Asier Aranbarri: «Pelikula bat egin dute, bergizarteratzea etorkizunean arazo iturri izan dadin»
Azkoitiko Udalean giroa oraindik ez dela baretu aitortu arren, presoen eta biktimen aferan egin behar ez dena zer den ondorioztatu du; «adiskidetzeko formula bilatzea da orain erronka».
GURUTZE IZAGIRRE - AZKOITIA
Hedabideetan Azkoitiari buruz sortu den zurrunbiloan ez da harrapatzen uzten Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea. Pilar Elias Azkoitiko PPko zinegotziak kereila jarri zuen Kandido Azpiazu eta Iñaki Zuazolazigorraga Azkoitiko bi preso ohien aurka. Haren senarra zena, Ramon Baglietto, 1980an hiltzea egotzita kalte-ordainak eskatu zituen Eliasek. Kalte-ordainak ordaintzera zigortu dituzte bi azkoitiarrak, eta ondasunak bahitu dizkiete. Udalbatzar istilutsua izan zuten duela ia bi aste, eta geroztik Azkoitia hizpide izan da.
Azken udalbatzar asaldatuaren ostean, zer moduzko giroa dago Azkoitian?
Urtarrilaren 26ko udalbatzarrari buruz eta ondorengoei buruz eman diren informazioetan ez den Azkoitia agertu da. Azkoitia da Gipuzkoako herri lasai bat. Geure eguneroko arazoekin, baina trankil bizi gara, eta bizikidetza maila ona dela esango nuke. Beraz, osoko bilkuran bertan gertatu zenak eta ondoren antolatu den kanpaina honek ez du zerikusirik Azkoitiarekin eta azkoitiarrekin.
T5 telebista kateak Kandido Azpiazu eta Iñaki Zuazolazigorragaren baimenik gabe haien adierazpenak jasotzen zituen erreportaia bat argitaratu du. Zilegia iruditzen zaizu?
Ez. Dena den, erreportaia kontatu egin didate, neuk ez dut ikusi. Egia esan behar bada egun horretan programa hori ikusteko gogorik ez neukan, banekielako zer zetorren. Halere, kontatu didatenaren arabera, manipulazio informatibo nabarmena egon da.
Zertan oinarritzen zara hori esateko?
Agertzen diren Eliasen hainbat irudi lehengo urteko irailekoak dira. Bestetik, neuk egiten dudan elkarrizketa ez da osoko bilkuraren ondorengoa, baizik eta lehengo urteko abendukoa. Beraz, Eliasen irudi batzuk hartzen dituzte irailean, Azpiazu eta Zuazolazigorragaren kamera ezkutuko irudi horiek ez dakit noizkoak izango diren, baina agian sasoi hartakoak dira. Nire elkarrizketa abendukoa da. Komeni den lekutik moztu eta komeni denetik erantsi dute, eta beraien erara informazioa eraldatu dute. Beraien erara egin dute aurretiaz pentsatutako pelikula bat.
Zergatik?
Ikusi dute aurrera begira horrelako problema bat sor daitekeela hainbat herritan, bazekiten lehenengoa Azkoitian gertatzear zegoela, eta horren arabera egin dute pelikula; nire ustez, eragin bat sortu nahian etorkizunean era honetako bergizarteratzeak arazo iturri izan daitezen. Aurrez aurre jarri nahi izan dituzte bergizarteratu behar diren presoak eta preso horiek sortu zituzten biktimak. Nire ustez, hori da egin behar ez dena. Manipulazio informatibo nabarmena egon da, hainbat gezur esan da.
Pilar Eliasek 1990ean kalte-ordaina jaso zuen, orain Azpiazu eta Zuazolazigorragaren ondasunak bahituta daude, eta kobratzekotan Espainiako Gobernuak kobratuko ditu. Zergatik uste duzu orain kereila jarri duela?
Egia dena da Azpiazuk eta Zuazolazigorragak beraiei dagokien zigorra betea dutela. Bergizarteratuak izan ziren momentu jakin batean, lege jakin bati jarraituz. Eurei dagokien zigorra beteta daukate. Eta geure ustean, bergizarteratzeko eskubide guztia daukate. Azpiazuk kristaldegia hartu duela bere etxepean? Baina hori orain dela bi urtetik dauka. Ni neu ere harritu nau hau guztia orain gertatzeak.
Udalean hautsak harrotu dituena Azpiazu eta Zuazolazigorragaren harira egin zen mozioa izan da. Asier Larrañaga zinegotziak babesa agertzeko mozioa aurkeztu zuen. EAJ-EAk beste mozio bat aurkeztu zuen, baina gero mozio horrek aldaketa ugari izan zituen. Zergatik?
Hasierako mozioak tramitazio normala izan zuen. Astelehen batean aurkeztu genuen eta osoko bilkura ostegunean zen. Tarte horretan bi pertsonarekin izan nintzen: batetik, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariarekin, eta, bestetik, Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidentearekin. Beraiek adierazi zidaten zenbait moldaketa sartuko lituzketela biktimen alderdia modu sentikorragoan jaso ahal izateko. Lasak Jaurlaritza ordezkatzen du eta Urkulluk Legebiltzarra, eta alkate moduan erakundeei diodan begiruneagatik kontuan hartu nituen eurek iradokitako moldaketak.
Bergizarteratzea onartu arren, damua agertzeko eskatzen zitzaien mozioan bi preso ohiei. Hautsak horrek ere harrotu ditu.
Oso gai konplexuak dira maila etiko eta moralean. Gai konplexua da damutzearena. Hemen aurkitu gara etorkizunera begira herri honek izango duen problema handi batzuen aurrean. Eta saiatu gara ahalik eta modurik egokienean bideratzen. Argi daukadana da azken helburuak adiskidetzea izan behar duela. Horretarako formula bilatu behar da; nahitaez adiskidetu beharra dauka gizarte honek benetan bakean bizi nahi badu.
Dena den, PPk eta PSE-EEk ez zuten mozioa onartu...
PPk garbi esan du ez dutela hori onartzen. Beste kontu bat da PSE-EE. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen, baina alderdiaren babesa bazuela uste dut.
Mozioa aldatzearekin asmatu zenuela uste al duzu?
Pentsatzen dut baietz. Baina uste dut gai konkretu honi erantzun konkretu bat Azkoititik bakarrik ezin zaiola eman. Aurten ere hainbat preso aterako dira beraien zigorra beteta kalera, etxera bueltatu beharko dute, eta era batera edo bestera biktimek eta haiek elkar ikusi beharko dute. Zirkustantzia horiek guztiak kontuan hartuta planteatu genuen mozioa egokia zela uste dut.
Udaltzabar hartan herritarrek salatu zuten sartzeko aukerarik ez zutela izan, eta, aldiz, barnean ziren PPko agintariak, Ermuko Foroko ordezkariak eta beste.
Hona etorriko zirela komunikatu zuten pertsona bakarrak Maixabel Lasa eta Gregorio Peces Barbaren ordezkaria izan ziren. Eta Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak diren heinean, bilkuran euren lekua izango zutela esan nien. Hortik aurrera bilkura baino ordu laurden lehenago ireki ziren ateak, eta atearen aurrean zeudenak sartu ziren. Nik ere nahiago izango nuke herriko jendea aurrean jarri izan balitz, eta herritarrak sartu izan balira. Baina kanpokoa sartu bazen, aurretik eurak jarri zirelako izan zen. Hori izan zen arrazoi bakarra.
Udalbatza harrez geroztik zinegotziak berriro bildu al zarete?
Bai, batzordeak izan ditugu. Baina oraindik ez da ahaztu hura. Halere, Elias geroztik ez da etorri, eta ez dut aukerarik izan berarekin egoteko.
Pasatu duzuena pasatuta, nola lagun daiteke berradiskidetzea egokiago eman ahal izateko?
Alkate moduan Kandido Azpiazuren eta Iñaki Zuazolazigorragaren familiaren esku jarri naiz, zer nahi duten jaso ahal izateko. Eta berdin egin nuen aurretik Pilar Eliasekin ere. Tarte honetan hainbat elkarrizketa bideratu ditut; batetik, arartekoarekin eta bestetik Maixabel Lasarekin. Etorkizunari begira horrelako arazoak izango direla uste dut, eta bai arartekoak eta bai Lasak zeresana badutenez gai honen inguruan, denon artean azterketa sakonago bat egitea beharrezkoa dela uste dut, horrelako egoerei aurre nola egin ikusteko. Azkoitikoa termometro bat izan da. Horrelako arazoak egongo direla erakutsi digu orain artekoak, eta zer ez den egin behar ere bai.