasi-izenaz deitutako horiek. Hala ere, eta aparte-aparteko baldintza historikoen ondorioz, halabeharrez, jurisdikzio desegokian egon dira gordeta ia 70 urtetan, alegia, berezia izanagatik, egokia ez den gordailuan.
 
Hala eta guztiz ere, Agirre Lehendakariak zuzendu zuen Eusko Jaurlaritzaren beraren historiak eta jasandako gorabeherek berezi egiten dute Euskadiko lehen Jaurlaritzaren dokumentazioaren historia.
 
Ez dagokigu Euskadiko Jaurlaritzaren gorabehera historikoei buruzko xehetasunetan sartzea, hau da, 1936-10-7an eratu zenekoari, gerra zibilaren garaiko historia tamalgarriari eta ezta erbesteratze penagarri eta II. Mundu Gerrako etengabeko ihesaldiari buruzko kontuetan sartzea.
Hala ere, honakoa azpimarratu behar da:
a.       eman daitezkeen baldintza txarrenetan sortu eta garatu zen 1936-37 bitarteko autonomia-administrazioa.  Eskumenak eta zerbitzuak zati batez baino ez ziren eskaini eta funtzionarioek ezin izan zuten behar bezala beren jarduna osatu.
b.      arrazoiak argi, Jaurlaritzak ezin izan zuen garai hartan berariazko Agiritegia sortu. Ezin izan ziren inoiz ere espediente administratiboak behar bezala osatu, ez espediente horiek sailkatu ezta sailkapen horiek artxibo-fondo administratibo gisa gorde ere.  
c.      Ahalik eta “artxibo” gehienez jabetzea izan zen Francoren armadaren elementu adierazgarrienetako bat gerrak iraun zuen bitartean, eta ondorioz, gordetze-prozesu naturala ez zen behar bezala bete. Berarekin eraman zuen Artxiboa erbestera Gobernuak, baina zati bat konfiskatuta geratu zen.
 
Gerra garaian konfiskatutako fondoaren zati bat, Euskadiko beste erakunde ugariren dokumentazioarekin batera jaso zuen “Dokumentuak Berreskuratzeko Estatu Ordezkaritzak”. Erakunde horrek honako hau zuen helburu: "Mugimendu Nazionalaren erakunde eta pertsona etsai eta aurkarien [dokumentazioa] berreskuratu, sailkatu eta zaintzea... Estatuari arerioei buruzko informazioaz jabetzeko aukera eman diezaioketen agiriak”. Beranduago, gerra galdu zutenen erantzukizun politikoak baztertzeaz arduratu zen “Masoneria eta Komunismoaren aurka egiteko Auzitegi Berezia” (1940. urtean sortutakoa) baliatu zen honetaz.  Salamancan egoitza zuen auzitegi honen egitekoa amaitu zenean, Agiritegi Historiko Nazionaleko (egoitza Madrilen zuena) Atal berezi gisa gorde zen dokumentazioa, Salamancako “Gerra Zibilaren Atala” izenpean. Eta 1999.ean, berriz, Gerra Zibilaren Agiritegi Orokorra bilakatu zen. Ezin da zehatz-mehatz adierazi fondo-zati honen guztizko bolumena, atal ezberdinetan sailkatuta baitago (gehienbat Bilbo atalean, beste zati bat Bartzelona atalean, Euzkadiko Auzitegi Gorena deritzona, etab.). Salamancan gordetako Gerra Zibilaren Agiritegi Orokorreko dokumentazioaren %0,5 ere ez dute hartuko, ziur aski, Eusko Jaurlaritzari dagozkion paper-sortek, Kataluniako Generalitatenak, aitzitik, %2,5a baino pixka bat gehiago osatzen zutelarik.
 
Askatasunak eta autogobernua berreskuratu zirenetik, konfiskatutako fondoen jabetza bere gain hartu du beti Eusko Jaurlaritzak. Berariazko artxiboei buruzko politika kudeatzen hasi zenetik, Salamancan zegoen dokumentazioa berreskuratzeari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Estatuko administrazioak jartzen zituen oztopoen aurrean, egokiena mikrofilm bidez eta katalogatuz berreskuratzen hastea izango zela pentsatu zen, betiere, jabetza aldarrikatzeari uko egin gabe. 
 
Horretarako, Kultura Ministerioarekin 1985. eta 1991. urteen bitartean sinatutako Hitzarmenen bidez, batetik, dokumentazioaren identifikazio- eta azalpen-lana burutu zen, eta bestetik, mikrofilm euskarrian jaso ziren. Bilbo serieko fondoak, eta, besteak beste, Santander, Bartzelona, Generalitat eta Madril serieen zati batekoak deskribatu ziren. Orduan, Eusko Jaurlaritzak ordaindutako bekadunak bidali ziren dokumentu horiek identifikatzera. Egitasmo deskribatzaile honi dagokionez, gainera, Euskadiko Erakundeenak ziren fondo guztiak mikrofilm bitartez egindako kopietan jasoko zirela hitzartu zen Ministerioarekin. Dagokigun dokumentazio honetako mikrofilmak Irargi – Euskadiko Ondare Kulturalaren Zentroan dituzte kontsultagai.  Irargi-ren web orriaren bitartez, Bilbo serieko dokumentuak ikertzaileen eskura jarri dira, eta erreferentziak kontsultatzeaz gain, posta elektroniko bidez kopiak eskatzeko aukera eskaintzen dira.
 
Historia arrazoiak medio, eta zorionez gure herriarentzat, Euskadiko Jaurlaritza haren oroitzaren beste zati inportante bat gure artxiboetan dago, IRARGIn, jatorrizko dokumentuen itxura hartuta, 20 metro lineal dokumentazioan. Bestetik, identifikazio, katalogazio eta digitalizazio prozesuan da, gero Euskadiko Artxibategian izateko, Arteako Euskal Abertzaletasunaren Artxiboan den eta Jaurlaritzari dagokion dokumentazioa.
 
Beraz, Euskadiko lehen Jaurlaritzaren funtsezko zatia gordetzen du IRARGIk, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren Zentroak, altxatutako armadaren esku geratu ez zen Errepublikako Eusko Jaurlaritzaren artxibo zati bati dagokiona, alegia. Erbestera eraman zuen Eusko Jaurlaritzak konfiskatu ez zioten dokumentazioa (Bilbo, Santander eta Bartzelonakoa). Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan gorde zuten dokumentazio hori guztia. Hainbat gorabeheraren ostean, nazien okupazio-tropen esku ez erortzea lortu (dokumentazioa Francoren Gobernuari ematea zuten helburu), eta Iparraldean gorde eta zaindu zuten. Azken garaian, Baionako Beyris auzoko Izarra Etxean egon zen, eta horretatik hartzen du izena, hain zuzen, “Beyris Fondoa” deritzon Artxibo Fondo honek. Garai horretako beste fondo batzuekin batera, 20 bat metro lineal osatzen du Bergarako Rekalde Jauregiak hartzen duen IRARGI egoitzan gordetako jatorrizko dokumentazio honek. Kultura Sailaren ardurapeko dokumentazio hau dokumentuz dokumentu deskribatu da, eta baita horiei dagozkien Tresna Deskribatzaileak sortu ere. Irargi-Euskadiko Ondare Kulturalaren Zentroaren web orrian bertan daude kontsultagai, eta zentroan bertan zein web edo posta elektroniko bidez kontsultatzeko aukera eskaintzen dute.
 
Erbestean iragandako berrogei urtetako egoerak medio, Arteako Abertzaletasunaren Agiritegian dago gordeta EAJren dokumentuekin batera, digitalizatu eta katalogatu bitartean, Jaurlaritzaren artxiboaren beste zati bat. 1994. urteaz geroztik, fondo hauen deskribatze- eta digitalizatze-prozesua  burutzen dihardu Kultura Sailak, Sabino Arana Fundazioarekin elkarlanean. Tresna deskribatzaile horiek IRARGI web orrian daude kontsultagai.
 
ESPAINIAKO GERRA ZIBILAREN AGIRITEGI NAGUSIAN DAGOEN EUSKO JAURLARITZAREN DOKUMENTAZIOA
 
 
I. DESKRIBAPEN OROKORRA
 
 
Bi atal handitan egituratuta dago Salamancako agiritegia:
 
a) Masoneriari buruzko Atala. Euskadin garrantzi handiegirik izan ez bazuen ere, euskal pertsonaia ospetsuen inguruko espedienteak azaltzen dira.
b) Politika eta Gizarte arloko Saila.
 
            Dagokigun honen inguruan jardutean, hau da, Salamancako Gerra Zibilaren Agiritegian gordeta dagoen Eusko Jaurlaritzak sortutako dokumentazioa lantzean, Politika eta Gizarte arloko Sailean oinarrituko gara.
 
 
POLITIKA ETA GIZARTE ARLOKO SAILAK
 
Aipatutako Agiritegian dagoen Sailik garrantzitsuena Politika eta Gizarte arlokoa da, bai paper-sorta (13.477) kopuruagatik, baita dokumentuen gaiagatik ere.
Bere garaian II. Errepublika egituratu zuten erakundeen gaineko askotariko dokumentazio politiko eta militarra jasotzen dute, hala nola: alderdiak, sindikatuak, unitate militarrak.
Are baliotsuagoa, Euskadiren arlokoei bagagozkie. Izan ere, Frankoren Eskuratze-zerbitzuen jarduerak indar gehien iparraldean izan zuen, eta ondorioz, eta hainbat egilek azpimarratu duten legez, Salamancan euskal erakundeei buruz dagoen dokumentazioa “berealdikoa eta oso balio historiko handikoa da”.
 
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, balio historiko handi horren jakitun, eta Salamancako Agiritegian zeuden euskal fondoen inbentarioa egin nahian, hainbat hitzarmen sinatu zuen Kultura Ministerioarekin laurogeita hamarreko urteetan, geroago mikrofilmetan jaso ahal izateko ezinbestekoa zen urratsa emanez.  Hitzarmen horietan ez ziren bakar-bakarrik Eusko Jaurlaritzaren gerra zibilaren garaiko fondoak berrekuratzeko akordioak hartu ez, euskal dokumentazio osoa barne hartu zen, bai Bilbon bahitutakoa, zein armada frankistak Bizkaia indarrez hartu ostean beste hiri batzuetan konfiskatutakoa ere, esaterako: Santander, Gijon, Bartzelona eta Madrilen bildutakoa.  
 
Honela, Politika eta Gizarte arloko Sail zabalean, Bilbo seriearen eta Santanderren inguruko hainbat atalen katalogoak egin ziren.
 
Hainbat urtetan zehar etengabe jardun ondoren, Kultura Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko Sailak, elkarrekin ekin zioten 1990. urtean Salamancan zeuden euskal fondoen inbentarioaren jarraipena egiteari. Orduan, Santander (“L” hizkia), Bartzelona, Generalitat eta Madril serieetan zeuden euskal dokumentazio osoaren inbentarioa egin zen.
 
Salamancako agiritegiko deskripzio-lanek izan zuten helburua kontuan hartuta ‑euskal dokumentazio dena inbentariatzea, ez bakarrik Eusko Jaurlaritzak sortutakoa‑, ikusiko da kasu guztietan ezin izan dela behar bezala bereiztu.
 
Eusko Jaurlaritzaren Dokumentazioa:
 
BILBO P.G. SERIEA:
           
Guretzat atalik garrantzitsuena da. 259 karpeta/paper-sorta ditu.
Era askotako dokumentazioa barne hartzen du: batik bat, gerra zibil eta Errepublika garaiko elkarte ezberdinak, alderdiak, sindikatuak, aktak, gutunak.... Hala ere, aurreko urteetako dokumentuak ere badira.
Erregistroz erregistro deskribatu da. 2249 erregistrok osatzen dute datu-basea.  332 mikrofilm-bobina
 
SANTANDER P.G. SERIEA:
 
SANTANDER “O” P.G. SERIEA: 150 BOBINA
SANTANDER “L” ENCEE P.G. SERIEA: 64 BOBINA
SANTANDER “A” P.G. SERIEA: 41 BOBINA
 
SANTANDER “L”:
Bere garaian 2217 paper-sortaz osatutako 617 karpeta barne hartzen zuen, baina Euzkadiko Gorputz Militarraren batailoien nominak kentzean dokumentazio galdu, eta 110 paper-sorta baino ez da geratu. 
 
BARTZELONA  P.G. SERIEA
 
Seriea osatzen zuten 1500dik gorako karpetetan jasotako euskal dokumentazioa aurkitu zenez, Euskadiko erakunde eta taldeei zegokien dokumentu-multzoaren sailkapen-lauki osoa eta deskripzioa egin ahal izan zen.
Atal honek Euskadi buruz hartzen duen informazio-kopurua txikia bada ere (guztiaren % 10) badu bere garrantzia, Eusko Jaurlaritzak eta beronek Katalunian zuen ordezkaritzak sortutako dokumentazioa baita.
           
GENERALITAT P.G. SERIEA
 
Erantsitako sailkapen-laukian ikusi ahal den bezala, oso urria da atal honetan jasotako euskal dokumentazioa. Izan ere 7 paper-sorta baino ez dago, eta gehienak, gainera, Euskadiri ez dagozkion fondoetan gordetakoak dira, besteak beste, Administrazio zentral eta Generalitatearen fondoetakoak.
 
Eusko Jaurlaritzaren gainean, gizarte-laguntzako sailaren dokumentazioa dago.
 
MADRID P.G. SERIEA
 
Azkenik, Politika eta Gizarte arloko atal honen inguruan jardun zen, biltzen zituen 2721 karpetetan euskal dokumentazioa bilatu, antolatu eta deskribatzeko, alegia.
Euskadi eta iparraldeko frontea  erori zirenean, euskal erakundeek eta elkarteek sortutako dokumentazioak osatzen du.
Aurrekoetan bezalaxe, sailkapen-lauki bat ezarri, bakoitzari euskal dokumentazioa zein karpetatan gordetzen zen adierazi eta, zegokion eranskinean Eusko Jaurlaritzaren dokumentazioa zehaztu zen.
 
HERRI AUZITEGIA
 
Ondorengo hauek osatzen dute atal hau: 19 paper-sortak, kausazko espedienteen serieko 237 espedientek eta gobernu ataleko 16 espedientek. Hauetan, besteak beste, Instrukzioko 1 eta 2. Epaitegietan 1936-37 epealdian jorratutako sumarioak, artxibatutako kausak, emandako epaiak eta kondenatuen izenak ageri dira.  

PARTEKATU