Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan saiburuak gure galdeei erantzuten du:
1- Euskal "Y"a-ri buruz, berrikitan adostasun bat lortu da, Eusko Jaurlaritza eta gobernu españolaren artean. Azaltzen ahal diguzu zoin izan den, proiektu horren historia eta erronka nagusienak ?
Euskal “Y” izenez ezagutzen den trenbide sare berriak Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko ditu prestazio handiko tren baten bidez. Aldi berean, hiru hiriburu hauek Paris eta Madril elkartzen dituen sare nagusiarekin lotuko ditu. Iruñarekiko lotura ere aurreikusten ari da.
Euskal “Y”-k, prestazio handiko trena den neurrian, ingurumena errespetatuko du eta bidaiari zein merkantzientzat garraiobide modernoa izango da bai Euskadi barruan eta baita kanpora begira ere. Bataz beste 200 km/orduko inguruko abiaduran ibiliko da eta segurtasun, lasaitasun eta erosotasun maila altuak eskainiko ditu. Orain dugun tren sarearen osagarria izango da tren sare berria.
Euskal “Y” Europak 1994. urtean Essenen izandako goi bileran jarritako helburuei erantzutera dator, bertan erabaki bait zen Gasteiz-Dax lotura 2010. urterako burutu behar zela, ardatz transeuropearrak osatzeko plangintzaren barruan.
2- Zoin dira gobernu española-rekin lortutako hitzarmenaren oinarriak ?
Urteetan zehar atzeratu da proiektu hau Estatu espainolak, ekimenari ekin behar ziona, ez baitu bere lehentasunen artean jarri. Orain, lortutako akordio politikoari esker, proiektuari ekiteko unea ailegatu da. Gobernu espainolak Bilbo eta Gasteizen arteko lotura eraikiko du eta Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Gipuzkoako adarra aterako du aurrera.
Finanziazioa Estatu espainolaren ardurapean geldituko da. Eusko Jaurlaritzak bere zatia egiteko behar duen dirua aurreratuko du eta, ondoren, Estatuari ordaintzen dion “kupo”tik kenduko du trenbidearen kostoaren kopurua.
3- Noiz obratuko da euskal "Y"-a ? Nola eginen duzue laster gauzatzeko proiektu hau ?
Egun batetik bestera, datozen asteetan, Gobernu espainola eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ituna sinatuko da. Une horretatik aurrera hasiko dira lizitazioak, lur zoruaren gestioa eta eraikitze lana hasi aurretik egin beharreko guztiak. Bi gobernuak elkarlanean arituko gara eta epea estua bada ere Europak jarritako data, hau da 2010. urtea, mantentzen dugu helburu bezala lanak burutzeko.
4- Zoin dira proiektu horren aurka dauden argudio nagusienak ? Nola erantzun kezka horiei ?
Proiektuaren aurka erabiltzen diren kritika nagusiak ingurumenari eta garapen ekonomikoari buruzko iritzi kritikoei dagozkie. Gure aldetik garbi dago lanak egingo direla ingurumenari eta paisaiari zor zaien errespeto guztiarekin, eta gaur egun teknologiari esker hartu daitezkeen babes neurri guztiekin.
Modu berean azpimarratu behar da trenaren aldeko apostua garapen eramangarriaren aldeko apostua dela. Euskal errepideak gainezka daude eta ezinbestez aurkitu behar dira garraioarentzako alternatibak. Ikuspegi honekin prestazio handiko trena garraiobide garbia da, inguru naturala errespetatuko du eta ondorio mesedegarriak izango ditu trafiko pilaketan eta atmosferaren kutsaduran.
5- Nola ikusten duzue Miarritzeko aireportuaren osagarritasuna Hondarribikoarekin ?
Mendeetan iraun duten mugek hainbat azpiegitura kilometro gutxitara bikoiztea probokatu dute. Holan 30 kilometrotan bi aeropuerto ditugu, bakoitza bere ezaugarriekin, bere konexioekin. Aeropuertoak garapen tresna garrantzitsuak dira edozein lurralderentzat eta mugitortasun faktore garrantzitsua hiritarrentzat.
Gaur egun Iparraldeko jende askok erabiltzen du Hondarribikoa Madrilera edo Barcelonara joateko eta, aldiz, Gipuzkoako lagun ugari baliatzen dira Miarritzeko aireportuak eskeintzen dituen loturez. Erakunde publikoek hausnarketa sakona egin behar dugu bi azpiegituren arteko osagarritasunak indartzeko eta koordinazioan eta elkarlanean oinarritutako sarea bi aeropuertoen artean antolatzeko.
6- Zoin izanen da Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa Miarritzeko aireportuaren garapenean?
Une honetan Jaurlaritzan aztertzen ari gara Borotra jaunak luzatutako proposamena Miarritzeko aeropuertoaren kudeaketa erakundean parte har dezagun. Hausnarketa hori aurrera eramango dugu eta erantzun bat emango diogu baina beti bi aeropuertoen osagarritasunaren ikuspegitik abiatuta.
7- Zertan dira bide osoari dauden alternatibak ? Zoin dira proiektu horien bilakaerak?
Europa osoan errepideei alternatiba bat bilatzeko beharra ikusten da. Akitania eta Euskadin behar hori nabarmena da. Gure errepide nagusiak gainezka daude eta aurreikusten diren trafiko hazkundeak larriak dira datozen hamar edo hamabost urteetan.
Batasun europearrak behin eta berriro esan du garraiorako zein bidaiarientzako bide alternatiboak landu behar direla. Gu ere horretan gaude. Uste dugu euskal Y norabide horretan ulertu behar dela. Modu berean ikertu behar dira beste formula batzuk errepideak arintzeko, adibidez “ferroutage” sistemak edota itsas garraioa gehiago garatzea. Azken finean erronka garapenari eustea da baina modu eramangarrian.