1) EAJ-PNB oso azkarra da Gipuzkoan. Halarik ere, zoin dira hartu nahi dituzuen neurriak, zuen egoera oraindik gehiago sendotzeko ?
Azkeneko 20 urteak hartuko bagenitu, zatiketaren ostean, 1986an, Alderdia Gipuzkoan olatu azpian gelditu zen, laugarren indarra ginen. Hala eta guztiz ere, jakin bagenekien, eszizioaren ondorioak gainditzeko modukoak zirela. Horregatik, urtero urtero eta huateskundez hauteskunde hobetzen joan den plana diseinatu zen. Estrategia hori bermatzen joan da urteekin.
Egiteko nagusietan, EAJk, edozein alderdi politiko bezala, instituzioak gobernatzea du helburu. Baina gu bezalako alderdi abertzale baten helburu bakarra ezin daiteke izan instituzioak gobernatzea. Hori gure gizon-emakumeen eskutik egiten dugu; aurkeztutako egitasmoak burutzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko, besteak beste. Gure egiteko nagusia, norabide politikoa definitu, zaindu eta egokitzea da. Gipuzkoan abertzaletasunaren lidergoa PNVrena behar du izan. Hori argi daukagu. Hori litzateke, momentuan, lehenengo indarra izatearen arrazoia. Hartu beharreko neurriak abertzaletasunaren lidergoa sendotzeko izan behar dira.
2) Hurrengo hauteskundeei begira, zoin dira zuen itxaropenak ?
Hurrengo hauteskundeak 2007.urteko Udal eta Biltzar Nagusietakoak izango dira. Orain arte PNVk eta Eusko Alkartasunak koalizioa osatu dugu baina datozen hauteskundeetan ez dakigu aukera hori posible izango ote den EAk dagoeneko bakarrik joatea erabaki baitu. EAren erabakia behin betikoa izanik, hanka sartze itzela litzatekela pentsatzen dugu. Edozein kasutan, Alderdiak garbi dauka datozen hauteskundeetarako bere helburua Gipuzkoako lehen indarra izatea dela. Bailaraz bailara eta ahal den herri gehienetan, lehen indarra izatea espero dugu. Hori da asmoa eta helburua, behintzat.
3) Zoin dira pundu baikorrak lortu nahi dituzuen emaitzetarat heltzeko ? Zoin dira mehatxuak ?
Azken urteotan Alderdiak eduki duen norabidea zaintzea da punturik baikorrena. Herriz herri, udalez udal, gehienetan alkatetza mantenduz eta beste batzuetan oposizioa eginez, gure kudeaketak bere ondorioak ekarriko ditu. Dena dela, Euskadi mailan finkatu dugun norabidea erreferentzi bihurtu dela uste dut. Herritarrek estimatzen jakin dute eta horrek balio erantsia ematen dio gure aukerari. Azken batean, udaleetan egiten den kudeaketaz aparte, Euskal Herria, herri bezala duen etorkizunaz erabakitzeak, berariazko balioa du. Hori da guk suspertu behar dugun punturik baikorrena lortu nahi ditugun emaitzetara heltzeko.
Eta, alderantziz, bide horretatik aldentzea litzateke mehatxurik larriena. Horrek, abertzaletasunaren lidergoa beste baten esku gelditzeko moduan legokeela esan nahiko luke.
4) Donosti, EAJ-PNBren eskuetarat eroriko ote dea berriro ?
Hori da gure asmo eta helburua. Bere garaian izan genituen alkate abertzaleak eta azkeneko legealdi hauetan sozialista izan da. Argi daukat Donostiak alkate abertzalea izango baldin badu PNVrena izango dela. Hori da gure erronka 2007ra begira.
5) Gaurko egoerari begira, zoin dira Gipuzkoan burutzen dituzuen ekimenak bake eta normalizazio giro batetarat heltzeko ?
Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko, bai instituzioetan zein alderdi barruan EAJn kargua dutenek argi daukate, zaindu eta landu beharreko zutabe nagusi direla norbanakoaren Giza Eskubideen defentsa eta bermea lortzea. Horretarako, bai herriz herri eta, orohar, lurralde bezala, gure helburuak finko mantentzen ditugu. Normalizazio politikora heltzeko eta gatazka politikoa euskal nazioari bere osotasunean dagokiola kontuan izanik, Lurralde bakoitzak bere ekarpena egin beharko du, ez Gipuzkoak soilik. Gipuzkoarrok ere geure ekarpena egin beharko dugu baina baita gainontzeko lurraldeetako herritarrek ere. Alde horretatik, zalantzarik ez dugu, etorkizunean ere, ekarpen horiek egiten jarraituko ditugula.
6) Zoin da Gipuzkoako gazteen iritzia eta jarrera alderdiari begira ?
Lehenik gazteeei galdetu beharko litzaieke. Dena dela, politika sentitzen duten eta militantzia duten gazte gipuzkoarrak horrenbeste ez badira ere, beste edozein lurraldeetan gertatu bezala eta ñabardurak ñabardura, baina gazte gipuzkoarrek badute herrigintzarekin eta politikarekin zerikusi zuzena duten baloreen aldarrikapen komuna. Hor sartzen dira, batik bat, euskara, euskal kultura eta hainbat alorrenganako konpromisoak, ingurumena eta herrigintza konpromisoak, besteak beste. Hori ere politika da. Gazteen konpromiso horien eskutik, etorkizunari begira, Gipuzkoak duen abertzaletasun neurri hori, gorde eta mantentzeaz gain, igotzeko aukerak daudela uste dut. Gainontzeko pertsonen konpromisoak neurtu ez diren bezala, gazteen konpromisoak ez dira neurtzen bozketa garaian soilik. Gazteek ere badute konpromisorako bide bat eta, zalantzarik ez dut, konpromiso hori Gipuzkoan, abertzaletasunaren onerako izango dela.
7) Gaur, Gipuzkoa egoera sendo batean bizi da orokorki, ekonomia alorrean. Bainan deslokalizazioaren beldurra eta mehatxua hor da. Zoin dira zuen aurreikuspenak ? Zoin dira hartu beharreko neurriak fenomeno horren mugatzeko?
Gipuzkoak sekulako aurrerapena eman du azken hamar urte hauetan ekonomia alorrean. Europar Batasunarekiko konbergentzian, Europar bataz bestekoa 8 puntu gora dabil. Orain hamar urte, Gipuzkoak 235.000 enplegatu zituen. Gaur egun, 305.000 ditu. Beraz, 70.000 enplegu sortu dira: emakumeak 50.000 eta gizonak 20.000. Langabezia-tasa %23,8koa zen eta %7,9ra jaitsi da. Beraz, datuak positiboak dira. Baina, garbi dago, etorkizunari begira bidegurutzean gaudela. Nazioarteko ekonomiaren bilakaerak markatzen du gure ekonomia: gero eta gehiago, gainera zein da etorkizunerako bilakaera eta ikustear dago, hiru horietatik, zein bide hartuko duen.Gauza bat bakarrik da segurua: lehiakor izan behar duela ekonomiak aurrera egiteko eta horretarako bi baldintza daude;giza baliabideen prestakuntza eta teknologi berrietan inbertitzea.
8) Zoin dira, gaur garatzen ari diren sektore ekonomikoak ?
Zorionez, Gipuzkoa industriala da. Ia 100000 langile enpleatzen da gipuzkoako industrian.Automobilaren pieza guztiak egiten dira bertan,auto osorik egiten ez bada ere.Sektore honek goraka egin azken urteotan.Makina-erremintak urte onak izan zituen eta berriro suspertzen hasi da,bolada txarra pasatu ondoren.Garraio materialak ondo ari dira,baita makineria elektrikoa ere.Esportazioak %14 hazi dira aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan eta hori da lehiakortasunaren termometrorik onena. Noski,ezin dira ahaztu aurrean ditugun arriskuak eta horietako bat deslokalizazioarena da,bainan abiapuntu onean gaude,erne eta adi egon ezkero,irten bidea aurkitzeko.
Gainera kontuan izan behar da ERAIKUNTZAk ere sekulako abiada izan duela Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan,gutxienez hegoaldean.Marka guztiak onda ditu sektore honek azken bospasei urteotan.
9) Hizkuntz alorrean, zoin dira hartzen ari diren neurriak, euskararen erabilpena sustatzeko ? Badea planifikazio bat ?
Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak euskararen normalizazioa bideratzeko planifikazioa egin dute. Hala ere, euskararen erabilpena bizitzaren arlo guztietan aldarrikatzea izan behar da. Euskara ezagutu ezagutzen da, beraz, erronka erabilpenean dago. Planifikazioek hori zaindu nahi dute.Hogeita bost urte hauetan ikastea eta erabiltzeko gai izatean ahalegin handia egin da eta datozen hogeita bost urtetan erabiltzea eta egoki erabiltzea izango da apustu.
10) Zoin dira kezka nagusiak ingurumenaren zaintzeko ?
Gipuzkoak oso orografia ximurra dauka. Mendiak, aranak eta ibaiak ugari dira. Hazkunde eta garapen ekonomikoek ingurumena zaindu behar dute. Horregatik, garatu beharreko proiektu guztiek ingurumenarekiko errespetua zaindu behar dute, horietariko batzuek txikizioa suposa lezaketelako. Dela “Y”ren Gipuzkoako tramua, errepide sareak edo Pasaiako Portua.
Beste alde batetik, Gipuzkoak ia 2000 Km2. ditu. 88 udalerri eta 673.500 biztanle daude. Beraz, dentsitatea kontuan izanda, argi dago, azpiegitura eta naturari zor zaion errespetutik garatu beharko direla egitasmook. Ezin da ahaztu, Europa Kontinentaletik Hegoaldera dauden errepide sare guztiak Pirineotako alde honetatik pasatzen direla, Iparralde eta Gipuzkoatik zehar. Beraz, zaindu beharreko kontua da.Gipuzkoa ezin da inola ere garapen eta aurrerapen eramangarri batetik kanpo geratu,bestela ez digute barkatuko ondorengo belaunaldiek,herrialde geldo eta pobre bat uzten badiegu.Azpiegitura egokiak eta modernoak beharrezko dira, Europako ardatz bideetan kokatzeko,garapen ekonomikoari laguntzeko,bainan ingurunearen errespetuz egin behar dira.Garapen sostengarria burutzeko ezinbestekoa da hazkundearen eta ingurumenaren arteko oreka atzematea.
11) Zozial alorrean, badea haustura handirik, aberatsen eta pobreenen artean ? Haustura hori ttipitzen edo handitzen doa ?
Gainontzeko lurraldeak bezala, Gipuzkoa, sozialki, gizarterik orekatuenetakoa da. Hau da, diferentzi sozialak, egon badaude, baina gutxitzera doaz. Gizarte eredu batek eta alderdi politiko batek eduki behar duen ikuspegi soziala hori, eta alderdiaren asmoa eta erabakia, behintzat, hori da: Gipuzkoan bizi garen 675.000 biztanle horiek, bai eskubideetan eta gizarte aukeretan, berdintasunean kokatu behar dugu dena. Guztion artean sortzen den ondasuna ahal den hobekien banatu behar dela ezinbestekoa da, ez duten horiek eduki dezaten. Neurri batean, sakrifikatzen jakin behar dugu. Belaunaldien arteko solidaritate kontzeptu bat hedatu beharra dago. Gure atzetik etorriko direnek guk hartu duguna baino herri orekatuago eta justuagoa garatu ahal izateko egitura eraiki behar dugu.
12) Zoin dira topiko nagusiak Iparraldeari begira ? azken urteotan hurbiltasun mugimendu bat ba ote dea ?
Gipuzkoak hurbiltasun ezaugarriak izan ditu betidanik Iparralderekin: iparraldetik, itsasoa eduki dugu zaintzaile bezala eta 1986arte muga bat egon da. Muga fisiko horiek behin desagertuta gainditu beharreko mugak, benetakoak, mentalak dira. Gipuzkoarrok ez dugu behar adina ezagupen, Lapurdi, Behenafarroa edo Zuberoari buruzko testuinguruari buruz, ezta Nafarroa, Bizkaia edo Arabako testuinguruei buruz ere. Gauza bera gertatzen zaie beste lurraldeei gainontzekoekin. Elkar ezagutze prozesu horretatik abiatu behar da datozen urteetako hurbiltze lana. Herri bat maitatzerik badago aldez aurretik ezagutu behar da; ezagutzeaz aparte, errespetatu; eta hortik iritsi daiteke maitasunera, pertsonen artean bezala.