Elkarrizketak
04Otsaila
2006
04 |
Elkarrizketak

Miren Azkarate (Berria)

Elkarrizketak
Otsaila 04 | 2006 |
Elkarrizketak

Elkarrizketak

Berria


Azkarate: "Erdaldunen eskubideak urratzen direla uste dute milaka herritarrek"
Astearte arratsaldea. Eusko Legebiltzarra. Miren Azkarate bulegoan dago. Berarekin batera, Koldo Ordozgoiti Kultura Saileko prentsa aholkularia. Azkarate hizkuntza politikari buruz mintzatu da, baita euskarazko hedabide eta tokian tokiko telebistei buruz ere. Gizarteak euskararen garrantzia «gero eta barneratuago» daukala esan du.

Euskarari buruz duela bi hamarkada egon zen adostasuna berreskuratu behar dela esaten ari da Jaurlaritza. Baina benetako adostasuna egon zen? Eta egon bazen, noiz hautsi zen?

Nik dakidana da 82ko legea gehiengoarekin onartu zela. Eta, orduko diskurtsoak eta gaurko diskurtsoak entzunda eta irakurrita, ez da orain hautsi; aurreko urteetan hautsi da, segurutik hizkuntzarekin bandera politikoa egin dugulako. Batzuek eta besteek tentazioa izan dute euskara beti jarrera politiko jakin batekin identifikatzeko, eta horrek ez dio mesederik egin. Saiatu beharko genuke, euskara guztion hizkuntza eta gure hizkuntza propioa den neurrian, horren aldeko neurri positiboak adosten, baina badago gizartearen zati bat gauzak horrela ikusten ez dituena eta pentsatzen duena une honetan erdaldunen hizkuntz eskubideak direla urratzen direnak. Salaketa hori badugu mahai gainean.

Hemen inor ez dute behartzen euskaraz egitera. Gehienez, euskaraz jakin behar da zenbait kasutan. Erdaldun elebakarrek euskararen bazterketa inposatzen dute oraindik.

Begira, nola esango nizuke? Ni ez naiz ari nire konbentzimenduz, baina hori salatzen duenarentzat bere eskubideak urratuak daude. Guk ezin dugu inposatu, baina guk, esate baterako, erabaki dugu halako lanpostua betetzeko euskaraz jakin behar dela, eta, beraz, momentu horretan sentitzen du baduela eskubidea lanpostu horretara aurkezteko eta eskubide hori galarazten diotela hizkuntza dela medio. Pentsamendu hori badago. Ez dut esan nahi horren alde egiten dugunik, ezta hizkuntza politika horren arabera bideratzen dugunik ere; baina, adostasuna berreskuratu behar dela esaten dugunean, jabetu behar dugu gure artean milaka herritar ditugula erdaldunen hizkuntz eskubideak urratzen direla pentsatzen dutenak. Diskurtso hau dago, esaterako: «Ni hemengoa naiz, hemen bizi naiz, hemen lan egiten dut, hemen ordaintzen ditut zergak eta, hizkuntza dela eta, baztertu egiten nauzue».

Euskaldunok berdin-berdin esan dezakegu hori.

Bai, eta segurutik arrazoi gehiagorekin. Horregatik esaten nuen hizkuntza politikari buruz aldeko diskurtsoa ikusten dela, adostasunerako, kohesiorako, integraziorako baliabidea izan daitekeela aldarrikatzen ari dena. Diskurtso hori Alderdi Sozialistaren aldetik nagusitzen ari da, baina Alderdi Popularraren aldetik beste modu bateko diskurtsoa ikusten da.

Eskubideak aipatzen dira. Ni Eusko Legebiltzarrera bi aldiz etorri naiz eta bietan ateko ertzaina erdalduna. Guraso askok ume txikia sendagilearengana eramaten dute eta hark euskaraz ez daki.

Ez dakit konturatzen garen... 25 urte pasatu dira eta nik nahi nuke benetan konturatzea 25 urte denbora benetan laburra dela, kontuan izanik orduan bostetik bat zela euskalduna, eta 25 urtean ezin zaio horri buelta eman. Eta inkesta soziolinguistikoek gaur ematen dituzten datuak ikusten badira eta adin tarteka elebidunen kopurua nola dugun, 60 eta 40-45 urteko tarte horretan dugu elebidun gutxien. Eta non dugu Osakidetzan langile gehien? Non dugu Ertzaintzan ertzain gehien? Non dugu Unibertsitatean irakasle gehien? Non dugu administrazio publikoan funtzionario gehien, irakaskuntzan irakasle gehien? Adin tarte horretan.

Klase politikoa euskararekiko jarrera aldatzen ari da?

Diskurtso batzuk aldatzen hasi dira; batzuk onerako eta batzuk txarrerako. Nik uste dut gizarte honek egunetik egunera gero eta barneratuago daukala lehendakariak, nor izan daitekeen edo zer alderdi politikotakoa izan daitekeen alde batera utzita, bi hizkuntzetan mintzatzeko ahalmena izan behar duela eta bitxia egingo litzaiokeela hein batean behintzat euskaraz moldatuko ez litzatekeen lehendakaria izatea, baita Alderdi Popularrekoa izango balitz ere.

Herriek hedabideak berezko hizkuntzan izatea funtsezkoa da. Hori estrategikoa den neurrian, euskarazko hedabideentzat dauden laguntzak estrategikotzat jo daitezke?

Bai, baina estrategikoak dira, era berean, helduak euskalduntzeko diru laguntzak, enpresak euskalduntzeko laguntzak, euskara sustatzeko dituen diru laguntzak. Estrategikoak dira bai, baina beste alor batzuk ere estrategikoak dira, eta guztion artean aurkitu behar da oreka.

Dena den, azken urteotan euskarazko komunikabideentzako laguntzetan ez da igoerarik egon.

Igoera txikiak izan dira, baina igoerak izan dira.

2003, 2004 eta 2005ean 1.700.000 euro izan ziren egunekoentzat. Sektoreak dio hori ozta-ozta bizirik irauteko kantitatea dela. Zer dio Jaurlaritzak horretaz?

Jaurlaritzak esaten duena da urtero aurrekontu bat duela, aurrekontuak lehenago onartu behar direla eta onartzen direnean ikusi behar dela ze aurrekontu diren, norekin negoziatu diren eta negoziazio horren bidez ze diru gehigarri etorri den. Eta, alderdi horretatik, ez hizkuntza politikak bakarrik, Kultura Sailak eta gainerako sailek ere urtero duten aurrekontua da kudeatu behar dutena.

Tokian tokiko telebisten dekretuaren zirriborroan ez da bermatzen euskara hutsezko telebistarik, ezta euskaldunak gehienak diren eskualdeetan ere. Lea-Artibai-Busturialdeak edo Urola Kostak ez dute halako telebistarik merezi?

Aukera hori ematen da.

Baina ez da besteen borondatearen menpe uzten?

Ea ba, kanal bat erreserbatu edo ez erreserbatu horretarako eskaintzarik ez badago... alferrik izango da erreserba egitea. Azken batean, udal telebista zerbitzu publikoko telebista baldin bada, aukera hori badago. Eta ekimen pribatua baldin bada ere bai. Ez hori bakarrik. Dekretuan esaten da hori bultzatuko dela. Baldintzak ateratzen direnean euskara hutsezko edo gutxienetik gora doan euskarazko eskaintza egingo duen telebista saritzeko mekanismoak jarriko dira. Beraz, hori sustatzen da.

Euskararen presentzia bermatzeko, progresibitatea erabili da. Herritarren %60 euskaldunak izanez gero, emanaldien %60 euskaraz izango dira, esaterako. Baina helburua portzentajea 10 urte barru betetzea da. Ez da errealitatetik abiatzen.

Edo errealitatetik abiatzen da. Dekretuak beti gutxienekoak aipatzen ditu. Orduan batek eskaintza egiten baldin badu %60 hori hasieratik emateko, hori bermatuta dago. Eta batek, gutxienekoa %60 izan arren, %70, %80 edo % 100eko eskaintza egiten badu... Hori saritzeko bideak aurreikusita daude. Kontua da konturatu behar dugula gaur zer daukagun: hiriburu handietan, batez ere, nagusiki eta batzuetan bakar-bakarrik erdaraz ari diren tokiko telebistak. Hortik aurrera zenbait lekutan baditugu euskara hutsean ari diren tokiko telebistak. Egia da horiek guztiak ari direla arautu gabeko esparru batean. Ez dugu esaten ilegalak direnik; aratu gabeko esparru batean ari direla esaten dugu. Horiek aurkezten diren neurrian eta esperientzia duten neurrian pentsatzekoa da proiektu txukunak aurkezteko gai izango direla. Gaurko errealitatetik abiatuta, pentsatzekoa da euskara hutsezko eskaintzak ere egotea. Eta, bestalde, erdara hutsezkorik ez da onartuko.

Prime time orduen esparrua zabalegia da. Edonork nahi duen orduan eskain ditzake euskarazko emanaldiak.

Alegazioak bide horretatik doaz eta alegazio horiekin hainbat aldaketa sartuko dira dekretuan.

Soilik euskaldunen kopurua hartu da kontuan euskarazko emanaldiak zehazteko unean. Ia euskaldunak direnen kopurua ez duzue kontuan hartu, eta horiek garrantzitsuak dira ikus-entzunezkoen arloan.

Nik uste dut jarri dugunarekin nahikoa bermatzen dela, jartzen dena, berriro esango dut, gutxienekoa delako eta nahiko genuke hortik aurrera jotzea, eta horretarako eskaintza dagoen neurrian hori bermatzea, eta ez hori bakarrik: kudeaketa publikoa izango duten telebisten kasuan gehiago eskatuko da. Eta neurriak ere aurreikusi nahi dira eta uste dut dekretuan aldaketak izango direla, batez ere euskaldunen edo elebidunen portzentajea txikia duten eskualdeetan neurri batzuk behintzat hartzeko. Ea lortzen den, euskara hutsezkoa ez bada behintzat, aurrera samar joango den eskaintza bermatzea. Horren inguruko gogoeta ere badarabilkigu.

Euskaraz ez dugula behar beste egiten leporatzen zaigu euskaldunoi. Baina egiten dugunean atxilotzen bagaituzte... Ertzaintzak Bittor Hidalgo atxilotu zuen horregatik.

Kasu horretan ez dakit gauzak nola gelditu ziren. Bittorrek eta nik aspalditik ezagutzen dugu elkar. Nirekin hitz egin zuen orduan eta harremanetan jarri nuen Herrizaingo Sailarekin eta ez dakit nola bukatu zen. Eskertu zidan bide zuzena lortu izana eta harrezkero ez dut horren berririk.

Halako kasuetan inpotentzia sentsazioa sortzen da. Jaurlaritzaren aldetik ez da ohar bat falta, halakorik ez dela berriro gertatuko adieraziz?

Bai, hanka sartu dugunean hanka sartu dugula eta sentitzen dugula eta hurrengoan hobeto egiten saiatuko garela esateko, orohar, ez genuke beldurrik izan behar. Segurutik sinesgarritasuna irabaziko genuke, gainera.

Urtebete baino gehiago pasa da Kulturaren Euskal Plana jendaurrean aurkeztu zenutenetik. Zein aplikazio izan du orain arte?

Plana garatzeko erakundeen arteko batzordea eratzea adostu genuen, eta hori martxan dago, hilero egiten ditu bilerak. Hor adostuko dira urtez urte mahai gainean jarriko diren ekintzak eta diruak. Alor bakoitza zein egoera zegoen azalduko zuten azterketak egitea erabaki zen, azterketa gehienak baditugu eta une honetan bi gai nagusi ditugu: Kultura Behatokia eta Arte eta Industrien Institutua. Behatokiaren eredua adostuta dago, datuak eta estatistikak bildu eta erakundeen eta hiritarren eskura jarriko ditu, eta poliki-poliki zenbait azterketa martxan jarriko ditu. Lanpostu bat aurreikusi da horretarako. Arte eta Industrien Instituturako ereduak aztertzen ari gara, eta horri zer bideragarritasun ikusten diogun adostu nahian ari gara.

Noizko egon daitezke biak lanean modu eraginkorrean?

Behatokirako kontrataturiko pertsonak lehenbailehen etorri beharko luke, eta eragina urtea amaitu aurretik ikusi beharko genuke, hainbat datu eta estatistika web orri batean denon eskura jartzean. Eta Institutua sortu edo ez sortu, zein eredu, zein baliabide beharko dituen, urtean zehar adostu beharko genuke.

Zer aportatu dezakete biek ala biek?

Behatokiaren kasuan, hutsuneak guztiak ditugu. Orain galdetuko bazenit zenbat kultur ekipamendu ditugun, nola dauden banatuta herrialdeka, ez dakit erantzuten. Esango bazenit zer programazio mota egiten duten, zenbatetan da musika, zenbatetan antzerkia, zenbatetan liburu aurkezpenak, ez dakit erantzuten; zer proportziotan egiten da eskaintza hori euskaraz eta zer proportziotan erdaraz, ez dakit erantzuten, ez nik ez beste inork. Oinarrizko datu horiek ditugunean has gaitezke gogoetak eta azterketak egiten, kultur kontsumoa areagotu nahi badugu. Badakigu hainbat udalek programazio indartsua dutela, badakigu ondo doazela, baina ezin da objetibatu, beraz ez dakit helburua ere non jarri behar dudan. Horregatik denbora gutxian kulturari buruz ari garenean beste modu bateko diskurtsoa egiten lagunduko digu.

Kulturaren Euskal Plana aurkeztu zenean hainbat eragilek faltan bota zuten euskarazko kulturak berezko planik ez izatea.

Kulturaren Planean euskaraz egiten den sorkuntzak positiboki diskriminatutako lekua behar du. Ez dut uste inolako mesederik egiten diogunik ez kulturari, ez kultura eragileei, ez gizarteari euskara ghettoetan sartzearekin. Aztertu behar dugu, esaterako, antzerki taldeek zein egoera duten, zer sortzen den, eta gero lagundu modu berezian euskaraz jarduten taldeei neurri positiboak hartuz. Baina azken batean euskal idazle, aktore, ekoizle, editoreek izango dituzte problema bereziak, hizkuntza minorizatu batean aritzeak dakartzanak, baina hortaz aparte badituzte beste arazo eta zailtasun asko batera doazenak ondoan erdaraz ari direnekin ere. Eta egunetik egunera gero eta gehiago ikusiko ditugu gaur erdaraz eta bihar euskaraz ari direnak, antzerkian, zineman... Euskal kultura eta erdal kultura bereiztuz, ez dut uste bide horretatik ondo goazenik.

Presentzia eta prestigio soziala galdu du euskal kulturak, eta hori berreskuratzea du erronka nagusietakoa. Ildo horretan doa Bertsozale Elkarteak Txapelketa Nagusia BECera eramateko eta erdal munduak txapelketaren berri izan zezan egin duen apustua. Jaurlaritzak ere ez luke ausartago jokatu behar horretan?

Igual bai, baina ausartagoak izateak zer esan nahi duen zehaztu behar da alorrez alor. Bertsolaritza oso fenomeno berezia da, eta lortu du 60-70 hamarkadan mundu batekoa zena gaur egun, entzuleen aldetik, gazteena izatea, unibertsitate munduko jendearena. Bertsolariak ere gazteak dira eta unibertsitate formazioa dute, hori sekulako aldaketa izan da. Baina horrekin batera euskal idazleek badute beren txikitasunean ospea eta lekua Espainian eta beste lekuetan, beharbada ez dira horrenbeste izango baina badira batzuk, itzultzen dira liburuak ingelesera... Seguru badaudela gauzak guztiok egin ditzakegunak, baina beharrak, ezintasunak, helburuak ondoen egunero horretan ari denak jartzen dizkizu mahai gainean, administrazioak bere gogoeta egin dezake baina onena da eskutik ibiltzea eta maiz elkarren berri izatea.

Baina ez zaizu iruditzen erdal komunitatea euskal kulturatik sekula baino urrunago bizi dela?

Ez, agian beti bezain urrun, baina inoiz baino urrunagoÉ Nire esperientziatik ez dut horrela ikusten.

TVEk aurrea hartu dio ETBri euskarazko tv-movie-en proiektuarekin?

Ez, hori oso ondo dago. ETBk ere badu konpromisoa Ibaiarekin filmak diruz laguntzeko. Pentsatu ezin duguna da hori gure kontu bakarrik egin behar dugula, TVEk hemen emititzen du, hemen du bere negozio partea, oso bidezkoa iruditzen zait espainolaz gain gainerako hizkuntza ofizialak sustatzea. ETB egiten ari den lanaren osagarri edo lagungarri izan daiteke, ez ETBk egin beharko lukeenaren ordezko.

Iñaki Gomez Ibaia elkarteko presidente ohia Kultura Sortzen eta Zabaltzeneko zuzendari izendatzea urrats bat da ikus-entzunezkoen arloa estrategiko bihurtze aldera?
Bai, profil horretako pertsona baten bila ibili naiz. Aurreko legegintzaldian egindakoa eta honetarako apustuak ikusita, ikus-entzunezkoen alorra ezagutuko zuen norbait mahi nuen, mundu horretan euskaraz jarduteko zailtasunak, administrazioaren ikuspegitik ondo atera daitezkeen apustuak, irizpideak eta abar zehaztuko dituena.

PARTEKATU